Koreako gerra Bigarren Mundu Gerraren ondorengo lehen gatazka armatu handitzat har liteke; izan ere, bizkortu egin zuen nazioarteko agertokiaren berrantolaketa. Bertan, argi eta garbi ikusi zen bateraezinak zirela mundu berriko bi poloen interesak eta jarrerak: gudu-zelai horretan, bloke komunistako indarrak eta Mendebaldeko blokekoak aurrez aurre ipini ziren, gatazka beste eremu batzuetara hedatzeko beldurrez eta onddo nuklearraren itzalpean. Hurrengo orrialdeetan, Koreako gatazkaren gako eta gertaera historiko garrantzitsuenak aurkeztuko dira, NATOren sorkuntza-esparruan kokatu, eta gerrak azken horren garapenenean izan zuen papera aztertzearekin batera.

Testuinguru historikoa
Koreako penintsula Japoniar Inperioak okupatu zuen, 1905etik 1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitu arte. Penintsula horrek berebiziko garrantzia zuen Japonia Inperialarentzat, uhartearen hedadura geografikoa nahiko txikia zelako eta, gainera, lehengaietan urria. Beraz, Koreako lurmuturra balio handiko kolonia izan zen espantsionismo japoniarrarentzat: baliabide-erreserba handiak zituen (magnesita, ikatza, burdina, beruna edo urrea, adibidez, gehienak iparraldean kokatuak), uhartetik nahiko gertu zegoen (herrialdearen industrializazio nazionalerako gakoa), eta balio geoestrategiko handia zuen, Itsaso Horiaren eta Japoniako Itsasoaren artean kokatuta baitzegoen. Mantxuria eta Taiwanekin batera, Japoniar Inperioak industrializatutako kolonia bakanetakoak izan ziren, eskala handiko lehengaiak erauzteko eta eraldatzeko, ondasun erdilanduak ekoizteko edo beste industria batzuetarako makineria ekoizteko helburuak zituztenak. Ildo beretik, 1942an, inbertitutako kapitalaren %1,5 korearra zen.
Koreako gerran argi eta garbi ikusi zen bateraezinak zirela mundu berriko bi poloen interesak eta jarrerak: gudu-zelai horretan, bloke komunistako indarrak eta Mendebaldeko blokekoak aurrez aurre ipini ziren, gatazka beste eremu batzuetara hedatzeko beldurrez eta onddo nuklearraren itzalpean
AEBk ere interes handia izan zuen penintsulan, XIX. mendetik jada, kapitalismo gorakorraren lehen urteetatik. 1882an, orduko Koreako erresumarekin itun bat sinatu zuten (Treaty of Peace, Amity, Commerce and Navigation); horren bidez, estatubatuarrek penintsulako baliabideetara sarbidea lortu zuten, bai eta azpiegiturak (elektrizitatea eta garraioa) garatzeko eskubidea eta Asia eta Ozeano Bareko operazioetarako enklabe bat ere. Akordio hori japoniarren okupazioarekin batera desagertu zen.

Gerren arteko garai horretan, tentsio inperialistak umoturik zeuden jada, eta japoniar zapalkuntza eta dominazioa areagotu egin ziren eskualdean. Nekazarien eta hirietako proletarioen aurkako estatuaren esplotazio bortitzari proiektu nazional japoniarra gehitu zitzaion, zeinak kolonietako herriak proiektu inperialean asimilatzeko helburua baitzuen. Kulturari dagokionez, Koreako sinbologia debekatu egin zen, hezkuntzan alfabeto korearra ezabatu eta korear izenak homologo japoniarrekin ordezkatzera behartu zen. Horrek guztiak 1895-96 urteaz geroztik eratzen ari zen identitate nazional korearra ezabatzea zuen xede, hain zuzen ere, nipondarrak penintsulan sartzeak ekarritako erreakzioa etetea. Bestalde, esparru politikoan, Japoniar Inperioak erresistentzia antijaponiarra zapaltzera bideratu zituen indarrak: erresistentzia horrek izaera liberaleko mugimendu etnonazionalista eta langile- eta nekazari-mugimendua biltzen zituen.
