Naia Gurrutxaga
2025/10/05

Franco hil ondoren, Juan Carlos I. ezarri zuten Espainiako errege. Izendapen horrek fase politiko berri bati hasiera eman zion, Trantsizio izenez izendatu dena. Une hartan etapa berri bat ireki zen Espainiarentzat: Frankismoaren garaiko isolamendua alde batera uzteko beharra zegoen, eta Trantsizio garaiko gobernuen betebeharra izan zen Espainia ekonomikoki eta politikoki Mendebaldeko blokera atxikitzea, eta beraz, NATOn integratzea. Espainian NATOren inguruko eztabaida nagusiak 1986eko erreferendumaren testuinguruan eman baziren ere, Aliantzaren hastapenetara jo behar dugu prozesua ulertzeko.

Franco hil ondoren, etapa berri bat ireki zen Espainiarentzat: Frankismoaren garaiko isolamendua alde batera uzteko beharra zegoen, eta Trantsizio garaiko gobernuen betebeharra izan zen Espainia ekonomikoki eta politikoki Mendebaldeko blokera atxikitzea, eta beraz, NATOn integratzea

Bigarren Mundu Gerraren ostean, sobietarren zabalpenari erantzunez, Bruselako Ituna firmatu zuten 1948. urtean Belgika, Frantzia, Luxenburgo, Ingalaterra eta Herbeheren artean. Herrialde horiek ez zuten nahikoa indar ekonomiko eta militarrik, eta, ondorioz, kanadarren eta ipar-amerikarren laguntza behar izan zuten nagusitasun ekonomiko zein militarra eskuratzeko. Itun horrek jarri zituen NATOren oinarriak.

NATOren sorkuntza prozesuan (1948) eta NATOren sorrera ekarriko zuen 1949ko apirilaren 4ko Washingtongo Itunaren amaieran, bertako kideen artean luze eztabaidatu zuten Espainia eta Portugalen egoeraren inguruan. Bi herrialde horietako agintariak diktadoreak ziren, eta Aliantzaren parte izango ziren kideek ez zuten onartzen gobernu haien izaera diktatoriala. Hala ere, Portugalen partaide­tzaren aurkako posturak erraz ekidin ziren, herrialdeak Erresuma Batuarekin izandako harreman historikoen ondorioz. Espainiaren kasuan, 1953. urtean hautsi egin zen Bigarren Mundu Gerraz geroztik Mendebaldeko herrialdeengandik jasandako isolamendua, Madrilgo Itunak sinatu zirenean. Itun hori Amerikako Estatu Batuek eta Espainiak sinatu zuten eta, haren bitartez, adostu zuten Amerikako Estatu Batuetako bost base militar Espainiako lurraldean ezartzea, laguntza militar eta ekonomikoaren truke.

1976ko urtarrilaren 24an Espainiaren eta Estatu Batuen arteko Adiskidetasun eta Lankidetza Ituna sinatu zen, zeina urte hartako irailaren 21ean sartu zen indarrean. Itun horren bitartez, Espainiak Aliantzako kideekin zituen harremanak estutu zituen eta Trantsizioaren garaiko harreman diplomatikoei hasiera eman zien, herrialdearen kanpora begirako irudia aldatu baitzuen. Itun horren bitartez Espainiak NATOrekin zituen harremanak berrikusteko komisio bat eratu zen. 1977. urtetik aurrera, Espainiako Gobernua NATOn integratzeko asmoa azaleratzen hasi zen.

1976an Estatu Batuen eta Espainiaren artean sinatutako Adiskidetasun eta Lankidetza Itunaren bitartez, Espainiak Aliantzako kideekin zuen harremanak estutu zituen eta Trantsizioaren garaiko harreman diplomatikoei hasiera eman zien, herrialdearen kanpora begirako irudia aldatu baitzuen

1981eko urriaren 28an, NATOn sartzeko aukera eztabaidatu zuten Diputatuen Kongresuan, eta sartzearen aldeko erabakiaren nagusitasuna azaleratu zen. Eskuin hegal osoak integrazioaren aldeko botoa eman zuen, Suárezen UCDk barne. Hala, UCD (Unión de Centro Democrático) eta CD (Coalición Democrática) Espainia NATOn integra­tzearen alde azaldu ziren, baita CiU (Convergència i Unió) eta EAJ ere; kontrara, PSOE, PCE, PSUC, ERC, EE, HB eta beste talde minoritario batzuk Espainia NATOn integratzearen aurka posizionatu ziren.

