AKTUALITATEA / Palestina

Sionismoaren normalizazioaren aurka mobilizatuko dira bihar, Baionan

'Sionismoren normalizazioari EZ! Palestinaren aldeko borroken kriminalizazioari EZ!' lelopean, protesta egingo dute Herriko Etxearen aurrean. Izan ere, udal-kontseiluak bilkura egingo du bitarte horretan, eta udatik bertako alderdi politiko guztiek bat egin dute Palestinaren aldeko borroka kriminalizatzeko asmoz.
2026eko urriaren 14 - 11:06
Sionismoaren normalizazioaren aurka mobilizatuko dira bihar, Baionan
— ARGAZKIA Euskal Irratiak

Iparraldea Palestinarekin plataformak elkarretaratze bat antolatu du biharko, ostegunerako, Palestinaren aldeko mezuen kriminalizazioari aurre egiteko. Ipar Euskal Herriko Palestinaren aldeko kolektiboen sarea da hori, eta hitzordua finkatu dute dagoeneko: arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira, Baionako (Lapurdi) Herriko Etxearen aurrean. Hain zuzen, Baionako udaletxean Herriko Kontseilua bilduko da bihar bertan.

Mobilizazioa Baionako bestetako kriminalizazioa salatzeko probestuko dute. Izan ere, uztailaren 23ko udal-kontseiluan, hiriko bestak igarota, hainbat alderdi politikok hartu zuten hitza, Palestinaren aldeko borrokaren aurka egiteko asmoz: Frantziako Alderdi Sozialistako (PSF) ordezkari Henri Etxetok Baionako Jean Rene Etxegarai auzapezari Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) txosna jarri izana aurpegiratu zion, baita antolakunde sozialista "antisemitatzat" jo ere. Gainera, Iruñeko (Nafarroa) sanferminetako gertakariak ekarri zituen gogora Etxetok: ordu hartan, EHKSk pankarta handi bana zabaldu zuen txupinazoan, Destroy Israel eta Sozialismoa eraiki ziotenak. Mezu hori, bada, "Israelen aurkako gorrotozkoa" zela adierazi zuen PSFko ordezkariak.

Gauzak horrela, bilkura hartan Etxegaraik bat egin zuen Etxetok adierazitakoekin, eta EHKS bi zentzutan zela muturrekoa adierazi zuen: eskuin-ezker politikoko ardatzean, baita nazio-auzia ebazterako orduan ere. Baina Palestinaren aldeko borrokaren eta EHKSren kriminalizazioa ez zen horretara mugatu. Hain justu, zentro-eskuineko Renassaince zentro-eskuineko alderdiko Déborah Lupiens-Suarèsek "antisionismoa" "antisemitismoarekin" parekatu zuen, eta horrela, Israelgo Estatuaren existentziaren aurkako iritziak debekatzearen eta isilaraztearen alde egin zuen. Berdinketa hori egin zuenean, ordea, ez zion inork aurka egin. Are, EH Bai alderdiko Jean Claude Iriartek Etxetok adierazitakoaren "hitzez hitz" ados zegoela adierazi zuen, baina "Israelgo Estatua" eta "Israelgo Gobernua" bereizi omen behar direla.

Hori guztia dela eta, Sionismoaren normalizazioari EZ! Palestinaren aldeko borroken kriminalizazioari EZ! lelopean egingo dute protesta, herriko kontseiluan ordezkaritza duten joera politiko guztiek bat egin baitute Palestinaren askatasunaren aldeko borroka zikintzearekin eta kriminalizatzearekin.