Bigarren Mundu Gerraren amaierak Japoniako inperioa desegin zuen Ekialdeko Asian. Korean, Mantxuriatik eta hegoaldeko kostaldetik sartzea adostu zuten, hurrenez hurren, SESBk eta AEBk 1945ean, Potsdameko Konferentzian
Menderakuntza inperialaren, kapitalismoaren hasierako garapenaren eta errepresio politikoaren testuinguru horretan, langile klaseak eta nekazariek iraultzaren alderdia eraikitzeko oinarriak jarri zituzten. Testu honen helburua ez da mugimendu komunista korearraren eta sozialismo jutxearen garapenaren azterketa marxista egitea, baizik eta Koreako gerra eta NATOren hasiera markatu zuten gako orokorrak azaltzea. Beraz, gai horri dagokionez, nahikoa da kontuan hartzea fakzioen arteko borroka ideologikoak eta Japoniako estatuaren errepresioak markatu zutela Koreako mugimendu komunistaren garapenaren historia. Koreako Alderdi Sozialista 1918an sortu zen, eta 1921ean Koreako Alderdi Komunista gisa birfundatu zen Shanghain (Txinan), Bigarren Internazionalaren porrotaren ondoren. Aldi berean, Irkutsken (SESB) Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren barruan Koreako atal bat antolatu zen. Eztabaida gogorren ondoren, atalek ez zuten bat egitea lortu, eta, azkenean, desegin egin ziren. 1925ean, Koreako bigarren Alderdi Komunista sortu zuten Sobietar Batasunean erbesteratutako matxinoek. Alderdi horrek, penintsulan finkatu ondoren, japoniarren okupazioaren errepresioari aurre egin behar izan zion, eta bere jarduera klandestinitatean gauzatu, alderdi komunistak debekatzen zituen Bakea Babesteko Legea zela eta. 1928an, Internazional Komunistaren 6. Kongresuan, alderdia Internazionalaren atal koreartzat hartu zen, baina urte horretan bertan berriro desegin zen, barne borroka ideologikoen ondorioz. Hala ere, 1930eko hamarkadan, komunista korear asko Txinara erbesteratu ziren. Handik, Txinako Alderdi Komunistarekin aliatuta, gerrilla operazioak abiatu zituzten egungo Ipar Koreako mendietan, eta japoniar okupazioaren aurkako gerrilla-borrokari hasiera eman zioten. 1931. urtean, Kim Il-sung buruzagi historikoa militatzen hasi zen, eta gerrillaren buruzagi nabarmenetako bat bihurtu zen. Mantendu zuten borroka luzeari esker, mugimendu komunistak sektore nazionalistei gailentzea lortu zuen erresistentzia antinperialistan zehar. Hala, indar hegemoniko bilakatzea eta erresistentzia antijaponiarra are gehiago polarizatzea lortu zuten.
Bigarren Mundu Gerraren amaiera: paradigma aldaketa (1945-1950)
Aliatuen garaipenak eta Ardatzaren porrotak nazioarteko paradigma berri bat ireki zuen. Paradigma berri horrek taula gainean bi eragile handi zituen: Sobietar Batasuna, alde batetik, eta Estatu Batuak, bestetik. Lehena piztia naziaren garaile militar eta politikoa zen, Bigarren Mundu Gerran 26 milioi hildako baino gehiago izan zituena; beraz, borroka antifaxistan izan zuen eginkizun erabakigarriari esker bere ospea areagotu egin zen. Zer esanik ez faxismoaren aurka abangoardian egon ziren Europako eta Asiako herrialdeetako Alderdi Komunistei buruz. Bigarrena ekonomikoki abantailatsu atera zen munduko gatazkaren amaieran: batez ere gerran berandu sartu izanari esker (1941), baina baita gerra beste kontinente batean (bere mugetatik urrun) gertatu izanari esker ere, herrialdeari zuzenean eragin gabe. Kalkuluen arabera, 400.000 soldadu estatubatuar hil ziren gatazkan, hau da, gerrako hildakoen %1 eta sobietar hildakoen %2.

