SARRERA
Europako hegoaldean hiru diktadura ezberdinen gainbehera gertatu zen ia aldi berean 1970eko hamarkadan: Portugalgo Estado Novoarena, Greziako Koronelena eta frankismoarena Espainian. Prozesu horiek, “demokraziarako trantsizio” gisa ezagutu direnak, erreferente internazional bilakatu ziren narratiba arrakastatsu baten pean. Herrialde bakoitzean aldaketaren formak eta erritmoek izandako desberdintasunetatik haratago, hiruetan antzeko emaitza izan zuten azken buruan; Mendebaldeko Europako marko politiko eta ekonomiko kapitalistan integratzea.
1970eko hamarkadan, Europako hegoaldean hiru diktadura ezberdinen gainbehera gertatu zen ia aldi berean: Portugalgo Estado Novoarena, Greziako Koronelena eta frankismoarena Espainian
Egin-eginean ere, “trantsizio” kontzeptua bera problematizatu beharko genuke artikulu honekin hasteko. Izan ere, “trantsizioa” bide lineal gisa ulertzen da askotan: gizarteek egoera “atzerakoi” batetik beste “moderno” eta “demokratiko” batera egingo luketena. Ikuspegi hori, ordea, diskurtso hegemoniko gisa finkatutako interpretazio baten emaitza da. Etiketa horren pean, askotan neutralizatu dira botere-egiturekiko hausturarik ekarri ez zuten prozesuak. Hau da, egiazki kapitalismoaren funtsezko gizarte-harremanen jarraipena ziurtatu zuten egokitzapen eta berritxuratze prozesuak. Ez hori bakarrik, aurreko erregimenen funtsezko ezaugarriek biziraun zuten prozesuak ere bai, hala nola errepresio-aparatuen jarraipenak eta biolentzia instituzionalak.
Ikuspegi horren adibide litzateke “trantsizio demokratiko” deritzon narratiba, batez ere XX. mende amaieran hegemoniko bilakatu zena, Samuel P. Huntingtonen La tercera ola de democratización lanen eskutik, besteak beste. Marko horretan, demokrazia liberalak helmuga desiragarri ez ezik, halabeharrezko patu unibertsal gisa ulertzen dira. Diskurtso horren bitartez, trantsizioak eredu arrakastatsu gisa interpretatu ziren, eta gizartearen bilakaera “normala” mendebaldeko kapitalismoan integratutako demokrazia parlamentarioetan amaitzea zelako ideia indartu zen.
Azalduko ditugun kasuetako bakoitzak, ordea, garapen eta ezaugarri propioak izan zituzten, nahiz eta guztiek antzeko eszenatokira eraman zuten. Portugalen, mobilizazio popularrak gizarte-eraldaketarako aukera zabaldu zuen, baina azkenean instituzionalizatzen amaitu zen. Espainian, ostera, adostasunaren adibide gisa aurkeztu zena eliteen arteko paktu erreformista izan zen. Grezian, Koronelen erorialdiak berehala ekarri zuen NATOren eta elite ekonomikoen babespean parlamentua ezartzea.
Hiru bide horien arteko konbergentzia ez dugu bilakaera natural gisa ulertzen, baizik eta marko historiko beraren adierazpen gisa: krisi garaian kapitalismo europarra berregiteko beharra eta Europa hegoaldea Mendebaldeko egituretan integratzekoa, hain zuzen ere. Horregatik, hiru kasuok elkarrekin aztertzeak desberdintasunak eta loturak identifikatzea ahalbidetzen du. Artikulu honek Espainiako, Portugalgo eta Greziako trantsizioen azalpen eta hurbilketa konparatua proposatzen du. Marko berean kokatzean, beren arteko desberdintasunak eta partekatu zuten amaiera komuna ikustarazten du.
Portugalgo, Espainiako eta Greziako diktaduren arteko konbergentzia ez dugu bilakaera natural gisa ulertzen, baizik eta marko historiko beraren adierazpen gisa: krisi garaian kapitalismo europarra berregiteko beharra eta Europa hegoaldea Mendebaldeko egituretan integratzekoa, hain zuzen ere
TESTUINGURUA
Portugalgo, Greziako eta Espainiako diktadurak erortzea ezin dugu unean uneko erabaki politikoen emaitza gisa ulertu. Hau da, marko zabalago baten parte izan zen: 70eko hamarkadan munduko kapitalismoak bizi zuen krisiaren eta mendebaldeko blokearen berrosaketaren parte, hain zuzen ere. Erregimen horiek, besteak beste, kontrol errepresiboari, menpeko garapen ekonomikoko ereduei eta mendebaldeko blokeari erabilgarri izateari esker iraun zuten. Haatik, nola-halako oreka hori 1970eko hamarkadan krisian sartu zenean –petrolioaren krisia, eredu desarrollista agortzea eta gatazka soziala haztea–, ordura arte diktaduren egonkortasuna bermatu zuten oinarri material eta politikoak ere desorekatu ziren.
Arlo ekonomikoan, 1973ko petrolioaren krisiak aurretiko tentsio ekonomikoak agudotu zituen. Estado Novoak, frankismoak eta Koronelen diktadurak modernizazio mugatua gauzatu zuten, atzerriko inbertsioetan, soldata baxuetan eta diziplinamendu sozialean oinarrituta. Desarrollismo horrek nolabaiteko industria eta hiri-modernizazioa ahalbideratu zuen, nazioarteko kapitalaren menpeko egitura bat finkatzeari esker. 70eko hamarkadan, ordea, eredu hori agortuta zegoela agerian geratu zen krisiarekin: kontrolik gabeko inflazioa, langabezia gero eta handiagoa, zorpetzea eta desberdintasuna handitzea nabarmendu ziren. Poulantzas soziologoak azpimarratu zuen bezala, diktadura horien gainbehera ezin da modu isolatuan ulertu, Europako periferiaren menpeko kapitalismoaren krisiaren adierazgarri baitziren. Forma autoritarioak beren mugara iritsi ziren, eta alor sozialean ere gatazkei eustea sostengaezina zen.
