Urriaren 2an, Irungo (Gipuzkoa) "auzo-patruilek" (Colaboración Ciudadana Bidasoa taldearen izenean) martxa bat egin zuten, Alberto Anguera plazatik San Juan plazara, udaletxe aurreraino. Hala, Irun "garbi eta seguru" bat aldarrikatu zuten. Behin baino gehiagotan adierazi dute taldea ez dela ez "ezkertiarra", ez "eskuindarra". Haatik, "auzo-patruilen" izaera "hiritarra" gezurtatu zuten aurreko ostiralean, hainbat alderdi politikotako kideek Irungo martxan parte hartu baitzuten: zehatz-mehatz, Alderdi Popularreko (PP), Voxeko eta Ciudadanoseko ordezkariek parte hartu dute auzo-patruilen ekimenetan, izan urriaren 2ko martxan, izan beste agerraldi batzuetan.
PPri dagokionez, mobilizazio arrazistan parte hartu zuten lau ordezkarik. Batetik, Mikel Lezama Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea bertaratu zen. Bestetik, Carlota Sanz Irungo zinegotzia agerraldian egon zen, baita Antonio Vicente Zubicoa alderdiaren Errenteriako (Gipuzkoa) alkategaia ere. Gainera, Borja Corominas Donostiako (Gipuzkoa) alkategaia eta zinegotzia ere hurbildu zen. Behin baino gehiagotan agerian gelditu dira azken horrek Lo Que No Te Cuentan De Donosti (LQNTCDD) taldearekin dituen harremanak.

Vox alderdiaren Gipuzkoako egiturak martxan parte hartuko zuela iragarri zuen sare sozialetan, eta mobilizazioaren irudiak zabaldu zituen. WhatsApp taldean, sarri idatzi dira eskuin muturreko alderdiaren aldeko mezuak, eta taldekide batek zera adierazi zuen martxa eta egun batzuk beranduago, hitzez hitz: "Hay que votar un cambio radical de política en este país, y yo solo veo la opción de Vox".
Mario Simancas aktorea eta monologilea ere egon zen ostiraleko martxan. Simancas, 2015eko udal-hauteskundeetan, Ciudadanos alderdi eskuindarraren zerrendako hautagaia izan zen. Horrez gain, aurtengo maiatzeko udalbatzan, Javier Tolosak hitza hartu zuen "auzo-patruilen" izenean. Tolosa Simancasen zerrendakidea izan zen 2015eko hauteskundeetan, eta Toni Cantó UPyD eta Ciudadanoseko buruzagi oiharekin aritu da elkarlanean.

Alderdi politikoetatik haratago, beste hainbat eragile
Alderdi politikoez gain, David Nuño zinegotzia ere bertan izan zen. Oraintsu arte Elkarrekin Podemos alderdiaren ordezkaria izan da; baina aurten, ekainean, Podemosen EAEko zuzendaritzak militantzia eten zion, "arau-hauste larriengatik". Irailean, hala, kargugabetu eta alderditik bota zuten, behin betiko. Alabaina, Nuñok zinegotzi izaten jarraitu du, gatazkaren muina "politikoa" izan dela argudiatuta, eta ez lege-urraketa bat.

Hori horrela, azken asteotan bere burua hauspotu du, web-orri eta marka propio baten bidez. 2027ko udal-hauteskundeak begi-bistan, litekeena da babes bila aritzea horrelako ekimenetan. Izan ere, uste hori indartu dute bi alderdik: batetik, bere web-orriko azken zazpi idazkietan diskurtso sekuritista izan du hizpide, eta behin eta berriro aritu da poliziaz, "delitugileez" eta "biktimez". Bestetik, duela hainbat egun, auzo-patruilen eskakizunen aurrean honelako adierazpenak egin zituen: "Ni negar los problemas, ni exagerarlos. Ni utilizarlos para enfrentar a unos vecinos con otros. […] Esta semana, especialmente, toca actuar con serenidad y responsabilidad".
Bestela ere, nabaria izan zen Irunen kaleko beste talde faxista batzuen presentzia. Izan ere, LQNTCDD-k sare sozialetan mobilizazio arrazistarako deialdia zabaldu zuen, baita hilaren 2an martxaren zuzeneko jarraipena egin ere. Alzando La Voz Euskadi-k ere martxan parte hartu zuen: are, une batean kontramobilizazio faxistara sartzen eta bertoko kideak jazartzen ahalegindu zen, pertsona batek aurre egin zion arte.
Hori horrela, Colaboración Ciudadana Bidasoa-k bere burua "apolitikotzat" badu ere; eta, nazionalitate edota arrazen gainetik, Irungoa segurtasun auzi bat dela badiote ere, arestian adierazitako informazioak agerian utzi du kaleko talde hauen izaera arrazista eta faxista. Izan ere, horretaz guztiaz gain, iruzkin argigarriak egin dituzte "auzo-patruilen" WhatsApp taldean: atzerriko nazionalitateetako herritarrei isekak egin ohi dizkiete; migratzaileei argazkiak egiten eta horiek seinalatzen aritzen dira; kale-egoeran daudenekiko gorrotoa adierazi dute; Vox, Núcleo Nacional, LQNTCDD, SALF nahiz Frente Obreroren tankerako talde faxisten mezuak zabaltzen dituzte, eta abar. Colaboración Ciudadana, LQNTCDD, eta antzerako taldeak, beraz, ez dira "segurtasunarekin arduratuta dauden bizilagun-taldeak", baizik eta ultraeskuinaren kontakizun eta agenda erreakzionarioei bide egitea bilatzen duten adierazpen faxistak.
Hori dela eta, deialdi arrazistari aurre egiteko asmoz, hainbat eragilek kontramobilizazio jendetsua egin zuten hilaren 2an, eta ehunka lagun elkartu ziren Ez nahastu etsaiz. Irunen arrazakeriari EZ! lelopean.