Bigarren Mundu Gerraren amaierak Japoniako inperioa desegin zuen Ekialdeko Asian. Korean, Mantxuriatik eta hegoaldeko kostaldetik sartzea adostu zuten, hurrenez hurren, SESBk eta AEBk 1945ean, Potsdameko Konferentzian. Urte bereko abuztuan, Armada Gorriari errenditu zitzaion japoniar armada penintsulako iparraldean, eta hilabete beranduago estatubatuar tropei hegoaldean. Horrela, penintsula bi potentzien artean banatzea adostu zuten, aldi baterako behintzat: zatiketa-lerroa 38. paraleloan markatu zuten, etorkizunean bateratzeko asmoarekin. Banaketa hori geroago gerran parte hartu zuen Douglas MacArthur jeneralak defendatu zuen; izan ere, Seul alde estatubatuarrean egotea bermatu nahi zuen, penintsulako hiriburu historiko eta administratiboa, eta komunikazio-nodo garrantzitsua. Horrela, 1946an, Koreako Herri Errepublika Demokratikoa (KHED) sortu zen iparraldean, Kim Il-sung buru zela. Hegoaldean, berriz, Syngman Rhee nazionalistak gidatutako gobernu militarra ezarri zen, japoniar okupazioaren garaiko burokraziarekin eta poliziarekin lotura estuak zituena, eta, bietatik, sortu berri zen NBEk onartutako legezko gobernu bakarra izan zen. Aipatu behar da hegoaldeko gobernua 1948an eratu zela, AEBk eta NBEk ikuskatutako hauteskunde batzuen ondoren. Hauteskunde horietan, komunistek parte har zezaten debekatu egin zen.
Arlo militarrean, Mendebaldeko susperraldi ekonomikoak aliantza militarra behar zuen, Ipar Amerikaren babesean berreraikitzen ari zen Europaren segurtasuna bermatuko zuen elkarte bat
Paraleloki, mundu mailako agertokia Mendebaldeko burgesiaren (zehazki iparramerikarraren) alde berrantolatzeko asmoarekin, Estatu Batuek Truman Doktrina eta Marshall Plana (arlo politikoan eta ekonomikoan, hurrenez hurren) jarri zituzten martxan 1947an. Truman Doktrinak euste-horma ideologikoa irudikatu zuen, etorkizuneko barne- eta kanpo-politika bloke komunistarekin talkan egitura zedin. Horrekin, mundu-ikuskera bi superpotentzia bateraezinetan banatzeaz gain, AEBk moraltasunez jantzi zuen bere burua, SESB (eta komunismoa) “munduko herri libreen askatasuna” suntsitzera zetorren mehatxu gorri gisa aurkeztu baitzen. Horrela esan zuen Trumanek 1947ko martxoan AEBko kongresuaren aurrean, Turkiari eta Greziako monarkiari laguntza ekonomiko eta militarrerako 400 milioi dolarreko partida eskatzeko egin zuen hitzaldian, biak ala biak beren lurraldeko mugimendu komunisten aurka lehian zihardutenak. Bestalde, Marshall Plana modurik onena izan zen AEBrentzat kontinente zaharreko esportazioei eusteko, baita Mendebaldeko Europako estatuek harekiko mendekotasuna mantentzeko ere, materialak maileguen bidez erosteari esker. Gainera, gizarte-ordena bermatzeko bidea ere bazen, Europa berreraikitzeko erakunde burgesak indartzen baitzituen eta alderdi komunistak jokoz kanpo utzi. Azken hori garrantzitsua zen, gerraosteko baldintza ekonomiko eta sozialek mugimendu komunistaren goraldirako oinarriak jartzen baitzituzten: alternatiba erakargarri bihurtzen zuten komunismoa, ez bakarrik Mendebaldeko Europan, baita periferiako herrialdeetan ere. Horri gehitu behar zaio, baita ere, alderdi komunistek faxismoaren aurrean izandako erresistentzia heroikoak eman zien zilegitasuna.
