Ir al contenido
ACTUALIDAD / Espacios de control obrero

7 Katu Gaztetxea defendatzera deitu dute

Udaren ostean mezu bat jaso zuten Gaztetxean, 30 egunean alde egin behar zutela-eta, eta aurreko astean jakin zuten eraikina erosi duela jabe berri batek. 7 Katuk 20 urtez baino gehiagoz izan duen ibilbidea aldarrikatu eta espazioa babestera deitu dute bertako kideek: "Are indartsuago erantzuteko eta erresistentzia egiteko prest gaude".
2026eko azaroaren 29 - 10:37
7 Katu Gaztetxea defendatzera deitu dute

ACTUALIDAD

Ostiral arratsaldean agerraldi masibo bat egin zuten Bilboko 7 Katu Gaztetxearen pareko eskaileretan, arriskuan baitago espazioa. Asanbladako kideek prentsaurrekoan azaldu zutenez, uztailean argindarra moztu zieten bat-batean Gaztetxean, inolako azalpenik eman gabe; eta uda bukatzean, berriz, mezu bat jaso zuten, tokia 30 eguneko epean utzi behar zutela zioena. Aurreko astean argitu zen zertxobait zer gertatzen ari zen: Gaztetxeko kideek jakin zuten jabe berri batek erosi duela 7 Katu kokatuta dagoen eraikin osoa, eta beraz, desalojo arriskuan dago gaur-gaurkoz.

"Auzoan ondo ezagutzen ditugu honelako erosketak egiten dituztenak, etekin ekonomikoa ateratzea eta espekulazioa dituzte helburu", seinalatu zuten agerraldian asanbladatik: "Beste behin ere, Bilboko Alde Zaharra turistaz betetzeko eta negozio bihurtzeko asmoa dagoela dirudi". Azaldu dute, dena den, udaren amaieran jasotako mezuarekin ez zirela beldurtu; "alderantziz, are indartsuago erantzuteko eta erresistentzia egiteko prest gaude. Izan ere, Gaztetxea ez dira lau horma soil, 20 urte hauetan elkarrekin eraiki dugun espazioa da, auzoarentzat eta auzotarrentzat sortutako proiektu kolektiboa". 

Bi hamarkadako ibilbidea

Agerraldian ehunka lagunen babesarekin aldarrikatu zutenez, azken 20 urteetan "Gaztetxeak hamaika ekimen eta jarduera eskaini dizkio auzoari, doan eta guztion eskura". Gainera, gogorarazi zuten hainbat kolektibo eta mugimenduren aterpea izan dela urte luzez. Eta gehitu zuten: "Gaztetxea gazteok gazteontzat autogestioz sortu eta kudeatutako espazioa da; gure beharrak, nahiak eta kezkak elkarrekin lantzeko eta antolatzeko lekua. Gazteon politizaziorako ezinbesteko gunea da; bertan garatzen dugu begirada kritikoa, zapalkuntzak identifikatzen ikasten dugu eta bestelako bizimodu eta harreman-ereduak eraikitzeko aukera dugu". Horiek horrela, abisu eman zuten: 7 Katu galtzeak "ez luke elkartzeko toki bat galtzea soilik ekarriko".

Gaztetxe ugari arriskuan

7 Katuko kideek gogoan izan zuten haiek jasaten ari direna ez dela egoera "isolatu" bat, eta Euskal Herri osoko hamaika Gaztetxe egon direla jomugan azken urteetan: Errekaldeko Etxarri Gaztetxea eta Puxka espazioa hustu dituzte, arriskuan daude Larrabasterrako Auzoetxea, Gernikako Gaztetxea, Sastraka, Durangoko Gaztetxea... "Antolakuntzarako, saretzeko eta borrokarako espazioak jopuntuan daude. Hemendik Gaztetxe orori gure babesa helarazi nahi diogu, eta borrokan jarraitzeko deia egiten dugu".

20. urteurrena, eta manifestazioa urtarrilaren 30ean

7 Katuren 20. urteurrena gainean den honetan, erresistentziarako mezu argi bat eman zuten Gaztetxeko kideek: "Inoiz baino gehiago zuen laguntza eta babesa behar ditugu. Orain da elkartasuna erakusteko unea, kaleak betetzeko unea eta argi uztekoa 7 Katu Gaztetxea beste 20 urtez behintzat gure babeslekua izango dela". Horri lotuta, mobilizazio-deialdi bat egin dute dagoeneko: urtarrilaren 30ean, 7 Katuren aldeko manifestazio bat izango da Bilbon. "Gorde data", esan zuten.