Kamarilla militar batek, estatu kolpe bat eta guda zibil bat tarteko, alderdi faxista ahul bat boterera eramanda –eta hori elementu afaxistekin eta karlistekin batuta– sortutako erregimen hibrido bat izan zen, Munduko Gerraz haraindi iraun zuena, oportunismo politikoa, egokitzeko gaitasuna, barne errepresio bortitza, aldeko masa mobilizazio txikia baina –errepresioaz paradoxikoki–, herritarren aldetik «tolerantzia» oso handia izan zituena. Hori dela eta, erregimen horren eta faxismoaren arteko harremana (faxismoa ideologia bezala edo ideien ontologiaren esparruko zerbait gisa hartuta) kokatzeko moduak eztabaida historiografiko handiak piztu izan ditu. Idatzi labur honetan harreman horretaz arituko gara, batez ere, frankismoaren aurreko garaian gerora erregimen hori osatu zuten elementuen «kohesionatzeaz» eta horiek faxismoarekin izan zuten sinbiosiaz.
Espazio falta dela eta, ezin izango dut gaia nahi nuen moduan garatu. Hainbat gairen inguruko gakoak emango ditut, alor bakoitzean dauden eztabaidak eta posizio ezberdinak aurkeztuz (edo behintzat saiatuz), irakurleak hurbiltze-tresna gehiago izan ditzan. Eztabaida politiko gaurkotar edo gaurkotiarrek askotan zikintzen duten gai bat izanik, argibide batzuk eman nahi ditut. Beraz, artikulu hau, nolabait, «sarrera» moduan ulertu beharko da; hau da, interesa duen irakurleari sakontzeko aukera eta nolabaiteko gida-lerroak emango dizkiogu.
SARRERA: FAXISMOAREN EZAUGARRI DESKRIBATZAILE NAGUSIAK
Faxismoren izaeraren eta eboluzioaren gaineko eztabaida luzea izan da beti. Hein batean, eztabaida hori faxismoa historizatzeko zailtasunak ekartzen du, ideologia horrek sortu berritan hartu baitzuen boterea (1922an Italian, eta alderdi bezala 1919an sortu zen), oraindik corpus ideologikoa definitu gabe zuenean. Horrek zaila egiten du, epistemologikoki, «ideologia berezkoa» eta «haren zirkunstantziak» modu garbi batean bereiztea.
Faxismoaz fenomeno historiko bezala ari garenean, lehendabizi egin behar duguna da «ankerkeria huts» bezala definitzeari uztea. XIX. mendeko inperialismoak, Parisko Komuna zapaldu zuten versallestarrak, Errusiako Armada Zuria edo egungo Al-Qaeda oso ankerrak izan zitezkeen/daitezke, baina horrek ez ditu faxista bihurtzen. Berdina gertatzen da XX. mendeko guden arteko diktadura autoritario askorekin (frankismoa hala ote zen hemen aztertuko dugu). Faxismoa bada ankerkeria, baina «beste zerbait» ere bada.
Faxismoaz fenomeno historiko bezala ari garenean, lehenbizi egin behar duguna, «ankerkeria huts» bezala definitzeari uztea da. (...) Faxismoa ankerkeria da, baina «beste zerbait» ere bada
Faxismoari buruzko bi eskola nagusi izan dira. Batek, eskola liberalak, faxismoa azaletik deskribatu du, «totalitarismo» hutsa baitzen. Eskola horretako buru Hannah Arendt ezaguna dugu[1]. Hori, batez ere, ad hoc deskribapen bat zen; Gerra Hotzekoa, «totalitarismoak» erkatzea eta horixe «demokraziarekiko» (liberala, burgesa) antagonismoan jartzea. Definizio horrek faxismoaren zenbait ezaugarri –agintekeria, eraldaketa, ultranazionalismoa, ultraestatismoa, populismoa, mobilizazioa– deskribatzen baditu ere (faxismoaren «izatea» edo «zer» delakoa), hain zuzen ere, beste galdera batzuei txiri egitean –«nork», «zergatik», «zertarako», «noiz»– azalpena, politikoki manipulagarria izateaz gain, antihistorikoa ere bada. Ez du azaltzen faxismoa eragin zuen subjektu nagusia ez eta zein testuinguru sozialetan iritsi zen boterera; zerk erraztu zion bidea. Klase sozialen dialektika berariaz at uzten duen analisi bat da.
Eskola marxista dugu bigarren eskola, agian, Clara Zetkinen (1923) eta Georgi Dimitroven (1935) formulazio ezagunetatik abiatutakoa. Zetkinek faxismoaren zenbait ezaugarri bildu zituen 1923an idatzi zuen Faxismoa[2] lanean, gerora ikerlari guztiek errepikatu zituztenak: faxismoa burgesiaren tresna bat da («zergatik?»), krisi garaietan («noiz?») sortzen dena, eta Izu Zuria baino zerbait gehiago dena. Beraz, faxismoa eta bestelako autoritarismoak bereizteko modua eskaini zuen. Zetkinen arabera, faxismoak demagogia eta populismoa –«ordena burgesarentzat arriskutsuak diruditen elementuak»– erabiltzen ditu, nahiz eta «atzerakoien kontrol pean» izan. Hortaz, faxismoaren «ordenako» eta «intsurrekziozko» bi arimen arteko nahasketa aipatzen du. Zetkinen esanetan, faxismoa burgesiaren (ordenaren) eta «atsekabetuen» (hau da, sozialdemokraziaren porrotaz atsekabetutakoen) arteko koalizio moduko bat da. Beraz, horretan, gero Poulantzasek jarraituko zuen ildoarekin bat egingo du: krisi momentuan ernaltzen da faxismoa, baina ez «arrisku iraultzailearen gorakada» momentuetan, baizik eta hori «pasatutakoan»; hots, langileriari zetorkion zigorra litzateke. Zetkinen artikuluan harrigarriena, dena den, faxismoaren eta nazionalismoaren arteko loturez hitzik ez egitea izan zen, agian. Hura ez zuen aipatu faxismoaren ezaugarri gisa.
Zetkinek faxismoaren zenbait ezaugarri bildu zituen 1923an idatzi zuen Faxismoa lanean, gerora ikerlari guztiek errepikatu zituztenak: faxismoa burgesiaren tresna bat da («zergatik?»), krisi garaietan («noiz?») sortzen dena, eta Izu Zuria baino zerbait gehiago dena
1935ean, III. Internazionalaren bosgarren Biltzar Nagusian, Georgi Dimitrov bulgariarrak ere aipatu zuen faxismoa[3]. Garai horretan, gerra berri baten arriskua nabaria zen, beraz, Dimitrovek nazionalismo oldarkorra gehitu zuen faxismoaren ezaugarri gisa. Faxismoaren mobilizazio gaitasuna aipatu zuen hark ere, hau da, edozein erregimen atzerakoi ez zela faxista halabeharrez. Bestetik, populismoa aipatzeaz gain, faxismoaren boterera igotzeko teknikak aztertu zituen, hau da, demokrazia burgesaren talde ezberdinekin egindako koalizioak (adi puntu honi aurrerantzean), baita bestelako ezaugarriak ere; adibidez, ekonomia korporatibista eta klase borroka suntsitu nahi izatea.
Dimitrovek [...] populismoa aipatzeaz gain, faxismoaren boterera igotzeko teknikak aztertu zituen, hau da, demokrazia burgesaren talde ezberdinekin egindako koalizioak, baita bestelako ezaugarriak ere; adibidez, ekonomia korporatibista eta klase borroka suntsitu nahi izatea
Gerora, Zetkinen eta Dimitroven lanak findu dituzte marxistek. Horietako bat da Nikos Poulantzas[4]. Estrukturalista zen Poulantzas, eta Estatuaren hainbat aparatu ideologikoren azterketatik abiatzen zen. Beraz, faxismoak Estatua lortu aurretik eta Estatua «konkistatu» ostean (hau da, era berean estatu burgesaren tresna bezala jokatzean, baina baita ere Estatu burges hori «eraldatu nahi» izatean) nola jokatu zuen aztertu zuen. Hau da, faxismoa egon dadin, boterera iristeko fase batzuetan, ez du eskuineko beste sektoreekin koalizioak sortzeko aukera baztertzen. Garrantzitsua da hori, gero, frankismoari dagokionez, historiagile batzuek frankismoaren «eskuindarren arteko koalizio izaera» hori faxista izan zela ukatzeko erabiliko baitute. Beste alde batetik, Poulantzasen arabera, faxismoa ez zen boterera iritsi arrisku iraultzailea puntu gorenean zegoen garaian, baizik eta horren ostean. Burgesiak, hain zuzen, politikoki gailendua izan zen proletalgoaren aurrerapen sozial edota ekonomikoak ezabatzeko erabili zuen, Italian 1922an (kontuan izan 1921ean bukatu zela «Biurteko Gorria») eta Alemanian 1933an (1923an bukatu zen altxamenduen aroa).
Eskola marxistak zenbait galdera ezinbestekori erantzuten die: «nork» edo «nortzuk», hau da, burgesiak burgesia ttipia mobilizatuta; «noiz», krisi politiko baten garaian –hemen ñabardura batzuk baditugu-; «nola», masa mobilizazio handi baten bidez; eta batez ere, «zergatik» eta «zertarako». Krisi politiko eta soziala ematen den garaian burgesiaren ordena salbatzeko karta bezala erabiltzen du faxismoak, «arrisku iraultzailea» ohiltzeko; bestetik, Lehen Mundu Gerrak ekarri zuen krisiaren garaian, Estatu-kapitalismoaren modalitate oldarkor bat izan zen «atzean geratu» ziren burgesientzat –Italiakoa zein Alemaniakoa–, modernizazio azkarra eman zedin (Jenö Vargaren tesia). Eskola horrek hainbat bertute ditu; kasu honetan, faxismoa subjektu historikoekin harremanetan jartzea (burgesiak ernaldutako kume moduan), horren botererako urratsak eta teknikak aztertzea eta zergatiak azaltzea. Hala ere, eskola horrek badu nolabaiteko hutsune bat, zori hobearekin edo okerragoarekin bete duena: faxismoaren autonomia historikoa beheititzeko joera dauka –hau da, hura «Beste» goren baten esku dagoen txotxongilo huts gisa aurkezteko joera–, inork inoiz bere kabuz halako proiektu ideologiko batean pentsatu ez balu bezala; halako proiektu ideologiko batek berezko eboluziorik izango ez balu bezala. Hots, «nork» galderari ondo erantzuten dio klase sozialei so eginda, baina ez beti mugimendu faxistari berari subjektu bezala so eginda; subjektua alde batera utziz gero, Zetkinek salatutako akatsean eror gaitezke, hau da, «faxismoa» eta «Izu Zuria» nahasteko akatsean.