Horri nazioarteko testuingurua gehitu behar zaio. Gerra Hotzaren testuinguruan, Portugal, Espainia eta Grezia funtsezkoak ziren Mediterraneoa eta Atlantikoa kontrolatzeko estrategian. Ipar Amerikako inperialismoak eta Europako potentziek ezinbestekotzat zuten NATOren “hegoaldeko hegala” ziurtatzea. Horregatik, Estatu Batuek eta Europa mendebaldeak aliatu baliagarri gisa erabili zituzten herrialdeok hamarkadetan, erregimen diktatorialak izan arren. Portugal NATOko kide fundatzaile zen 1949tik, Grezia 1952an sartu zen eta Espainiak 1953an Washingtonekin itun militarrak sinatu zituen, besteak beste. Baina krisi ekonomikoarekin eta gatazken areagotzearekin, aipatutako baliagarritasuna arazo bilakatzen hasi zen. Mendebaldeak erregimen egonkorragoen eta fidagarriagoen beharra zuen, demokrazia liberalena, Europako Ekonomia Erkidegoan integratuko zirenak eta bloke atlantikoaren kohesioa indartuko zutenak. Gauzak horrela, diktaduren amaiera, barne-dinamikek ez ezik, krisian zegoen kapitalismoaren hegemonia berrosatzeko helburuek ere baldintzatu zuten.
Diktaduren amaiera baldintzatu zuen faktore erabakigarri bat, ordea, diktaduren azken urteetan metatutako presio soziala izan zen
Faktore erabakigarri bat, ordea, diktaduren azken urteetan metatutako presio soziala izan zen. Portugalen kasuan, Afrikako gerra kolonialak erregimena agortu, armada hautsi eta herri-mobilizazioa handitu zuen. Europako hegoaldean erregimenen egonkortasuna errotik zalantzan jarri zuen mobilizazio ziklo bat hedatu zen: langileen greba handiek, ikasleen matxinadek, auzo-mugimenduek, euskal gatazkak eta adierazpen kultural berriek erregimenen mugak gainditu zituzten. Mobilizazio ziklo hori ez zen, baina, ezerezetik sortu: Espainian, borroka antifrankistaren aurretiko ibilbidean oinarritzen zen, eta, Portugalen, gerra kolonial luzearen higadurak lehenagotik ireki zituen arrakalak. Kasu guztietan, 70eko hamarkadan aldatu zena borroka horien zabaltasuna eta intentsitatea izan zen. Gauzak horrela, ikusitako testuinguru komun horien gainean ibilbide ezberdinak garatu ziren, eta komeni da horiek bereizita aztertzea konbergentziei heldu aurretik.
PORTUGAL: PROZESU IRAULTZAILETIK EGONKORTZE POLITIKORA
Estado Novoa, 1933an Salazarrek ezarri eta ostera Caetanok luzatutakoa, Europako diktadura iraunkorrenetako bat izan zen. Laburki, autoritarismo politikoan, lan korporatibismoan, zentsuran eta polizia politikoaren (PIDE) errepresioan oinarritu zen, eliza katolikoaren babesarekin. Arlo ekonomikoan, esan daiteke posizio periferiko eta atzeratua mantendu zuela Mendebaldeko Europarekin alderatuta: urri modernizatutako nekazaritza, industrializazio mugatua eta ihesbide sozial gisa aritu zen emigrazio handia. Diktadura horren ezaugarri bereizgarri bat inperio kolonialaren defentsa izan zen, 1961az geroztik gerra irekiak izan baitzituen Afrikan. Europako herrialdeetan deskolonizazio prozesuak gertatzen ari ziren bitartean, Portugal gero eta isolatuago geratu zen, baliabideak agortu eta erregimenaren legitimitatea murriztu zuen proiektu inperialean harrapatuta. Hamarkadetan diktadurari eutsi zioten oinarriak, 70eko hamarkadako krisiaren sorburu ere izan ziren aldi berean.
Aipaturiko gerra koloniala izan zen arrazoi erabakigarriena: 1961ean hasi eta hamarkada bat baino gehiago iraun zuen, eta Angolan, Mozambiken eta Ginea Bissaun egin zen. Inperioa mantentzeko, Estatuaren aurrekontuaren %40 inguru gerrara bideratu, milaka errekluta gazte mobilizatu eta ahalegin militar izugarria egin zuen erregimenak. Gerra-esfortzu horrek frustrazio gero eta handiagoa zabaldu zuen herritarren artean, baita armada barruan ere –Afrikan borrokatzen ziren ofizial gazteen artean–, eta oposizioa geroz eta irekiagoa zen.
Horren ondorioz, erregimena isolatua zegoen nazioarteko markoan. Prozesu deskolonialak gertatzen ari ziren testuinguruan, Portugalek gerrak egiten jarraitzen zuen. Estatu Batuak eta Europako potentziak, Mediterraneoa eta NATOren “hegoaldeko hegala” egonkortzeko interesa zutenak, identifikatzen hasi ziren Estado Novoren jarraipena traba bat izan zitekeela beren helburuak erdiesteko; hots, Portugal Mendebaldeko Europan integratzeko eta Afrikako egoera kontrolatzeko helburuak, hain zuzen ere.
Estatu Batuak eta Europako potentziak, Mediterraneoa eta NATOren “hegoaldeko hegala” egonkortzeko interesa zutenak, identifikatzen hasi ziren Estado Novoren jarraipena traba bat izan zitekeela beren helburuak erdiesteko
Arlo ekonomikoan, esan dugu Portugalek Europaren ekonomia periferikoa izaten jarraitzen zuela. Herrialdea nekazaritza atzeratu batean murgilduta zegoen: hegoaldean latifundio handiak eta iparraldean ustiategi txikiak, biak ala biak produktibitate-maila txikiekin, nekazarien populazioari eusteko gai ez zirenak. Industriari dagokionez, Lisboa eta Porton kontzentratzen zen, mugatua zen eta atzerriko kapitalaren mendekoa. Caetanoren 60ko hamarkadako erreformek herrialdea partzialki ireki zuten kanpo-inbertsiora eta europar merkataritzara, baina mendeko izaera aldatu gabe. Modernizazioa partziala eta irregularra izan zen: hirietan industria-sektore dinamikoagoa sortu zen, baina pobrezian zeuden landa eremu zabalak zeuden oraindik. Emigrazio masiboa tentsio horien aterabide izan zen askorentzat. Testuinguruan aipaturiko 1973ko nazioarteko krisiak ahulezia horiek handitu zituen: inflazioaren areagotu, inportazioak garestitu, eta ekonomiaren hazkundea geldiarazi zen.
