AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Pasa den ostegunean Itziarren atxilotu zuten Gabi, Mugimendu Sozialistako militante urruñarra, eta ordu batzuk Eibarko komisaldegian igaro ondoren, Martuteneko espetxera eraman zuten. COVID-19aren aurkako protokoloagatik isolamendu egoeran daukate, eta sei hilabeteko espetxe zigor bat betearazi nahi diote, ikasle greba bat zela-eta, desordena publikoak eragitea leporatuta kondenatu zutelako.

Bagenekiena berretsi baino ez dute egin; Espainiako Estatuan, estatu kapitalista guztietan bezala, eskubide politikoak ilusio bat baino ez dira proletalgoarentzat. Klase menderatzaileari gutxiengo baten diktadura gehiengoaren botere modura mozorrotzeko balio dion formalismoa dira. Politikoki antolatzeagatik, iritzi eta ideologia politikoagatik edo mobilizazioetan parte hartzeagatik azken urteetan espetxeratu dituztenen izen-zerrendak, adibidez, behin eta berriz frogatu digu hori.

Espainiako Estatuan boterearekiko disidentzia politikoa biolentziaz tratatu izan da eta tratatzen da gaur egun ere. Komunismoaren garapena ere arretaz ari dira jarraitzen. Ez da harritzekoa, haren garapenak gizateriari gerra eta miseria baino eskaintzen ez dion burgesiaren boterea duelako jo-puntuan, baina bidegabea da eta aurre egin behar zaio.

Gabi askatzeko eta amnistia aldarrikatzeko manifestazio batera deitu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ekainaren 3rako, 19:00etan, Baionako San Andres plazan. Bizitzaren garestitzearekin zein lehengai eta produktuen eskasiarekin langileria ekonomikoki estutzen ari diren honetan, armadak eta indar polizialak are gehiago hornitzen ari dira estatu kapitalistak, eta bitartean, protestarako eta politika egiteko askatasuna murrizten ari dira. Amnistia eta sozialismoa ardatz dituen estrategia politikoa indartzea da Mugimendu Sozialistaren hautua, preso eta errefuxiatu politikorik gabeko testuingurua erdiesteak gizarte aske bat eraikitzea esan nahi duelako.