AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ikasturtea indarrez hasi duenari ere indarrak hartzeko balio izan dio azken asteak, ikasturtea gogotsu hasi baitu Mugimendu Sozialistak. Azken asteak utzi dizkigun irudiek ehundaka ikasle erakutsi dizkigute batasun estrategikoz bat eginda, Ikasle Abertzaleakek antolatutako Eskola Ibiltarian. Era berean, Itaiak bere jarduna definitzen duen bide-orri bat aurkeztu du, proletalgoaren interesak erdigunean jarriko dituen programa.

Sozialismoaren proiektu politikoa berrartu eta berriztu egiten du mugimendu honek ikasturtez ikasturte, geroz eta jende gehiago lotzen du prozesu sozialistara, eta militanteen konpromiso eta diziplina handiak eraginkortasunez erantzuten dio une politiko bakoitzari. Despolitizazioa nagusi den garaiotan, balioan jarri behar da hazkundean dagoen mugimendua: ilusioa berpizteko gai da komunismoaren porrota bizi duen belaunaldian, sozialismoaren eraikuntzaren bidez.

Ikasturte gogorra dator proletalgoarentzat. Muturreko bizi baldintzak normalizatuz doaz; baldintza ekonomiko, sozial eta politikoak nabarmen okertzen. Instituzioetan aplikatzen dituzten politikek, egoera gainditu baino gehiago, betikotu egiten dute. Hori horrela, krisi garaian garrantzi berezia hartzen dute baldintza politiko, ekonomiko eta sozialak hobetuko dituzten programa sozialistek. 

Norabide horretan, politika egiteko bestelako ulerkera bat garatu behar dugu, zentzu komunaren ulerkeratik haratago doana, politika instituzionalen mugak gainditzen dituena. Independentzia politikoa oinarrizko printzipio gisa hartuta, politika egiteko bestelako forma batzuk mahaigaineratzea ezinbestekoa zaigu, eta baita horri egokituko zaion militantzia eredu bat garatzea ere. 

Garatzen dabilen horren eredu izan da azken astea, eta izan dadila haren erakusgarri datorren ikasturte politikoa ere; erantzun diezaiogun unean une dagokigun eginbeharrari, zerumuga komunista galdu gabe.