1968tik Caetanok egindako erreformek –nolabaiteko liberalizazio ekonomiko bat eta irekiera politikoko narratiba– ez zuten egoera aldatu. Erregimenak eutsi egin zion bere izaera autoritarioari: PIDEren errepresioak bere horretan jarraitu zuen eta zentsurak, adibidez, edozein oposizio forma mugatzen jarraitu zuen. Itxurazko modernizazio hori, hortaz, ez zen nahikoa izan erregimenaren gainbehera geldiarazteko. Kontrara, zatiketak sortu zituen boterearen blokearen baitan: erregimena bere horretan mantentzea defendatzen zutenen eta erreforma mugatu batzuk defendatzen zituztenen artean. Esaterako, armada aktore garrantzitsua izan zen: gerran inplikatutako hainbat sektorek erakunde klandestino bat sortu zuten; Indar Armatuen Mugimendua (MFA).
Era horretan, 1974ko apirilaren 25eko egunsentian, MFAk, batez ere kapitainek eta mendeko ofizial gazteek, altxatze militarra abiarazi zuten Caetanoren gobernua eraisteko asmoz. Plana mugatua zen; botere-kupulan aldaketa kontrolatua egin nahi zuten, sistemaren oinarriak bihurtu gabe. Hala ere, hasiera batean operazio militar bat izan zena, irismen handiko “iraultza soziala” bilakatu zen ordu gutxian. Manuel Loff historialariak azpimarratzen duen bezala, MFAren arrakasta Portugalek 60ko hamarkadan bizi izandako eraldaketa sozialaren prozesu zabalago baten esparruan ulertzen da.
Operazio militar gisa hasi zen hori, beraz, haustura politiko eta sozial bilakatu zen. Milaka pertsona batu ziren Lisboako eta beste hiri batzuetako kaleetan: PIDEren egoitzei eraso egin zieten, preso politikoak askatu, irrati eta egunkariak okupatu, eta gerraren berehalako amaiera eskatu zuten, besteak beste. Krabelinak fusiletan jartzearen keinuak eman zion izena Krabelinen Iraultzari, eta egun hartako irudi ikoniko bilakatu zen. Apirilaren 25eko ekintzek erakutsi zuten prozesua ez zela eliteen aldaketa soilera mugatu; hastapenetatik, herri-mobilizazioak MFAren hasierako planak gainditu zituen. Poulantzasek ohartarazi zuen egun hori estatu-kolpe gisa interpretatzeak masen berehalako esku-hartzea kontuan ez hartzea dela. Izan ere, masak mobilizatzeak haustura iraultzailearen aukera ireki zuen Portugalen, Mendebaldeko Europaren testuinguru betean.
Krabelinen Iraultzan, masak mobilizatzeak haustura iraultzailearen aukera ireki zuen Portugalen, Mendebaldeko Europaren testuinguru betean
Apirilaren 25eko gertakariek Estado Novoaren behin betiko erorketa ekarri zuten. Caetano errenditu, boterea Spínola jeneralari eman, eta ia mende erdiko diktadurari amaiera eman zion. Hala ere, hasieran kupularen errelebo kontrolatu bat zirudienak botere-hutsune bat ireki zuen. Spínolari boterea emateak trantsizio moderatu batera bideratu nahi zuen prozesua, baina herri mobilizazioaren indarrak eragotzi egin zuen “aldaketa” goitik eginiko operazio soil batera mugatzea. Egun horretatik bertatik, hurrengo urteetan garatuko zen gatazka nagusia ireki zen: ea Portugalek demokrazia liberal moderatu baterantz aurrera egingo zuen ala gizartea eraldatzeko bide erradikalago bat irekiko zen. Tentsio horrek markatu zuen Prozesu Iraultzailearen (PREC) hasiera.
Diktaduraren erorketa eta gero, Salbamendurako Batzar Nazionala (JSN) sortu zen, Spínola buru zuela, prozesu moderatua bideratzea bilatzen zuena. Aurreko erregimenaren amaiera sinbolizatu zuten berehalako neurri batzuk onartu ziren: preso politikoen amnistia, alderdi eta sindikatuen legalizazioa, eta PIDEren desegitea, adibidez. Erabaki horiek, baina, diktadurako hamarkadetan metaturiko presio sozialaren eta apirileko gertakarien harira herritarren berehalako eskakizunei erantzuten zieten.
Hortaz, hasieratik egin zion ihes prozesuak kupula militarraren kontrolari. Herri-mobilizazioa ez zen mugatu erregimenaren erorketa lortu eta ospatzera: lantegi, kuartel eta auzoetan batzordeak osatzen hasi ziren, eskubideak, lan hobekuntzak, ekoizpenaren kontrola eta jabetza pribatua bera zalantzan jartzen zituztenak. Parte-hartze politiko horrek ez zuen aurrekaririk Portugalgo historian; ezaugarri iraultzaileak zituen argi eta garbi. PRECaren hasierak, hortaz, boterearen eta errealitatearen arteko dikotomia utzi zuen agerian: batetik, Spínolaren eta MFAren behin-behineko erakundeak zeuden; eta bestetik, erabateko eraldaketa eskatzen zuten antolakunde popularren sarea. Haien arteko tentsioa izango zen, bada, prozesuaren dinamika ezaugarritu zuena.
1974-1975 urteetan zehar, apirilaren 25ean irekitako prozesua areagotu zen, izaera iraultzaile argia izatera iritsi arte. Diktadura erotzeak mobilizazio-ziklo handi bat ireki zuen: batetik, lantegietan, hobekuntzak eskatzeaz gain, produkzioaren gaineko kontrola eskatzen ere hasi ziren langileak. Lantegi askotan, asanbladetan aukeraturiko batzordeak sortu ziren, praktikan langile-boterearen hazia zirena. Landa-gunean, Alentejon bereziki, nekazariek lur-okupazio handiak egin zituzten, eta, ondorioz, Europa mendebaldean aitzindari izan zen nekazaritza-erreforma bat gertatu zen: milaka latifundio-hektarea hartu, eta kolektiboki kudeatutako kooperatibetan berrantolatu ziren, adibidez. Estatuak, bere aldetik, nazionalizazioen politika bultzatu zuen; bankuak, aseguruak, energia, garraioa eta komunikazioak barne hartzen zituen.