Zenbaitek «garaiarekin» –«noiz» galdera– lotzen dute, adibidez, Karl Polanyik. Haren arabera, faxismoa gerra osteko burgesiaren aggiornamento programa bat litzateke. Ikuspuntu hori, zeina hungariar ere den Vargarenarekiko nahiko hurre dagoen, merituzkoa da; izan ere, faxismoak garai historiko batekin eta horren inguruabarrekin izan zuen harremana deskribatzen du, hau da, hura historizatzeko aukera ematen digu. Azken ikuspuntu horren ahuldaderik handiena, 20ko eta 30eko hamarkadetako eskuineko erregimenen gama oso bat «faxista» izendatzean zetzan. Baina baditu bere bertuteak ere, adibidez, «garaiarekin» lotzen baita; gerora, Nolte goiztiarrak errebisionismoan erori aurretik egin zuen moduan. Polanyik aitortzen zituen marxismoaren eskolaren nolabaiteko ekarpenak, esaterako, faxismoa boltxebismoarekiko erreakzio bat zela esanez, eta, Vargak zioen moduan, burgesiaren modernizazio erronka bati erantzuten ziola esanez. Gainera, Poulantzasekin bat eginda, faxismoaren gorakadak ez zuela ezinbestean iraultzaren goranzko momentua mozteko ahalegina izan behar esan zuen; aitzitik, iraultzaren arriskua iragan ostean langileen aurrerapenak ezabatzeko modu bat izan zitekeela iritzi zion. Hala ere, Polanyiren akats nagusia, esan bezala, eskuin autoritarioko edozein erregimen faxismo gisa identifikatzea izan zen. Hain zuzen, ikusiko dugun moduan, frankismoa bezalako erregimen «iraunarazle» bat auzitan jartzeko hankamotz geratzen da Polanyi[5].
Noltek, gutxi gorabehera, akats berdina errepikatzen du; izan ere, bere liburuan, erakusleetako bat dena, Charles Maurrasen Action Française taldea jotzen du. Nolteren arabera, faxismoak «garai historikoan» aurkitu zuen bere adierazbidea. Baina ez hori bakarrik; haren esanetan, faxismoak «garaia definitu zuen». Beraz, Noltek zioen bezala, faxismoaren eta inguruko indarren artean harremana izan zen, hau da, polo erakargarri gisa jokatu zuen faxismoak[6]. Nahiz eta Noltek gerora faxismoaren aldeko politikara jo, bere lan horiek oso garrantzitsuak izan ziren, orduko eskuinak faxismorantz nola baskulatu zezakeen azaltzen zuelako. Izan ere, ikusiko dugun moduan, marxista askok «garaiari» egin zioten erreferentzia, adibidez, E. J. Hobsbawm historiagileak. Hobsbawmek bat egin Poulantzasekin esanez faxismoa ez zela hainbeste «sobietar arriskuaren» –zeina 30eko hamarkadan ez zegoen munduan zehar iraultza hedatzeko estrategian– aurkakoa, baizik eta «barne langile mugimenduaren aurkakoa», eta adierazten du 1918 eta 1941 urteen artean demokrazien kopurua seira jaitsi zela Europa osoan[7]. Beraz, «zer» eta «zertarako» galdetzeaz gain, «noiz» bati erreparatzen badiogu faxismoa ulertzeko, gerren arteko aro nahaspilatsu bat ikusiko dugu. Garai horietatik at zaila da faxismoa ulertzea, eta ez bakarrik garai horrek burgesien erantzun bortitz bat errazten zuelako, baizik eta, horretaz gain, orduko joera estetiko eta kulturalek (abangoardiek adibidez, zeintzuek faxismoaren osagai garrantzitsuak ziren bitalismoa eta boluntarismoa bultzatu zituzten, modernitatearekiko «ezkortasun» bat bultzatzeaz gain) garai hartako eskuinean eragin zutelako: modernitate liberalak pott egin bazuen, modernitate alternatibo bat bilatzeko beharra topatu zuen eskuinak eta hark ezberdindu zuen, akaso, eskuin tradizionalistarengandik, zeinak modernitate oro errefusatzen zuen, bai eta eskuin autoritarioarengandik ere, zeinak ez zuen modernitate alternatibo bat asmatu nahi[8].
Beste ikuspuntu bat ere badugu, «norekin» galderari erantzuten diona. Hau da, faxismoaren eta Estatuaren nahiz haren instituzio kontserbadoreen (Armada, Eliza, prebisio-instituzioak, Polizia, ekintza korporatiboko instituzioak) arteko harremana nolakoa izan zen azaltzen duena. Harreman hori faxismoaren Estatuarekiko izaera bikoitzak moldatutakoa da: alde batetik, Estatuaren defendatzailerik bortitzena –gogora dezagun 1921ean Italian faxistak nabarmendu zirela sozialisten kontrako bortizkerian, jabetza pribatuaren defentsan–, beste alde batetik, intsurrekzionala; alde batetik, «gordetzailea» eta, bestetik, «eraldatzailea»; aldi berean modernitatearen kontrakoa (XIX. mende «dekadentearen» kontrakoa) baina, bestetik, modernoa, iraganeko loriak etorkizunean proiektatu nahi zituen mugimendua. Roger Griffinen arabera, «nazio palingenesian» –birsortzean edo berriz hastean, ez berrezartze hutsean– zutarritzen da faxismoa, hau da, ultranazionalismoa, mobilizazio populista eta nazioaren birfundatzea nahasiko lituzkeen proiektu politiko bat izango litzateke; Estatua tresna bezala duena, baina, aldi berean, konkistatu beharra daukana. Hau da, faxismoa Estatuaren defendatzaile eta «birfundatzaile» dugu aldi berean, Estatuak eta «nazioak» bat egiten dutelarik. Eta elitista (elite berri bat fundatu nahi du) eta antielitista (elite soziopolitiko zaharrak uzkaili edo azpiratu, historikoki gehiago azpiratu uzkaili baino, nahi ditu) dugu aldi berean. Beraz, faxismoarentzat Estatua harrapakin konkistagai eta gotorleku dugu, Estatuaren instituzioak «defendatu» egiten ditu proletarioarengandik, baina masa berri baten –masa nazionalen– toki bilakatu nahi ditu. Horrek eramaten du aldi berean intsurrekzional eta kontserbadore izatera. Faxismoaren «norekin» galderaren erantzuna «Estatuarekin» –Estatuaren instituzio eta eliteekin– izan daiteke, baina ez «horrekin bat».
Roger Griffinen arabera, «nazio palingenesian» –birsortzean edo berriz hastean, ez berrezartze hutsean– zutarritzen da faxismoa, hau da, ultranazionalismoa, mobilizazio populista eta nazioaren birfundatzea nahasiko lituzkeen proiektu politiko bat izango litzateke
Esan bezala, faxismoa anbiguetatez blai dagoen ideologia bat da. Are gehiago kasu batzuetan, beste ideologia batzuekin nahastuta boterera iristen bada, Espainian kasu[9]. Erregimen frankistaren izaeraren, eta batez ere faxismoarekiko harremanen (harreman ez soilik «materialak» edo «fisikoak», hau da, potentzia faxistekin izandako harremanak; baizik eta ideologikoak edo filosofikoak ere bai, faxismoarekiko ideologia gisa izandakoak) soka luzea du historiagileen artean, eta ez soilik Espainiako Estatuan, baizik eta nazioartean ere bai. Frankismoa faxista zela ukatzeko zein baieztatzeko hainbat arrazoi ezarri izan dira eta, kasu batzuetan, eztabaida politikoarekin nahastu izan dira; adibidez, alde batetik, batez ere argitalpen dibulgatiboetan, frankismoa faxismo gisa identifikatu izan da horren izaera «benetan ankerra» salatzeko, eta, beste batetik, batzuek ukatu egin dute horren ezaugarri-multzo faxista, onargarriago egin ahal izateko. Horren kasurik nabarmenena Juan Jose Linz akademikoa izan zen. Linz izan zen frankismoa «autoritariotzat, baina ez totalitariotzat» jo zuen lehenengoetakoa. Linz Amerikako Estatu Batuetan karrera egin zuen ikerlari bat izan zen, Manuel Fragaren hurbilekoa zena. Gerra Hotzean, AEBen joera geopolitikoarekin, zeinak AEBen aliatu ziren diktadura militar «autoritarioen» eta «diktadura komunista totalitarioen» arteko bereizketa bat ezartzen zuen, bat zetorren[10]. Linzen eskeman, frankismoaren izaera totalitarioa ukatzeko, erregimen hori indar batek soilik ez, baizik eta eskuineko indarren koalizio batek osatu izana gakoa da; bere ustez, frankismoa «aniztasun mugatu» batek osatzen zuen, beraz, ezin zatekeen erregimen totalitario bat izan.
Hala ere, Linzez gain, beste zenbaitek ere ñabartu dute frankismoaren eta faxismoaren arteko harremana. Horietako bat izan zen Javier Tusell. Haren arabera, frankismoan hainbat indar ezberdin osagarriak izateak dakar frankismoa faxista gisa definitzeko zailtasuna[11]. Bestetik, Glicerio Sanchez Reciok ere Linzi kritika egin zion; bere ustez frankismoa «koalizio atzerakoi» batek sortu zuen, Linzen «aniztasun mugatua» baino termino zuzenagoa delakoan. Sanchez Reciok Linzi kritika egokiak egiten dizkio; adibidez, frankismoaren tokiko boterea ikertuta, talde ezberdinen arteko borrokak eta korrelazioa aztertu zituen, «aniztasuna» bestetik eman gabe. Bestetik, Sanchez Reciok dioenez, erregimenaren pluraltasuna gehiago da «jatorrizkoa» erregimenaren garaian egin zutenagatik baino, hau da, horrek ez du esan nahi erregimenaren baitan hainbat «fakzio antolatu» zeudenik, nahiz eta jatorrian aniztasun moduko bat existitu[12]. Azkenik, Roger Griffinen arabera, erregimen frankista «parafaxismo» bat izan zen; izan ere, haren arabera, frankismoak faxismoa «erabili» egin zuen, modu faxistak erabili zituen, baina nukleoa ez zen faxista, ez zuen «nazioa birfundatu nahi», ez zen «nazionalismo palingenetiko» bat[13]. Griffinen teoria, zeinak faxismoa eta bestelako elementu atzerakoien ezkontza dakarren, interesagarria da; hala ere, gero ikusiko dugun moduan, asko ñabartu daiteke.
Bai Linzek bai Tusellek frankismoa «zer» zelako ukatzen zuten faxista zenik. Hala ere, beste batzuen arabera, frankismoaren azken hamarkadetan izan zen biraketa kanpoko faktoreen araberakoa izan zen, ez erregimenaren proiektua. Beraz, frankismoaren «zer» hori hasierako hamarkadetan bilatu behar dugu, hau da, bere berezko proiektua modurik «garbienean» azaldu zezakeenean. Frankismoaren izaera faxista edo elementu faxistek gorpuztu zuten norabide edo fakzioa nagusi izan zen frankismoaren lehen etapa horretan. Ez dago zalantzarik kasu horretan: ideologia faxista bere egiten zuen alderdi bakarreko diktadura ezarri zuen, erregimen korporatibista ezarri zuen langile erakunde sindikalak deseginez, liderrari kultua ezarri zuen, masen mobilizazio liturgiko-politikoa gauzatu zuen, eta abar. Ikuskera horrekin bat egiten dute, adibidez, Manuel Tuñon de Larak eta Josep Fontanak[14]. Julian Casanovak, bestalde, jada aipatu dugun eta aipatuko dugun beste alderdi bati egiten zion erreferentzia: frankismoan indar ezberdinek hartu zuten parte, baina horrek ez du ezeztatzen diktadura faxista bat zenik, erregimen faxista «puruek» ere euren koalizio faseak izan zituzten eta[15].
