Erreformismoaren eta errebisionismoaren begietan, beti geldituko da zeregin bat egiteke, eta ezinbestekoa da zeregin hori ebaztea sozialismoaren auziari heldu baino lehen. 1917ko Errusian, errebisionistek aldarrikatzen zuten beharrezkoa zela burgesiak gidatutako fase luze bat egotea, eraldaketa ekonomiko kapitalista gauzatzeko. Alabaina, burgesia hori guztiz baldintzatzen zuten estatu tsaristak eta Ingalaterrako eta Frantziako burgesiekin zituen paktuek; ondorioz, eraldaketa hori gauzatzeko ezgai zen, bide demokratikotik dominazioa gauzatzeko ezgai. Otsaileko Iraultzan jaiotako gobernua babestea eta Errusiako garapen ekonomikoa –iraultza demokratikoa, ekoizpen indarren garapena eta antzeko terminologia marxistaz apainduta– aitzakia perfektua ziren iraultza sozialistaren aldeko alderdiei aurka egiteko: historiako fase hari zegokiona burgesiaren gobernu demokratikoa babestea zen, nahiz eta gobernatzeko gai ez zela erakutsi.
Ziur bati baino gehiagori ezaguna egiten zaiola formula hori: babes dezagun trantsizio fase bat burgesiarekin batera, nahiz eta burgesia horretarako prest ez egon, eta ez nahi ez duelako, baizik eta ezin duelako. Hala, adibidez Euskal Herrian, nazionalistek sozialismoaren aurreko fase bat aipatzen dute, independentziaren fasea; fase demokratiko horretan, helburu nagusia erregimen berezi batekin haustea izango litzateke, hain zuzen ere “78ko Erregimena” deitu zaion horrekin.
Ziur bati baino gehiagori ezaguna egiten zaiola formula hori: babes dezagun trantsizio fase bat burgesiarekin batera, nahiz eta burgesia horretarako prest ez egon, eta ez nahi ez duelako, baizik eta ezin duelako
Kasu honetan, 78ko Erregimenak betetzen duen funtzio sinbolikoa Errusian nazioaren garapen ekonomikoak (urria) betetzen zuena edo gobernu demokratikoari eman beharreko babesak (tsarismoaren oposizioan konkistatua) betetzen zuena bezalakoa da: erregimena salbuespen egoera baten sinbolo da, eta ezinbestekoa da harekin bukatzea; bukatu behar horrek trantsizio demokratikoko fase bat justifikatzen du, eta fase hori ez dagokio soilik proletariotzari, baizik eta nazio osoari. Beste aldetik, ekoizpen indarren garapen falta aitzakiatzat erabiltzen zen proletariotzaren gidaritzapeko iraultza bati aurka egiteko, nahiz eta azken finean horixe izan gertatu zena, iragarpen errebisionista ororen kontra; horrek marxismoaren eta mugimendu komunistaren irakaspen funtsezko bat utzi zien hurrengo belaunaldiei: analisiak ez du subjektua jartzen, baizik eta subjektua da analisia jartzen duena.
Errusian, analisi errebisionistek errealitatearen kontra jotzen zuten, dominatzeko gai ez zen klase baten dominazioa aldarrikatzen baitzuten. Modu berean, Euskal Herrian sozialismoaren aurreko fase gisa independentzia aldarrikatzea kimera hutsa da, helburu duena proletariotza subjektu independente gisa desgaitzea, hura kondenatzen baitu beste klase batekin modu desesperatuan aliantza bat bilatzera, nahiz eta, independentismoari dagokionez, klase hori ez dagoen prest, ez eta inoiz egongo ere, bere funtzio historikoa guztiz agortua baitago alor horretan.
