Jon Aldabaldetreku
2025/10/04

Frankismo osteko garaia mundu-mailako krisi ekonomiko sakon eta larri baten testuinguruan hasi zen. Krisi horrek amaiera eman zion 50eko eta 60ko hamarkadetako urrezko garaiari. Frankismo berantiarreko garapenaren aldiak estatuko egoera ekonomikoa suspertu zuen: 70eko hamarkadaren hasieran, biztanleko bi mila dolarretik gorako errenta lortu zen estatuan, aurreko hamarkadan urteko %6ko hazkunde-tasa izan ondoren. Errentaren hazkundearen %95 lanaren produktibitatearen hazkundearen ondorio izan zen, zaharkitutako teknikak ordezkatzearen, baliabide ekonomikoak jarduera produktiboagoetara bideratzearen eta kapital-metaketa areagotzearen ondorioz, hain zuzen.

Frankismo berantiarreko urteak ekonomikoki oso oparoak izan baziren ere, borroka eta protesta sozialaren lekuko izan ziren halaber. 1970etik aurrera greben ziklo gorakor nabarmena izan zen Espainiako Estatuan. Hein handi batean, bal­dintza ekonomikoen hobekuntzak eta dik­tadurak ezarritako errepresioak politizazioa eta erradikalizazioa eragin zuen langile mugimenduko kapa nagusienetan. Lan gatazketan adostutako hitzarmenak berehala agortzen ziren greba berriak martxan jarri ahala, eta soldaten hazkuntza negoziatuak izugarri hazi ziren industria-sektore gehienetan. Testuinguru horretan, 70eko hamarkadan hasi eta Francoren heriotzaren ondorengo urteetan konfirmatu zen akordio sozial berria eratu zen Espainiako Estatuan. 

Frankismoaren azken urteetako baldintza ekonomikoen hobekuntzak eta diktadurak ezarritako errepresioak politizazioa eta erradikalizazioa eragin zuen langile-mugimenduko kapa nagusienetan

Garai hartako egoera gatazkatsua modu oso argigarrian ikus daiteke datu xume batzuk mahaigaineratuta. Balfourren eskutik, 1968 eta 1976 artean Espainiako Estatuan piztu ziren gatazka kopurua, inplikatutako langileen kopurua eta grebetan galdutako ordu kopuruak ageri zaizkigu:

ESPAINIAKO ESTATUKO GATAZKA LABORALAK (1968-1976):

692ef4a5a54ed.Capturadepantalla2025-12-02151455.png

Iturria: Balfour, Sebastian. La dictadura, los trabajadores y la ciudad. Edicions Alfons El Magnànim. Generalitat Valenciana. Valentzia, 1994:160.or.

Protesta ziklo berri haren olatua gelditu ezinik, Erregimenak, bere instintuari jarraituz, errepresio mekanismoak martxan jarri zituen. Alabaina, Poliziaren eta tribunal judizialen papera indartzea sua gasolinarekin itzaltzen saiatzearen parekoa izan zen. Diktaduraren amaiera-fasean, Poliziaren jazarpen eta basakeria hori langile klaseko protesten arrazoi nagusienetako bat bilakatu zen.

Trantsizio garaia deitu izan zaion hark bi aspektu nagusi barnebildu zituen, batez ere: batetik, Trantsizioaren joko arauak onartu zituzten aktore politikoen artean adostutako estatu-mailako akordio politiko eta soziala; bestetik, aurreko hamarkadatik sustatzen ari zen lan zentroetako ekoizpen ereduaren moldaketa, eredu fordistaren ezarpena gauzatuz eta Kapitalaren arnasgune bihurtuko zen lanaren antolaketan aldaketa berriak eginez. Azken moldaketa hori lan zentroetan martxan zeuden errepresio laboraleko hainbat mekanismok ere erraztu zuten. Artikulu honetan, lehen puntuari eskainiko diogu tartetik handiena.

Trantsizio garaiaren ernamuina 1975. urtea izan zen; hain zuzen ere, Franco hil zen urte hura mota guztietako krisi egoeraz josita egon zen. Diktadorea hil berritan, esparru politikoko eragile ezberdinak egoera berri zein ziurgabe hartara moldatzen ahalegindu ziren. PSOEk bultzatutako Konbergen­tzia Demokratikoa eta PCEk mugitutako Junta Demokratikoa sozialdemokraziak bultzatutako saiakeretako bi besterik ez ziren izan. Biek ala biek Erregimenaren alternatiba bihurtu nahi zuten eta, horretarako, fronte zabal baten pean diskurtso moderatu eta arduratsua zabaldu zuten.