Arlo militarrean, Mendebaldeko susperraldi ekonomikoak aliantza militarra behar zuen, Ipar Amerikaren babesean berreraikitzen ari zen Europaren segurtasuna bermatuko zuen elkarte bat. Beraz, 1949an Washingtonen Ipar Atlantikoko Ituna sinatu zen; alegia, NATOren konstituzioa. Egia esan, akordio politiko bat izan zen, erakunde militar bat eratzeko ituna bainoago. Esan beharra dago Europako burgesiak Bigarren Mundu Gerraren amaieratik jarria zuela martxan aipatu prozesua, Estatu Batuak alde batera utzita. 1947an, Frantziak eta Britainia Handiak Dunkerqueko Ituna sinatu zuten, Alemania berrarma zitekeen beldur. 1948an, Txekoslovakiako gertaerek bizkorturik, Bruselako Ituna sinatu zen, Britainia Handiaren, Frantziaren, Holandaren, Belgikaren eta Luxenburgoren arteko elkarrekiko segurtasun-akordio gisa, aliantza transatlantikorako oinarria. Horri dagokionez, asmo-adierazpen argia izan zen Ernest Bevin kanpo ministro laboristak esana: “Mendebaldeko estatuak batasun koherente batean antolatzearen” alde mintzatu zen, eta “amerikarrak barruan, sobietarrak kanpoan eta alemaniarrak azpian mantentzeko” bitartekoa zela ituna.

Ipar Atlantikoko Ituna sinatu eta hurrengo egunean, Bruselako Ituna sinatu zuten herrialdeek 1.314 milioi dolarreko laguntza militarra eskatu zieten Estatu Batuei. Laguntza horrek, gainera, Grezia, Turkia, Iran, Filipinak eta Korearako diru-partidak zituen, besteak beste; denak ala denak Truman doktrinari esker justifikatuak. Prozesu horrek guztiak agerian utzi zuen 1945ean jaio eta NBEn gauzatutako ustezko nazioarteko ordena adostua oskol huts bat baino ez zela.
Azkenik, gerraosteak ikuspegi militar iparramerikarra eraldatu zuen. Lehenik eta behin, defentsa-politika ardaztu zen planeta osoko aire- eta itsas-baseen sare baten eraikuntzan, eremu gatazkatsu eta interesgarrietan eragiteko gaitasunak handitzeko helburuarekin. 1946rako, AEBk base militarrak zituen Birmanian, Kuban, Fiji Uharteetan, Zeelanda Berrian, Ekuadorren eta Frantziako Marokon, besteak beste. Bestalde, yankien estrategek erabaki zuten teknologiak eta, bereziki, abiazioak eta bonba atomikoak gerraren artea aldatu zutela, eta, beraz, Mendebaldeko indar militarra munduko ordena berrian elementu nagusia izan zedin, puntu horiek kardinalak izan behar zutela.

Gerraren hasiera: 1950eko ekainaren 25a
Mendebaldeko kontakizun ofizialaren arabera, gerra Ipar Koreak hasi zuen: antza, 100.000 soldadu baino gehiagok, tropa sobietarrak tartean, 38. paraleloa zeharkatu eta Hego Korea inbaditu zuten, 1.400 artilleria pieza baino gehiagorekin eta 126 tankerekin (horiek ere sobietarrak). Bloke sobietarraren bertsioaren arabera, inbasioa hegoaldetik hasi zuten Hego Koreako eta Ipar Amerikako indarrek (aurretik penintsulan ezarritako tropek). Eztabaida historiografikoa alde batera utzita, Truman Doktrinan oinarritutako Mendebaldeko ikuspegitik, Koreako penintsula eremu erabakigarria zen komunismoaren hedapenerako, Ekialdeko Asiako oreka alda baitzezakeen, baita bere aliatuak ahuldu ere (Hego Korea, Japonia, Taiwan eta Filipinak). Ekainaren 27ko hitzaldi batean, Trumanek berak adierazi zuen “Korearen aurkako erasoak argi utzi zuela subertsiboa izatetik nazio independenteak konkistatzera igaro zela komunismoa, eta inbasio armatua eta gerra erabiltzeko prest zegoela”. Horren ondorioz, honako agindu hauek eman zituen: batetik, VII. Flota Taiwango itsasartera mugitzea; eta, bestetik, laguntzak handitzea, bai frantsesei Indotxinan, baita Filipinetako gobernu yankizaleari ere, garai hartan Huk gerrillaren aurka ari zena.