Euskal Herrian sozialismoaren aurreko fase gisa independentzia aldarrikatzea kimera hutsa da, helburu duena proletariotza subjektu independente gisa desgaitzea, hura kondenatzen baitu beste klase batekin modu desesperatuan aliantza bat bilatzera, nahiz eta, independentismoari dagokionez, klase hori ez dagoen prest, ez eta inoiz egongo ere, bere funtzio historikoa guztiz agortua baitago alor horretan
Horri zor zaio, halaber, autodeterminazio eskubidearen gainean ditugun posizioak berritzeko beharra. Burgesia prozesu independentistan parte hartzeko eta hura gidatzeko gai ez den subjektua bada eta, gainera, funtzio historiko progresista bat izateko aukera oro agortu badu, zergatik aitortu inongo eskubiderik?
Leninen garaiak eta gureak bereizten dituena honako hau da: XX. mende hasieran nazio subjektuak gorakada betean zeuden, batez ere burgesia bernakularrek subjektu politiko gisa eraiki behar zutelako beren burua, potentzia inperialisten dominazio kolonialarekiko oposizioan. Hala, Lenin gai izan zen nazio zapalduetan aldi baterako nolabaiteko aliatuak identifikatzeko; hala, beharrezkoa zen nazio zapaldu horiek taktika egokiaren bidez erakartzea, hau da: nazioek autodeterminaziorako zuten eskubidearen aitortza. Gaur egun kontsigna horrek bidezkoa izaten jarraitzen badu ere, neurri handi batean garaiek gainditutako kontsigna bat da, nolabait hutsala –nahiz eta salbuespenak egon daitezkeen, hala nola Palestina–; izan ere, ez dago kontsigna hori jasoko duen subjekturik, kontsigna horrekin identifikatu daitekeen subjekturik. Ondorioz, ezinbesteko zaigu proletariotzarengan identifikatzea autodeterminazioaren subjektu berria; hala, posible izango da politika errebisionistaren ulerkera demokratiko burgesarekin apurtzea, zeinak asmotzat duen proletariotza prozesu demokratikoetara ainguratzea –independentzia eta haustura balizko erregimen aurredemokratiko batekiko–, aliantza eratuz koordenatu horietan existitzen ez den eta existituko ez den burgesia batekin.
Leninen taktikaren arabera proletariotza mugimendu nazional burgesetatik askatzeko formula bat zen hura, gaur egun guztiz kontrakoa bihurtu da: sozialismoaren aurreko fase demokratiko baten aldarrikapenak, izan prozesu independentistaren formulapean, izan nazio osoari dagokion autodeterminazio eskubidearen formulapean; edo izan, 78ko Erregimena gainditzeko formulapean, proletariotza existitzen ez diren prozesuekin lotzen du, existitzen ez diren aliatuekin, gainera.
Kontrara, taktika leninistan, autodeterminazio eskubidearen zioa da nazionalismoaren inguruan eraikitako unitate interklasista suntsitzea. Helburua zen nazio guztiei eskubide berdinak ematea, horrek balio zezan nazionalismoa desartikulatzeko eta proletariotza internazionalismoaren inguruan hezi eta antolatzeko.
Errebisionisten esanetan, iraultza demokratikoa burgesiak dominatutako fase interklasista bat zen; kontrara, taktika leninistaren arabera, iraultza hori proletariotzaren gidaritzapean eta nekazariekin aliantzan bakarrik gauza zitekeen. Programa konkretuaren funtsa ekoizpen indarren garapena zen, proletariotzaren indar iraultzaileak garatzen laguntzeko, komunismorako bidean.
Egun, hala autodeterminazio eskubidea nola prozesu demokratikoa, haustura demokratikoa, iraultza demokratikoa, etab. paper errea dira sozialdemokraziaren eta errebisionisten eskuetan. Ez dute ezer esan nahi eta ez diote erreferentziarik egiten benetako indarrei: bere oinarrien bizkar bizi den burokrazia batek bere burua zilegiztatzeko trikimailu huts bihurtu dira. 78ko Erregimena subjektu sozialdemokratak analitikoki eraikitako –nahiz eta gutxi garatutako– salbuespen egoera bat da, ez beste. Eta subjektu horrek bilatzen duena sozialismorako bide zuzena desartikulatzea da, sozialismoa zuzenean ezinezko bilakatzen duen fase bat aldarrikatzearen bitartez.
HEMEN ARGITARATUA