Bi proposamen horiek bateratu egin ziren, 1976ko martxoan, Koordinazio Demokratikoa edota kalean “Platajunta” izenez ezagutzen zen koalizioa sortu zutenean. Plataforma hori alderdi politikoentzat erreserbatuta zegoen, eta kanpo geratu ziren alderdi eta antolakunde politiko iraultzaileak, eragile sozial eta zibilak, eta antolakunde sindikalak.

Hala ere, garai hura espektro politiko instituzional osoa, eskuinetik ezkerrera, batuko zuen estatu-mailako makroakordioen garaia ere izan zen. Manuel Fragak ederki laburtu zuen akordio politiko interklasista haren fundamentua Cambio 16 egunkarian: “Evolución sin revolución”. Estatu akordio horien helmuga, beraz, garbia zen; etorkizuneko garapen ekonomikoa eta politikoa iraultzarik gabeko trantsizio baketsu eta kontrolatu baten bitartez egitea. 1977ko apirila zen, eta Espainiako Alderdi Komunista (PCE) legeztatu berri zuten.

Espektro politiko instituzional osoa batzen zuten estatu akordio horien helmuga, beraz, garbia zen; etorkizuneko garapen ekonomikoa eta politikoa iraultzarik gabeko trantsizio baketsu eta kontrolatu baten bitartez egitea

Esan dezakegu PCEk, Santiago Carrilloren zuzendaritzapean, Palmiro Togliattik gidaturiko Italiako Alderdi Komunistak (PCI) II. Mundu Gerra amaieran garatu zuen antzeko programa politikoa erabili zuela: unitate nazionaleko gobernuaren osaketa, demokrazia parlamentarioaren ezarpena, aurreko zikloko errepresaliatuen amnistia orokorra eta monarkiari eustea. Programa hori aise ikus daiteke islatuta garaiko PCEn, Carlos Arias Navarrorekin alderdia legeztatzeko baldintzak negoziatzen zituen bitartean.

Antzeko tirabirak izan ziren, baita ere, Franco osteko garaia gobernatu nahi izan zuen eskuin frakzioan. Juan Carlos erregeak, 1969ko Ondorengotzaren Lege frankistan oinarrituta, Adolfo Suarez ezarri zuen gobernuburu, ahaztu gabe Torcuato-Fernández Mirandak izan zuen paper garrantzitsua. Izendapen horiek arrakala sortu zuten frankisten artean, hala nola Arias Navarro, Areilza eta Cabanillas, eta Areilzak berak, Cuadernos de la Transición lanean, “prozesu konstituziogilea, eredu postfrankistako programa ekonomikoa, erreforma sindikala eta erregionalismoaren mugak” ezartzen zituen puntuak aldarrikatu zituen. Auzi nagusia, hein handi batean, Espainiako Alderdi Komunista “trantsizio-akordioan” sartzean edo kanpo uztean zegoen, erabaki hark ezker erradikala jokoz kanpo utziko zuelakoan.

Erreforma Politikorako Legea (1977) izan zen Trantsizioa abiarazteko giltzarri inportanteena. Lege horren arabera, frankismoak ezarritako gorteen sistema alboratu eta parte-hartze demokratikoaren bidez aukeratutako gorte berriak sortu behar ziren; aldaketa hori trantsizio prozesua makillatzeko bitarteko gisa erabili zuten. Erreferendumak %77ko parte-hartzea izan zuen, eta %94k alde bozkatu zuen. Gipuzkoan eta Bizkaian, ordea, abstentzioa izan zen nagusi

Hala ere, Erreforma Politikorako Legeaz gain, Trantsizio garaia benetan markatu zuten bi gertaera nagusiak 1977ko Moncloako Akordioak eta 1978ko Espainiako Konstituzioaren onespena izan ziren. Lehenak arku parlamentario osoko alderdien arteko akordio sozial eta ekonomikoa ixtea zuen helburu, PCE barne, eta Adolfo Suarez izan zuen buru. Alderdiez gain, enpresariak eta CCOOren zatirik handiena ere barne hartu zituen akordioak. Fragaren Aliantza Popularrak soilik akordio ekonomikoak sinatu zituen.