Baina, beste alde batetik, kontuan izan behar dira beste faktore batzuk ere. Europan erregimen frankista izan zen, Portugalekoarekin batera, halako tankerako erregimenen artean luzaroen iraun zuena. Horrek esan nahi du «faxismoaren garaiaz kanpo» irautea lortu zuela. Nolatan? Mendebalde antikomunistaren maniobra oportunistatzat jo dezakegu, eta zilegi da, baina hori gertatu zen erregimen horrek «testuinguru ez faxista» batean tokia egiteko elementuak izan zituelako, baita egokitzapena egiteko elementuak zituelako ere.
Europan erregimen frankista izan zen, Portugalekoarekin batera, halako tankerako erregimenen artean luzaroen iraun zuena. Horrek esan nahi du «faxismoaren garaiaz kanpo» irautea lortu zuela. Nolatan? Mendebalde antikomunistaren maniobra oportunistatzat jo dezakegu
«Zertarako» horri erreparatzen badiogu, frankismoa, behintzat haren genesia, faxismoaren kategoriaren barruan sartuko litzateke dudarik gabe: burgesiaren indarrezko –eta, hein batean, baita masazko izaeraduna ere, han izan baitziren estatu kolpearekin bat egin zuten herritarrak– konponbidea izan zen «arrisku iraultzailearen» aurrean. Nikos Poulantzasen eskemaren arabera[16], frankismoa arrisku iraultzailea geratzeko ezarritako burgesiaren indarrezko proiektua izan zen. Esan bezala, «zertarako» hori kontuan hartuz gero, erregimen frankista faxismoaren oso antzekoa izan zen dudarik gabe –eta boterea hartzeko momentuan, gainera, Italiakoa eta Alemaniakoa baino askoz ere odoltsuagoa–.
Hala ere, horrek badu arazo bat; hain zuzen, faxismoa «zertarako» huts bat baldin bada, «nork» delako hori zokoratzea, hau da, faxismoa bera autonomia historikorik gabeko zerbait bailitzan hartzea. Horrekin jarraituta, «zertarako» hutsean geratzearekin, hau da, faxismoaren subjektua ezabatzearekin, faxismoaren eta erregimen burges ez-faxista errepresibo baten arteko ezberdintasuna ezabatuko genuke[17]. Nork ezarri behar zuen faxismoa Espainian? Zenbait ikerlarirentzat, baita dibulgazioan aritzen diren zenbait publizistarentzat ere, frankismoa «faxismo» modura baztertzeko arrazoi nagusia da erregimenean zegoen alderdi faxista ofiziala, hau da, Falange Española, berez oso ahula zela. Izan ere, alderdi horrek 1936ko otsaileko hauteskundeetan ez zuen diputatu bat bera ere lortu (Europako bi alderdi faxista paradigmatikoenak, Italiakoa eta Alemaniakoa, masa alderdiak izan ziren boterera itzuli aurretik; eta beste toki batzuetan, adibidez Errumanian eta Hungarian, masa alderdi faxistak ere bazeuden). Botere alderdi (eta masa-alderdi) bihurtu baldin bazen, kasta militarraren ordezkari nagusiak (diktadoreak) bere «besoetako alderdi» –hau da, autonomia kenduta– bihurtu zuelako gertatu zen, eta mendeko posizio hori ez zuen sekula gaindituko.
Hori guztia, egia izanagatik ere, historiaren parte bat besterik ez da. Izan ere, ez du azaltzen zergatik eraiki zuen «kasta militar» horrek (behintzat lehenengo hamarkadan) faxismoaren hain antzekoa zen erregimen bat; hau da, zergatik aukeratu zuen faxismoa helburu gisa. Arrazoi bat izan zitekeen Francori gerran lagundu zioten erregimenak faxistak izatea eta, horregatik (ez hainbeste presioagatik, baizik eta «eredu gisa hartzeagatik»), frankistek edota estatu kolpea egin zuten militarrek erregimen horiek imitatu nahi izatea. Izan zitekeen, bestalde, garai hartan Europan, eskuineko iritzi publikoaren artean, faxismoa izatea «erreferentziazko ideologia». Horrela, 1930eko hamarkadan, estatu burges askok utzi zioten demokratikoak izateari edo demokraziaren mozorroa erabiltzeari. Baina bi faktore horiek, berez, ez dira nahikoa Espainia barruko indar politiko, sozial eta ekonomikoek euren proiektuaren gauzapen gisa faxismoa –esan bezala, behintzat lehen hamarkadetan– edo «faxismoan inspiratutako zerbait» haiena egin izana azaltzeko. Faxistak hain ahulak baldin baziren, zergatik ez zuten diktadura autoritario konbentzional bat ezarri militarrek? Zergatik bihurtu zen Falangea Francoren «haur besoetakoa», autonomia murritzekoa baina hain boteretsua?
Erantzunetako honakoa izan daiteke: berez, faxistak ez ziren beste indar eskuindarrak (CEDA edo eskuin katolikoa; Renovacion Española edo eskuin monarkikoa; eta karlismoa edo eskuin tradizionalista) «faxismoak kutsatu» zituen 1930eko hamarkadan. Hau da, faxismoaren fenomenoa jada ez zen «lehen orduko faxisten kontu bat» soilik. Faxismoa erreferentzia bat zen, baina ez soilik Europako erreferentzia edo Europari begira so egitekoa, baizik eta baita «etxe barruko» erreferentzia ere. Hau da, erregimena nahiz erregimena sostengatu zuen eskuina faxistatu edo faxistizatu (hau da, «faxistizazio» edo «faxistatze» prozesu bat eduki) egin ziren. Kontzeptu horrek, gainera, Ismael Saz irakasleak dioen moduan, beste abantaila bat ere badu: faxistizazioaren subjektuak ez lirateke soilik «lehen orduko» faxista historikoak izango, hau da, bestelako eskuina ere izango litzateke subjektu. Hots, erregimen frankistaren barruan, lehen etapan, ezaugarri faxisten nagusitzea ulertzeko ez da beharrezkoa Falange indartsu eta autonomo bat historikoki aintzatestea; beste indarrak ere izan zitezkeen prozesu horren subjektu[18]. Hau da, lehen aipatu dugun Roger Griffinen teoria (eskuin autoritario ez faxistak «forma faxistak» hartzen dituela uste zuena) gainditzen du; izan ere, bien arteko harremana aldebakarrekoa izan ordez–batzuek besteak, faxistek eskuindar «klasikoak», erabiltzea, kasu–, elkarrekiko eraginean ezartzen du. Bestetik, kontzeptu horren bidez, posible da garaiari eta kanpo eta barne faktoreen kodeterminazioari ateak zabaltzea ere; hau da, garai hartako testuinguru politikoarekin bat egitea –Noltek eta Polanyik azaldu bezala–. Ismael Sazen arabera, kontuan izan behar dugu «faxistizazio» kontzeptua faxistek eurek zein komunistek erabiltzen zutela; adibidez, Dimitrovek esana zuen faxismoak boterea lortu aurretik «demokraziaren faxistizazio» fasetik iragan behar zela, eta «erregimen faxistatuez» hitz egiten zuten garaiko demokraziaren autoritarismoranzko joera salatzeko[19].
Dimitrovek esana zuen faxismoak boterea lortu aurretik «demokraziaren faxistizazio» fasetik iragan behar zela, eta «erregimen faxistatuez» hitz egiten zuten garaiko demokraziaren autoritarismoranzko joera salatzeko
Faxistizazioaren kontzeptu horrek nahikoa arrakasta izan du historiografian. Hala ere, horrek beste galdera batzuk zabaltzen ditu: zein mailakoa izan zen frankismoaren faxistizazioa? Nahikoa izan zen erregimen hau faxistatzat hartzeko? Nork eragin zuen faxistizazioa, militarrek eta haiek emandako estatu kolpeak, edo prozesu horretan zegoen aurretik eskuin «politikoak»?
Zenbaiten ustez, faxistizazioaren kontzeptu horrek erregimen faxisten aroan Espainiako eskuinarengan –bai ideologo ezberdinengan bai erregimenarengan– izan duen eragina modu egokian azaltzen du[20]; hain zuzen ere, «prozesu» gisa –joan-etorrikoa, mailakatua, indar korrelazioaren araberako tirabira bat aurkezten duena[21]– ulertzera ematen du, frankismoaren moldatzeko gaitasuna bi norabideetan –alderdi faxista hegemonikorik gabeko faxismorantz, zein faxismo gradu handiago batetik abiatuta kontrako norabidean– ulertzera eman dezake eta.
Ikerlari batzuen arabera, Espainiako faxismoa, nahiz eta Italiakoaren edo Alemaniakoaren mailara ez heldu, faxismoen multzoan sartuko litzateke[22]. Hala ere, beste ikerlari batzuen arabera, Barrington Moore-n arabera, adibidez, faxistizatzearen kontzeptuak dakarren arrisku bat da ezaugarri faxistaren bat duen erregimen oro «faxistatzat» hartzea, Karl Polanyiren ikuskerari egin dakiokeen kritika gogorarazten digu honek[23]. Bestetik, Joan Maria Thomàs bezalako ikerlariek erregimenaren barne faxistizazio maila kanpo-testuinguruari lotuta dagoela ere esaten dute; faxismoak II. Mundu Gerra galdu ostean Espainian, iraun zuen tokian, proiektu faxista betetzea edo norabide horretan aurrera egitea oso zail ikusten zuen[24]. Ismael Sazek, gainera, kontuan izanda faxistak Espainian nahiko ahulak zirela, faxistizatze horrek faxismo hutsa izaten bukatu zuela ukatzen du (II. Mundu Gerraren osteko eboluzioa, barne-trauma handirik gabekoa, lekuko). Egia baldin bada ere erregimen faxista «puruak» –Italian eta Alemanian– ere koalizioak izan zirela, eta horrek ezeztatu egiten badu ere frankismoa erregimen faxista bat zela ukatzeko «eskuineko koalizio bat» zela nabarmentzen duen argudioa –Linzen eskolarena–, egia da frankismoan presente egon ziren elementu ez-faxisten edo a-faxisten presentziak erregimenaren eboluzioa lagundu zutela, sektore «faxistizatu» horientzat faxismoa baliagarria ez zenean horren indarra, «kanpotik zetorkion» indarra, murrizteko gai izan baitziren[25].
Hau azalduta, Espainian eskuinak estatu kolpea eman aurretik izan zuen faxistizazio prozesua azaldu beharrean gaude.
