Itxura latza dauka 2021. urteak. Hori bai, 2020an pandemiak ezustean harrapatu gintuen, eta aurten ezin horrela izan. Krisialdi ekonomiko ezin latzagoa ari gara bizitzen, eta are gordinagoa dena: mundu zahar bat ari da hiltzen gure muturren parean eta mundu berri bat jaiotzen. Krisialdi ekonomikoa, ekoizpen ziklo berria, kapitalismoaren azken astinduak… Era askotara izenda dezakegu bizi dugun egoera, baina zeintzuk dira momentuko erronkak komunistontzat? 2020. urtearen amaieran, Kontseilu Sozialistak aurkeztu ziren Euskal Herriko zenbait eskualdetan, sozialismoaren aldeko lerratze-lan ideologikoa egiteko, lanabes zehatzak eskaintzeko eta belaunaldiarteko lankidetza sustatzeko helburuekin. Ondorengo testuan, kontseiluentzako zenbait erronka proposatuko ditugu 2021. urterako. Horretarako, dualtasun baten bitartez ardaztuko dugu testua, hain zuzen, erronka praktikoena eta teoriko/kontzeptualena. Izan ere, praktika behar-beharrezkoa da indar metaketa gauzatzeko eta esperientziak pilatzeko eta ordenatzeko; arazo praktiko/estrategikoen nolakotasunaren kontzientziarik gabe, nekez ikus dezakegu zer den eta zer ez den beharrezkoa teoriaren garapenerako. Teoriak, berriz, arazo praktikoak askatzea ahalbidetzen digu, baita agerikoak ez diren zenbait arazo begiztatzea ere. Horrenbestez, Kontseilu Sozialistak gara daitezen, praktiko zein teorikoak izango dira urteroko erronkak.
PRAKTIKAN
Testuinguru zehatzetan esku hartzea da errealitatean sustraiak bota gura dituen edozein antolakunderen lehendabiziko betebeharra. Izan ere, indar-harreman politikoak asko alda daitezke denbora gutxian. Edozein unetan sor daitezke norbere posizioa hobetzea ahalbidetzen duten egoerak, eta, era berean, konturatu orduko, dimentsio handiko arazoen aurrean egon gaitezke. Horregatik, gure jardun propiotik harago begiratu behar dugu beti, errealitateari aurre egiteko. Aldaketak neurri murriztaileetan, polizia-gehiegikeria kasuak, lan-kaleratzeak, greba deialdiak zein askotariko erasoak esku-hartze lerro izan behar dira kontseiluentzat, proletalgoaren eguneroko bizitzarekin harremanetan jartzeko eta estrategiak masa zabalekin konektatzeko asmoa badute, behinik behin. Lan hori behar bezala gauzatzeko, beharrezkoa da militanteok testuinguru zehatzak modu egokian eta gure estrategiaren oinarriekin bat etorriz interpretatzeko behar beste gaitasun politiko eskuratzea, eta horrek esperientzia militantea metatzetik eta gaitasun teorikoen garapena batzetik eratorri behar du derrigorrez.
Beharrezkoa da militanteok testuinguru zehatzak modu egokian eta gure estrategiaren oinarriekin bat etorriz interpretatzeko behar beste gaitasun politiko eskuratzea, eta horrek esperientzia militantea metatzetik eta gaitasun teorikoen garapena batzetik eratorri behar du derrigorrez
Proletalgoaren eguneroko bizitzako arazoei erantzungo dieten lan erremintak sortzea. Horretarako, hainbat elementu hartu behar ditugu kontuan: zein diren estatu administrazioko aparatuak, zein karitatezko entitateek osa ezin dituzten arazoak, eta zenbatekoa den eremu horien estrategikotasun maila, besteak beste. Aitzitik, gure jarduna ez da gizarte kapitalistaren hutsuneak betetzean oinarritu behar, masa zabalak prozesu sozialista izendatzen dugun norabide horretan lerratzean baizik. Horrenbestez, antolakuntza bitartekoak eta militanteak ekoitzi behar ditugu. Antolakuntza formek egungo egoeraren eta prozesu sozialistaren garapenaren arteko bitartekaritza taktikoa egiteko funtzioa daukate, indar militanteen metaketa oinarri hartuta. Izan ere, argi eduki behar dugu proletalgo unibertsalaren arazoei erantzun iraunkor bat emateko bide bakarra klaserik gabeko jendartea eraikitzean datzala, eta ez unean uneko aterabide partzialak ematean. Militanteak ekoiztera begira, diziplina eta konpromiso gradu ezberdinei tokia emango dien antolakuntza ereduak sortzea garrantzitsua da. Hala ere, helburuak ez luke izan behar egungo gauzen egoera behin eta berriz erreproduzitzea, ahalik eta militantzia arduratsu, aktibo eta parte-hartzaileena eratzea baizik.