692ef4a5a5cd4.IMAGENPRINCIPALLosPactosdelaMoncloa1977.jpg

Moncloako Akordioak (1977). Tartean, Felipe Gonzalez (PSOE), Santiago Carrillo (PCE), Adolfo Suarez (UCD) eta Manuel Fraga (AP). Iturria: Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes.

Moncloako Akordioek, nolabait, estatu akordio baten antza zuten; izan ere, demokrazia liberala ezartzea eta demokrazia horren segurtasuna mantentzeko arku parlamentario osoko aktore politikoen konpromisoa lortzea zuen helburu. Labur esanda, akordio hark protesta soziala baretu, fabriketan bakea bermatu, soldaten igoerari kontrola ezarri eta enpresen irabazi beherakorrei errekuperazio marko bat eskaintzea zuen helburu. 

Akordio horien garrantzia ez da makala; izan ere, protesta soziala eta politikoa pil-pilean ziren une batean, ezkerrak eta eskuinak Kapitalaren mesedetara belaunikatuta bat egitea lortu zen haien bidez. Akordio horien esentzia ulertzeko, Carrillok berak botatako esaldi honi erreparatzea besterik ez dago: (Moncloako Akordioak) “Acuerdo progresista más serio que se ha realizado en nuestro país desde los años treinta entre fuerzas obreras y burguesas”. Esaldi horrek argi eta garbi definitzen ditu Espainiako Alderdi Komunistaren postulatuak: asmo iraultzaileak albo batera gelditu ziren.

Protesta soziala eta politikoa pil-pilean ziren une batean, ezkerrak eta eskuinak Kapitalaren mesedetara belaunikatuta bat egitea lortu zen Moncloako Akordioen bidez

Fuentes Quintanaren arabera (akordio horiek gidatu zituen ekonomialari nagusia), Moncloako Akordioetan adostutako politika honako printzipio hauetan oinarritzen zen: 1) “krisiaren kostuak eragile ekonomikoen artean banatzeko” akordioa lortzea; 2) ekonomia lau norabide hauetan erregulatzea: prezioak, kanpo-ekonomia, ekoizpena eta sistema ekonomikoa; 3) “saneamendu ekonomikoa eta erreforma-politika orokor” bat abian jarriko zuen politika ekonomikoa martxan jartzea; 4) sistema ekonomikoa merkatu-ekonomiaren printzipioetara egokitzea; eta 5) ekoizpen-doikuntzaren berrikuntza gauzatzea. 

Bestetik, 1978ko Konstituzioaren onespenarekin amaituko zen prozesu konstituziogileak Moncloako Akordioetan erabakitako berregituraketa horri guztiari berme juridikoa ezartzea izan zuen helburu. Kontsentsu politikoa zuen eslogan gisa Konstituzioak, eta PSOEtik hasita, UCDk, PCEk, katalanistek eta Fragaren alderdiak sinatu zuten. Konstituzioaren erreferendumean, beste behin ere, Gipuzkoa eta Bizkaia izan ziren salbuespena, bertan ezezkoa eta abstentzioa izan baitziren nagusi. 

Portugalen izandako Krabelinen Iraultzaren ondoren, Espainia zen Europan gelditzen zen diktadura bakarra garai hartan, eta nazioarteko aktore ugarik gertutik jarraitzen zuten herrialdearen bilakaera. Mundu-mailako organismo eta potentzia ekonomiko nagusientzat, Estatu Batuak buru, ezinbestekoa zen Espainia mundu-ordena ekonomiko berrian txertatu eta eremu estrategiko gisara berrestea. Ezin uler daiteke bestela Ford Administrazioak eta Henry Kissingerrek Espainian jarritako arreta eta interesa. Estatu Batuek aise onartu zuten Trantsizio garaiko erreforma gradualaren eredua. 

Fragak esku artean zuen eredua, Canovasen ereduaren oso antzekoa zen, hau da, txandakatzean oinarritutako joko “demokratikoa” proposatzen zuen. Hala esan zien aurpegira 1976ko apirilean Felipe Gonzalezi, Luis Gómez Llorenteri eta Miguel Boyerri, zentro-ezkerreko ordezkari zirenei: “Nire lorpen handiena zuek presidente izatera iritsi zaitezketen sistema bat sortzea izango litzateke, agian bost urte barru”. Ukaezina da Fragak etorkizun-sen bikaina zuela. 