ESKUINAREN FAXISTATZEA 1934 ETA 1936 ARTEAN
Egia baldin bada ere eskuinaren sektore sozial handiek ez zutela sekula Errepublika bere horretan onartu, kontrako jarrerak are indartsuago egin ziren 1934. urtearen ostean. Hau da, handik aurrera, eskuinaren barruan erregimen demokratiko-burgesarekin jarraitzearen aldeko ahotsak erabat minoritarioak bihurtu ziren. Momentu horretatik aurrera, Espainiako eskuinak erregimen autoritario baterako bidea egin nahi zuen. Noski, horrek ez du esan nahi erabateko adostasuna zegoenik euren artean ez eta «erregimen autoritario» kontzeptuarekin denek gauza bera ulertzen zutenik ere –beraz, horrek ez du esan nahi helburu berdina zutenik, edo erregimen autoritario hori gauza berdinetarako behar zutenik-; hau da, nekez esan daiteke 1936an Espainiako eskuindarren artean 40 urteko diktadura militarra gehiengoaren programa zenik. Baina bai esan dezakegu erregimen burges-demokratikoak eta hura ordezkatzen zuen Errepublikak ez zutela inolako itzalik jada eskuineko sektorean, ez ideologikoki, ez metodologikoki. Ideologikoki diot, eskuindar gehienek demokraziari eta liberalismoari uko egin zietelako. Eta metodologikoki diot, «ordenaren zale errepublikanoak», «konstituzionalistak» eta beste batzuen artean Mola buru zuten militarren taldeak edo Lerrouxen jarraitzaileak, hauteskundeez harago, indarra erabiltzeko prest zeudelako Fronte Popularra gobernutik botatzeko eta «ordena konstituzionala berresteko» (1936ko otsailetik uztailera bitartean giroan egon zen bortizkerian eta «ordena faltan» eskuin kolpistak izan zuen ardura ez zen txikia izan).
Nagusiki, eskuinaren bi instituzio handiek egin zuten bat kolpe militarra legitimatzeko: Elizak eta Armadak. Bi instituzio horiek izan ziren eskuin soziologikoa gehien ordezkatu zutenak, eta eskuinak horiek zituen Espainiaren zutarritzat. Nahiz eta kolpea prestatzeko asmoetan Elizak ez zuen ia parte hartu, egia da eginkizun garrantzitsua bete zuela kolpistak legitimatzerakoan, eta are gehiago, Errepublika garaian erregimen demokratikoari zilegitasuna kentzean. Elizako goiburuek, adibidez Toledoko artzapezpiku Pedro Segurak edota haren ondorengo Isidro Gomak, konponbide bortitzak legitimatu zituzten, eta zilegitasuna kendu zioten Errepublikari; ez soilik «egitez», baizik eta «jatorriz» ere bai. Garai hartan, Elizaren barruan Aniceto Castro Albarran bezalako teologoen Derecho a la rebeldía (Matxinatzeko eskubidea) bezalako lanek arrakasta handia izan zuten, zeintzuek argi eta garbi jotzen zuten estatu kolpera.
Militarren auzia bi ikuspuntutatik uler genezake. Kontuan izan behar dugu, hainbat arrazoi zirela-eta, militar gorenek ez zutela Fronte Popularraren gobernua batere maite. Hala ere, horretarako bi arrazoi aurki genitzake: alde batetik, militar monarkiko zaharren presentzia eta, bestetik, militarrek beti uste izan zutela Espainiako politikan esku hartzeko eskubidea zutela. 1808tik 1936ra bitartean, 60-70 estatu kolpe edo estatu kolpe saiakera izan ziren Espainian[26]. Hau da, militarren artean bazegoen «politikan parte hartzeko» nolabaiteko tradizio bat, eta hain zuzen ere, indartu egin zen tradizio hori Miguel Primo de Riveraren garaian. Gainera, 1931 eta 1933 urteen artean Azañaren gobernuak martxan jarritako erreformek ahuldu egin zituen militarren zenbait zirkulu politiko (adibidez, 1917an sortutako Defentsa Batzorde Militarrak). Militar kontserbadore askok (baita errepublikanoek ere) barneratu egin zuten ezkerrarekiko mesfidantza. Kontuan izan behar da 1934an boterea hartu zuen eskuineko koalizioak, batez ere Gil Robles gerra ministro zuenak, Armadaren goi-postuetan militar kontserbadoreak goratzeari ekin ziola, Armadaren eta gobernuaren arteko eragin-sareetan eskuineko gotorleku bat eratuz. Eta kontuan izan behar dugu, bestalde, 1934ko iraultza zapaldu zuena, batez ere, Armada izan zela. Horrek armadafilia handia sortu zuen Espainiako eskuinean, adibidez, Calvo Sotelok esan zuen moduan, «Armada ez da Aberriaren beso bat, Aberriaren bizkarrezurra da».
Kontuan izan behar dugu, bestalde, 1934ko iraultza zapaldu zuena, batez ere, Armada izan zela. Horrek armadafilia handia sortu zuen Espainiako eskuinean, adibidez, Calvo Sotelok esan zuen moduan, «Armada ez da Aberriaren beso bat, Aberriaren bizkarrezurra da»
Hala ere, Armadaren esku-hartzeak ez du berez faxismoa esan nahi; ez da «nahikoa baldintza» faxismoa ezar dadin. Nola gertatu zen gainontzeko indarren faxistatzea? Eskuineko beste indarrek nolabaiteko faxistizazio prozesu bat bizi izan zuten, polarizazio sozialak aurrera egin ahala. Kontuan izan behar da polarizazio horrek bi ondorio izan zituela eskuindarrengan: alde batetik, erradikalizatu egin zituen, eta beste alde batetik, euren arteko batasunerako bidea ireki zuen; atomizaziotik batasunerako bidea egin zuten.
1933ko urrian sortu zen Falange Española alderdi berria, eta horrek sekulako garrantzia izan zuen gainontzeko indar eskuindarren eboluzioan. Alderdi hori Espainiako alderdi faxista huts bakarra izan baldin bazen ere, ez zen izan faxismoari begi onez begiratu zion bakarra. Eskuin monarkikoaren esparruan zatiketa bat izan zen 1932 eta 1933 artean –CEDA eta Renovacion Española–, eta Falangeren posizioetara hurbildu zen Renovacion Española monarkikoen alderdia. Kontuan izan behar da, kasu horretan, nahiko ohikoa izan zela alderdi batetik bestera mugitzea; izan ere, Renovacion Españolako –berez monarkiaren inguruko oligarkak bitzen zituen alderdia– kide askok ekin zioten alderdi berria finantzatzeari.
Alderdi hori, «eskuin monarkikoa», Espainiako Estatu liberalaren –1876ko erregimenaren– tradiziotik zetorren alderdi monarkiko «alfontsotarra» zen berez. 1931ko Errepublikaren aurrean oso posizio gogorrak hartu zituen. Elite sozioekonomikoko kideek osatutako alderdi bat izanda, ez zeukan Falangek edo Europako gainontzeko alderdi faxistek zeukaten mobilizazio gaitasuna. Hala ere, beste zenbait kontutan haiengandik hurbil zegoen; batez ere, «Aberriaren» sakralizazioan, Aberri hori barne «etsaietatik» (sozialismoa, iraultza, separatismoa nahiz «demokrazia») libratzeko nahian, ekonomia korporatiboaren defentsan eta biolentziaren erabileran –hala ere, Falangek ez bezala, Renovacion Españolak ez zuen kale-bortizkeriaren alde egiten, bazik eta zuzenean militarren, hau da, «elitearen indarrezko kolpea» bilatzen zuen, ez «intsurrekzioa»–. Kontuan izan behar dugu Renovacion Española (eta ez Falange) izan zela 1936ko kolpea baino lehenagoko hilabeteetan Italiarekin harremanak izan zituen alderdia. Alderdi horretako buru Jose Calvo Sotelok «faxistatzat» jo zuen bere burua 1936an; Espainiako kontserbadoreen faxistizazio prozesua zenbaterainokoa izan zen azaltzen du horrek. Zenbait egileren arabera, Renovacion Española da Francoren erregimenaren berrogei urteko iraupena ondoen laburbiltzen duen eskuin aurrefrankistako sektorea.
Bi ziren alderdi horren eta CEDAren, «eskuin katolikoaren», arteko ezberdintasun nagusiak. Jose Maria Gil Roblesen CEDA alderdia, Eliza Katolikoaren inguruko taldeetatik sortutakoa, masa alderdi bat zen, Renovacion ez bezala. Bestetik, hasieran, Renovacion Españolak ez bezala, sistema «katoliko eta korporatiboa» Errepublikaren formen barruan gauzatzea ere posible zela uste zuen –Renovacionen arabera, monarkia ez beste sistemak ez ziren zilegi–. Hasieran nolabaiteko erretolika demokratikoa onartzen baldin bazuten ere, pixkanaka, Errepublikaren eta demokraziaren kontrako bideetatik joan ziren. CEDAk ere bere faxistizazio prozesua izan zuen, batez ere 1933 eta 1934 artean «estatu berria» –katolikoa eta korporatiboa– izango zena defendatzen hasi zenetik, zeina demokraziaren «igualitarismoaren» kontra agertuko zen. Kontuan izan behar dugu CEDAren gazterietako burua, Ramon Serrano Suñer, Falangera igaro zela 1936an, eta Francoren erregimeneko ministro izan zela gero. CEDAk, nahiz eta oso mesfidatia zen faxismoaren erabateko totalitarismoarekiko eta estatulatriarekiko, 1934tik aurrera bere egin zuen Austriako eredua (non erregimen demokratiko batetik erregimen faxista bat izatera igaro ziren, Döllfuss lehen ministroarekin), bere «Estatu korporatiborako bidea» erakutsiz.
Gainera, eskuin tradizionalista edo karlistak ditugu. Kontuan izan behar dugu alderdi horrek, CEDAk eta Renovacionek ez bezala, bazuela masa bortizkeriaren dinamikan aritzeko tradizio bat. 1931tik aurrera, erreketeak antolatzeari ekin zion bere milizia propioak, baina 1934an indartu zen; Mussoliniren agenteek Italian entrenatuta itzuli ziren hainbat. Nahiz eta beren lurralde ezarpena mugatua izan, esku hartzeko dagoeneko prest zegoen milizia bat izanda eta zenbait tokitan estatu errepublikanoari «indarraren monopolioa» borrokatzeko gai izanda, oso talde erakargarria zen 1936ko kolpea prestatzen ari zirenentzat.
Azkenik, ezin dugu ahaztu aurretik soziologikoki indartsua izandako talde bat: Alejandro Lerroux-en Alderdi Erradikala. Alderdi hori indartsu atera zen 1931ko eta 1933ko hauteskundeetatik, eta horien ostean, CEDArekin gobernua osatu zuen. Beren lider Lerrouxen ustelkeria zela-eta 1936ko hauteskundeetan alderdia hustuta agertu arren, eskuin politikoarekin egin zuen aliantza antisozialistak ekarri zuen sektore handi bat eskuin soziologikora igarotzea. Talde horrek ordezkatzen zuen «errepublikano ordenazaleen» sektoreak, oro har, estatu kolpea babestu zuen.
1936an, inor gutxi zegoen eskuinean demokrazia onesteko prest. Gainera, kontuan izan behar da dinamika mobilizatzaile berriek handitu egin zutela faxismoaren sona eta erakargarritasuna.