Eztabaida historiografikoa alde batera utzita, Truman Doktrinan oinarritutako Mendebaldeko ikuspegitik, Koreako penintsula eremu erabakigarria zen komunismoaren hedapenerako, Ekialdeko Asiako oreka alda baitzezakeen, baita bere aliatuak ahuldu ere
Ipar Koreako ejertzitoak bi fronte ireki zituen, penintsularen alde banatan. Ekainaren 28an, gatazka hasi eta hiru egunera, Ipar Koreako indar armatuek Hego Koreako hiriburua, Seul, atzitu zuten Mendebaldeko frontean. Ondorioz, hegokorearren eta yankien taldea atzera egitera behartu zuten, hain zuzen ere, Han ibaiaren hegoaldeko ertzera (hiriburuaren kanpoaldera). Era berean, Ekialdeko frontean ere atzera egin behar izan zuten. Irailaren 14rako, Ipar Koreako ekinaldia hain izan zen handia, ezen penintsula ia osoa Mendebaldeko indar militarretik askatuta baitzegoen. Pusan hiriaren inguruan defentsa lerro bat ezartzera beharturik egon ziren, hiri oso garrantzitsua logistika hegokorearrean. Hala, gerraren bigarren fasea hasi zen: yankien eta NBEren esku-hartze zuzena.

NBEko Segurtasun Kontseiluan, Ipar Atlantikoko Ituna sinatu zuten estatu guztien adostasunarekin, gatazkan esku hartzea erabaki zen, Hego Koreari laguntzeko. Dagoeneko gatazkan zeuden indar estatubatuarrei Australia, Belgika, Kanada, Kolonbia, Filipinak, Frantzia, Greziako Erresuma, Herbehereak, Zeelanda Berria, Luxenburgo, Erresuma Batua, Hegoafrikako Batasuna, Etiopiako Erresuma, Turkia eta Thailandia batu zitzaizkien. NBEko indarrak, MacArthur jeneralaren agindupean, Inchon hirian lehorreratu ziren, Seuletik oso gertu, etsaien lerroen eta komunikazio-lerro nagusiaren atzean. Horrek gerra frontea hautsi zuen, eta Ipar Koreako armadak bat-batean berrantolatu behar izan zuen. Irailaren 25ean, MacArthur jenerala eta Syngman Rhee Hego Koreako presidentea Seulen sartu ziren. Ordurako, Ipar Koreako armadak 50.000 baja eta 13.000 gerrako preso zituela uste da. Indarrak oso murriztuta, gainerako armada iparraldeko mendietara itzuli zen, 38. paraleloa igarota, eta une horretan hasi zen Mendebaldeko erasoa Ipar Korean. Soldadu-, ontzi- eta aire-nagusitasunari esker, 1950eko urrian Pyongyang hartzea lortu zuten, eta Ipar Korearen bi heren hartu zituzten Yalou ibaiaren inguruetaraino. Hala ere, urtebete lehenago sortutako Txinako Herri Errepublikaren muga zen hori, eta horrek zuzenean parte hartzera behartu zuen Txina.