Estatu-mailako akordio horiek sinatu ziren garaia, aipatu bezala, krisi ekonomiko larriak gogor kolpatutako garaia izan zen. Herrialde industrializatu nagusiek 1975-1977 artean lortu zuten, sakrifizio handiekin, prezioen igoera erdira jaistea. Espainian, aldiz, bikoiztu egin ziren; Mercedes Cabreraren arabera, bizitzaren kostua %19 igo zen 1976an, eta 1977an %30era iristeko arriskua zegoen. Langabeen kopurua %5era iristen zen, eta, kanpoko defizitari dagokionez, 1975ean 3.500 milioi dolarrekoa bazen, 1976an jada 4.200 milioi dolarrean kokatu zen, eta urte horretan bertan 5.000 milioikoa izatera iritsi zen.

Beraz, krisi testuinguru gogorrak eta 40 urteko diktaduraren ostean azaltzen hasiak ziren ziurgabetasun momentuek markatu zuten batez ere garai historiko hura. Hala, Frankismotik zetorren Erregimenak Espainia zirkuitu kapitalista modernoetan txertatzeko saiakera bultzatu zuen akordio ekonomikoen laguntzarekin, eta joko-zelai politikoa aise mugatu zuen, saiakera iraultzaile oro borrokatzeko asmoz. Hala ere, berregituraketa sistemiko horrek hirugarren moldaketa bat eskatzen zuen: bizi baldintza ekonomikoak hobetzen ikusi zituen eta diktaduraren amaierarekin borrokarako grina berreskuratu zuen langile mugimendua isilaraztea.

Frankismotik zetorren Erregimenak Espainia zirkuitu kapitalista modernoetan txertatzeko saiakera bultzatu zuen akordio ekonomikoen laguntzarekin, eta joko-zelai politikoa aise mugatu zuen, saiakera iraultzaile oro borrokatzeko asmoz

Posible al zen akordio politiko hura gauzatzea ordura arte gatazkatsua izan zen langile mugimendua baretu eta apaldu gabe? Horixe da garai hartako beste auzi esanguratsua: bitartekaritza sindikalak akordio politikora azpiratu ziren. Hau da, akordio politikoak akordio soziala eskatzen zuen, eta akordio sozial hori erdiesteko ezinbestekoa zen langile mugimenduaren barruko aktoreen subordinazioa, hau da, sindikatu eta langile alderdien subordinazioa. 

Akordio politikoak akordio soziala eskatzen zuen, eta akordio sozial hori erdiesteko ezinbestekoa zen langile mugimenduaren barruko aktoreen subordinazioa, hau da, sindikatu eta langile alderdien subordinazioa

Xavier Domenechek iradoki zuen erregimen berria ezartzeko aukerak derrigorrez behar zuela klase sozial ezberdinen arteko oinarrizko kontsentsu baten artikulazioa. Hala, langile klasean barneratutako ekonomizismoa izan zen Espainiako Estatuaren “demokratizaziorako” oinarria. 

Agian, prozesu horren islarik adierazgarriena CCOOren bilakaera izan zen. Comisiones gisa ezaguna zena 1976an formalizatu zen sindikatu gisa (CCOO), eta jardun klandestinoa atzean utzita, instituzionalizazio prozesua hasi zuen, “tankera berriko sindikatu” gisa aurkeztuz bere burua eta ordezkaritza territorialak eta idazkaritzak eratuz. Badakigu hasiera batean comisiones ezberdinak existitzen zirela fabriketan, batzuk PCEri lotutakoak, beste batzuk ORTri lotutakoak, eta bazeuden, halaber, sektore autonomoetan mugitzen zirenak. PCEren kontrol sistematikoa ezartzeko saiakerek prozesu hartaz mesfidati agertu ziren PCEren barruko bi eszisio eragin zituen: PTE eta ORT. Gerora, 1979an, PTE eta ORT unifikatu egin ziren, euren arteko errezelo eta mesfidantzak agertu baino lehen. Hausteskudeetako porrotek galbidera eraman zituzten bi alderdiak. Bakoitzak bere sindikatua sortu zuen ostera, lehenek CSUT (Confederación de Sindicatos Unitarios de Trabajadores) eta besteek Sindikatu Unitarioa. 