1936an, inor gutxi zegoen eskuinean demokrazia onesteko prest. Gainera, kontuan izan behar da dinamika mobilizatzaile berriek handitu egin zutela faxismoaren sona eta erakargarritasuna
KOLPE MILITAR KLASIKO BATETIK ALDERDI BAKARRERANTZ
Frankismoaren elementurik bereizgarrienetakoa izan zen errepresioa, bai gerran zehar bai gerraosteko urteetan. Errepresioak, etsaia «diziplinatzeaz» gain, beste ondorio bat izan zuen: fidelizazioa, hau da, «aldeko komunitatea» trinkotzea, aldekoak eta etsaiak banatuta, eta aldekoen artean ere gutxieneko batzuen inguruan adostasun hori gotortzea, hau da, «komunitatea» egitea, Estatua egitea. Hala ere, espazio kontuak medio, ezin dugu errepresio frankistan sakondu (historiagileen arabera, 150.000 eta 200.000 hildako artean eragin zituen, gerra zibila zein gerraoste berehalakoa kontuan hartuta), artikulu honen helburua beste bat baita. Hala ere, bi puntu aipatuko ditugu: errepresioa hasieratik izan zen kontrakoa txikitzeko nahiz Errepublika ezabatzeko eta eskuindarren arteko elkartasuna bultzatzeko balio izan zuen mekanismo bat, beste modu batera esanda «aldeko taldea» trinkotzeko.
Hori esanda, momentu honetan, beste auzi bat interesatzen zaigu: alderdi bakarrak eta «eskuindarren batasunak» faxistizazioa erraztu zuen edo ez. Esan bezala, estatu kolpea eman zuten indarrak, euren arrazoi, mentalitate nahiz helburuei zegokienez, Fronte Popularrarekiko kontrakotasunak batutako «aniztasunetik» (hein batean) abiatzen ziren. «Aniztasun» horretan falangistak ez ziren indartsuenak; euren liderra errepublikanoek zuten atxilotuta (1936ko azaroaren 20an exekutatu zuten) eta euren indarrak erabat sakabanatuta zeuden. Nola bihurtu ziren edo bihurtu zuten erregimen berriaren bizkarrezur?
Eztabaidaezina da erregimen berriaren nukleoa ez zela alderdi faxista izan, militar konspiratzaileen taldea baizik. Horiek, oro har, teorizazio gutxiko eta instintu kontserbadore handiko gizonak ziren, ideia kontserbadore tipikoei lotutakoak: monarkia, jabetza pribatua, erlijioa, ordena. Hasieran, gehienak ez ziren falangistak –Yagüe bezalako kasuren bat kenduta–, ez eta karlistak –Varela eta agian Sanjurjo kenduta, azken hau kolpea gertatu eta egun gutxira, hegazkin istripu baten ostean hil zen–. Are, errepublikano beterano batzuk zeuden euren artean –Emilio Mola, Queipo de Llano edo Cabanellas, hainbat kasutan kolpisten artean odoltsuenak izan zirenak–. Francisco Franco bera, erregimen faxista-antzeko horren burua, nukleo horren parte zen, ez alderdi faxistaren parte. Nola erkatu ziren bi faktoreak?
Eztabaidaezina da erregimen berriaren nukleoa ez zela alderdi faxista izan, militar konspiratzaileen taldea baizik. Horiek, oro har, teorizazio gutxiko eta instintu kontserbadore handiko gizonak ziren, ideia kontserbadore tipikoei lotutakoak: monarkia, jabetza pribatua, erlijioa, ordena
Lehenengo gauza, aginte bateratua lortzea izan zen. Hori kolpea eman eta hilabete batzuetara izan zen: 1936ko irailaren 30aren eta urriaren 1aren artean elkartu ziren militarrak. Horrekin batera, militarrak euren «Estatua» eraikitzen hasi ziren; alegia, «behin-behineko ordena» zena «ordena iraunkorra» bihurtzeko lehen pausoak ematen hasi ziren. Ordura arte errepresiora eta kargugabetzeetara, hau da, suntsitze lanera mugatu baziren, orain organo berriak eta botere bertikal berria sortuz, suntsitzea alde batera utzi gabe, euren eraikitze lanari –Estatu totalitario berria eta horren legeak– ekin zioten. Beste alde batetik, altxatuen nukleoetako tokiko botereen gainetik, militarrak bakarrik izan ziren botere bilera horretan, eta datu hori kontutan hartzekoa da. Bilera horretan hartu zuten erabaki garrantzitsu bat militarren buru zein izango litzatekeen aukeratzea izan zen, hau da, gerora diktadorea izango zena: Francisco Franco Bahamonde. Hark kolpisten agintari nagusi izateko zenbait faktore alde izan zituen: alde batetik, garai hartan ez zela oso zaharra, eta bestetik, jeneral kolpisten taldearen «gutxieneko multiplo amankomuna» ziren ideiak ordezkatzen zituela (kontserbadorea, gehiago aritzen zena instintuz ideologia landu baten emaitza bezala baino, monarkikoa baina ez hainbeste, baizik eta kontserbadore gehienen «beharrezko bidesari» moduan, ez zen ez falangista, ez zen karlista eta ez zen «ordenako errepublikanoa» Mola edo Queipo de Llano moduan) eta garaipen militar batzuk lortu berri zituela, Andaluziatik Madrilgo hegoaldera eraman baitzuen Armada kolpista. Gainera, berekin harremanetan jarri ziren alemaniarrek Espainiari laguntza ematea erabaki zutenean (1936ko uztailean, ez lehenago Italiak egin moduan), alemaniarren laguntza zuten bere erregimentu eta dibisioek (tartean, Condor Legio anfibioarena). Beraz, lehen pauso horren bidez, militarrek, alde batetik, euren botere-nukleoa sendotu zuten eta botere bertikal bat ezarri zuten, eta beste alde batetik, diktadura pertsonalerako lehen urratsa egin zuten.
Beste arazo bat izan zen talde politiko intsurgenteen neutralizatzea. Talde horien kasuan –karlistak eta batez ere falangistak, II. Errepublikaren garaian eskuinaren barruan ahulenak izan zirenak–, gerra zibila bezalako dinamika batean, euren izaera bortitz eta mobilizatzailea zela-eta, indarrezko posizio batean geratu ziren eskuineko beste indarrekiko, eta nolabait, militarrekiko balantza bat osatzeko aukera izan zuten. Normalean uste denaren kontra, prozesu hori ez zen 1937an hasi «beharrezko bateratzearekin», baizik eta hilabete batzuk lehenago, 1936 bukaeran. Abenduaren 25ean izan zen «milizien militarizazioa»; hau da, zenbait alderditako miliziak Armadaren eta horko agintarien menpe jartzeko prozesua; alegia, haien autonomia galtzea. Horrek eredu faxista klasikoekiko distortsio bat sortu zuen, horietan «alderdiak gaina hartzen baitzion Estatuari»; kasu horretan, baina, alderantziz gertatzen ari zen. Baina, paradoxikoki, 1936ko abenduan, kaltetu nagusiak karlistak izan ziren. Hain zuzen ere, zenbait tokitan, batez ere Euskal Herriko zonalde konkistatuetan, zeuzkaten botere-guneak –Gerra Junta Karlisten bidez eratutako botere paraleloa– deseginda geratu ziren, eta beren lider Manuel Fal Conde Portugalera kanporatu zuten. Hala ere, Armadak lehen pausoa eman zuen botere politiko absolutua finkatzeko (eta tartean, Armadako buruaren, Francoren, boterea finkatzeko). Beste alde batetik, alderdi faxistaren autonomia erabat mugatu zuten; beren miliziak desegin ez bazituzten ere, Armadaren menpe geratu ziren, hau da, Italian eta Alemanian gertatu zenaren kontrakoa gertatu zen (han alderditik edo haren milizietatik zetozen koadroek agindu zuten Armadaren hierarkiaren gainetik). Hori izan zen Falange gibeleratzeko lehen pausoa, hark protesta egin gabe gertatu zena. Bigarren gauza, esan bezala, alderdi bakarra bateratzea izan zen. Bateratze hori Salamancan gertatu zen, 1937ko apirilean, eta Francok erabat kontrolatutako alderdi faxista-tradizionalista hibridoa izan zen emaitza: Falange Española Tradicionalista. Hala ere, puntu honetan, gaur egun batzuen zein besteen alde dauden kazetariek egiten duten errebisionismoaren aurrean, esan beharra dago alderdi horren batuketa ez zela soilik Francoren asmakuntza izan. Egia esan, Salamancara iristean, banatuta zegoen Falange. Baina ez hainbeste «batasunaren» inguruko aferarengatik, baizik eta hierarkiari lotutako kontuengatik (Primo de Rivera hil ostean, zenbaitek ez zuten onartzen Manuel Hedilla lider berria)[27]. Bi fakzioek –baita Manuel Hedilla orduko buruzagiarenak ere, gerora «disidente» bezala ezarritakoa– egoki ikusten zuten karlistekin bat egitea eta, are gehiago, biek Franco eta militarren esku-hartzea profitatu nahi izan zuten kontrakoak baztertzeko. Horri dagokionez, kontuan izan behar da bi alderdien barruan –baita eskuineko beste alderdien barruan ere– zeudela eskuindar guztiak indar bakar batean bateratzeko asmoak, beste arrazoi batzuen artean, guztiak zirelako euren ahuldade propioaren jakitun. 1937ko otsailean eta martxoan, falangisten eta karlisten arteko bilerak gertatu ziren militarrez aparte, baina porrot egin zuten –noski, biek nahi zuten bateratze hori beren menpekoa izatea–. FET-JONSen bateratzea Francoren garaipena izan zen, 1937ko apirilean egin zen moduan, hein batean, Francoren «inposaketa» izan baitzen. Dena den, dinamika hori ez zuen Francok asmatu ez eta martxan jarri.
Jokaldi horren beste zutarri bat izan ziren italiarrak, haien aholkulariak alderdi bateratu bat sortzea aholkatu baitzuten. Italiarrak izan ziren Francori «beharrizan» hori gehien ikusarazi ziotenak. Dena den, bitxia baldin bada ere, italiarrek Espainiarako proposatutako alderdi bakarra gehiago izan zen «autoritario-teknikoa», erabat doktrinatutakoa baino. Italiarrek beharrezkoagoa ikusten zuten geopolitika (euren interesak bermatuko zituen aldearen garaipena eta hori bermatuko zuten urratsak) politika bera (doktrina faxista) baino; gehiago axola zitzaien alderdi bateratua eta aginte sendoa, falangista muturrekoen araztasun doktrinala baino. Hau da, italiarrek, praktikan, Francoren alde eta «faxista puruen» kontra jokatu zuten auzi horretan; hala ere, euren «zilegitasun faxista» nahikoa izan zen Espainiako faxista asko konbentzitzeko.