Diputatuen Kongresuan nagusitu zen baiez­koaren aldeko jarrera, aldiz, ez zen espainiarren iritziaren isla. 1981eko urriaren 20an, El País egun­kariak azterketa bat argitaratu zuen, Espainiak ­NATOn integratzearen inguruan espainiarrek zuten iritzia erakusten zuena. Bertan, soilik espainiarren %18k adierazi zuten integrazioaren aldeko iritzia, eta, kontrara, espainiarren gehiengoak (%52) kontrako iritzia adierazi zuten. Gainerakoek ez zuten iritzirik eman. Ikerketa Soziologikoen Zentroak (Centro de Investigaciones Sociológicas, CIS) egindako inkestetan ezezko botoaren bilakaera ikus daiteke. 1978ko urrian, ezezko botoaren aldekoak %15 ziren, eta ehuneko horrek gora egin zuen ondorengo urteetan. 1979ko uztailean, ezezko botoa %26ra igo zen eta, 1981eko uztailerako, zifra hori %30ekoa zen. 1981eko irailean, ezezko botoaren aldekoak %43 ziren.

UCDren Gobernuak, espainiarren iritziaren aurka, Espainia NATOn sartu zuen. Mugimendu hark eragin sakona izan zuen 1982ko hauteskundeetan; izan ere, UCDk miloika boto galdu zituen eta, ondorioz, PSOEk irabazi zituen hauteskundeok. Hainbat izan ziren UCDk erabaki hori hartzeko izan zituen arrazoiak. Alde batetik, alderdiaren barnean legeen eta erabakien inguruko iritzi oso desberdinak zeuden (Dibortzioaren Legearen inguruan, adibidez), eta desberdintasun horiek barne krisi bat eragin zuten. Barne krisi horri Antonio Tejerok gidatutako 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea gehitu behar zaio. Estatu kolpe horrek Gobernuaren ahultasuna argitara atera zuen eta, Espainiak kanpora begira behar zuen irudi ona lortzeko, ezinbestekoa zen amerikarrekin harremanak estutzea. Suárezek, ordurako, bere alderdiaren krisiaren eraginez, kargua utzia zuen, haren ordez Leopoldo Calvo Sotelo jarri zelarik Gobernuko presidente gisa. Leopoldo Calvo Sotelo Europako Erkidegoekiko Harremanetarako ministro izan zen 1978. eta 1981. urteen artean. Erreformismoaren parte izan ziren pentsalari asko bezala, bere ustetan Trantsizioa ez zen amaituko Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan eta ­NATOn sartu arte; hala, horrek alderdiaren gainbehera eragin bazuen ere, herritarren nahiei entzungor egin eta Aliantzaren parte izatera pasa zen Espainia.

PSOE-REN POSIZIONAMENDU ALDAKETA

1976ko abenduaren 5etik 8ra, PSOEk XVII. Kongresua gauzatu zuen Madrilen. Bertan iritzi neutralistak eta estatubatuarren aurkakoak nagusitu ziren, eta neutralitatea oinarri izango zuen politika bat aplikatzeko beharra adierazi zen. Hurrengo Kongresuan (1979), halaber, postura neutralistaren beharra azpimarratu zen, baita NATOren integrazioari ezetz esateko iritzia ere.

1982. urtean, Espainia NATOn integratu zenean, PSOEren posizionamendua Aliantza Atlantikoaren aurkakoa izan zen, “OTAN, de entrada, no” esloganarekin. PSOE Gobernura iristearekin batera, ordea, alderdiaren iritzi aldaketa azaleratzen hasi zen. Horrek, noski, iritzi publikoan ere eragina izan zuen. Suárezen helburua Gobernura iristean barne mailan kontsentsua lortzea zen, eta kanpora begirako politikan ezinbestekotzat jotzen zuen Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan integra­tzea, horrek Europarekiko gerturapenean pauso garrantzitsu bat baitzekarkion Espainiari. Espainiarren artean ez zegoen ia kontrakotasunik Europako Ekonomia Erkidegoan integratzeari zegokionez, bai ordea NATOn sartzeari zegokionez, iritzi orokorra kontrakoa baitzen.