Beste hainbat sindikatuk ere bere burua berrantolatu behar izan zuten, CNTk edota USO sindikatuak kasu. Euskal Herrian ere berrikuntza nabarmenak izan ziren. Eusko Langileen Alkartasunak (ELA) birsorkuntza-prozesua izan zuen garai hartan. Bestalde, Ezker Abertzalearen eskutik, bere burua “sindikatu ez negoziatzaile” gisa aurkeztu zuen Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) sortu zen 1974an. Langile antolakuntzaren formak, urte luzez fabriketako asanbladetan, koordinadoretan edota komiteetan oinarritu ziren horiek, modu oso bizkorrean aldatu ziren, eta protagonismo nagusia sindikatu instituzionalen negoziazio mahaien eta euren arteko afiliazioen esku gelditu zen. Sindikatu eredu berri horren berehalako beharrak honako hauek izan ziren: siglak egonkortzea, burokrazia-sistema era­tzea eta askatasun sindikalaren premisari jarraikiz jarduten hastea. Horretarako 1977an Elkarte Sindikaletarako Legea onetsi zuen Estatuak.

Sindikalgintza-eredu berri hark ordura arte langile borrokaren arrazoi nagusia izan zen afera ezabatu zuen kolpetik: fabriketan egiten ziren negoziazioen amaiera ekarri zuen. Izan ere, langile mugimenduaren indarra, kasu askotan, fabriketan bertan egindako borroketatik eratortzen zen, fabrikako langileen artean batasuna erdiesten baitzen helburu komun batzuk lortzera bidean. Une hartatik aurrera, ordea, negoziazio mahaiak soilik sindikatuetako ordezkarien esku gelditu ziren eta, gainera, marko berri bat ezarri zen negoziaketarako, industria-arloen araberakoa, sektoreetan edota estatu-mailako hitzarmen handietan kontzentra­tzen zena. Beraz, gertuko presio-mekanismo oro goi-esferetako instantzia marduletan negoziatzen hasi ziren eredu berri horren ondorioz.

Sindikalgintza-eredu berri hark ordura arte langile borrokaren arrazoi nagusia izan zen afera ezabatu zuen kolpetik: fabriketan egiten ziren negoziazioen amaiera ekarri zuen

Emmanuel Rodriguezek adibide oso garbia eskaintzen du prozesu hori ulertzeko: 1976an, Bar­tzelonako Gavà hiriko Roca enpresan geldialdiak eta protestak hasi zituzten lan baldintza hobeen alde. Beste hainbatetan bezala, enpresako langileek modu autonomoan eratutako langile asanblada sortu zuten, euren ordezkaritza propioekin. Borrokarako modu horrek asanblearismoak zituen mugak erakutsi zituen negoziazio eredu berriarekin alderatuta; izan ere, garai hartara arte oso ohikoa zen gainerako fabriketan elkartasun geldialdiak, protestak eta mobilizazioak egitea, baina hiru hilabete iraun zituen gatazka hartan, gainerako fabriketan blokeo bat ezarri zuten sindikatuek, elkartasun keinuak galaraziz marko sindikal berriari jarraikiz. 

Une hartatik aurrera, elkartasun grebek arau izateari utzi eta salbuespen bilakatu ziren, “eran­tzukizunaren”, “negoziazio legalaren”, “ordezkagarritasunaren” eta “enpresaren biziraupen ekonomikoaren” mesedetan. Efemeride garrantzitsu gisa, 1976 Espainiako Patronalaren (CEOE) sorrera-urtea ere izan zen.

Juridikoki, grebarako eskubidea ez zen 1977ra arte legeztatu; urte hartan onartu zen eskubide hori lehen aldiz, minimoetan izan bazen ere. Horrek ekarri zituen aldaketen artean, aipatzekoa da 1977ko martxoaren 4ko Lan Harremanen Lege Dekretuaren bitartez greba-komiteak ezarri zirela gatazkan zeuden langileen ordezkari gisa, nahiz eta greba bera honako parametro hauetan kokatu zuen Estatuak: batetik, greba soilik lan zentroko ordezkarien 3/4ak onartuta eraman zitekeen aurrera; greba-komiteek gehienez ere 12 kide izan zitzaketen; greba-eskubidea baliatzeak ezingo zuen zigorrik ekarri; ezingo ziren enpresatik kanpoko langileak kontratatu grebak irauten zuen bitartean; eta propagandarako eta diru-bilketetarako baimena ematen zen. 