Aitzitik, gure jarduna ez da gizarte kapitalistaren hutsuneak betetzean oinarritu behar, masa zabalak prozesu sozialista izendatzen dugun norabide horretan lerratzean baizik. Horrenbestez, antolakuntza bitartekoak eta militanteak ekoitzi behar ditugu. Antolakuntza formek egungo egoeraren eta prozesu sozialistaren garapenaren arteko bitartekaritza taktikoa egiteko funtzioa daukate, indar militanteen metaketa oinarri hartuta. Izan ere, argi eduki behar dugu proletalgo unibertsalaren arazoei erantzun iraunkor bat emateko bide bakarra klaserik gabeko jendartea eraikitzean datzala, eta ez unean uneko aterabide partzialak ematean
TEORIAN
Testuinguruaren inguruko analisian sakontzea. Antonio Negrik Leninen inguruko liburu eder batean idatzi zuen modura, iraultzaile errusiarraren bertute nagusietako bat garapen kapitalistaren inguruko epe ertain-luzerako analisi zuzenak egitean zetzan, joerak irakurtzean, horrekin proletalgoaren abagune estrategikoa pentsagarria izan zedin. Guretzat ere berebiziko garrantzia duen ariketa da honakoa, eta horretarako, premiazkoa da lanaren banaketa intelektuala sistematizatzea: zein noranzkotan ari da garatzen kapitalismoa? Zein ezaugarri izango ditu mundu mailako ekoizpen ziklo berriak? Zertaz ari gara zehazki proletarizazio prozesuaz mintzo garenean? Horiek guztiak, bizkor baina modu zuzen batean erantzun beharreko galderak dira guretzako.
(...) premiazkoa da lanaren banaketa intelektuala sistematizatzea: zein noranzkotan ari da garatzen kapitalismoa? Zein ezaugarri izango ditu mundu mailako ekoizpen ziklo berriak? Zertaz ari gara zehazki proletarizazio prozesuaz mintzo garenean? Horiek guztiak, bizkor baina modu zuzen batean erantzun beharreko galderak dira guretzako
Kontseilu Sozialista Iruñerriako bozeramaileek GEDAR LANGILE KAZETAri eskainitako elkarrizketan adierazi dute kontseiluei esleitzen diotela, hain zuzen, denbora batera eskualdea baino eskala geografiko handiagoan antolatzeko helburua. Horretarako, ordea, kontseiluen garapen praktikoa eta euren funtzioen inguruan sakontzea hartzen dituzte beharrezko baldintzatzat. Hala, ekinbide praktikoari bidea argitzeko, ikerketa teorikoaren erronka izan behar luke antolakuntza formen hobekuntza errazteak. Alderdi komunistaren teoriaren nahiz historiaren ezagutzan aurrerapausoak ematea, edo nazio auziaren definizioan sakontzen jarraitzea, besteak beste, premiazko eginbehar teorikoak dira.
Hala, ekinbide praktikoari bidea argitzeko, ikerketa teorikoaren erronka izan behar luke antolakuntza formen hobekuntza errazteak. Alderdi komunistaren teoriaren nahiz historiaren ezagutzan aurrerapausoak ematea, edo nazio auziaren definizioan sakontzen jarraitzea, besteak beste, premiazko eginbehar teorikoak dira
Amaitzeko: orain arte esandakoarekin, kontseiluen garapen kuantitatibo eta kualitatibo baterako beharrezko elementuak zerrendatzen saiatu gara, modu orokorrean. Hori egingarri izan dadin, epe motzerako taktika eta pentsamendu estrategikoa uztartu behar ditugu, batak besteari tartea kendu gabe. Iraultzaileontzat pentsamendurik gabeko praktika ez baita inoiz aski izango, estrategikotasunik gabeko kritika izango ez den neurri berdinean.
HEMEN ARGITARATUA