Italiarrek Espainiarako proposatutako alderdi bakarra gehiago izan zen «autoritario-teknikoa», erabat doktrinatutakoa baino. Italiarrek beharrezkoagoa ikusten zuten geopolitika politika bera (doktrina faxista) baino
Hala ere, egia da momentu horretan Francok presa handia zuela alderdia bateratzeko. Zergatik? Momentu hartan, Madril laster hartuko zutela uste zutelako kolpista askok, eta nukleo militarrak arlo politikoa ondo itxita izan nahi zuelako hori gertatzen zenerako. Fakzioek gutxieneko autonomia bat baldin bazuten Madril kolpisten aldera pasatzen zenerako, orduan, ziurrenik, gobernu berria osatzeko, Francok haiek aintzat izan beharko zituen eta haiekin «ados» jarri beharko zuen. Aldez aurretik eta «adostasun» handirik gabe ixten bazuen alderdiaren bateratzearen kapitulua, ordea, botere bertikala bere menpe izango zuen. Bestalde, 1937ko otsail eta martxo inguruan, falangistek eta karlistek abiatutako elkarrizketak neutralizatu behar zituen: bateratzerik izango bazen, ez zen «autonomoa» izango.
Bateratze politikoa 1937ko apirilaren 18aren eta 22aren artean izan zen. Istilu batzuk izan ziren falangisten artean –ez falangisten eta karlisten artean–, eta Francok erabili egin zituen horiek, jakina, figura batzuk zokoratzeko eta beste batzuk indartzeko. Baina, egiaz, falangista guztiak ados zeuden Estatuaren menpeko indar bateratu handi bat sortzearekin, baita militarren laguntza bilatzearekin ere (bai beste alderdien aurka, bai Falangeren barneko arerioen aurka). Faxisten arteko barne-gatazka horrek ekarri zuen haiek militarren aurrean –are gehiago– ahultzea eta alderdi bateratu berriaren «autonomia» murriztea, baina ezer gutxi aldatu zen: bateratzea izan izango zen, eta horren urgentzia, batez ere, aurretik zetorren ahuldadeak ekarri zuen.
Apirilaren 18aren eta 19aren artean, falangisten kongresu batek Manuel Hedilla izendatu zuen buru berriro, hain zuzen ere, karlistekin bateratzea eman zedin. Hedilla bera Francorekin agertu zen FET-JONSen «Batasunaren hitzaldia» ematen. Hedilla «disidentearen» dimisioa –eta geroagoko atxiloketa– ez zen une horretan izan, lau egun beranduago baizik; apirilaren 22an. Eta ez zuen zerikusirik izan karlistekin bateratzearekin –ikusi dugun bezala, Hedilla izan zen bateratzearen alde gehien agertu zenetako bat– baizik eta alderdi berriaren zuzendaritza Francok aldebakarrez izendatzearekin, hots, alderdiaren autonomia osoa galtzearekin. Momentu horretara arte Francorekin agertu zen gizona, momentu horretan, hierarkia kasu bategatik lekutu zuten. Baina, ikusi dugun bezala, proiektuaren zutarriekin ados zegoen, bai bera bai falangista gehienak. Erregimen frankistan zehar, oso eroso kokatu ziren falangista gehienak Estatu berriaren aparatuan.
FET-JONS alderdi bakarra askotan «falangisten eta karlisten» arteko batasun bezala ulertu izan bada ere, kontuan izan behar dugu bi sektore horiek baino garrantzitsuagoa zen beste sektore bat egon bazegoela erregimenean (alderdi barruan zein alderditik kanpo, hau da, «aldeko ez mobilizatu» masa handi horretan; zeinak kargu politikoak, onura pertsonalak, segurtasuna eta abar lortu zituen erregimena zutarritzen laguntzearen truke). Eskuineko masa «ez lerrokatuaz» ari gara, hau da, fakzio konkretu batekin identifikatu gabe, erregimenarekin eta Guda Zibileko bando kolpistarekin identifikatzen zena –gehienetan, arrazoi ideologiko zehatz baten edo erregimenaren doktrina ofizialaren alde baino, «gorrien kontra», eta beraz, minimoen (jabetzak, erlijioa, «ordena») alde agertzen zena–. Gerra Zibilean eta Gerra Zibilak «sozializatutako» kontserbadore «arrunt» hori bihurtu zen erregimenaren zutarri sozialik handiena, bai FET-JONS alderditik kanpo, baina baita alderdiaren barruan ere, eta modu horretan, faxistizatze oso bat gertatzeko oztopo nagusia zen[28]. Egiatan, alderdi berri hori bi fenomeno paraleloren emaitza izan zen: faxismoak, ideia bezala (bai propagandari bai mobilizazioari dagokionez), Espainiako eskuina busti izanarena, baina baita, berez faxistak zirenen ahultasun politikoarena[29].
Praktikan, Francok falangisten eta karlisten arteko –bere menpeko– batasuna, gerora egin izan diren interpretazioak gorabehera, zarata handirik gabe egitea lortu zuen. Bai falangisten bai karlisten aldean, korronte horietako jarraitzaile askok –baita «lehen orduko historikoek» ere– kargu politiko garrantzitsuak lortu zituzten. Euren proiektu politikoa indartzen saiatu baziren ere, euren leialtasun nagusia erregimenarekiko eta haren «kaudilloarekiko» zen. Oro har, Francoren erregimenak funtzio bikoitza izan zuen faxistekiko (uler bedi, hasieratik «iraultza» faxista bat bilatzen ari zen jendearekiko): alde batetik, agintzeko aukera eman zien, euren alderdia masa-alderdi eta erregimen baten bizkarrezur bihurtu zuen eta faxistak goi-postuetara bultzatu zituen, batez ere lehen urteetan, propagandaren aparatuari dagokionez –beste era batera lortzea zail edo ezinezko izango zuten–. Baina, bestetik, euren autonomia politikoa desegin zuen: faxistizatze mailaren mugak militarrek jarriko zituzten, ez alderdi faxistak. Faxistek erregimen frankistan izan zuten papera menpekoa edo gibeleratutakoa izan zen, erregimen horren faxismoaren gradua gorabehera, erregimenaren nukleoa ez baitzuten faxistek osatu.
Faxistizatze mailaren mugak militarrek jarriko zituzten, ez alderdi faxistak. Faxistek erregimen frankistan izan zuten papera menpekoa edo gibeleratutakoa izan zen, erregimen horren faxismoaren gradua gorabehera, erregimenaren nukleoa ez baitzuten faxistek osatu
FRANCOREN ERREGIMENAREN OINARRI SOZIALAK ETA KLASE POLITIKA
Espazio faltagatik, nahiko zaila zaigu momentu honetan Francoren erregimenaren argazki oso bat ateratzea, batez ere erregimenaren aspekturik ilunena, hau da, errepresioa argitzeko. Kontuan izan behar da «bake garaietan», hau da, II. Mundu Gerrako biolentzia kenduta, erregimen hau izan zela, agian, Europako erregimenik biolentoena. Artikulu honetan, erregimenaren ideologia aztertuta, oinarri ideologikoak eta, gutxi gorabehera, oinarri ideologiko horiek ordezkatzen zituzten oinarri sozialen proiekzioa nolakoa izan zen aztertuko dugu.
Francoren erregimenaren garaipenaren ondoko politikak ikertzerakoan, historiografiak, batez ere, bi ildotatik jo izan du. Lehenik, Francoren garaiko eliteek zer nolako konposizio soziala hartu izan duten aztertu du, eta zein logikaren arabera igo izan diren boterera. Historiografiak erabiltzen dituen terminoen arabera, bi «garaipen logiken» arteko dialektika eman zen han, hau da, botere postuetara igotzeko bi «bide» ezberdin egon ziren, eta bide horien arteko teilakatze edo kontrajartzea izan zen. Alde batetik, frankismoak, erregimen kontserbadore gisa, Errepublikak arriskuan jarritako eliteen interesak ordezkatzen zituen, eta frankismoa elite horien «itzulera» moduan irakur daiteke. Horri «garaipen sozialaren logika» deitzen zitzaion; hau da, aurreko eliteek «beraiei zegokien tokia, Errepublikak erasandakoa, berreskuratzean» datzana. Baina, beste alde batetik, frankismoa Errepublikaren kontra altxatu ziren talde politiko matxinoen (eskuindarrak, baina matxinoak) garaipena ere bazen, hau da, talde politiko horien –eta talde horietako beteranoen– nagusigoa, frankismoaren liturgiak ordezkatzen zituen taldeen –falangisten eta karlisten– garaipena. Horri «garaipen politikoaren logika» deritzo, hau da, elite horien «igogailua» politikoa gerrako parte-hartzea edota erregimenak bere egindako egitura politikoetan parte hartzea izan zen. Aldi berean «berrezartzailea» eta «berritzailea» zen erregimen baten tentsioak ikusten ziren bertan. Bi aspektuak izan zituen frankismoak, bai ideologikoki bai boterearen konfigurazioari dagokionez. Horrek historiagileen arteko eztabaida sakona piztu du gaur egunera arte: frankismoaz ari garenean botere-konfigurazioaren aspektu bat ala bestea lehenestearen aldekoak topatzen ditugu, eta bestetik bi «igoera-dinamiken» arteko harremana eta elkar elikatzea modu ezberdinean deskribatzen dituztenak ere badaude. Hala ere, bi logika horien (eta bakoitzaren atzean zetzan talde sozialen) arteko kolaborazioak eta elkar elikatzeak frankismoaren minimoen inguruko aztarna bat ematen digu: Errepublikaren eta horrek ordezkatzen zuen ororen –demokrazia, arrazionaltasun politikoa, aurrerapen soziala eta Espainiaren barne aniztasuna (forma eta gradu ezberdinetan)– arbuioa eta 1936ko uztaileko estatu kolpearen abiapuntu-izaera.
Hala ere, halako eztabaiden existentziak gauza bat agerian uzten du: frankismoaren izaera bikoitza, «eskuin zaharraren» (elite zaharrak eta horiek proposatutako soluzio autoritarioak) eta «eskuin berriaren» (faxismoa) arteko koaliziotik sortua. Bakoitzak bere agenda propioa gerraren garaipenaren ostean proiektatu nahi izan zuen.
Beste alde batetik, erregimen frankistaren politika faktikoez, egitateez mintza gintezke; horrek frankismoaren klase izaera argitara ateratzen du. Frankismoaren politika erabatekoa izan zen goi-mailako sektoreen aldekoa. Lehen neurriekin, hain zuzen ere, «Fronte Popularraren zilegitasun falta» hartu zuten aitzakiatzat, hau da, gobernu horrek egindako erreformak bertan behera utzi zituzten; adibidez, garai horretan kontratatutako langileak kaleratu zituzten edo garai horietan sindikatuek lortutako igoerak bertan behera uzteko eskubidea eman zien erregimenak enpresariei. Baina are gogorragoa izan zen nekazaritzan gertatutakoa, 1938an sortutako Nekazal Berreskurapen Zerbitzuaren arabera, Errepublikak egindako erreformen bidez banatutako lurrak lehengo jabeei (lurjabe handiei) itzuli behar baitzitzaizkien. Praktikan 6,3 milioi hektarea itzularazi zituen «kontraerreforma» horrek[30].