1982. urtean, Espainia NATOn integratu zenean, PSOEren posizionamendua Aliantza Atlantikoaren aurkakoa izan zen, “OTAN, de entrada, no” esloganarekin. PSOE Gobernura iristearekin batera, ordea, alderdiaren iritzi aldaketa azaleratzen hasi zen

1980. urteko udaberrian, Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan integratzearen aurka azaldu zen Frantzia. Beto horren aurrean, Espainiako Gobernua Aliantza Atlantikoan integratzearen aukera mahaigaineratzen hasi zen, Europako Ekonomia Erkidegoan integratzeko beharrezko baldintza zela aitzakiatzat jarrita. Izan ere, 1980ko hamarkada hasieran, NATOren parte ziren 15 herrialdeetatik 9 ziren EEEren parte, eta horrek argi erakusten du EEEren eta NATOren parte izatearen arteko lotura. Javier Rupérez UCDko Nazioarteko Harremanetarako idazkaria izan zenak esan zuen bezala, “oso zaila da Europar Batasunean sartzea, lehenago ­NATOn sartu gabe, gerora ikusi zenez eta Felipe González konturatu zen bezala”.

1980. urteko udaberrian, Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan integratzearen aurka azaldu zen Frantzia. Beto horren aurrean, Espainiako Gobernua Aliantza Atlantikoan integratzearen aukera mahaigaineratzen hasi zen, Europako Ekonomia Erkidegoan integratzeko beharrezko baldintza zela aitzakiatzat jarrita. Izan ere, 1980ko hamarkada hasieran, NATOren parte ziren 15 herrialdeetatik 9 ziren EEEren parte, eta horrek argi erakusten du EEEren eta NATOren parte izatearen arteko lotura

Testuingurua, beraz, espainiarrek NATOren aurka zuten posizionamenduak baldintzatzen zuen, baita PSOEren barnean XXVII. eta XXVIII. Kongresuetan nagusitu ziren iritzi neutral eta antiinperialistak ere. 1982ko hauteskundeetan PSOE atera zen garaile, eta alderdiak NATOn integratzeko prozesua gelditu zuen, Fernando Moránek 1982ko abenduaren 8an Bruselan aliatuei Kontseilu Atlantikoaren bilera batean azaldu bezala, “Espainiaren interes estrategikoen azterketa egiten zen bitartean, iraunkortasuna erreferendum baten menpe jarriz”. Hau da, Espainiaren integrazio prozesua gelditu egingo zen, nahiz eta Aliantzakoen aliatu segurua izaten jarraituko zuen. Bien bitartean, Defentsako Ministerioak eta Kanpo Ministerioak Espainia Aliantzaren parte izatearen inguruko ikerketa bat egingo zuten, eta, azkenik, erreferendum bat antolatuko zen.

1984. urtean, PSOEren Gobernuak aldaketa ­atlantista gauzatu zuen, “OTAN, de entrada, no” eslogana atzean utzi eta “vota sí en interés de España” eslogana aurkezteraino. 1984ko abenduan, PSOEk XXX. Kongresua egin zuen eta bertan eztabaidatu zen NATOn mantentzearen puntua. Bozkaketan bertan baiezkoa nagusitu zen, NATOren parte izatearen aldeko 412 aurkeztu ziren (%71), aurkakoak 126 izan ziren (%22) eta 42 abstenitu ziren (%0,7). Kongresu hartan, Ezkerra Sozialistaren (Izquierda Socialista PSOEren barne korrontea) iritzia soilik izan zen NATOren integrazioaren aurkakoa, eta, ondorioz, liskar eta eztabaida gehiegirik gabe onartu zen NATOren inguruko iritzi aldaketa eta beraz, aliantza militarrean integratzea.

PSOEk erreferenduma hitzeman zien Espainiako herritarrei, eta gizarteak NATOren aurka zuen posizionamendua aldatzeko, PSOEren Gobernuak eskura zituen tresna guztiak jarri zituen martxan.

