AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Urtarrilaren 29an, bai Bilbon eta bai Iruñean, milaka pertsona batu gaitezen gogotsu ari dira lanean Gazte Koordinadora Sozialistako militanteak. Dagoeneko Euskal Herriko hiriburu eta eskualde gehienetan mobilizazioak aurkeztu dituzte, eta emaitzak onak dira. Militanteez gain, gazte ugari hurbildu da jakin-minez aurkezpenetara, eta askok bere burua eskaini du mobilizazioak antolatzeko eta propaganda egiteko. Laguntza mesedegarria; bai eta erabakigarria ere, militante ez diren horien laguntzak uzten baitu agerian alderdikeriez gaindiko bi mobilizazioen ahala.

Mobilizazioak jendetsuak izango direla irudi du; GKSren antolakuntza-indarren araberakoak, bai, baina (hain zuzen ere) horregatik jendetsuak. Ez dezala inork, beraz, urtarrilaren 29an Bilboko zein Iruñeko manifestaziotara bertaratuko den autobus kopurua gutxietsi. Aurrerantzean datorrenaren adierazle izango da-eta: Mugimendu Sozialistaren hazkunde esponentzialarena. Hein batean geldiezina da Mugimendu Sozialistaren hazkundea, garai honen ezaugarrietako bat balitz modura (alde batetik, identitate politiketatik aldendu delako Mugimendu Sozialista, eta, bestalde, bere kargu hartu dituelako bizi dugun testuinguru ekonomiko eta politikoaren joera historikoak, hala nola, proletariotzaren premia unibertsalak).

Bada behin eta berriz esan izan duena Mugimendu Sozialistak ez zuela inor erakarriko halako diskurtso erradikalarekin. Horientzat ameskeria hutsa zen Mugimendu Sozialistako kideen programa politikoa; honezkero ohartzen hasiko ziren, ordea, mugimendu politiko baten sorrera garaia (momentu bat zeinetan mugimendua bera militante gutxi batzuek besterik ez duten osatzen) eta delako mugimenduaren indar-metaketa gaitasuna ez direla gauza bera. Mugimendu Sozialista gorpuzten eta egonkortzen hasia da Euskal Herrian, eta atzerrian gero eta gehiago dira Mugimendu Sozialista eredutzat hartzen ari direnak; bada, horixe bera da 29ko manifestazioek agerian utziko dutena. Egun pairatzen dugun, eta aurrerantzean etor dakigukeen, pobrezia borrokatzeko aldarria da 29koa, GKSk gazte langile orori egin dion borrokarako deia, alegia. Eta jendetsuak bezain zabalak izan behar dute manifestazioek, programa komunista egunen batean arrakastatsuena izan daitekeela argi eta garbi gera dadin.

Orain artean lan militante paregabea egin izan dugun arren, datozen egunotan asko dugu egiteko oraindik. Ilusioz, diziplinaz eta anbizioz ekin diezaiogun bada lanari!