Baina ez zen soilik Fronte Popularraren «erreformen desegitea» izan, baizik eta epe luzerako politika izan zen, hain zuzen ere, klase desoreka printzipioaz bultzatutakoa. Antonio Cazorla Sanchez irakasleak ondo deskribatu izan duen bezala, frankismoaren lehen urteetan atzerakada ekonomiko eta sozial handi batean bizi izan zen Espainia, bai beste herriekin alderatuta, bai klaseen arteko distantzia handitu zelako. 1945ean, Espainiako Estatuko langileen erosmen ahalmena 1935ekoaren erdia izan zen[31]. Kontuan izan behar da, 1944tik aurrera ateratako Lan Kontratuen Legearen arabera, Estatua zela (ekonomia adar bakoitzeko Sindikatu Bertikalen «aholkularitza» onartuta; sindikatu horiek enpresariek kontrolatzen zituzten) soldatak finkatu ahal zituen bakarra, eta soldaten igoerak beti egon ziren salneurrien igoeren azpitik. Lan-orduetan ere langileen kontrako neurriak hartu zituen erregimen frankistak: 1939an gobernu frankistak ofizialki luzatu zuen lan-astea, 48 ordukoa ezarri baitzuen 40 ordukoaren ordez. Hala ere, beharrezko ordu estrak kontuan izanda, langileek egunean hamar edo 11 ordu egin zitzaketen praktikan, 48 ordu horiek aise gaindituta[32]. Gainera, langile guztiek «liburuxka profesionala» izan behar zuten; horretan lan egin zuten enpresen zerrenda eta horien oharrak agertzen ziren, eta horrek zerrenda beltzak areagotzea errazten zuen.
Bestetik, atzerakada bat izan zen ekonomian ere. 1940ko hamarkadan, gosea eta elikadura lortzeko falta zirela-eta, «desindustrializatze» prozesu bat izan zen, horren adibide da nekazal populazioaren ehunekoa % 45etik % 55era igo izana[33]. Ekoizpenari dagokionez, 1929ko zifrak ez ziren 1950eko hamarkadara arte berreskuratu; Espainia izan zen orduan Europa osoan gutxien hazi zen herrialdea[34]. Frankisten arabera, «gerrak ekarritako suntsipenaren ondorio» izan zen hori, baina argudio hori ez da sostengatzen kontuan hartzen baldin badugu Europako herrialde gehienek suntsipen handiagoa jasan zutela II. Mundu Gudan. Jose Maria Lorenzo Espinosa historiagileak ere badio garaiko iturri frankistek ez zutela suntsipena erabatekotzat jotzen[35]. Alderatuz gero, Europako Ekialdean are gehiago suntsitu zituzten herrialdeak II. Mundu Gudan, eta hala ere, hazkundea handiagoa zen: adibidez, 1949tik aurrera Alemaniako Errepublika Demokratikoaren parte izango ziren lurretan, 1929koaren herena zen ekoizpena 1946an, eta hala eta guztiz ere, 1950ean jada gainditu egin zuen ekoizpen hori. Espainiak berdindu egin zuen[36].
Bestalde, «inbertsio publikoa» eta «interbentzionismoa» ere aipatu izan dira. Ez gara orain hemen luzatuko, baina argi utzi behar dugu gauza bat: interbentzionismoak ez du derrigorrez esan nahi langileen ongizatearen alde egitea. Kasu honetan, adibidez, esku-hartzeak jabetza pribatua babestea zuen helburu[37]. Adibidez, Espainiako interbentzionismoari dagokionez, muga bat zuen: banketxe pribatuak. Banketxe pribatuak sekula ez ziren frankismoarekin bezain ondo bizi izan, adibidez, euren zorra Espainiako Banketxearen bidez automatikoki pignoratzeko eskubidea zuten[38]. Horren emaitzetako bat izan zen burtsaren errenten igoera, argi azaltzen zaigu, esaterako, errenta finkoen kontratazioa, 1936ko kopurua % 100ean ezartzen badugu –konparatze aldera–, 1944an % 3.107,8koa zen[39]. Horri gehitu behar diogu presio fiskal erregresiboa; gerraren osteko Mendebaldeko Europako estatuen artean, Espainia zen bere errentaren zerga bidez bildutako zatirik txikiena zuena, soilik % 14[40]. Bestetik, Fuentes Quintana bezalako ekonomista batek, 1961ean esan zuen zerga sistema frankista «zaharkitua» zela, «ez baitzen benetan errentak zergapetzeko sistema bat»[41]. Bestetik, zerga sistema «lauaren» (flat tax) antzeko sistema bat izanda, eta horrekin batera luzamenduak eta hobariak ugariak izanda, «goi-klaseen aldeko sistema bat» osatzen zuen sistema horrek[42]. Borja De Riquer historiagilearen arabera, frankismoaren menpeko Espainia «paradisu fiskal» bat zen[43]. Laburtzearren, Miguel Angel Aparicio historiagilearen esanetan, frankismoak eta faxismoak, Espainian, XIX. mendeko liberalen ametsa bete zuten: Kapitala barne oztopo guztietatik askatzea[44].
Banketxe pribatuak sekula ez ziren frankismoarekin bezain ondo bizi izan, adibidez, euren zorra Espainiako Banketxearen bidez automatikoki pignoratzeko eskubidea zuten. Horren emaitzetako bat izan zen burtsaren errenten igoera
Laburtzearren, Miguel Angel Aparicio historiagilearen esanetan, frankismoak eta faxismoak, Espainian, XIX. mendeko liberalen ametsa bete zuten: Kapitala barne oztopo guztietatik askatzea
Jakina, politika horren ondorio bat izan zen drama soziala, lehen urteetan gose handia pairatu behar izan baitzen (kontuan izanda prezioen igoeran beste faktore batek funtzionatzen zuela: merkatu beltzak, zeinetan erregimenaren kargu altu askok parte hartzen zuen). Goseak, gainera, gaixotasun batzuen okertzea ekarri zuen; adibidez, 1941ean tifus izurrite bat izan zen, baita tuberkulosia ere: 1946 eta 1950 artean hildako gizonen % 10 eta emakumeen % 6 tuberkulosiak jota hil ziren[45]. Kalkulu batzuen arabera, 1945eko elikadura kontsumoa, batez beste, 1936an izan zenaren erdia izan zen[46]. Berez ez dugu horretan gehiago sakontzeko espaziorik, baina aipa genezake, adibidez, 1940 eta 1945 artean gizonezkoen batez besteko bizi-itxaropena 47 urtekoa zela eta emakumezkoena 53 urtekoa[47]. Gosearen eta Kapitalaren aldeko politika frankismoak lotu zituen bi aspektu izan ziren, Cazorlaren ustez[48]. Michael Richards-en arabera, gosea erregimenak erabili zuen arma bat izan zen, beheko klaseen ezinegona politikoki adieraz ez zedin[49].
Oro har, Gerra Zibilak ezarritako «aldekoen komunitatearen» trinkotzeak, batetik, (gerraren osteko errepresioa prozesu horren parte da), beldurrak eta goseak eragindako despolitizazioak, bestetik, eta zenbait klase soziali emandako aldeko tratuak, azkenik, frankismoaren oinarri sozialak taxutu zituen. Erregimenaren aldeko klase sozial horiek, oro har, erregimen faxista klasikoen aldekoen antzekoak baldin baziren ere, erregimenarekin elkar eragiteko modua ezberdina izanda (bai jarduera mailan, bai mobilizazio mailan, baita ideologizazio mailan ere), hori, nolabait, erregimenaren moldatze-gaitasuna handitzen lagundu zuen faktoreetako bat –ez bakarra– izan zen.
ERREFERENTZIAK ETA OHARRAK
1. ARENDT, Hannah: Los orígenes del totalitarismo. Arendti kritika zorrotza egin zioten marxisten artean Domenico Losurdo italiarra dugu. Losurdoren arabera, faxismoa «totalitarismo» huts batek definitzen badu eta horrekin, «beste totalitarismoekiko» –hau da, Guda Hotzean liberalen etsai zen SESBrekiko- erkatze bat egin nahi bada, kontuan izan beharko da faxismoak bere gobernu-teknikak askotan erregimen liberalengandik hartu zituela. LOSURDO, Domenico: Stalin. Historia y crítica de una leyenda negra. El Viejo Topo. Bartzelona, 2008.
2. ZETKIN, Klara: «Der Faschismus». 1923.
3. DIMITROV, Georgi: Escritos sobre el fascismo, Akal. Madril, 1976. Dimitrovek bere bizitzan zehar idatzitako idazki ezberdinen bilduma.
4. POULANTZAS, Nikos: Fascismo y dictadura. 1976.
5. POLANYI, Karl: La gran transformación. Hainbat edizio izan ditu lan honek.
6. NOLTE, Ernst. Fascism in its Epoch. 1963.
7. HOBSBAWM, Eric: Historia del siglo XX. 1994.
8. GRIFFIN, Roger: Fascismo y modernismo. 2007. Griffinen arabera hau da eskuin ezberdinen arteko ezberdintasun nagusia, faxismoaren «modernismo alternatiboak» gizaki berri bat eta honekin batera nazioaren berrasmaketa, palingnesia, bilatzen zituen. Honekin batera, Griffinen arabera, faxismoaren arabera nazioa materiatik existentzia fisikotik at zegoen traszendentziazko izate bat zen.
9. Hala ere, ez dugu pentsatu behar Espainian edo beste tokietan faxistek boterea haiek bakarrik lortu zutenik edo beste indarren kolaborazioari uko egin ziotenik. Mussolini zein Hitlerren lehen gobernuak koaliziozkoak izan ziren, eta zenbait kasutan, adibidez Italian, beste partidu batzuk absorbitu zituzten (Italiako Asoziazio Nazionalista). Hala ere, kasu hauetan koalizioa alderdi bakarreko Estaturanzko urrats bat izan zen, faxistak «koalizioko pisuzko alderdia» zirelarik; Espainian ordea «koalizioaren alde ahula» izan ziren.
10. LINZ, J. J.: «Una teoría del régimen autoritario. El caso de España», in PAYNE, Stanley (zuz.): Política y sociedad en la España del siglo XX. Akal argitaletxea. Madril, 1978, 205-263 or.
11. Tusellek frankismoa «pluraltasun mugatu» bezala definitu zuen. TUSELL, Javier: La dictadura de Franco. Altaya, Madril, 1996.
12. SANCHEZ RECIO, Glicerio: Los cuadros intermedios del régimen franquista, 1936-1959. Instituto Juan Gil Albert. Alacant, 1996.
13. GRIFFIN, Roger: Fascismo y modernismo. 2007. Palingenesia, Griffinen arabera, faxismoaren oinarrizko ezaugarri bat da, lehenago ezarri dugun moduan.
14. TUÑÓN DE LARA, Manuel: «Algunas propuestas para el análisis del franquismo» Ideología y sociedad en la España contemporánea. Por Un análisis del franquismo, Cuadernos para el diálogo, 89-102. or., Madril, 1977; eta FONTANA, Josep: «Introducción: Reflexiones sobre la naturaleza y las consecuencias del franquismo», in FONTANA, Josep (zuz.): España bajo el franquismo (9-38. or.). Critica. Bartzelona, 1996.