Ondorioz, botere dualtasuna islatzen zen berriro ere: batetik, MFA eta JSNko batzordea buru zituen aparatu instituzionala; bestetik, biztanleriaren sektore zabalen ekimenaren sarea. Tentsio horrek definituko zuen, hain zuzen ere, PRECaren garapena, eta prozesuan ziurgabetasuna nagusitu eta oztopoak sortzen hasi ziren. Esaterako, MFAren baitan zatiketa sakonak egon ziren kontserbadoreagoen –prozesu moderatu eta mugatua nahi zuten– eta “apirileko kapitainen” artean –eraldaketetan sakondu nahi zuten–. Tentsio horiek konfrontazio irekiak sortu zituzten, 1974ko kolpe saiakera kasu.
Prozesu Iraultzailearen hasieratik, botere dualtasuna islatzen zen: batetik, MFA eta JSNko batzordea buru zituen aparatu instituzionala zegoen; eta, bestetik, biztanleriaren sektore zabalen ekimenaren sarea
Polarizazioak gizartea eta osatzen ari zen sistema politikoa ere zeharkatu zituen. Portugalgo Alderdi Komunista (PCP), Alvaro Cunhalek zuzendua, ezkerreko indar antolatu nagusi gisa aurkeztu zen. Hala ere, estrategia ez zen berehalako iraultza sozialistarena, baizik eta bi etapako prozesu batena: lehenik, izaera antifaxista eta nazionaleko “demokrazia aurreratua” sendotzea, eta, ondoren, sozialismorako trantsizioa planteatzea. Orientazio horren ondorioz, MFAko sektoreekin aliantza egitearen eta prozesua bide instituzionalen barruan mantentzearen alde egin zuen, eta, hori dela eta, tentsioak egon ziren langile antolakuntzarekin. Bestalde, Mário Soaresen Alderdi Sozialista (PS) moderazioaren erreferente agertu zen, sozialdemokrazia europarrak eta Estatu Batuek aktiboki babestuta.
Gainera, testuinguru internazionalari dagokionez, mendebaldeko potentziak ez zeuden prest marko kapitalistatik eta NATOtik aldenduko zen herrialde bat onartzeko. Horrela, sektore iraultzaileenen isolamenduarekin eta moderatuen babes irekiarekin konbinatu zen presio diplomatiko eta ekonomikoa, bloke iraultzailea ahultzeko asmoz, eta blokeo politikoa areagotzea izan zen ondorioa. Besteak beste, MFAko zatiketek, alderdien arteko konfrontazioak, langile antolakuntzaren presioak eta nazioartekoak ezegonkortasun-dinamika elikatu zuten. 1975. urtearen amaierarako, prozesua krisialdiak eta desgasteak ezaugarritutako bidegurutze batean zegoen.
Tentsio horien guztien inflexio puntua 1975eko azaroaren 25ean iritsi zen: ezkerreko sektore militarren matxinada saiakera zapaldu zuten MFAko zuzendaritza moderatuaren unitate leialek. Ez zen diziplina militarrari loturiko gertaera bat izan, ziklo iraultzailea behin betiko itxi zuen maniobra baizik. Historiografia kritikoaren zati handi batentzat, benetako kolpe kontra-iraultzailea izan zen, langile mugimenduaren porrota finkatu eta bide sozialistaren aukera guztiz itxi zuena.
Une hartatik aurrera, Soaresen Alderdi Sozialista finkatu zen indar hegemoniko gisa esparru instituzional berrian, Europako sozialdemokraziaren, Estatu Batuen eta Europako Ekonomia Erkidegoaren babesarekin. Portugalgo Alderdi Komunistak, pisu sindikal eta politiko handia izanda, Estatuko esparruetarantz eta MFAko sektoreen aliantzarantz egin zuen, antolaketa autonomo iraultzaileetatik aldenduz. Aitzitik, oinarrizko langile antolakuntzak –lantegietan, auzoetan eta kuarteletan sortutako langile- eta soldadu-komisioak– kolpe handia jasan zuen azaroaren 25eko gertakarien ondoren.
Oinarrizko langile antolakuntzak –lantegietan, auzoetan eta kuarteletan sortutako langile- eta soldadu-komisioak– kolpe handia jasan zuen azaroaren 25eko gertakarien ondoren
Hain zuzen, 1976ko Konstituzioa izan zen amaiera horren adierazle: PRECaren lorpen asko aitortu arren, demokrazia parlamentario liberalaren eta ekonomia kapitalistaren markoan egituratu zen. Mendebaldeko blokean integratuta geratu zen Portugal, Europako hegoaldeko beste trantsizioen bide beretik. Hortaz, honakoa da paradoxa portugaldarra: gerraosteko prozesu iraultzaile bat izan zitekeen hori kapitalismoaren oinarrizko egiturak erreproduzitu zituen erregimen demokratiko batera birbideratu zen. Azaroaren 25ean, Europako kapitalaren eta inperialismoaren interesekin bateragarria zen irtenbidera bideratu zen Portugalgo diktaduraren krisia.
ESPAINIA: FRANKISMOTIK 78KO ERREGIMENERA
Frankismoa 1939ko garaipen militarraren ostean ezarritako diktadura izan zen, 1975ean Francisco Franco diktadorea hil arte iraun zuena. Gerra Zibiletik sortua, “garaituen” eta erregimenaren etsaien gaineko indarkeria eta errepresio sistematikoan oinarritutako erregimena izan zen, eta sistemaren beraren zutabe bihurtu zen. Frankismoaren boterea hiru zutabe nagusitan oinarritu zen: Armada, ordena eta kontrol politikoaren bermatzailea; Falangea, alderdi bakar eta enkoadratze aparatu bihurtua; eta Eliza katolikoa, legitimazio ideologikoa eta kontrol soziala eman zituena.
