AKTUALITATEA / Espetxea
Iruñean preso dagoen pertsona baten osasun-egoera larriaz ohartarazi du Nafarroako Salhaketak
Ebakuntza bat jasan ostean, Poliziaren zaintzapean izan zuten ospitalean, eta kartzelara itzularazi zutenean, biluztu, miatu eta isolamenduan sartu zuten. Bi hilabetez izango dute bertan. Salhaketak "tratu txar instituzionalen adibide garbitzat" jo du.
2026eko martxoaren 4 - 07:48
Iruñean preso dagoen pertsona baten osasun-egoera larriaz ohartarazi du Nafarroako Salhaketak
— ARGAZKIA EFE

Iruñeko espetxean preso dagoen pertsona baten "egoera larri eta onartezinaz" ohartarazi du Nafarroako Salhaketak. Astelehenean eman zuen horren berri: tumore bat kentzeko, ebakuntza egin zioten urtarrilean presoari. Une oro egon zen Poliziaren zaintzapean ospitalean, eta kartzelara itzularazi zutenean eman zioten tratua ere gaitzetsi du Salhaketak: gorputzeko miaketa bat egin zioten espetxezainek, biluztera behartuz. 

Miaketa hori, orokorrean "neurriz kanpokoa" eta "eskubideen aurkakoa" izateaz gain, kasu honetan "are larriagoa eta justifikaezinagoa" dela seinalatu dute Salhaketatik, "bereziki zaurgarria zen egoera" batean baitzegoen presoa ebakuntzaren ostean.

Espetxeko mediku-zerbitzuetan artatu zuten gero, eta operazioaren ondoren sendatzeko pautak eman zizkitoen bertan: gutxienez bost egunez arreta medikoa jasotzea, egunero zaurian sendaketa egitea, ahotsa erabiltzea... Mediku-zerbitzuetatik atera bezain pronto, ordea, isolamendu-erregimenean sartu zuten kartzelazainek, eta gutxienez bi hilabetez izango dute bertan. Aurrez ere bi tratamendu onkologiko jasan behar izan ditu pertsona horrek, kartzelan zegoela.

Nafarroako Salhaketak nabarmendu du "tratu txar instituzionalen adibide garbia" dela egoera, "eta bateraezina dela gutxieneko gizatasun-irizpideekin eta osasuna babesteko oinarrizko eskubidearekin". Eta gaineratu du: "Jarduera horrek agerian uzten du espetxe-sistemaren logika punitiboa sistematikoki ezartzen dela pertsonen osasunaren, duintasunaren eta osotasunaren gainean, eta administrazio publikoak egoera horren erantzule bihurtzen direla". Horiek horrela, pertsona hori isolamendutik berehala atera dezatela exijitu du, baita gaixotasun larriak dituztenen askatasuna berma dadila ere, "prozesu horiek duintasunez eta baldintza egokietan igaro ahal izan ditzaten".