Hala ere, muga nabarmenak ekarri zizkion langileen antolakuntzari: sektore ekonomiko estrategikoetako grebak, ardura-grebak edota txandakako grebak ilegaltzat jo ziren; Gobernuak ahalmena zuen nahi izanez gero greba indarrez bukarazteko eta zerbitzu publikoetan zerbitzu minimoak ezar­tzeko; eta, garrantzitsuena, motibazio politikodun edota elkartasunez bultzatutako greba guztiak ilegalak bihurtu ziren handik aurrera.

Beraz, askatasun sindikalez mozorrotutako legedia berri hark ateak itxi zizkion, nolabait, langile mugimenduaren antolakuntza politikoari, lan zentroetako borrokak ahalik eta gehien murriztuz eta lokalizatuz eta langile mugimenduaren batasuna hautsiz, bai eta atomizazioa bultzatuz eta lan sektorekako egiturak eta mekanismoak ezarriz ere.

Greba mota berrien legeztatzeak soilik langileen lan baldintzen inguruko grebak onartzen zituen, eta horrek nolabaiteko arbitrariotasuna eragin zuen; finean, Estatuak erabakitzen zuen elkartasun grebak edota greba politikoak ziren; hala, Estatuak arbitrarioki, bere interes politikoen [sic] arabera, erabakitzen zuen zein greba zen politiko, zein elkartasunezko, eta zein legezko. 

Estatuak erabakitzen zuen elkartasun grebak edota greba politikoak ziren, finean; hala, Estatuak arbitrarioki, bere interes politikoen arabera, erabakitzen zuen zein greba zen politiko, zein elkartasunezko, eta zein legezko

Azkenik, 1980an, Langileen Estatutua onartu zen; kode laboral hark azken bultzada eman zion prozesu instituzionalizatzaileari. UGTk eta PSOEk sostengatutako ituna izan zen, eta lan merkatuaren erreforma ekarri zuen: lehen aldiz, aldi baterako kontratuen figura sortu zen, sindikatuek kontrolatutako enpresa-batzordea marko ahalguztidun bihurtu zen, eta sistema elektoralaren arau berriak ezarri zituen. Handik aurrera, soilik enpresako komiteak dei zitzakeen langileen asanbladak, edo, bestela, lan zentroko langileen herenak. Horrekin eman zitzaion amaiera langileen antolakuntza zeharo murriztu eta azpiratu zuen prozesuari.

Laburbilduz, Frankismoak 1959ko Estabilizazio Planean izan zuen bere inflexio punturik sakonena, orduan erabaki baitzen, autarkiak eragindako porrot ekonomikoa eta isolamendu internazionala hausteko nahimenak bultzatuta, marko ekonomikoetan aldaketa bat gauzatzea. 1959ko Estabilizazio Planak kanpoko inbertsiorako irekiera, planifikazio ekonomikoa, Administrazioaren erreforma, eta hezkuntza eta osasun publikoaren zabalpena bultzatu zituen, hein batean. Frankismoak eskuartean zuen garapen proiektua aldi berean ekonomikoa eta soziala zela esan genezake: barne produktu gordina (BGP) handitzea, industrializazioa, kontsumoa eta bizi-maila hobetzea, eta hezkuntza hedatzearekin batera, beharrezkoa zen langile klasearen segmentu zabalak Estatuan integratzea.

Erregimenaren politika ekonomiko berri hura ez zen inoiz Francoren gustukoa izan, hark sendo eusten baitzien ideia tradizionalei eta ez baitzen inoiz pauso hori emateaz konbentzitua egon. Nolabait esatearren, diktadorea azkena izan zen garapenaren ideiara batzen, baina bere egiten jakin zuen. Askotan Estabilizazio Plana Frankismoaren aldaketa soil gisa ulertzen den arren, egiazki Espainiako ekonomiaren internazionalizazioaren eran­tzule izan zen. 

