Irati Zuriarrain
2021/03/03

1917ko Urriko Iraultzaren ondoren sortu zen sobietar zuzenbide gisa ezagutzen den fenomenoa; aurreko erregimenarekin zerikusia zuen guztia ezabatzeko asmoz, boltxebikeek zuzenbidearen arlo guztiak eraldatu zituzten. Lege-aldaketa horien artean familia eta generoaren ingurukoek berebiziko garrantzia izan zuten, egin-eginean ere, horiek izan ziren aldarrikatzen lehenengoetarikoak. Bada, erreportaje honen xedea aurrenengo genero-politika sobietarretara lehen hurbilketa bat egitea da. Horren baitan, 1918ko Familia Kodea, 1920ko Abortuaren Legea zein emakume langileen lege-babesa bezalako zuzenbidearen esparruak landu ditut, bai eta etxeko lanen zein emakumeen antolakuntza politikoaren eremuetan izan ziren aldaketak ere. Alabaina, irakurleek sobietar emakumeen inguruko politiken ulermen integralago bat lor dezaten, onuragarria iruditu zait Iraultzaren aurretik Errusiako emakumeek bizi zuten egoeraz eta haiek Iraultzan zehar izan zuten paperaz aritzea. Hori izango da, beraz, lan honen abiapuntua.

1. EMAKUME ERRUSIARRAK 1917KO IRAULTZA AURRETIK

Errusiako emakumeek 1917. urtearen aurretik bizi zuten egoera, hein handi batean, Errusiaren atzerapen sozioekonomikoaren testuinguruan ulertu behar da, non ez zen ekoizpen modu feudala eta horrek zekarren morrontza desagertu 1861era arte, ezta iraultza liberalik gertatu ere. Landa eremuko soldatapeko lanean emakumezkoen eskulan eskaria txikia zen, hain zuzen, gizonezkoena ugaria eta merkea zelako. Ondorioz, emakumearen jarduna etxeko eremuan egin beharreko lanetara mugatzen zen[1]. Egoera hori ez zen aldatu emakumeak arian-arian soldatapeko lanean sartu ziren arte, gizartearen eta Estatuaren garapen kapitalista eta industrial hasiberriarekin batera, hain zuzen.

Errusia tsaristan populazioa estamentu-sistema konplexu baten bidez antolatzen zen, ez soilik maila sozialean oinarrituta, baita bizilekuaren kokapenaren arabera ere (hiria edo landa). Sistema horren bidez osatzen ziren sosloviya deituriko komunitateak. Horien bidez zergen ordainketak gauzatzen ziren, eta emakumeek ez zuten ia partaidetzarik[2]. Landa eremuko zenbait emakume esklabo-baldintzetan bizi ziren ia; adibidez, batrachka deiturikoak «emazte» gisa alokatzen zituzten denboraldi baterako, eta haurdun gelditzean botatzen zituzten[3].

Ikuspuntu legal eta sozialetik, paralelismo bat atzematen zen familiaren eta Estatuaren artean: egitura sozialaren mailarik baxuenean zegoen gizonak ere autoritate legala zuen emaztearen gain. Hala zioen legeak: «emakumeak bere senarra obeditu behar du familiaburu bezala, maitalea eta adeitsua izan, otzana izan eta berekiko konplazentzia eta estimu mota guztiak adierazi». Bere emazteak eduki edo jarauntsi zezakeen denaren jabea zen senarra, eta haren baimena behar zuen lan egiteko zein pasaporte bat edukitzeko[4].

Ezkontzak ahaideen interes sozio-ekonomikoen arabera gauzatzen ziren, industrializazioak familia eta komunitate loturak gainbeheratu zituen arte. Errusiako Inperioan familia zuzenbideak ez zuen alor juridiko bereizi bat osatzen, eta soilik Elizak ezarri zezakeen ezkon-lotura. Bestetik, ezkontza-hausteak lortzeko zailak eta garestiak ziren, eta Elizak zein gizarteak gaitzetsi egiten zituzten[5], hala ere, gizonek haien emazteak ez onartzeko eskubidea zuten.

Legezko esparrutik kanpo, sexualitatearen alorrean gehienbat, emakumeek kontrol sozial handia jasaten zuten haien portaerari zegokionez. Izan ere, ezkondu aurretik sexu-harremanak baldin bazituzten, publikoki apaldu eta jipoitu zitzaketen, haien etorkizuneko egonkortasun ekonomikoa arriskuan jarriz. Horren moduko ohiturak, besteak-beste, Semiyonova Tian-Shanskaiaren (1863-1906) lan etnografikoetan daude dokumentatuta[6].