Posizionamendu aldaketa hori hainbat intelektualen argumentuetan ikus daiteke, besteak beste 1984. urtean El País egunkarian Fernando Claudin eta Rudolfo Paramiok argitaratu zituzten idatzi hauetan: OTAN: Razones para no salir/1 eta OTAN: Razones para permanecer/2. Bi autore horiek ibilbide politiko desberdina izan bazuten ere, garai hartan biak ziren PSOEren parte.

OTAN: Razones para no salir/1 artikuluan autoreok defendatzen zutenez, mehatxu sobietarraren aurrean “Mendebaldeko Europak defentsarako erakunde bat” behar zuen. Artikulu horretan, ­NATOtik ateratzearen inguruko hausnarketa bat plazaratu zuten autoreek. Bi autore horiek azpimarratzen zutenaren arabera, “Espainia NATOtik irteteak ez lieke mesederik egingo Europan distentsio edo armagabetze aurreikuspenei; mundu gerra gertatuz gero ere ez lituzke gure herrialdearen arriskuak murriztuko; aldiz, NATOn irauteak, egungo estatusarekin baldintza jakin batzuetan, Espainiak distentsioa, desnuklearizazioa eta europar desarmea bultzatzeko aukera eskain lezake”. OTAN: Razones para permanecer/2 artikuluan, hau esaten zuten bi autoreek gaiaren inguruan: “gure (Espainiaren) kanpo politikaren izaera aurrerakoiaren aldeko apustuak ez dute zertan, inolaz ere, NATO bai edo NATO ez aukeratik igaro”, eta, defendatu zutenaren arabera, “kontua da jakitea zer politika egingo dugun NATOn jarraituz gero; izan ere, lehen arrazoitzen saiatu garen bezala, gure kanpo-politikak ez luke inolako garrantzi positiborik izango armagabetzearen eta distentsioaren kausarako”. NATOren baitan ikusten zuten bakea lortzeko bidea, “Europan giza eskubideak errespetatzearen aldeko ekimen bakegileen pisua indartuko luke”, eta defendatzen zuten horixe zela aukerarik errealistena “espainiar demokraziarentzat”. Gainera, “jarrera moralki kontsekuentea” zela defendatu zuten. Bestetik, azpimarratzen zutenez, Espainia NATOtik irteten bazen, “beldur izan gaitezke Europako integrazio ekonomikotik ere baztertuta geratuko ote garen”.

Beraz, posizionamendu aldaketa bat ikus dezakegu PSOEren barruan, aldaketa horren adibide izanik, baita ere, José María Maravall. Hezkuntza eta Zientziako ministroa zenak erreferendumaren kanpainan adierazi zuenez, “NATOri ezetz esatea baseei (estatubatuarrei) bai esatea da betiko”.

PSOEk, erreferendumaren kanpainan bere posizionamendua justifikatze aldera, Espainiak Alian­tza Atlantikoaren parte izaten jarraitzeko honako muga hauek ezarriko zituela zin egin zuen:

  1. Espainiak Aliantzan duen parte-hartzeak ez du barne hartuko hura egitura militar integratuan sartzea.
  2. Espainiako lurraldean arma nuklearrak instalatzeko, biltegiratzeko edo sartzeko debekua ezarriko da.
  3. Estatu Batuek Espainian duten presentzia militarra pixkana murriztuko da.

Erreferenduma 1986ko martxoaren 12an egin zen. Gobernu sozialistak erreferenduma irabazi zuen: botoen %52,49 integrazioaren aldekoa izan zen, eta %39,8, berriz, aurkakoa. Beraz, ia 13 puntu gainetik kokatu zen integrazioaren aldeko botoa. Milioi batetik gorakoak izan ziren boto zuriak (%6,53), %1,11 boto nuloak, eta abstentzioa %41,58koa izan zen. Aurkako botoa nagusitu zen Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Las Palmasen.