Gerra Zibiletik sortua, “garaituen” eta erregimenaren etsaien gaineko indarkeria eta errepresio sistematikoan oinarritutako erregimena izan zen frankismoa, eta sistemaren beraren zutabe bihurtu zen
Gerra Zibilaren hasieratik bertatik ordena sozial berriaren osagai bihurtu zen errepresioa. Lehen uneetatik legezko korpus errepresibo bat sortu zen erregimenari zilegitasuna emateko. 1940ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, oposizioko kide askok erbestea, espetxea edo heriotza pairatu zuten. Ondorioz, altxamenduaren aurka posizionatu ziren alderdi politiko eta mugimenduak desartikulatu egin ziren. Krisi ekonomikoak baldintza oso gogorrak ekarri zizkien herritar gehienei: gosea, errazionamendua, hornidura faltak eta oinarrizko zerbitzuen gabezia orokorra. Erregimenak ez zuen kanpo-laguntzarik jaso (Marshall Plana ez zitzaion aplikatu), eta autarkia ekonomikoa bultzatu zuen. Horrela, Espainia Europatik isolatuta geratu zen bai ekonomikoki eta bai politikoki, AEBrekin 1953an sinatutako akordio militarra salbu. Era horretan, nazio kapitalistek demokraziaren gainetik egonkortasun geopolitikoa lehenetsi zutela froga genezake.
Honenbestez, hamarkadaren amaierara arte inflazio handiak, kanpo-zorrak, dibisa-eskasiak eta barne-merkatuaren geldialdiak baldintzatu zuten Espainiako ekonomia. Erregimenaren autarkia politika ageriko porrota izan zen eta erabateko krisia ekarri zuen, eta 1957tik aurrera Opus Deiri lotutako teknokraten gobernuak norabide-aldaketa abiatu zuen: lehenik Europako Ekonomia Lankidetzarako Antolakundean (OECE) eta Nazioarteko Diru Funtsean (FMI) sartuz, eta ondoren 1959ko Egonkortze Plana ezarriz. Alabaina, Francoren diktaduran ezarritako neurri ekonomikoen multzoa izan zen aipatutakoa, eta ez zuen inongo momentutan egitura politikoa bera zalantzan jarri.
Ekonomiaren liberalizazio-prozesu horrek Espainiak nazioartean sinesgarritasuna berreskuratzea zuen helburu. Inportazioak eta atzerriko inbertsioak sustatu ziren, pezetaren bihurgarritasuna ahalbidetu eta dolarrarekin truke-tasa egokitu zen (42 pezetatik 60ra). Hala eta guztiz ere, neurri horiek soldatak izoztea, interes-tasak igotzea, gastu publikoa murriztea eta zergak igotzea ekarri zuten. “Milagro económico español” (Espainiako mirari ekonomikoa) deituriko aldi horrek, beraz, muga nabarmenak izan zituen: hazkundea egon bazen ere, ez zen ez egonkorra, ez orokorra izan.
1960ko hamarkadako hazkundea industrializazio selektiboan, atzerriko inbertsioan eta eredu fordistan oinarritu zen. Industriaren %46,8 Katalunian, Euskal Herrian eta Madrilen kontzentratu zen, eta horrek lurralde arteko polarizazioa areagotu zuen. Barne-migrazio masiboak landa-eremua hustea, populazioa zahartzea eta hiri-auzo periferikoak sortzea ekarri zituen. “Eraikuntzaren boom” garaian, urbanismo planifikatu gabea, azpiegitura-eskasia, txabolismoa eta bizi-baldintza kaskarrak nagusitu ziren. Bestalde, sektore kimikoa izan zen hazkundearen motor nagusietako bat, atzerriko kapitalaren %73,8 bertara zuzentzen baitzen; eta turismoa hirugarren oinarri ekonomiko bihurtu zen: 1960an 6 milioi turista izan ziren; 1973an, berriz, 36 milioi.
Ekonomiaren hazkundeak aberastasuna sortu bazuen ere, klaseen arteko arrakala argiki areagotu zuen. Industriaren eta eraikuntzaren sektoreko lanpostuen sorrerak, lan-baldintza prekarioak eta bizi-kalitate apala zekartzaten proletariotzarentzat. Finean, teknokrata frankistek desarrollismo ekonomikoaren bidez burgesiaren babesa lortu zuten bitartean, langile klase berria ogi apurrekin konformatzera kondenatu zuten. Halaber, sistema kapitalistaren “normalizazio” prozesu horrek belaunaldi aldaketarekin egin zuen talka, adin nagusitasunera iritsi ziren gazteak Gerra Zibila amaitu ondoren jaiotakoak baitziren, eta oposizio berria suspertzea eragin zuen horrek.
Sistema kapitalistaren “normalizazio” prozesuak belaunaldi aldaketarekin egin zuen talka, adin nagusitasunera iritsi ziren gazteak Gerra Zibila amaitu ondoren jaiotakoak baitziren, eta oposizio berria suspertzea eragin zuen horrek
Egonkortze Planaren testuinguruan, 1958an onartu zen Hitzarmen Kolektiboen Legea. Lehen aldiz, langileei beren lan-baldintzak kolektiboki negoziatzeko eskubidea aitortu zitzaien, nahiz eta oraindik ez zegoen benetako askatasun sindikalik. Neurri hori mugarri garrantzitsua izan zen: ordura arte klandestinitatean garatzen zen oposizioa fabriketako errealitatean gorpuzten hasi zen. Pixkanaka, lan-mundua erresistentzia eta borroka sozialaren gune bilakatu zen. Langileek, baimen ofizialik gabe, batzorde informalak eta asanblada iraunkorrak sortzen hasi ziren lantegietan. Hasieran lan-baldintzak hobetzea zuten xede, baina laster bihurtu ziren protesta sozial eta politikorako espazio nagusi.
