Eurocopa Honi Ez plataformak agerraldi jendetsua egin zuen atzo arratsaldean Bilbon, udaletxe parean. Oraindik ziurgabetasuna da nagusi, baina Bizkaiko hiriburua, osasun-egoera aproposa ez izan arren, Eurocopa 2021 (2020) txapelketaren joko-zelaietako bat izan daiteke. Eta UEFAk, Espainiako Futbol Federazioak eta Bilboko Udalak halaxe erabakiz gero ekainean partiduak jokatuko direnez San Mamesen, Eurocopa Honi Ez plataformak manifestazioa deitu du apirilaren 10erako. Bilbon izango da, eguerdiko 12:00etan, San Mames estadiotik hasita.
2019an sortu zen Eurocoparen aurkako plataforma; beraz, pandemia testuingurutik kanpo ere koka ditzakegu plataformaren oposizioa eta kritika. Hala, bozeramaileek atzo argi azaldu zuten euren iritzia: COVID-19a eta osasun-arriskua Eurocopa bertan behera uzteko arrazoi koiunturalak izan ziren, eta kontuan hartu beharrekoak noski; hala ere, Eurocopa Honi Ez plataformak osasun-larrialdiarekin zerikusirik ez duten arrazoi politiko ezberdinak ditu futbol txapelketari aurre egin nahi izateko. Proposamenari aurre egin eta ospakizuna bera gelditzeko. Diotenez, euren hautua irmoa da, eta burgesiaren jaialdi horri borrokaz aurre egiteko antolatu gaitezen egiten digute dei. Orain arte, behintzat, horiek izan baitira plataformak behin eta berriz azpimarratu dituen hitzak: antolakuntzaz, Eurocopari aurre egitera goaz!
Burgesiaren jaialdi lotsagarria da Eurocopa, non estatu burgesen arbitrariotasun politikoa agerian geratzen baita. Langileon askatasun zibil eta politiko gehienak debekatu dituzten testuinguru honetan Eurocopa egingo dute Bilbon? Horrela, bada, negozio krudela egingo dute Euskal Herriko langileokin burgesek: lan-indarraren zapalkuntza basatia eta arrisku politikoa, besterik ez dute gurera ekarriko. Izan ere, Eurocopa dela-eta sor daitezkeen behin-behineko lanpostuak krisialdiak harekin dakarren desesperazioaren neurrikoak izango dira, hau da, ahalik eta prekarioenak, segurtasunik gabekoak eta debaluatuak; horrez gain, Eurocoparen kontrako borroka bere egin duen edozein langile zein militante arriskuan egon daiteke Eurocopan zehar, Espainiako Selekzioak eta beste selekzio batzuek San Mamesen jokatuko duten aitzakiarekin talde faxista ugari hurbil litezke eta Euskal Herrira.
Ondorioz, Eurocopa Honi Ez plataformarekin bat egin eta ezer onik ez dakarren burgesiaren jaialdi horri aurre egin behar diogu komunistok. Bilbon ez da partidurik jokatuko! Oraindik garaiz gaude.