NATO-REN AURKAKO MUGIMENDUA ESPAINIAKO ESTATUAN

1982. urtean, PSOEk hauteskundeak irabazi zituen urtean, alegia, Trantsizioari loturiko hainbat eztabaidak eta horien inguruan antolatutako mugimenduek garrantzia handia zuten oraindik ere. PSOEk bere jardunean integratu zituen pil-pilean zeuden eskaera batzuk, besteak beste, emakumeen borroka. Mugimendu feministak Dibortzioaren Legea onartu zedin borrokatu ostean, lege hori 1981. urtean onetsi zen. Ondoren, 1985. urtean, PSOE Gobernuan zela, abortua despenalizatzea lortu zen. PSOE boterean zegoela, mugimendu feministaren instituzionalizazioa hasi zen, batzuetan Gobernuaren instituzioetan zuzenean integratuz, eta, besteetan, Gobernuak sortutako instituzioetan integratuz (Emakumeen Institutuan, adibidez). Hala ere, mugimendu feministako beste kide batzuen jarduna bereizi egin zen, eta beren jarduna asanblada lokaletan zentratu zuten.

Mugimendu ekologistak ere presentzia handia zuen; izan ere, Gobernuak espazio naturalen eta espezieen kontserbaziorako lege berri bat onartu bazuen ere, ondoren aldaketa horiek ez ziren aplikatu (homologazio europarraren eskakizunak medio). Hala ere, arlo horretan politika nuklearraren auzia izan zen gairik garrantzitsuena. UCDk, Gobernuan zehar, hainbat plan nuklear aurkeztu zituen, eta herritarrek energia nuklearraren aurkako iritzia garatu zuten, horren adibide izanik hainbat proiektu etenaraztea (Lemoiz, Valdecaballeros).

Gazteen artean nahitaezko soldadutzaren aurkako mugimendua zabaldu zen, eta, azkenik, 1984. urtean, kontzientzia-objekzio legea onartu zen, presio mekanismo ugariren ondorioz.

Garai hartan, beraz, asko izan ziren gizarteak mahaigaineratu zituen problematikak. Hala ere, NATOren gaia izan zen Gobernuaren legitimitatea auzitan jarri zuena. Izan ere, Gobernuak kontra zuen gehiengo sozial bati aurre egin behar izan zion. PSOEk NATOren inguruan zuen iritzia aldatu zuenean, are gehiago zabaldu zen NATOn integratzearen aurkako iritzi publikoa, eta NATOren aurkako mugimenduak indarra irabazi zuen. Gainera, kontuan hartu behar da NATOren aurkako mugimendu horrek ez zuela soilik mugimendu bakezale eta antimilitarista barnebiltzen, baizik eta demokraziaren bestelako izaera baten aldeko borroka gisa ere egituratu zen.

1980ko hamarkadan, beraz, asko izan ziren gizarteak mahaigaineratu zituen problematikak. Hala ere, NATOren gaia izan zen Gobernuaren legitimitatea auzitan jarri zuena. Izan ere, Gobernuak kontra zuen gehiengo sozial bati aurre egin behar izan zion. PSOEk NATOren inguruan zuen iritzia aldatu zuenean, are gehiago zabaldu zen NATOn integratzearen aurkako iritzi publikoa, eta NATOren aurkako mugimenduak indarra irabazi zuen

NATOren aurkako mugimendua 1980ko hamarkadaren hasieran sortu zen, ezkerreko hainbat alderdik Trantsizioaren lehen urteetako politikaren aurkako posizionamenduak bultzatuta. PTE (Partido del Trabajo) eta ORT (Organización Revolucionaria de Trabajadores) desagertu egin ziren –alderdi horiek zuten hausturaren aldeko posizionamendurik finkatuena–. Beraz, Mugimendu Komunista (MC) eta Liga Komunista Iraultzailea (LCR) izan ziren NATOren aurkako mugimendua bultzatu eta finantzatu zutenak, bai materialki, bai mugimendu bakezaleekin harremanak eraikitzen laguntzeko.

NATOren aurkako mugimenduaren lehenengo ekintza Torrejón de Ardozerako Lehen Martxa izan zen. Martxa horren bitartez, base estatubatuarren aurkako mezua zabaldu nahi zen eta, horretarako, 12 kilometroko martxa antolatu zuten; 20.000 pertsona inguruk parte hartu zuten ekintza hartan.