Askotan Estabilizazio Plana Frankismoaren aldaketa soil gisa ulertzen den arren, egiazki Espainiako ekonomiaren internazionalizazioaren erantzule izan zen

Gorteetan Ullastres eta Navarro Rubio ministroek Bretton Woods sistemaren errezeta bera proposatu zuten, ortodoxia liberal kapitalista eta aurrekontu zorrotzak ezarriz. Oro har, Estatu Batuek mundu-mailako ordena ekonomikoa bereganatzeko egindako enegarren saiakeraren adibidea izan zen. Hain justu, garai hartako adibideak sobera daude: Boliviako Eder Plana (1956), Argentinako Estabilizazio eta Garapen Plana (1958), Frantziako presidente De Gaullek bultzatutako Pinay-Rueff Plana (1958), eta Txilek 1959an martxan jarritako Estabilizazio Ekonomikorako Plana. Den-denak AEBko organismo ekonomiko eta finantzarioek kudeatuak.

Aldaketa hark “urrezko garaia” deitu izan zaion garapenaren aldia ekarri zuen, oparotasun ekonomiko handiko garaia, alegia. Hala ere, 70eko hamarkadatik aurrera, ekoizpen sistema kapitalistak mundu osoan izandako krisi larriak egoera hori goitik behera aldatu zuen. Hain zuzen, testuinguru berri hura egokitu zitzaion Trantsizioari, eta ezegonkortasun ekonomiko larri hari Espainiako Estatuko ezegonkortasun eta ziurgabetasun politikoa gehitu zitzaion, Francoren heriotzaren ostean. 

Diktaduraren amaierak eta Espainiako ekonomia mundu mailako zirkuitu ekonomikoetan txertatzeko nahiak bultzatuta, Moncloako Akordioek eta 1978ko Konstituzioak berme juridiko, politiko eta ekonomikoak jarri zituzten abagune berriari erantzuteko. Era berean, arlo laboral eta sozialean izandako aldaketek eta hartutako neurriek borroka antifrankistaren oinordeko ziren antolakunde erradikalizatuenen erantzuna apaltzea izan zuten helburu.

Krisi testuinguru betean, hortaz, lehentasun handia eman zitzaion Estatuko goi aparatuetan Espainia Europako erakunde ekonomiko nagusienetan txertatzeko saiakerari. Jada Moncloako Akordioen garaian, Europako Ekonomia Erkidegoarekin (EEE) negoziazioak hasteko eskatzea erabaki zen. Horrela, Espainia hautagai ofizial bihurtu zen eskubide osoko kide gisa EEEn, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoan (IAEE) eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoan (Euratom) sartzeko. 

Askok Trantsizioaren amaiera 1982ko PSOEren hauteskundeetako garaipenarekin lotzen badute ere, argitu beharra dago PSOE beti izan zela trantsizio politikaren erdiguneko agentea. Beraz, 1982an baino, 1986an kokatu genezake prozesu luze honi amaiera eman zion unea, hain justu urte hartan eman bai­tzitzaion amaiera 1959ko Estabilizazio Planetan hasitako ibilbideari, Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartu zenean.

Dena den, PSOEk aurrera eraman zuen politika ekonomikoa aurreko gobernuarekiko kontinuista izan zen. Estatuak jardunbide ekonomikoa gidatzeko zuen indar mugatu hori merkatu globalaren menpeko egitura supranazionalen esku gelditu zen, besteak beste Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF), Munduko Bankuaren (MB), Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) eta Europako Ekonomia Erkidegoaren (EEE) patroien esku, alegia. Martinez González-Tablasek ondo definitu zuen metaketa-ziklo berri baten aurrean Kapitalaren ezkerrak izan zuen paper protagonista España 1988: un balance liburuan: 

“La crisis económica planteaba problemas de fondo a la regulación de las sociedades occidentales. El modelo de acumulación se encontraba agotado y las funcionalidades sobre las que se había asentado aparecían ahora como obstáculos para su recomposición. La integración de la clase obrera a partir de una lógica productivista, la sociedad de consumo basada en la progresión de los salarios reales, el propio protagonismo del Estado-gestor y garante del bienestar, surgían como barreras para el necesario saneamiento que tenía que proceder a un nuevo modelo de acumulación. Cuando la derecha encontraba dificultades para implantar la austeridad e imponer las nuevas reglas del juego, se abría la posibilidad de una opción de izquierda”.

PSOE 1982an boterera iritsi zen momentuan, Moncloako Akordioetan jasotako lehen doikuntzek ezarritako helburuak baino are handinahiagoak ezarri zituen alderdiak. 1983-1986 aldirako Epe Ertaineko Programa Ekonomikoak oinarrizko lau helburu hauek lortzearen garrantzia nabarmentzen zuen: inflazioa EEEren mailetara murriztea; inbertsioak berreskuratzeko enpresa-soberakinak handitzea; merkatu-ekonomian oinarritutako zurruntasun ekonomikoa malgutzea eta liberalizatzea, eta industria birmoldatzearen bidez eskura zegoen produkzio egitura krisi ekonomikora “egokitzea”. 

