ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda
Alokabidek etxegabetu egiten duela salatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Apiriletik hona, zortzi familiak jo dute sindikatuarengana, Alokabidek hasitako etxegabetze-prozesuei aurre egin behar dietelako. "Krisi ekonomikoaren aurrean, neurriak egoera okerrenean daudenak babestera bideratu behar dira", aldarrikatu dute sindikatutik, etxegabetze oro etetera deituz.
2026eko uztailaren 23 - 16:33
Alokabidek etxegabetu egiten duela salatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldi bat egin zuen atzo, Alokabideren egoitzaren aurrean. Izan ere, sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko hori egoera zaurgarrian dauden familiak etxegabetzen ari dela: Gasteizen bakarrik, zortzi familiak jo dute sindikatuarengana apiriletik hona, Alokabidek euren aurka abiatutako kaleratze-prozesuak zirela-eta. "Lau jada etxegabetuak izan dira, eta beste laurak kaleratze-data noiz iritsiko zain daude. Guztiak zaurgarritasun egoeran dauden familiak dira, eta Alokabideren prozedura opakoei egin behar diete aurre", azaldu dute sindikatutik.

Gogorarazi dutenez, EAEko Etxebizitza sailburu Denis Itxasok (PSOE) hainbatetan esan du "ia desagertu" egin direla etxegabetzeak eta Alokabidek "oso salbuespenezko kasuetan" botatzen duela jendea bere etxetik. Sindikatuaren esanetan, ordea, Alokabidek emandako datuek beraiek gezurtatzen dute hori: "Araban 2023an hemezortzi kaleratze gauzatu zituen; 2024an 34 eskaera aurkeztu eta 24 kaleratze gauzatu zituen, eta, 2025ean, 41 eskaera aurkeztu eta 20 etxegabetze gauzatu zituen. Horrek esan nahi du lurraldean hilero ia lau familia etxegabetu zituela batez beste". Hori gutxi balitz, Araban, etxebizitza sozialetarako kontratuen %25 ez berritzea erabaki zuen iaz entitate publikoak, eta kaltetutako lau familietatik batek etxebizitza utzi behar izan zuen.

Zer gertatuko da moratoria ezerezean geratzean?

Espainiako Estatuan etxegabetzeen aurkako moratoria bat indarrean dago teorian, eta, hala ere, aipatutako datuak utzi dituzte azken urteek desalojoei dagokienez. Sindikatuak ohartarazi du, gainera, moratoria ezerezean gelditzen denerako galdera-ikurrak direla nagusi: "Moratoria amaitu ondoren kaleratzeen kopurua nabarmen handitzea aurreikus daiteke, eta joera hori dagoeneko antzematen ari gara, etxebizitza-aholkularitzetara jotzen duten familien kopurua handitu delako".

Politikak nori zuzendutakoak diren

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriz salatu du Jaurlaritzaren etxebizitza-politikak "errenta ertainak dituzten sektoreak lehenesten dituela, sektorerik proletarizatuenei zuzendutako baliabideak murrizten dituen bitartean". Eta gaineratu du: "Errenta handiagoko familientzat etxebizitza publikoen ehuneko handiagoa gordetzea eta, aldi berean, egoera zaurgarrienean dauden pertsonen aurkako etxegabetze prozedurak ugaritzea norabide bereko neurriak dira. [...] Noiz normalizatu dugu politikariek publikoki eta lotsarik gabe aitortzea beren politikek erdi-mailako klaseei baino ez dietela mesede egiten?".

Sindikatuak seinalatu duenez, instituzioak eta komunikabideak "pertsona pobreenak beren egoeraren erruduntzat jotzen dituen diskurtsoa indartzen ari dira", eta horren bidez justifikatzen dituzte etxe-kaleratzeak. "Kontakizun bat eraikitzen da: pertsona batzuek etxegabetuak izatea merezi dutela, beren pobreziaren errudun direlako".

Kontrara, arriskuan dauden pertsonen egoera ezagutzeko deia luzatu dio jendarteari sindikatuak, Alokabidek Gasteizen etxegabetu dituen eta etxegabetu nahi dituen familiak gogora ekarriz, adibide modura: "Horietatik zazpik adingabeak dituzte ardurapean, lau ama bakarrak dira eta batzuek genero-indarkeria pairatu dute".

Sindikatuak defendatu du ezinbestekoa dela, "krisi ekonomikoaren aurrean, neurriak egoera okerrenean daudenak babestera bideratzea" eta hori izatea "etxebizitza-politika publikoen lehentasuna". Hori horrela, etxegabetze guztiak baldintzarik gabe eten daitezela aldarrikatu du, eta Alokabideri exijitu dio zabalik dituen etxegabetze-prozedura guztiak berehala geldi ditzala.