Garizuma hastearekin batera hasi ziren berriz ere antiabortisten kontzentrazioak Gasteizen eta Donostian: 40 egunez bilduko dira abortua gauzatzen duten kliniken aurrean, otsailaren 18tik martxoaren 29ra bitartean hain justu. Urteak daramatzate aldizkako elkarretaratze horiek egiten, haurdunaldia etetera doazen emakumeei jazartzeko. Taldean otoitz egiten dute kalean eta emakumeei zuzendutako kartelak eramaten dituzte gainean. "Inpunitate osoz ari dira Gasteizko klinikaren aurrean kontzentratzen eta abortuaren aurkako ideiak zabaltzen. Zaharrak berri, 40 Egun Bizitzaren Alde antolakundeak 2022tik egiten duen ekimen bat baita", salatu du Gasteizko Itaiak.
Emakumeon Antolakunde Sozialistak ezinbestekotzat hartu du "abortuaren aurkako posizionamendu erreakzionarioei zein eskubide hori urratzen duen neurri orori aurre egitea"; baita "doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den abortuaren alde egitea" ere. Horiek horrela, abortuaren kriminalizazioaren aurkako mobilizazio bat antolatu du Gasteizen ostegun honetarako: 18:30erako egin du deialdia Maria Sarmiento plazan, El Corte Ingles saltokiaren parean. Handik hurbil dago antiabortistek jopuntuan duten klinika.
Epaitegiek hegoak emanda eta diskurtso erreakzionarioek lagunduta: zeramikazko fetuak eta egun osoko elkarretaratzeak
Itaiak gogora ekarri duenez, aurten "are nabariagoa" da jazarle antiabortisten inpunitatea, Arabako Probintzia Auzitegiak iaz eman baitzuen haien aldeko epai bat. Izan ere, iazko azaroan epaitu zituzten abortuaren aurkako 21 manifestari, baina absolbitu egin zituen epaileak. "Emakumeon eskubideen aurkako mezu guztiz erreakzionario eta atzerakoiak zabaltzeko legitimitate osoa dutelakoan aritu dira azken hilabeteotan Gasteizen", seinalatu du Itaiak: "Abortu-eskubidearen alde egindako jardun oro erasotu dute; mehatxatu egin gaituzte, argazkiak atera dizkigute, abortuaren alde jarritako aldarriak kendu dituzte...". Klinika baten ondoan egiten dituzten elkarretaratzeak egun osoan zehar luzatzen dira, goizeko 10:00etatik 20:00etara normalean.
Antiabortisten jarduna ez da kontzentrazioetara mugatzen, dena den. Itaiak jakinarazi duenez, aurten zeramikazko fetu batzuk banatu dituzte Gasteizen, eta abortuaren kontrako kartelak jarri dituzte Santiago ospitale barruan. Antolakundeak salatu du jazarpen hori indartzen duela jendartean hedatzen ari den olatu erreakzionarioak, "emakumeen eskubideen aurkako ideiak gero eta gehiago ari baitira zabaltzen". Eta sakondu du: "Horri abortuaren inguruan dagoen estigmatizazioa eta presio soziala gehitu behar zaizkio". Itaiak kezkaz azaldu duenez, "horrek guztiak baldintza egokiak ezartzen ditu talde erreakzionario horiek protestak are lasaiago eta inpunitate osoz egiteko".
Eta, bitartean, enpresa pribatuak negozioa egiten
Itaiak, bestalde, gaitzetsi du enpresa pribatuak negozioa egiten ari direla bitartean. "EAEn egindako abortuen %95 zentro pribatuetan egiten dira", zehaztu du: "Osasun-sistema publikoan eman zitekeen zerbitzua kanpora atera eta enpresa pribatuek eramaten dute aurrera, Osakidetzak finantzatuta. Edo beste era batera esanda, emakumeon osasunaren kontura etekin ekonomikoak lortzea helburu duten enpresak diru publikoaren bidez ari dira aberasten". Antolakundeak salatu duenez, "abortua kalitatezkoa eta unibertsala izatea eragozten du" horrek.
"Behinola lorturik ziruditen eskubide formalek eskuetatik ihes egiteko arriskua etengabea da. Abortu-eskubidearen aldeko borroka indartu behar dugu", aldarrikatu du. "Zerbitzu publikoen desegiteaz eta pribatizazioaz" ohartaraziz, beharrezkotzat hartu du, hala, "paper errea diren neurrien ezintasuna seinalatzea eta errentagarritasun ekonomikoan oinarritutako osasun-sistema amaitzea".
Itaiaren deialdiak Gasteizen eta Donostian
Azken hilabeteetan, Itaiak hainbat deialdi egin ditu abortu-eskubidearen defentsan. Iazko abenduan, Gasteizko antiabortisten aldeko sententzia argitara atera zenean, mobilizazio bat egin zuen erdigunean, emakumeen kontrako jazarpena salatuz; eta joan den hilean, Donostian, abortatzeko eskubidearen aldeko egitarau bat egin zuen Amaran, antiabortistak elkarretaratzen diren tokitik hurbil. Borroka horretan, beste hitzordu garrantzitsu bat izango da ostegun honetakoa.