Horrela, 1962. urtetik borroka sindikala pizten hasi zen, besteak beste, Langile Komisioen (Comisiones Obreras, CCOO) sorrerarekin. Espainiako Alderdi Komunistak (PCE) ere nagusitasun handia eduki zuen langile klasearen borroketan, nahiz eta “eurokomunismoaren” barnean kokatzeko eta borroka iraultzailea baztertzeko hautua egin zuen. Hurrenez hurren, urte hartan bertan, Euskadi Ta Askatasunaren (ETA) kontsolidazioa ere gertatu zen. Hamarkada hark, hainbat sindikatu eta langile mugimenduren sorrera eta aktibazioa eragin zuen, hala nola UGT, CNT, ORT, PCE, LKI, EMK, LAB, ELA eta abar. Datuei erreparatuz, 1963. urtean 777 lan-gatazka egotetik, 1976. urtean 40.179 aurrera eramatera igaro zen langile mugimendua. Lan-mundutik haratago, beste espazio sozial batzuk ere borrokarako eta antolaketarako gune bilakatu ziren: unibertsitateak, langile-auzoak, eta, zenbait kasutan, baita elizak ere. Garaiko langile klaseak subjektibitate politiko berria eta borrokarako mekanismo propioak garatu zituen, eta diktaduraren marko itogarriaren barruan erresistentzia kolektiboaren sare trinkoa osatu zen.
Haatik, lehen azaldu dugun bezala, borroka antifrankistak arrisku handiak zekartzan, eta Estatuak argi erakusten zuen ez zuela inolako tolerantziarik oposizioarekiko. Errepresioa gogorra eta sistematikoa zen, eta edozein jarduera politiko eta sozial disidente zigortua izan zitekeen. Horretarako, Estatuak mekanismo errepresibo berriak garatu zituen, erregimenaren biziraupena bermatzeko eta kontrol soziala sendotzeko. Horren adibide paradigmatikoa izan zen Ordena Publikoko Auzitegia (TOP), 1963an sortua, oposizioaren antolakuntza politiko eta sozialaren aurka jarduteko. Auzitegi horren bitartez, edozein bilera, propaganda, hitzaldi, elkarte, manifestazio eta greba delitu gisa tratatzen zen; auzitegiaren neurria izan zen 1963 eta 1975 bitartean 50.000 pertsona baino gehiago epaitu izana. Era berean, erregimenak beste tresna errepresibo ugari baliatu zituen: salbuespen-egoerak (1962tik 1975era bederatzi ezarri ziren), auzitegi militarren erabilera, heriotza-zigorrak, tortura eta etengabeko jazarpen poliziala. Auzitegiaren sorrera eta mekanismo errepresibo horien garapena Estatu frankistaren biziraupenerako ezinbesteko tresna izan ziren, oposizio oro deuseztatzeko eta gizartearen kontrola bermatzeko.
Horrela, hamarkadaren amaierarako, erregimenaren kontraesanak agerikoak ziren. Ekonomia modernizatzen ari zen bitartean, erregimenaren oinarrizko zutabeek bere horretan jarraitzen zuten. Horren adierazgarri izan zen 1969an Juan Carlos Borboikoa Francoren oinordeko eta errege izendatzea, sistema frankistaren jarraipena bermatzeko asmoz. Gainera, 1970eko hamarkadan, Estatuarekin lotura zuzena zuten talde parapolizialak sortu zituzten, kontrolaezina bihurtzen ari zen egoerari aurre egiteko.
Francoren diktadura hedabide ofizialen bidez kontrol eta segurtasun itxura ematen saiatu bazen ere, bigarren frankismo garaian (1959-1975), eta batez ere, Burgosko prozesuaz (1970) eta Carrero Blancoren atentatuaz geroztik (1973), erregimena sostengatzeko esfortzuak larriki handiak ziren. Kanpo presioa ere itogarria bihurtu zen; izan ere, Espainia ez zen onartua izango Mendebaldeko aliantza estrategiko eta ekonomikoetan (NATO, EEE) baldin eta erregimen autoritarioaren pean mantentzen bazen. Faktore horiek elite politiko eta ekonomikoen artean presio eta beldur argia sortu zuten: Europan integratzeko eta nazioarteko legitimitatea irabazteko demokrazia ezarri beharra zegoen.
1975ean, Franco hil eta Juan Carlos I.a errege izendatu ostean, diktaduraren zutabe garrantzitsuak indarrean mantendu ziren (armada, eliza, administrazioa...). Aldi berean, Adolfo Suárez lehen ministro izendatzearekin batera (1976), egitura politikoa eraldatzeko lehen urratsak eman ziren. Egin-eginean ere, ikusi bezala, Espainian ere mobilizazio soziala erabakigarria izan zen erregimenean pitzadurak irekitzeko. Baina mobilizazio horren zati handi bat esparru instituzionalera bideratu zen, gobernuaren eta oposizioko indar nagusien (PSOE, PCE, CCOO, UGT…) arteko akordio politikoen bidez. Testuinguru horretan, Moncloako Ituna (1977) izan zen une erabakigarria: egonkortasun ekonomikoaren eta politikoaren aldeko akordioak ezarri ziren, monarkia, Estatuaren batasuna eta merkatu-ekonomia onartzearen truke.
Espainian, mobilizazio sozialaren zati handi bat esparru instituzionalera bideratu zen, gobernuaren eta oposizioko indar nagusien (PSOE, PCE, CCOO, UGT…) arteko akordio politikoen bidez. Testuinguru horretan, Moncloako Ituna (1977) izan zen une erabakigarria
Ondorioz, kalean protagonismoa izan zuen ezker iraultzailea (PTE, EMK, LKI, ORT, eta abar) neutralizatuta geratu zen, eta PSOEk eta PCEk sistema berriaren kontsolidazioan paper erabakigarria hartu zuten. Sistema kapitalista indartuta atera zen, eta ordezkaritza instituzionala zuten alderdi gehienen eta, garrantzitsuena, herritarren gehiengoaren babesa jaso zuen monarkia parlamentarioak. Ordutik aurrera, kapitalismo espainiarrak zilegitasun-iturri berriak izan zituen, eta horren ondorioz, haustura politikoaren aukera urrundu egin zen jendartetik.
Hortaz, Espainiako trantsizioa goitik adostutako erreforma izan zen: erregimeneko elite politiko eta ekonomikoek bultzatu, eta oposizioaren gehiengoak onartu egin zuen. Oposizio horrek, sistema berrian integratzeko asmoz, bere programaren oinarri askori uko egin zion. Prozesua, gainera, ez zen inolaz ere baketsua izan; aitzitik, poliziaren errepresioak, eskuin muturreko talde parapolizialen jardunak, eta frankismoaren aparatu errepresiboen jarraipenak markatu zuten. 1978ko Konstituzioak demokrazia parlamentarioa eta monarkia finkatu zituen, baina frankismoaren oinarrizko egitura politiko, militar eta judizialak mantendu egin ziren. Trantsizio “eredugarriaren” narratibak errealitatea estali zuen: indarkeriaren, jarraipenaren eta egokitzapenaren bidez gauzatu zen aldaketa. Azken finean, kapitalismo espainiarra sendotu, eta nazioarteko legitimitate eta integrazio oinarri berriak ezarri ziren, sistema politiko berria egonkortasunaren eta kontrol sozialaren tresna bihurtuz.
