Kartzela, gaur egun ezagutzen dugun bezala ulertuta, berri samarra da. Zibilizazioaren sorreratik giltzapetzeak erabili badira ere, orain mende gutxi arte akusatuarekin zer egin erabaki bitarteko neurriak ziren horiek. Gero, bere askatasuna erabakitzen zen “errugabea” zela ondorioztatzen bazuten ala, “erruduntzat” hartuz gero, zartadak jasotzera, tormentuetara edota hiltzera kondenatzen zuten. Gatibualdia, beraz, orainaldiko kartzelaldi prebentiboaren parekoa zen, epaitua izan arteko kustodia bat.
XVIII. mendeko bigarren erdialdetik aurrera hasten dira kartzelak erabiltzen zigor neurri modura, eta hau gertatzen da industria-iraultza gauzatzearekin batera edo, beste era batera esanda, feudalismotik kapitalismora emandako trantsizioaren testuinguruan. Ekoizpen prozesuan sartutako makineria berriak ekarri zuen, batetik, lan-esku kualifikatuaren soberakin taldeak agertzea eta, bestetik, hirigune handien sorrera eta ondoriozko migrazioak landa eremuetatik hirietara.
Egoera horretan, jende askok bizimodu berrian integratzeko zailtasunak topatu zituen, bai langabeziaren ondorioz zein ezarritako araudi moral eta legalei moldatzeko ezintasunagatik. Horrek guztiak bide eman zien alkoholismoari, prostituzioari eta eskaletasunari, ez modu indibidualean, baizik eta giza-talde zehatzei eraginez, pobreziaren agerpena fenomeno sozial modura markatuz.
Hau dela eta, kartzela gisara ezagutzen dugun instituzioa sortu zen, psikiatrikoen eta hospizoen moduko beste erakunde batzuekin batera. Ez zen sortu delinkuentziari erantzuna emateko bitarteko gisara, ordena sozialaren kontrakotzat hartzen zituzten populazio taldeak kaletik kentzeko neurri gisara baizik, pobreziarekin zuzenki lotuta.
Ia 300 urte pasatu dira ordutik, huskeria bat historia bere osotasunean hartuta baina, delinkuentzia aitzakiatzat jarrita, gaurko kartzela ere pobreen aurkako instituzio burgesa baino ez da. Kartzela bazterketa eta miseriaren ondorioz gizarte burgesaren parametroetan sartzen ez den oro kaletik ezabatzeko bitartekoa da gaur ere, XVIII. mendean bezala. Zer esanik ez militante politikoei dagokienean, izan ere, horiekiko helburua zigor eredugarria ezartzea baita, izua zabalduz sistemari aurre egiten diotenen militantzia baldintzatu nahian.
Kartzela bazterketa eta miseriaren ondorioz gizarte burgesaren parametroetan sartzen ez den oro kaletik ezabatzeko bitartekoa da gaur ere, XVIII. mendean bezala. Zer esanik ez militante politikoei dagokienean, izan ere, horiekiko helburua zigor eredugarria ezartzea baita, izua zabalduz sistemari aurre egiten diotenen militantzia baldintzatu nahian
Ezinbestekoa da kartzela zer den eta nola funtzionatzen duen ulertzea bere zeregina konprenitzeko. Kartzela, inoren birgizarteratzea bilatzetik urrun, presoaren pertsonalitatea eta borondatea mendean hartzeko tresna da. Bere oinarri nagusiak obedientzia eta sumisioa dira, eta horretarako espetxearen opakotasuna baliatzen du, era horretan, praktika legalak eta legez kanpokoak uztartuz.
Kartzela-sarean espetxe mota ezberdinak daude. Frantziako Estatukoek asimilazioari eta infantilizazioari ematen diete lehentasuna, Espainiako Estatukoek inposaketari garrantzia handiagoa ematen dioten bitartean. Estatu berean ere ezberdintasunak egon daitezke espetxeen artean, eta kartzelan bertan moduluek (espainiarretan) edo dibisioek (frantziarretan) presoen arteko ezberdintasunak ezartzen dituzte: errespetu moduluetatik, isolamenduetara; drogaren mendekoak gailentzen direnetatik, haxix saltzaileak gailentzen direnetara; hirugarren gradutik lehenengo gradura, eta lehenengo graduan, lehenengo fasean eta bigarren fasean daudenen arteko banaketa.