Martxaren arrakastaren ostean, MCk eta LCRk NATOren Aurkako Komisioa eratu zuten (CAO - Comisión Anti-OTAN). NATOren Aurkako Komisioa organizatiboki forma hartzen joan zen eta bertan hainbat talderen arteko koordinazioa finkatu zen. Talde horiek ez ziren alderdi politikoak, baizik eta komite eta auzoetako taldeak, baita talde ekologistak eta antimilitaristak ere. 1983ko maiatzaren 28an eta 29an, Erakunde Bakezaleen Lehen Topaketa egin zen Zaragozan, eta, bertan, berrogeita hamar erakunde baino gehiagok parte hartu zuten. CAOren garapenaren bitartez, estatuko talde ugariren arteko koordinaziorako baldintzak jarri ziren eta, horren ondotik, 1983ko uztailaren 9an, Erakunde Bakezaleen Estatuko Koordinadora (CEOP) sortu zen. Koordinadora horrek hasiera batean 60 talde barnebiltzen zituen, eta, zabalpen fase baten ondoren, 1986. urtean 130 talde baino gehiagok osatzen zuten. Koordinadoraren kontsigna “NATO ez, baseak kanpora” (“OTAN no, bases fuera”) zen, eta kontsigna horrekin batera beste ideia batzuk ere egin zituzten bere. Erreferenduma exijitu zuten, bai eta gastu militarra murriztea, Espainiako Estatuaren nuklearizazioa gelditzea eta, azkenik, bloke militarren aurrean neutralitate internazionala eskatu ere.

1983. urteko azaroaren 12 eta 13an, Estatuko Erakunde Bakezaleen Bigarren Topaketak egin ziren, eta estatuko 70 talde baino gehiagok hartu zuten parte. Mugimenduaren norabide eta oinarrien inguruan iritzi desberdinak plazaratu zituzten taldeek topaketa horietan. Hiru multzotan sailkatu daitezke topaketa horietan parte hartu zuten taldeak. Lehenik, PSOErekin bat egiten zuten taldeak (Movimiento por la Paz, el Desarme y la Libertad, Juventurdes Socialistas, eta UGT); posizionamendu bakezaleak norbanakoen gain jartzen zituzten, auzia bera alderdietatik zein Gobernutik bereiziz. Bigarrenik, PCErekin bat egiten zuten taldeak (Justicia y Paz, Asociación por la Paz y el Desarme); estatubatuarrek Espainiako Estatuan zituzten baseen auziari ematen zioten zentralitatea, eta base horiek kentzea eskatzen zuten. Hirugarrenik eta azkenik, CEOP edo Erakunde Bakezaleen Estatuko Koordinadorak babestutako posizionamendua zegoen, “NATO ez, baseak kanpora” eslogana zuena; posizionamendu horrek lortu zuen gehiengoa topaketetan, eta Espainiako Estatuan geroz eta indar handiagoa hartu zuen koordinadorak.

1984. urtean, CEOP koordinadorak eta CAOk indarrak batu zituzten eta Torrejóneko baserako laugarren martxa antolatu zen; izan ere, beharrezkotzat jo zuten PSOEk NATOren aurrean adierazitako aldeko posizionamenduen aurrean beren jarduna handiagotzea, bai maila politikoan baina baita arlo sozialean ere. Laugarren martxa hartan 50.000 pertsona baina gehiago mobilizatu ziren. Gainera, Madrilen milaka pertsonak parte hartu zuten mobilizazio bat egin zen, erreferendumaren beharrezkotasuna azpimarratzeko, eta Espainiak NATOrekin harremanak mozteko eta baseak kentzeko eskatzeko.

PCEk, indarra irabazten saiatzeko, Comisión de Acción por la Paz y el Desarme (CAPD) sortu zuen PSOEko zenbait sektorerekin. 1984eko ekainaren 26ean, Adolfo Suárezen Centro Democrático y Social (CDS) alderdiarekin, PCEko Ramón Tamamesek gidatutako Erreferendumaren Aldeko Mahaia sortu zen. Mugimendu horrekin, Espainiako Estatuan NATOren aurkako mugimenduaren erreferentzialtasuna zalantzan jarri nahi zuten. Mahai horrek erreferenduma aldarrikatzen bazuen ere, ez zuen finkatu haren inguruan izan beharreko posizionamendua eta, azkenean, PSOEren Gobernuak 1986eko erreferendumaren berri eman zuenean, mahai hori desegin egin zen.