1950eko urriaren 16an, Txinako soldaduek Yalou ibaia zeharkatu zuten, eta Koreako lurretan hedatzen hasi ziren. Esku-hartze horren arrazoien artean txinatarren eta sobietarren arteko harremana zegoen. Errusiaren eta AEBren arteko zuzeneko borrokak nazioarteko tentsioak areagotu zitzakeen, mehatxu atomikoa barne. Horrez gain, sobietarrek ezin zuten onartu KHED erortzea: erregimen hori eraikitzen lagundu zuten, eta, galduz gero, erregimen erabat antikomunista ezartzea ekarriko zuen, estatubatuarren eta japoniarren interesekin aliatua. Ez hori bakarrik, kanpotik ahultasun-
sintoma gisa ikusiko zen. Bestalde, txinatarrak gerran sartzeak arrisku handiak zekartzan, hala nola gerra eskualdeko gatazka batera hedatzea, edota Korearekin muga egiten zuen Mantxuriako eskualdea arriskatzea (Txinaren industria-eremu garrantzitsuenetakoa). Era berean, ekintza horrek Taiwanek Txina erasotzea eragin zezakeen ‒arrisku oso erreala, AEBk debekatu egin baitzuen Taiwan NBEren koalizio militarrean sartzea, horren beldur, hain zuzen ere‒, bai eta gerra zibila berriz hastea ere, oraingoan AEBk sostengatuta. Horrek guztiak kolokan jar zezakeen herrialdearen berreraikuntza ekonomikoa, ordura arte japoniarren okupazioak, Bigarren Mundu Gerrak eta Txinako gerra zibilak suntsiturik utzi baitzuten Txina. Horregatik guztiagatik, aipatutako ondorio guztiak ahal zen neurrian saihesteko, irtenbide txinatarra “boluntarioen” armada bat sortzea izan zen, armada baten arauzko intsigniarik gabe. Horrela, bada, AEBk bere interesak defendatzeko NBEren mozorroa erabiltzen zuen bezala, txinatarrek erakunde hori sortu zuten beren tropak ezkutatzeko. Era berean, erabaki horrek egoera tenkatu zuen, eta MacArthur jeneralak Txinaren aurkako bonbardaketa atomikoa proposatu zuen. Eskaera horren ondorioz, beste erabaki txar batzuekin batera, Trumanek kargutik kendu zuen MacArthur jenerala, eta Matthew Bunker Ridgway jeneralak ordezkatu zuen.
Ustezko boluntario txinatarren sarrerak balantza desorekatu zuen Ipar Korearen mesedetan. P’eng Teh-huai txinatar mariskalaren gidaritzapean, Ipar Koreako indarrek aurrera egin zuten hiru ardatz nagusitan zehar, eta azaroaren amaierarako etsaien indarrak Pyongyangerantz erretiratzera behartu zituzten, Ekialdeko frontean Hungnam eta Wonsan portuetarantz atzera egiten zuen bitartean. Urtarrilaren 1ean, Nazio Batuen frontea Seulera bultzatu zuen beste erasoaldi bat egin zuten, eta urtarrilaren erdialdean Pyongtaek–Wonju–Samchok marraraino atzeratu zituzten. Ridgway jeneralak, aireko laguntza garrantzitsua medio, xeheki planifikatutako zenbait operazio egin zituen, martxoaren 14an Seul berreskuratzea eta ondoren frontea berriro iparralderantz aurreratzea ahalbidetu zutenak, 38. paralelotik 250 kilometro iparraldera zegoen lerro batean egonkortu arte.
Gerraren geldialdia eta armistizioa (1951-1953)
1951n 38. paraleloan zehar gerra-frontea finkatu ondoren, gerra hainbeste gelditu zen, ezen armistizio batekin bukatu behar izan baitzen. Bando bakoitzak erasoaldi txikiak egin zituen etsaien lurraldean, baina lur-eremu nabarmenik bereganatzerik lortu gabe; izan ere, gerrarekiko gogaitasuna handia zen ordurako, eta tropak ez ziren hastapenean bezainbeste mugitzen. Fase berri horretan, AEBk Ipar Korea bonbardatzeko kanpaina gogor bati ekin zioen, eta 635.000 tona lehergai eta 32.000 tona napalm jaurti zituen. Eraso horien helburuak ez ziren soilik militarrak izan, baita zibilak ere: adibidez, Pyongyangetik gertu zeuden 422.000 akre arroz-sailak erasotu ziren, oinarrizko elikagai horren eskasia eta gosetea sortzeko. Ondorioz, etsaiaren lerroak eta morala murriztu, eta, aldi berean, tropak gune horietara mugitzera eta Txinari laguntza eskatzera behartzea zen asmoa, lurreko garraio-bideak gainkargatzearekin batera. Estatubatuarrek bost ur-presa ere eraso zituzten, hiriburukoa barne, helburu berarekin: hiria urez betetzea eta arroz-
soroak itotzea.