GREZIA: KORONELEN ERREGIMENETIK DEMOKRAZIA BERREZARTZERA
Greziako Koronelen diktadura 1967ko apirilaren 21ean emandako kolpe militarraren ostean ezarri zen. Armadaren sektore batek burutu zuen, AEBren eta NATOren laguntzarekin, Grezia kontrolpean eduki nahi baitzuten Gerra Hotzaren testuinguruan. Zazpi urtez iraun zuen erregimen autoritario eta militarista horrek. Besteak beste, alderdiak desegin, askatasun politikoak murriztu, zentsura ezarri eta oposizioa jazarri zen erbesteratze, tortura eta atxiloketa masiboen bidez. Bereziki, militante komunisten aurkakoa izan zen oldarraldia. Funtsean, diktadura burges militarizatu bat izan zen, diziplina soziala bermatu eta Greziako elite ekonomikoen interesak babesten zituena.
Diktaduraren krisia bultzatu zuten faktoreen artean, alor ekonomikoari dagokionez, eraikuntzan, turismoan eta atzerriko kapitalean oinarritu zen Juntak bultzaturiko eredua. Horrek, baina, laster erakutsi zituen mugak, eta petrolioaren krisiak tentsioa areagotu zuen, inflazioa handitu eta eros-ahalmena jaitsi baitzen. Baldintza ekonomiko horiek egonezina eta protesta sozialak areagotu zituzten langile eta ikasleen artean. Egin-eginean ere, 1973an gertatu zen oposizioarekin loturiko gertakari entzutetsuena: Atenaseko Unibertsitate Politeknikoko altxamendua.
Hainbat egunez, milaka ikaslek aipatutako unibertsitatea okupatu, eta diktaduraren aurka egiteko deia egin zuten bertatik. Erregimenaren erantzuna errepresio gogorrarena izan zen: azaroaren 17ko gauean tankeak sartu zituen unibertsitatera, eta indar polizialek tiro egin zieten manifestariei. Dozenaka hildako eta ehunka zauritu eta atxilotu izan zen emaitza. Nahiz eta diktadurak matxinada zapuztea lortu, gertakariak erresistentziaren ikur nazional bihurtu ziren. Hortaz, inflexio-puntu bat ezarri zuen erregimenaren krisiaren baitan, zeinak ordutik ez baitzuen legitimitatea berrosatzea lortu.
Hala ere, Greziako diktaduraren amaiera Zipreko krisiak ezaugarritu zuen batez ere, hori izan baitzen erorketa azkartu zuena. 1974ko uztailaren 15ean, Koronelek Zipreko Makarios III presidentearen aurkako kolpea antolatu zuten, Zipreren eta Greziaren arteko bateratzea lortzeko asmoz. Helburua garaipen nazionalistaren bitartez Juntaren zilegitasuna indartzea zen, baina kontrako eragina izan zuen. Hain zuzen, Turkiak inbasio militarra abiarazi zuen gutxiengo turkiar-zipretarrak babestearen argudio pean. Diktaduraren erantzuna kaotikoa izan zen, armadaren barne-gatazkek hura ahuldu, eta ez zuten Turkiari aurre egiteko gaitasunik izan. Hortaz, defentsak porrot egin eta Ankarak uhartearen zati handi bat kontrolatu zuen handik gutxira. Horrek, botere aparatua krisian jarri, eta iritzi publikoaren aurrean ere erregimena gehiago hondoratzea eragin zuen.
Ondorio horietara iristeko baina, AEBren eta NATOren papera funtsezkoa izan zen. Izan ere, urteetan zehar Koronelen diktadura onartu eta babestu zuten, besteak beste, lotura geopolitikoa bermatzeko asmoz. Zipreko krisiak, ordea, arriskuan jarri zuen Aliantza Atlantikoaren hego-hegaleko kohesioa. NATOko kide ziren bi herrialderen arteko gatazka eragin zuenez, Greziako diktadura arazo bilakatu zen, egonkortasun-faktore baino. Horregatik, Washingtonen erabakia inolako esku-hartzerik ez izatea eta errelebo politiko azkar bat antolatzea izan zen. Hain zuzen ere, Konstantínos Karamanlís erbestetik itzuli, eta hark trantsizio kontrolatu bat abiatu zuen. Diktadura, beraz, egun gutxitan erori zen, eta botere ekonomiko eta geopolitikoen oinarriei eutsiko zien prozesu bat abiarazi zen.
Konstantínos Karamanlís kontserbadorearen itzulerak, beraz, mendebaldeko potentzien babesa izan zuen, krisi soziala kontrolatu eta Greziak bloke atlantikoan jarraitzea baitzen hasiera-hasieratik helburua. Demokrazia liberalerako urratsak egin ziren, hala nola alderdi politikoen legeztatzea, hauteskundeak deitzea eta errepublika aldarrikatu zuen erreferenduma gauzatzea. Neurri hauek legitimitatea eman zioten sistema berriari, baina ez zituzten aurreko erregimeneko botere-egiturak aldatu.
Diktaduraz baliatu ziren elite ekonomikoek, adibidez, bere posizioari eutsi zioten. Armadak, bere aldetik, koronel batzuk bota bazituen ere, ez zuen garbiketa sakonik egin eta ordenaren azken bermatzaile izateko zereginari eutsi zion. Era horretan, Greziako trantsizioak ez zuen hausturarik ekarri, ordena kapitalista forma parlamentario berri baten pean birkonfiguratu baitzen. Helburua lortu zen: herrialdea mendebaldeko blokean integratzea eta interes zapaltzaileen jarraipena bermatzea.
