AKTUALITATEA
Asteak dira Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian ikasle-protestak hasi zirenetik, baita Estatuak ikasleak berak kriminalizatzeko eta jazartzeko hainbat ahalegin egin dituenetik ere. Hori dela eta, berriki, irakurketa bateratua plazaratu dute Baionako Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) eta Baiona-Angelu-Biarritz (BAB) hiriguneko zenbait ikastetxetako asanbladek, Ikasleak, borrokaren alde eta errepresioaren kontra! izenburupean. Zehatz-mehatz, ikasleak isilarazteko, beldurtzeko, eta jazartzeko azken asteotako saiakerak salatu dituzte.
Honako hauek guztiek sinatu dute adierazpena: Arte Prepa (Baiona), Cassin (Biarritz eta Baiona), Cantau (Angelu), Lauga (Baiona), Paul Bert (Baiona), Bernart Etxepare (Baiona) eta Arte Eskola (Baiona) heziguneetako ikasle-asanbladek; Ikus-Entzunezkoen eta Argazkilaritzako BTSetako (Biarritz) asanbladek, Baionako Unibertsitateko ikasle-asanbladak, Maurice Ravel kontserbatoriokoak (Baiona), Etxepareko Asanblada Antifaxistak, eta Baionako IASk berak.
Frantziako Estatuko ikasle- eta langile-protesten irudiek munduari buelta eman badiote ere, idazkiaren sinatzaileek seinalatu dute BABeko ikasleek ere antzerako bizipenak pairatu dituztela azken asteotan, eta esperientzia horien berri eman dute. Esaterako, irailaren amaieratik, dozenaka lagun atxilotu dituztela nabarmendu dute, baita zauritu ugari izan direla ere. Horrez gain, Laugako zuzendaritza Poliziarekin elkarlanean aritu dela salatu dute, ikasleak zelatatzeko eta jazartzeko asmoz: "Zuzendaritzak Polizia deitu du protestetan aritu diren ikasleen izenak emateko helburuarekin". Cassin eta Cantau ikastetxeetan, antzeko egoerak bizi behar izan dituzte ikasleek: "Cassin lizeoko ikasle batzuk mehatxatuak izan dira eta kanporatze arriskuan dira. Gainera, Angeluko Cantaun lizeoko eskuin muturreko ikasle batzuk manifestariak kikiltzen entseatu dira, ikasle batzuk erasotuz. Egoera jasangaitza da". Horrela, ikasleen protestarako eskubidea urratzen ari dira agintaritzak, lege-dekretuetatik harago.
Gauzak horrela, kasu horiek gizartearen bilakaera orokorrarekin lotu dituzte, eta erreakzioaren nahiz faxismoaren gorakadarekin, batik bat. Gainera, argi adierazi dute saiakerok "langile-klasea banatzea eta isilaraztea" dutela helburu. Ondorioz, "intimidazio horiek irmoki salatzera" egin dute dei, baita borrokan jarraitzera ere: "Mobilizatzen jarraitzeko beharra azpimarratzen dugu. Miseriara kondenatu nahi gaituzten garai hauetan ezin baikara isilik egon".