Gerraren geldialdiak iraun zuen bi urteetan, bi aldeak negoziatzen saiatu ziren, 1953ko ekainaren 27an Panmunjomen armistizioa sinatu zuten arte. Armistizio horrekin liskarrak amaitu ziren, baina ez gerra. Alderdi komunistaren aldetik, sinatzaileak Kim Il-sung eta Nam Il izan ziren Ipar Korearen izenean eta P ‘eng Teh-huai Txinako Boluntarioen Herri Armadaren izenean. Mendebaldeko indarren aldetik, Mark W. Clark jeneralak eta William K. Harrison Jr. tenienteak Estatu Batuak eta Nazio Batuak ordezkatu zituzten. Nahiz eta Koreako Errepublika 1948tik ezarrita egon, urte horietan Washingtonen apendize bat besterik ez zen, eta, beraz, estatubatuarrek sinatu zuten. Armistizioak, bada, penintsula bitan banatu zuen; baina gatazkaren hasierako kausek bere horretan iraun zuten. Zatiketarekin, Koreako Eremu Desmilitarizatua sortu zen, azken gerra-frontearen inguruan egindako demarkazio-militarreko lerroa; horrez gain, tarteko euste-eremua definitzen zuen.
Koreako gerraren ondorio nagusia, NATOren garapenari dagokionez, haren militarizazioa bizkortzea izan zen; izan ere, erakunde militar gisa eratzeko oinarriak jarri zituen
Hego Korearen kasuan, nolabaiteko autonomia eta subiranotasuna zuen estatu bihurtu zen, baina AEBko egitura eta estrategia militarren mende zegoen erabat, Taiwanekin eta Filipinekin gertatu zen bezala. Ordutik, yankientzako oso gune garrantzitsua bihurtu zen penintsula Asiako eta Pazifikoko eskualdean, batez ere SESBren aurkako gerra hotzaren oinarri gisa. AEBren interesekiko subordinazioa hain izan zen handia, ezen, KHEDrekin gerra piztuz gero, aginte militar estatubatuarrak hartuko zuen kontrol operatiboa, eta gatazka AEB-
Ipar Korearen mailara pasako zen.

Aliantza politikotik erakunde militarrera
Sortu berria zen NATOk gatazkan zuzenean parte hartu ez bazuen ere, Koreako gerrak eragin nabarmena izan zuen haren garapenean. Gatazkaren ondorio nagusia, arlo horretan,
NATOren militarizazioa bizkortzea izan zen; izan ere, erakunde militar gisa eratzeko oinarriak jarri zituen. Bigarren Mundu Gerrarekin gertatu zen bezala, gatazka horrek esparru politikoan, ekonomikoan eta militarrean izan zuen eragina.
Politikoki, bi potentzia handien interesak bateraezinak zirela berretsi zuten estatubatuarrek. 1950ean, gerraren hastapenetan, Paul Nitze AEBko Estatu departamentuko ondorengoak, bere aholkulariekin batera, NSC-68 txostena egin zuen. Txosten horrek adierazi zuen ezin zituztela etsai sobietarrak politikoki geldiarazi, eta, beraz, garaipenak bide militarretik etorri behar zuela. Gerren arteko garaitik sortzen ari zen jarrera argitzeaz gain, esparru ideologiko bat eraiki zuen: hain zuzen, AEB askatasunaren eta tolerantziaren ordezkari gisa aurkezten zuen, “komunismoaren autoritarismoaren” mehatxuaren aurrean. Mendebaldeko herrialdeek zalantza izpirik gabe onartu zuten ikuspegi berri hori, eta NSC-68 txostena estrategia politikorako eredutzat hartu zuten. Izan ere, sobietarrek Asia desegonkortzeko Ipar Korea erabili bazuten, gauza bera egin zezaketen Kontinente Zaharrarekin.