Kartzelak, beraz, kartzela mota asko barnebiltzen ditu bere baitan, presoaren jarreraren arabera hori are gehiago zigortzeko baldin eta makurtzen ez bada, ala malgutasun handiagoz jokatzeko zigorra onartzen badu. Bestetik, espetxe-legedia bi zutabetan oinarritzen da: eskubideena eta betebeharrena. Eskubideen zutabea presoek, bereziki preso politikoek baina kasu batzuetan preso sozial kontzientziadunek ere, egindako borrokaren ondorioz, oso borroka latzak sarritan, irabazitako arnasgune txikiak dira.
Balantza bat bailitzan, eskubideen zutabean irabazitako borroka bakoitzak betebeharren zutabearen zama arintzen laguntzen du, eta logika horretan kokatzen da estatuek betebeharren zutabe hori indartzeko eta eskubideena ahultzeko jartzen duten kemena. Lehen esan badugu kartzelak presoaren borondatea apurtzea bilatzen duela, preso politikoaren kasuan saiakera hori alderdi pertsonaletik harago doa, garaitu beharrekoa kolektibo politiko oso baten borondatea izanik.
Arestian aipatu bezala, espetxeak opakutasuna erabiltzen du, bere errepresio-dinamikan, praktika legalekin batera legez kanpokoak garatzeko. Kartzelan gertatzen dena kartzelan gelditzen da gehienetan. Ezinbesteko papera jokatzen dute hemen kartzelazainek, betebeharren arloa metodikoki betearaziz, eskubideena sarritan bete gabe uzten duten bitartean. Oraindik gordinagoa da, espetxezain horiek presoak jipoitzeko, zigor ziega berezietako ohean hainbat egunez lotzeko edota beste era batzuetako gehiegikeriak eta torturak aurrera eramateko jarrera hartzen dutenean.
Oraindik gordinagoa da, espetxezain horiek presoak jipoitzeko, zigor ziega berezietako ohean hainbat egunez lotzeko edota beste era batzuetako gehiegikeriak eta torturak aurrera eramateko jarrera hartzen dutenean
Legez kanpoko praktiken artean, modu sotil bezain hilgarrian ezartzen den osasun-arreta eza dago. Sevilla II-ko isolamendu moduluan, koronabirusak elkarrizketa guztiak pilatzen dituen honetan, hilabete oso bat daramate medikuaren bisitarik izan gabe. Hori bai, isolamendura kondenatu dituzte Espainiako zein Frantziako Estatuetako kartzeletan dauden preso guztiak, gaixorik daudenei, prebentiboei edota zigorrak ia beteta dituztenei etxera joateko aukerarik eman gabe.
Zenbat preso hiltzen diren urtero Frantziako eta Espainiako Estatuetako kartzeletan laguntza mediko-psikologikoa ukatu dietelako! Preso politikoen kasuan, eritasunen batek jota daudenen askatasun aukera guztiak, estatuentzat, damutzetik pasatzen dira ezinbestean. “Damutu zaitez ala hil” esaten diete, dispertsioa eta urrunketaren bitartez “damutu zaitez ala zure senideek odolez ordainduko dute” esaten dieten bezala. Etengabeko xantaia zitala.
Begi-bistakoa denez, kartzelak ez dira inola ere inor birgizarteratzeko lanabesa, langileria zanpatuta mantentzeko burgesiaren kontzentrazio-esparruak baizik. Harresien alde honetan, alabaina, ez gara libreak, kapitalismoa eta inperialismoaren preso baizik. Kartzelaldi arindu batean bizi gara, zeinetan presoen kasuan bezala, eskubideen esparruan askatasun apur batzuk eskuratzeko borroka egitea ezinbestekoa den. Kalean emandako borrokek, gainera, eragin zuzena dute kartzeletako dinamiketan, alde bietako borrokak bat eta berbera direlako.
Euskal Herri independente eta komunistaren eraikuntzan ezin dugu amnistiaren aldeko borroka bazterrean utzi. Amnistia errepresaliatu politiko guztien askatasunaren alde, amnistia militante horiek borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditzearen alde, amnistia borrokaren zilegitasunaren alde eta errepresioaren onarpenaren kontra. Borroka komunista, justizian oinarritutako kartzelarik gabeko gizarte baten alde. Barruan zein kanpoan, bietan jarrai!
Euskal Herri independente eta komunistaren eraikuntzan ezin dugu amnistiaren aldeko borroka bazterrean utzi
HEMEN ARGITARATUA