Atzo arratsaldean, Espainiako Selekzioak Munduko Kopako finala jokatu aurretik, mobilizazioak izan ziren Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan. Futboleko nazioarteko txapelketaren bueltan, Espainiako Selekzioaren parte-hartzea aitzakiatzat hartuta, espainolismoari gorazarre egiten ari zaiola salatu zuten lau manifestazioetan. Horrekin batera, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna erreibindikatu zuten.
19:00etan izan ziren manifestazio guztiak, hainbat deitzaileren eskutik. Nabarreriatik atera zen Iruñeko mobilizazioa, Casillatik Bilbokoa, Faroloitik Gasteizkoa, eta Bulebarretik Donostiakoa. "Inposaketa espainolista" gaitzetsiz, "Euskal Herriarentzat askatasuna" eta autodeterminazio-eskubidea aldarrikatu zituzten, eta hainbatek gaineratu zuten lekuan lekuko udalek eta alderdi politikoek espazio publikoan finala ikusteko pantaila erraldoiak jarri izanak bide egin ziola "inposizioaren eta zapalkuntzaren normalizazioari" eta "espainolismoaren gorazarreari".