15. CASANOVA, Julian: «La sombre del franquismo: ignorar la historia y huir del pasado» in CASANOVA, Julian: El pasado oculto. Fascismo y violencia en Aragón (1936-1939). Siglo XXI. Madril, 1992.
16. Hala ere, ezberdintasun bat azpimarratu behar dugu hemen: Poulantzasen arabera, Italian eta Alemanian faxismoaren gorakada «arrisku iraultzailea» itsasbeheran zegoenean igo zen; Espainian, aldiz, Fronte Popularrak 1936an hauteskundeak irabazi eta gero. Jakin badakigu Fronte Popularrak ez zuela iraultza sozialista ezarriko, baina ezkerreko indarren goraldian izan zen estatu kolpea.
17. Ildo honetan, adibidez Antonio Elorza Dominguezek eta Manuel Perez Ledesmak kritikatu dute frankismoa faxista bezala hartzeko errepresio bortitza ia ezaugarri beharrezko bakartzat hartzea, honek kritika historikoa baino moralaren antza, lehen komentatu dugun ildotik faxismoa «ankerkeria hutsarekin» identifikatzea- ekarriko zukeelako. ELORZA, Antonio. «Mitos y simbología de una dictadura» in Bulletin d’Historie Contemporaine de Espagne, 34 zkia., 47-68 or., 1996; eta PEREZ LEDESMA, Manuel. «Una dictadura por la gracia de Dios» in Historia Social, 20 zkia., 173-193 or., 1994.
18. SAZ CAMPOS, Ismael: Fascismo y franquismo. Valentziako Unibertsitatea. Valentzia, 2004, 155-160 or.
19. Ibidem, 83 eta 152 or.
20. Ibidem, 152 or.
21. Ismael Saz irakaslearen arabera, faxistizazioa hain zuzen prozesu baten eta indar faxisten eta berez faxistak ez zirenen arteko indar korrelazioaren emaitza bezala hartzeko abantaila bat, erregimen frankistaren eboluziorako barne faktoreak kontutan hartzeko gaitasunean zetzan, eboluzio hori «kanpotik diktatutako» (Fontana edo Tuñon de Lararen estiloan) gisa soilik hartzea saihestuz. Ibidem 83, 89-90 eta 163-164 or.
22. Adibidez, Luciano Casali da hauetako bat. CASALI, Luciano: Franchismo. Sui caracteri del fascismo spagnolo. Clueb. Bolonia, 1990.
23. MOORE, Barrington: Los orígenes sociales de la dictadura y la democracia. Critica. Bartzelona, 1973.
24. THOMÀS, Joan Maria: La Falange de Franco. Fascismo y fascistización en el régimen franquista (1937-1945). Plaza&Janés. Bartzelona, 2001.
25. SAZ CAMPOS, Ismael: Fascismo y franquismo. Valentziako Unibertsitatea. Valentzia, 2004, 88 eta 253 or.
26. ITURRALDE, Juan: La guerra de Franco, los vascos y la Iglesia (1. bol.: Quiénes y por qué prepararon la guerra y cómo comenzó). Clero Vasco. Donostia, 1978.
27. Hauxe da gertaera hau hoberen aztertu duen egilearen, Ismael Saz irakaslearen iritzia. Kapitulu honetan batez ere Sazek emandako interpretazioa jarraituko dut. SAZ CAMPOS, Ismael: Fascismo y franquismo. Valentizako Unibertsitatea. Valentzia, 2004, 125-150. or.
28. Francoren zirkulu politiko gertukoa honetan oso kontziente zen 1937ko martxoan italiarrei bidalitako dokumentu batean idatzita adierazten den bezala. Dokumentu hori Italiako Kanpo Arazoetako Artxiboan gordetzen da. Sinatu gabeko dokumentu bat da, baina Sazen arabera Francok edo gertuko batek idatzitako dokumentu bat zen. Dokumentu horrek «Falangearen ezaugarriak oinarri izango zituen alderdi bat sortzea» gomendatzen zuen «ideal nazionalen aldeko espainiar guztiak», hau da, estatu kolpearen aldeko frankista guztiak bilduko zituena, eta gerora Alderdi bakarra izango zena). Ibidem, 137-140 or.
29. Ismael Sazen arabera, Francok ezarri zuen diktadura –eta alderdi berriak han ez zuen paper txikia jokatu– «II Errepublika garaian, faxistizatze prozesua bizi zuten eskuindarrek amestutako diktaduraren oso antzekoa izan zen». Ibidem, 139 or.
30. BARCIELA, Carlos; LOPEZ, Maria Inmaculada; MELGAREJO, Joaquin eta MIRANDA, Jose Antonio: La España de Franco (1939-1975). Economía. Sintesis. Madril, 2001, 98 or. Hala ere «berritzultze» asko, zerbitzu honen bidez baino «indarrez» izan ziren, hau da, armada kolpistak lurraren banaketa aurreko egoerara itzularazten zuen herri ezberdinak konkistatu ahala, zerbitzu honek egoera hori berretsi egin zuelarik. Zerbitzu honen buru zen Angel Zorrilla Dorronsorok ere onartu behar izan zuen «berritzultze gehienak legez kanpo» egin zirela. Barcielaren taldearen arabera, «Berritzulitako 6,3 milioi hektareatik soilik milioi erdi berritzuli zituzten legezko formak erabilita».
31. Higinio París Eguilaz ekonomialari frankistaren arabera, 1936 eta 1948 artean, langileen eroste ahalmenaren galera % 20 eta % 35 artekoa izan zen, hori bai, París Eguilazek enpresa batzuetan ezarri ziren plusak (soilik 1948an legeztatuak, baina kasu batzuetan «zeharka emandakoak) kontutan hartzen zituen. Paris Eguilazek onartzen zuen plusik ezean, langileen erosmen-ahalmena erdira jaitsi zitekeela. FONTANA, Josep: «Introducción: Reflexiones sobre la naturaleza del franquismo» in FONTANA, Josep (ed.): España bajo el franquismo (9-38 or.). Critica. Bartzelona, 1986, 34 or.; eta PARIS EGUILAZ, Higinio: Diez años de política económica en España, 1939-1949. Madril, 1949, 175-191 or.
32. DE RIQUER I PERMANYER, Borja: La dictadura de Franco. Crítica eta Marcial Pons argitaletxeak. Sabadell (Bartzelona), 2010, 278-279 or.
33. CAZORLA SANCHEZ, Antonio: Miedo y progreso. Los españoles de a pie bajo el franquismo 1939-1975. Alianza argitaletxea. Madril, 2016, 30-31. or.
34. LORENZO ESPINOSA, Jose Maria: Dictadura y dividendo. El discreto negocio de la burguesía vasca. (1937-1950). Deustuko Unibertsitatea. Bilbo, 1989, 27-29. or.
35. LORENZO ESPINOSA, Jose Maria: Dictadura y dividendo. El discreto negocio de la burguesía vasca. (1937-1950). Deustuko Unibertsitatea. Bilbo, 1989, 64-65. or.
36. GARCIA DELGADO, Jose Luis: «Estancamiento industrial e intervencionismo económico en el primer franquismo» in FONTANA, Josep (ed.): España bajo el franquismo (170-191 or.). Critica. Bartzelona, 1986, 174-175 or. Kontuan izan behar dira bi gauza: 1929ko Alemaniako Ekialdeko garapena Espainiakoa baino handiagoa zen, beraz 1950an langa gainditzea zailagoa zitzaion AEDri Espainiari baino. Bestetik, gudaren ondorioz izandako ekoizpen-jaitsiera Espainian askoz txikiagoa izan zen: Albert Carrerasek % 14ko ekoizpen galera kalkulatzen du eta Leandro Prados de la Escosurak % 20.
37. LORENZO ESPINOSA, Jose Maria: Dictadura y dividendo. El discreto negocio de la burguesía vasca (1937-1950). Deustuko Unibertsitatea. Bilbo, 1989, 59. eta 71-72. or.
38. BARCIELA, Carlos; LOPEZ, Maria Inmaculada; MELGAREJO, Joaquin eta MIRANDA, Jose Antonio: La España de Franco (1939-1975). Economía. Sintesis. Madril, 2001; eta LORENZO ESPINOSA, Jose Maria: Dictadura y dividendo. El discreto negocio de la burguesía vasca (1937-1950). Deustuko Unibertsitatea. Bilbo, 1989, 41. or.
39. GONZALEZ PORTILLA, Manuel eta GARMENDIA, Jose Maria: La posguerra en el País Vasco: Política, acumulación, miseria. Kriselu. Donostia, 1988. 16-27 eta 106-117 or.; eta CAZORLA SÁNCHEZ, Antonio: Las políticas de la victoria. Marcial Pons. Madril, 2000, 73. or.
40. Konparazioz Italian % 21 zen, eta Britainia Handian % 33 zen. BARCIELA, Carlos; LOPEZ, Maria Inmaculada; MELGAREJO, Joaquin eta MIRANDA, Jose Antonio: La España de Franco (1939-1975). Economía. Sintesis. Madril, 2001, 59 or.
41. FUENTES QUINTANA, E.: «Los principios de reparto de la carga tributaria en España» in Revista de Derecho Financiero y de Hacienda Pública, 41 zkia. (161-298 or.), 1961; in BARCIELA, Carlos; LOPEZ, Maria Inmaculada; MELGAREJO, Joaquin eta MIRANDA, Jose Antonio: La España de Franco (1939-1975). Economía. Sintesis. Madril, 2001, 60-61 or.
42. BARCIELA, Carlos; LOPEZ, Maria Inmaculada; MELGAREJO, Joaquin eta MIRANDA, Jose Antonio: La España de Franco (1939-1975). Economía. Sintesis. Madril, 2001, 62-63 or.
43. DE RIQUER I PERMANYER, Borja: La dictadura de Franco. Crítica eta Marcial Pons argitaletxeak. Sabadell (Bartzelona), 2010, 259 or.
44. APARICIO, Miguel Angel: «Sobre los comienzos del sindicalismo franquista, 1939-1945» in FONTANA, Josep (ed.): España bajo el franquismo. (78-99 or.). Critica. Bartzelona, 1986, 83 or.
45. DE RIQUER I PERMANYER, Borja: La dictadura de Franco. Crítica eta Marcial Pons argitaletxeak. Sabadell (Bartzelona), 2010, 282 or.
46. ASKOREN ARTEAN: «Evolución económica i condicions de vida i treball» in ASKOREN ARTEAN: Franquisme. Sobre resistència i consens a Catalunya (1938-1959). (53-121 or.). Critica argitaletxea. Bartzelona, 1990, 110-111 or.
47. DE RIQUER I PERMANYER, Borja: La dictadura de Franco. Crítica eta Marcial Pons argitaletxeak. Sabadell (Bartzelona), 2010, 284 or.
48. CAZORLA SANCHEZ, Antonio: Miedo y progreso. Los españoles de a pie bajo el franquismo 1939-1975. Alianza argitaletxea. Madril, 2016, 114. or.
49. RICHARDS, Michael: Un tiempo de silencio. Critica. Bartzelona, 1999.
HEMEN ARGITARATUA