Politika berri horren ondoriorik larriena langabeziaren hazkundea izan zen; Espainiako Estatuko biztanleria aktiboaren langabezia-tasa %22,1ekoa zen 1985ean; 1982an, aldiz, %16koa zen. 

1982-1985 aldirako Epe Ertaineko Garapen Programak merkatu, zerbitzu eta kapitalen liberalizazioa, malgutzea eta lehia zabaltzearen garrantzia nabarmentzen zuen, eta enpresa-soberakinen berreskurapena ziurtatzeko interesa areagotzen zuen.

Kontuak kontu, azkenean Espainiak 1986ko urtarrilaren 1ean lortu zuen, krisialdi bete-betean, Europako Ekonomia Erkidegora (EEE) sartzea; hala, bukatutzat jo ziren 1959ko Estabilizazio Planekin abiatu ziren saiakerak. Espainia EEEn sartzerako unean, langile mugimenduaren panorama benetan kezkagarria zen. Miren Etxezarretak ezin hobeki azaltzen duen moduan, 80ko hamarkadan bizitza sozialak zituen baldintza berriek EEEn sartzearen onarpen pasiboa eragin zuten. Langabeziaren datu beldurgarriek mehatxatutako langileriari sinetsarazi nahi izan zitzaion EEEn sartzeak arazo hura konponduko zuela eta, gainera, sindikatuek Administrazio berriarekin izan zuten kooperazioak eta krisiaren aurrean langile mugimenduak erakutsi zuen gaitasun urriak akordio horien aurkako oposizio urri hura azaltzen dute.

Esan dezakegu, beraz, 1959an hasi zen berregituratze ekonomikoa eta Espainia ekoizpen eredu kapitalista modernoan txertatzeko ariketaren lehen fasea hemen amaitu zela. Espainiako ekonomia ataka larrian zegoen momentu hartan, krisiak jota, eta enpresek eta langileriaren zati handi batek Europako marko transnazionaletan jarri zuten biziraupenaren esperantza.

Beraz, 1959an hasi zen berregituratze ekonomikoa eta Espainia ekoizpen eredu kapitalista modernoan txertatzeko ariketaren lehen fasea Espainia EEEn sartzearekin batera amaitu zen

Era berean, EEEn sartzeak salto kualitatibo erraldoia ekarri zion kapitalismo espainiarrari; izan ere, bertan txertatu izanak prozesu askoz ere zabalago bati ireki zion bidea, Espainiako merkatuak irekitzeari eta protekzionismo oro ezabatzeko bideari, alegia. Beste hitz batzuekin esateko, Europako merkatu bateratu batean integratzeko bidea hasi zuen Espainiak, azken finean. Besteak beste, EEEn sartzeak zenbait ondorio izan zituen: aduana-mugak ezabatzea herrialde komunitarioentzat, kanpoko tarifa komuna ezartzea, konpetentzia librerako trabak desagertzea eta prezioak ezartzeko erabakietatik kanpo geratzea. Beste modu batera esanda, subiranotasun ekonomikoa (eta, ondorioz, politikoa) Europaren esku geratu zen handik aurrera.

Europako Ekonomia Erkidegoan sartzearekin bat, subiranotasun ekonomikoa (eta, ondorioz, politikoa) Europaren esku geratu zen handik aurrera

Beraz, Trantsizio garaiaren funtsa, bere horretan, nekez uler genezake 1959ko Estabilizazio Planen nahia, 1977ko Moncloako Akordioen eta 1978ko Konstituzioaren garrantzia, eta arlo ekonomiko zein laboralean hartutako erabaki guztiak ulertu gabe. Diktaduratik “demokraziarako” saltoa 1975 eta 1978 artean gauzatu zela ikasi izan dugu beti, baina Espainiako ekonomiaren azpira­tze orokortua 80ko hamarkadan burutu zen. Bide horretan, Espainiak bultzatutako akordioak eta eredu laboral berria espainiar ekonomia Europako baldintzetara molda­tzeko eta langile mugimendua apaltzeko mekanismoak besterik ez ziren izan.

EZ DAGO IRUZKINIK