Torrejónerako bosgarren martxa 1986. urtean egin zen, eta martxa harekin eman zion hasiera ­NATOren aurkako mugimenduak erreferendumaren prestakuntza-prozesuari. Ezkerreko beste hainbat talde koordinadorara batu ziren erreferendumean ezezkoa defendatuz, besteak beste Partido Comunista de los Pueblos de España (PCPE).

Erreferendumaren testuinguruan, beraz, ikusita CDSk eta Erreferendumaren Aldeko Mahaiak ez zutela posizio garbirik erakusten, PCEk 1986eko urtarrilaren 25ean Plataforma Cívica por la Salida de España de la OTAN sortu zuen, mugimendu bakezaleak hauteskundeetan ordezkaritza izan zezan. Plataforma horretan Erreferendumaren Aldeko Mahaiaren parte ziren eragile ugarik hartzen zuten parte, baina ez CDSk. Plataformaren parte zirenak erreferendumak zuen garrantziaren kontziente ziren; izan ere, erreferendum horretan zehaztuko zen Espainiak aplikatuko zuen kanpo politika.

Martxoaren 12ko erreferendumean baiezkoa nagusitzeak ideologia ezkertiarreko jendearengan eragin handia izan zuen, eta, horren ondorioz, gizartearen zati handi bat PSOEtik ezkerrerago kokatu zen politikoki. Plataformak berak Izquierda Unida alderdi politikoaren sorreran funtsezko papera jokatu zuen. Izquierda Unida alderdia 1986ko apirilaren 27an sortu zen, eta bertan alderdi ezkertiarretako hainbat pertsonak zein hainbat talde kultural eta sozialek parte hartzen zuten. 1986. urtean aurkeztu ziren lehen aldiz hauteskundeetara. Hauteskunde horietako programako puntuen artean aurkitzen ziren Espainia NATOtik ateratzea, bakea eta neutralitatea, 1982. urtean AEBrekin firmatutako akordioa bertan behera uztea eta base estatubatuarrak Espainiatik kentzea. 

HEGO EUSKAL HERRIAREN KASUA

Euskadin egin ziren galdeketen arabera, 1986. urtean, Euskadin botoen %80 NATOn sartzearen aurkakoa zen, eta horixe gertatu zen, Hego Euskal Herrian NATOn integratzearen aurkako botoek irabazi baitzuten. Gipuzkoan ezezko botoak %68,2 izan ziren; Bizkaian, %64, 2; Araban, %59,5, eta, Nafarroan, %52,7.

Emaitza horiek erreferendumaren aurreko testuinguruan sortu ziren NATOren aurkako mugimenduen lanaren emaitza izan ziren. Erreferendumaren aurreko urteetan, bi mugimendu zabal sortu ziren: “La movida anti-OTAN”, batetik, eta “Euskal Herriaren Burujabetasunaren alde, NATOren aurka” manifestua firmatu zutenen mugimendua, bestetik.

NATOko kide izan ala ez ebazteko erreferendumaren aurreko urteetan, bi mugimendu zabal sortu ziren: “La movida anti-OTAN”, batetik, eta “Euskal Herriaren Burujabetasunaren alde, NATOren aurka” manifestua firmatu zutenen mugimendua, bestetik

1985eko azaroaren 2an, “Euskal Herriaren Burujabetasunaren alde, NATO-ren aurka” manifestua aurkeztu zuten Bilbon Joseba Goñik, Koldo Gorostiagak eta Elias Amezagak. Mugimendu zabal horren barruan Herri Batasunako zenbait kidek parte hartzen zuten, eta ikuspegi “abertzale eta antiinperialista” zuen manifestu bat zen. “Gure herriaren eta munduko herri zapaldu guztien askapen osoa defendatzen” zuen, eta “(mundu gerrara garamatzan) ez-lerrokatzearen alde, eta aldi berean munduko edozein alderditan askatasunaren alde burrukatuz diharduten herri zapalduekiko solidaritatearen alde” agertzen zen.

Manifestuaren lehen lerroetan azpimarratzen da Espainiak NATOn jarraitzen bazuen Hego Euskal Herriaren “aurkako eraso zuzenagoa” ekarriko zuela, eta “NATO defendatzea Euskal Herriaren subiranotasun nazionalari uko zuzena egitea” zela. Horri gehitzen zioten “Espainiako Estatuaren oinarriak zalantzan jartzen dituen edozein mugimendurentzako errepresio gehiketa bat” zekarrela Aliantzaren parte izateak.