Ekonomiaren arloan, Hego Koreako gerrak AEBko gastu militarrean ordura arte egindako igoerarik handiena justifikatu zuen. 1950ean, Estatu Batuetako gastu militarra 13.000 milioi dolarrekoa zen (NPGaren %4,8), eta 1953an, gatazka amaitu zenean, 48.700 milioi dolarrera igo zen, NPGaren %13.5. NATOko herrialdeek ere biderkatu egin zuten gastu militarra NSC-68ren politikara atxikitzean eta Koreara tropak bidali ondoren: gerraren hasierako 25.000 milioi dolarretik 1953ko 60.000 milioira, Europa suntsitu zuen mundu mailako gerratik urte gutxira.
Gertaera eta aldaketa horiek guztiek bataiatu zuten NATO, bere klase-interesak edonon eta edonola defendatzeko prestatutako erakunde militarra
Arlo militarrean, NATO erakunde militar gisa eratzeko urrats ugari eman ziren. Lehenik eta behin, 1950ean, Ituneko indar militar guztiak Eisenhower jeneral estatubatuarraren komandantzia gorenaren pean jartzea erabaki zuen Kontseilu Atlantikoak, eta horrek gaur egun arte mantendu den ohitura bati eman zion hasiera, ordutik komandante guztiak yankiak izan baitira. Horren ondoren, 1951n, Defentsa Batzordea eta Defentsa Ekonomiko eta Finantzarioko Batzordea sortu ziren, nazio guztietako ordezkari iraunkorrekin, eta NATOren oinarri estrategikoa ordezkatzen duten hiru kuartel estrategiko ere eratu ziren: Aginte Aliatua Europan (ACE), Aginte Aliatua Atlantikoan (ACLANT) eta Aginte Aliatua Kanalean (ACCHAN). Bestalde, NATOk bere eragina eta antolaketa geografikoki hedatzen jarraitu zuen. 1952an, Grezia monarkikoa eta Turkia integratu ziren, Truman Doktrinaz baliatu zirenak, eta soldadu militarrak bidali zituzten Koreara. 1955ean, Alemaniako Errepublika Federala ofizialki sartu zen Aliantza Atlantikoan, Frantziaren interesak alde batera utzita. Alemania berrarmatzeko apustua argia zen, NATOk Erdialdeko Europan zituen posizioak indartzeko. Ekialdeko Asian, AEBk 1954ko Manilako Ituna sustatu zuen, Asiako Hego-ekialdeko Itunaren Erakundea (SEATO) sortu zuena. Erdialdeko Asian, berriz, 1955eko Bagdadeko Ituna bultzatu zuen, eta itun horretatik sortu zen Itun Zentralaren Erakundea (CENTO). Horrek Sobietar Batasunetik, Ipar Koreatik, Ipar Vietnamdik eta Txinatik gertu estrategikoki kokatutako base militarrak hedatzea ahalbidetu zien. Beste alde batetik, puntu gorena New Approach doktrinarekin etorri zen. Doktrina hori MC-48 Batzorde Militarraren 1954ko dokumentuaren bidez ofizialdu zen. Bertan, arma atomikoen nagusitasuna planteatzen zen Sobietar Batasuna kikiltzeko indar militarraren bektore nagusi gisa. 1957tik aurrera, arma nuklear taktikoak hedatzen hasi ziren Europako lurretan, Estatu Batuetako agintarien kontrol bakarraren pean.
Beraz, gertaera eta aldaketa horiek guztiek bataiatu zuten NATO, bere klase-interesak edonon eta edonola defendatzeko prestatutako erakunde militarra. Hasierako urte haietan, yankien eragina erabat hedatu zen Mendebaldeko Europan. Kontinentea, zaurituta oraindik, Washingtonen babestu zen, bai ekonomia sendatzeko, bai segurtasuna gordetzeko ere. Testuinguru horretan, mendekotasuna hain bilakatu zen handia, ezen NATOren norabidea markatu zuen ahotsa, funtsean, Estatu Batuena izan baitzen.