Eraitsi orain! Derribo ya! lelopean, mobilizazio bat antolatu dute Iruñean (Nafarroa) datorren larunbaterako, urtarrilaren 18rako. Beste behin ere, Erorien Monumentua eraitsi dezatela exijituko dute manifestazioan, hura mantentzeko akordio bat sinatu baitute berriki PSN, EH Bildu eta Geroa Bai alderdiek. Abenduaren bukaeran argitaratu zuten deialdia: arratsaldeko 18:00etan hasiko da manifestazioa oroigarritik bertatik, eta Gaztelu Plazan amaituko da.
32 elkarte memorialistak egin dute bat deialdiarekin, eta Iruñerriko beste hainbat kolektibok eta mugimenduk eman diote babesa, tartean, Mugimendu Sozialistak. Atzo egin zuten agerraldi bat, eta argia izan zen deitzaileen aldarria: Franco diktadore faxista hil zenetik 50 urte bete direnean, uste dute "faxismoaren kontra nafar gizarteari helarazi dakiokeen mezurik onena" dela, hain zuzen ere, Erorien Monumentua botatzea.
Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari berriz eskatu diote oroigarri frankista eraistearen alde egin dezatela, Nafarroan "frankismoaren biktimak umiliatzeko sinbolo nagusia" dela kontuan hartuta. Eta, bestetik, EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdietako zuzendaritzengana jo dute, salatuz beraiek onartutako memoria-lege propioak urratu dituztela. Erorien Monumentua "adieraberritzeko akordioa" baztertu dezatela exijitu diete alderdiei elkarte memorialistek, eta "eraispen akordioarengatik alda dezatela" erabaki hori.
Irakurri hemen borroka memorialistako kide Joaquin Iraizozi azaroan egindako elkarrizketa.