Mugimendu horren lehenengo mitina Tuteran egin zuten, “Bardeetako eguna” izendatu zuten, eta bertan Bardeetan dagoen tiro eremua eraistea eskatu zuten, espazio horretan NATOko hegazkinek zein Espainiko armadak tiro praktikak burutzen zituztelako. 70eko hamarkadan hasita hainbat mobilizazio gauzatu ziren eremu hori ixteko exijituz. Igande hartako mobilizazioan 3000 pertsonatik gora elkartu ziren aldarri horiek zabaltzeko. Manifestuan adierazten zenez, “NATO defendatzeak Bardeetako Tirorako Poligonoari eustea baitakar, non Mendebaldeko Europan diren AEBko Aireko Armadaren ariketetatik %60 egiten diren. Ariketok, gero, edozein kontinentetako edozein herriren aurka egingo diren bonbaketak hilgarriago bilakatzeko balioko dute”.

Manifestuaren partaideek argi eta garbi adierazi zuten NATOk bere burua “demokraziaren defentsarako eta mundu libre baterako” aliantza gisa defini­tzen bazuen ere, horren atzean “AEBren esku-hartze ekonomikoa eta ideologikoa defendatzen zuen tresna” ezkutatzen zela, baita “Mendebaldeko munduan dauden botere-egiturak defendatzen” zituela ere. “Euskal Herriaren Burujabetasunaren alde, NATOren aurka” manifestuak eragin handia izan zuen euskal herritarrengan. Gainera, ezin da pentsatu manifestuaren eragina HBren jarraitzaileengana soilik iritsi zela; izan ere, erreferendumaren emaitzek islatzen zuten ehunekoek ikusarazten dute HBko jarraitzaileez gain, gizarteko kapa zabalenetara iritsi zela NATOren aurkako diskurtsoa.

EAJko kide batzuek ere ezezko botoa eman zioten NATOn integratzeari. EAJko beste kide batzuek erreferendumaren testuinguruan beren posizioa aldatu zuten. EAJk, hasiera batean, ez zuen gaiarekiko posizionamendurik hartu, esanez “Madrilgo asunto bat” zela eta beraz haiek “ez zirela sartuko gai horretan”. Horren ostean, boto askatasuna aldarrikatu zuten. Hala ere, erreferendumaren eguna geroz eta gertuago zegoenean, baiezko botoa aldarrikatu zuten. Dena den, fase amaierako botoaren inguruko desadostasunak zeuden EAJ alderdiaren barnean; hain zuzen ere, bi sektore nagusi banatzen ziren: “kritikoak” eta “ofizialistak”. Bigarren sektore hori izan zen erreferendumaren baiezkoa bultzatu zuena, eta Carlos Garaikoetxeak, sektore “kritikoko” kide zen lehendakari ohiak, ezezkoa eman zuen, esanez ea “zein segurtasun nazional eta zein muga defendatzen ditugun euskaldukok, eta hauek ote diren euskaldun batzuk besteengandik bereizten dituztenak”.

Ondorio gisa esan dezakegu PSOEk bere burua hasiera batean UCDren aurka kokatu bazuen ere, hauteskundeak irabazi ostean UCDren bide berdina jarraitu zuela. Horrela, UCDren aurkako kanpainan NATOren aurkako posizionamendua aldarrikatu zuen, eta, ondorioz, hauteskundeak irabazi ostean bitarteko guztiak erabili behar izan zituen espainiarren iritzia aldatzeko. Gainera, Espainiako Estatu osoan NATOren aurkako mugimenduaren indarra handitu egin zen PSOEren posizionamendu aldaketarekin, horren adibide izanik Hego Euskal Herrian “Euskal Herriaren Burujabetasunaren alde, NATOren aurka” manifestuaren erreferentzialtasuna, zeinak erakusten baitigu Hego Euskal Herrian NATOren aurkako mugimenduak izandako eragina, ezezko botoak nagusitu baitziren.

EZ DAGO IRUZKINIK