ACTUALIDAD
Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, eta oraingoan ere, ikasleria ez da geldirik geratu. Hezkuntza ertainean, 90 ikastetxetan baino gehiagotan indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioak eta hitzaldiak egin ditu Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS); eta unibertsitatean, sei campusetan mobilizatu dira ikasle ugari Unibertsitateko Indar Batasunaren (UIB) deialdiarekin bat eginez. UIBk eta campusetako emakume taldeek, zehazki, Bilbon, Donostian, Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta Leioan egin dituzte manifestazioak.
Gaurkoan, ikasle-mugimenduak salatu du "ultraeskuinak, indarkeria matxista bera ukatzeaz gain, emakume langileon aurkako diskurtso eta erasoen normalizazioa sustatu" duela, "erasotzaileen inpunitatea handituz" besteak beste; eta azken urteetan ezkerreko alderdiak agintean egon arren, "gure aurkako indarkeriak eguneroko errealitatea izaten jarraitu" duela. "Heziguneetan ere errealitatea berdina da. Geroz eta ikasle eta irakasle matxista gehiago dauden honetan, zuzendaritzek erantzun irmorik emateko prestutasun falta eta ezintasuna erakutsi dituzte", seinalatu dute gainera, hezkuntzako egoerari dagokionez.
Gogorarazi dute "ikasturte bakoitzean ikus ditzakegula erasotzaileak diren edo klaseetan komentario matxistak egiten dituzten irakasleen kasuak", baina behin eta berriz geratzen dela agerian unibertsitateen edo ikastetxeetako zuzendaritzen "hipokrisia"; "haiek baitira indarkeria matxistaren aurka antolatzen diren ikasleak oztopatzen dituztenak, haiek baitira irakasle zein ikasle erasotzaileak babesten dituztenak, eta haiek baitira gazteen artean zabaltzen ari diren gorroto-diskurtsoak eteteko ezintasuna dutenak".
Horren guztiaren kontra, "matxismoa behin betiko amaitu dadin borroka" egingo duela azaldu du lekuan leku ikasle-mugimenduak; "erasotzaileek tokirik izan ez dezaten, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatuz, emakumeon babesa bermatzeko kalitatezko bizi-baldintzen alde borrokatuz eta kaleko zein heziguneetako mobilizazio indartsuak hauspotuz". Borroka horretan, bi eginkizun nagusi nabarmendu dituzte: "Batetik, matxismoaren adierazpen orori aurre egin behar diogu, eta bestetik, emakume langileon problematika eta, zehazki, indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jarri behar ditugu".