KONPARAKETA: KAPITALISMOAREN BERROSAKETA EUROPAKO HEGOALDEAN
Ikusi dugun moduan, Europa hegoaldeko trantsizioek kronologia partekatu bat izan zuten: 1974 eta 1976 urteen artean hiru diktadurak amaitu ziren ia aldi berean. Horren ondorioz, “olatu demokratizatzaile” delakoaren inguruan hitz egiten hasi zen. Azaldutako trantsizioak perspektiban aztertuta, ordea, gertatu zena Europa hegoaldeko berrantolaketa politikoa izan zen, mendebaldeko kapitalismoaren fase berri baten barrenean. Diktadurak ezberdinak izan ziren funtsean, eta trantsizioek ere askotariko ezaugarri propioak izan zituzten, baina emaitza oso antzekoa izan zen hiruretan: herrialdeen integrazioa bloke atlantikoan, eliteen jarraipena eta Estatuaren izaera errepresiboa, besteak beste.
Funtsean, diktadurak ezberdinak izan baziren ere, emaitza oso antzekoa izan zen hiruretan: herrialdeen integrazioa bloke atlantikoan, eliteen jarraipena eta Estatuaren izaera errepresiboa, besteak beste
Hiru kasuetan, diktadurak agortzeak bat egin zuen eredu desarrollisten krisiarekin eta nazioarteko kapitalaren beharren aldaketarekin, eta horrek berrosatze politikoa eskatzen zuen. Hots, ordena soziala mantentzeko forma politiko berriak erabiltzea. Testuinguru horretan, funtsezkoa izan zen AEBren eta NATOren zeregina: lehentasuna ez zen demokratizatzea, baizik eta SESBen aurrean Mendebaldeak bere egonkortasuna mantentzea, eta fluxu energetiko eta militarren kontrola. Horregatik bultzatu zituzten trantsizio kontrolatu horiek, modu batera edo bestera. Hala ere, barne dinamika ezberdina izan zen leku bakoitzean.
Demokrazia liberalaren diskurtsoa funtsezko tresna izan zen botere-egitura berriak legitimatzeko. Hain zuzen, itxurazko irekiera politikoa haustura gisa aurkeztu bazen ere, errealitatean boterea berrantolatu zen. Espainian “adiskidetze nazionalaren” diskurtsoa, Portugalen “Europara itzultzea” eta Grezian “errepublikaren legezkotasunera” itzultzearen narratibak baliatuz, elite ekonomiko eta burokratikoen jarraipena ezkutatu zuten.
Espainiaren kasuan, bereziki nabarmena da: frankismoaren egituretan parte hartu zuten askok mantendu zituzten beren posizio estrategikoak trantsizioan zehar, sistema berrira egokituta. Hau da, monarkiaren, goi-agintari militarren, epaileen, patronalaren eta polizia-aparatuaren zati handi bat bere horretan geratu zen, esparru konstituzional berriaren pean. Portugalen, Espainian eta Grezian, herritarren parte-hartzea, oro har, prozesu elektoraletara mugatu zen, eta egiturazko aldaketen eztabaida sistematikoki baztertua izan zen.
Herri-mobilizazioak funtsezkoak izan ziren hiruretan, baina helmuga ezberdinak izan zituzten. Portugalen, nabarmendu dugu indar armatuek gainezka egin zutela aurrekaririk gabeko langile antolakuntzaren aurrean. Hala ere, 1975eko azaroaren 25ean iraultzaren zikloa amaitu zuen kolpearen bitartez bideratu zuten prozesua. Espainiaren kasuan, askotariko antolakuntza eta erresistentzia antifrankistak erregimena kolokan jarri zuen 60ko hamarkadatik, eta 1975-1977 arteko goren uneak antolakuntzaren indarra eta Estatuaren errepresioaren jarraipena azaleratu zituen. Hain zuzen ere, eta Euskal Herrira etorriz, errepresioak —frankismoaren azken fusilamenduak, 1976ko Gasteizko sarraskia, 1977ko amnistiaren aldeko manifestazioak eta 1978ko sanferminetan hildakoak— agerian utzi zuen Estatuaren indarkeriak kontrol sozialerako funtsezko tresna izaten jarraitu zuela. Erretorika demokratikoak ezin zuen ezkutatu jarraitutasun poliziala, militarra eta judiziala. Grezian, ikasle eta langile erresistentzia erabakigarria izan zen Koronelak eraisteko, baina armadak bere papera mantendu zuen errepublika berrian.
Erretorika demokratikoak ezin zuen ezkutatu jarraitutasun poliziala, militarra eta judiziala
Beraz, hiru trantsizioak logika berean bildu zirela esan daiteke: gatazka instituzionalizaziora eta desmobilizaziora bideratzea. Diktadura horiek kolokan jarri zituen mobilizazioa kasu askotan alderdi, sindikatu eta hauteskunde prozesuek xurgatu zuten. Hala ere, legezkotasun berriak ez zuen sektore askoentzat diktaduren amaiera ekarri, forma berrian horri jarraipena ematea baizik. Lan gatazken, aldarrikapen nazionalen, eta agitazio kulturalaren eta politikoaren testuinguruan mugimendu berriak sortu ziren, ordena berriaren izaera salatu zutenak. Euskal esperientziak erakusten duenez, trantsizio politikoen zikloa ez zen 1978an itxi, erregimen berriaren eta gizarte-sektore zabalen arteko gatazkak bere horretan jarraitu baitzuen. Horregatik, trantsizioak itxiera prozesu bezala aurkeztu ziren arren, egiazki erresistentzia luzeen ziklo bat ere ireki zuten hiru herrialdeetan.
Hortaz, esan dezakegu Europa hegoaldeko trantsizio prozesuek ez zutela hausturarik ekarri, boterea berrantolatu baizik. Demokrazia liberalaren hizkuntzara itzuli ziren aurretiko egiturak, eta, kasu guztietan, ordena soziala bermatzea izan zen helburu nagusia; hau da, bloke atlantikoan txertatu eta eraldaketarako aukera oro neutralizatzea. Alabaina, hiru kasuetan iraun zuten gatazka-espazioek eta memoria subalternoek. Mugimendu horiek guztiek ordena berriaren mugak ikusarazi zituzten: demokraziak, hertsadura eta errepresioa ezabatzetik urrun, legezkotasunaren barruan birdefinitu zituen.
HEMEN ARGITARATUA