Emakumeen hezkuntza ere aipatzekoa da, batez ere, sobietar garaian edukiko duten ­parte-hartzea hobeki ulertzeko. XIX. mendeko ustea zen emakumeen garuna ez zela gai jakintza bereganatzeko, eta Elizaren helburua zen hezkuntza ­erlijio-irakaskuntzara mugatzea. 1861an morrontzaren deuseztatzeak eta hezkuntza laikoak, berriz, zenbait aldaketa sortu zituzten goi-estratuetako neskatilen hezkuntzari dagokionez. Aldaketa horiek hezkuntza-aldien arabera joan ziren lortzen XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera bitartean: oinarrizko hezkuntzatik bigarren mailakora, eta hortik, goi-mailakora. Hezkuntza izateko aukera zuten emakumeen helburua lana bilatzea eta independentzia ekonomikoaren kotak handitzea zen, baina lan feminizatuetan sailkatuta gelditu ohi ziren. Emakumeek (osotasunean) ez zuten berdintasun baldintzetan ikasteko eskubiderik lortu Iraultza ostera arte[7].

Industrializazioak eta emakumezkoen eskulanaren sarrerak[8] haien lana aldatu zuen hein handi batean. Hirietan, emakume langileen fabriketako beharra lanaldi luzeetakoa zen (hamalau ordura iritsi zitezkeen, asteko zazpi egunetan), ­soldata-arrakala handiarekin eta baldintza lazgarrietan egina. Haurdun geratzen baziren kaleratu egiten zituzten, eta ondorioz, amaierara arte ezkutatzen zuten haurdunaldia. 1912. urtera arte ez zen egon industrian amatasuna babesten zuen legerik. Lantegietatik kanpo, landa eremutik mugitu ziren emakume gehienak enplegatu zituen beste sektore bat izan zen etxeko lanena. Neskameen baldintzak ere deitoragarriak ziren: lanaldi amaigabeak zein abusu mota oro jasaten zituzten. Emakume langile askok beren soldata urriak prostituziora jota osatu behar izaten zituzten, prostituzio-etxeak elizak bedeinkatuta zeudelarik[9]. Soldata baxuek esan nahi zuten, halaber, emakume langile gehienek ez zutela nahikoa diru edo denborarik sindikatuetan afiliatzeko edo haien jardueretan parte hartzeko. Beraz, emakumeentzat ia ezinezkoa zen beren enplegu-baldintzak hobetzeko kanpaina kolektiboak egitea, eta, askotan, horretarako, gizonezko lankideen beharrean egon behar izaten zuten[10]. Horrela deskribatzen zuen Kollontaik (1978) Errusiako emakumeen egoera:

«Emakume ezkonduak, langilea den emakumeak, gorriak ikusten ditu bere gain erortzen diren hiru egitekoak betetzeko: lanerako ordu nahikoa eduki, bere gizonak egiten duen bera, industria edo merkataritza establezimenduren batean; ondoren, etxeko lanak ahal den hobekien gauzatu; eta azkenik, bere haurrak zaindu. Kapitalismoak emakume langilearen gain zanpatzen duen zama bat jarri du; langile bilakatu du, etxekoandre eta ama izatearen zaintzaz libratu gabe».[11]

Beraz, morrontzaren abolizioarekin gizartearen antolaketa feudala ahultzen hasi zen. Ekoizpenari dagokionez, hazkunde industrialak (1861ean libratutako eskulanaren helmuga) aldaketa demografikoa ekarri zuen, landa eremutik hirirako beharrezko migrazioarekin eta ondoriozko aldaketa sozio-ekonomikoekin; langile klase berria kokatzen zen hiriguneen sorrerarekin lotuta. Emakumeentzat ere, hiriak eta soldatapeko lanak egitura feudaletatik ihes egiteko aukera ziruditen arren, errealitatea beste bat izango zen; haien egoeraren nolakotasuna formaz soilik aldatu zelako, hiriko burgesiaren menpe gelditu zirelako. Horren aurrean, testuinguru berriak beren egoera hobetzeko eskaintzen zizkien abaguneak baliatu zituzten emakumeek. Preseski, aipaturiko hezkuntzaren zabalkuntzak emakume[12] askok XIX. mende amaieran Errusian eta Europan loratzen ari ziren mugimendu iraultzaileetan parte hartzea eragin zuen[13]. Gainera, ekintzaile horietako askoren ardura nagusietako bat emakume langileak mobilizatzea eta politikoki heztea izan zen.

Emakumeentzat ere, hiriak eta soldatapeko lanak egitura feudaletatik ihes egiteko aukera ziruditen arren, errealitatea beste bat izango zen; haien egoeraren nolakotasuna formaz soilik aldatu zelako, hiriko burgesiaren menpe gelditu zirelako

2. IRAULTZA ETA EMAKUMEEN PAPERA / EMAKUMEAK ETA IRAULTZA

Esan bezala, bizitza politikoan parte hartzen hasi ziren emakume gehienak goi-estratuetakoak izan ohi ziren hasieran. Industrializazioarekin eta hirirako migrazioekin, emakume langile asko ekintzaileekin harremanetan jartzen hasi ziren fabriketan; batzuek, Nadezhda Krupskayak bezalako militanteek antolaturiko gaueko eskoletan parte hartzen zuten.

XIX. mende amaieran emakume langileek zenbait lantegitan gauzatutako grebetan parte hartu zuten: Krenholmen 1872an, Lazeryeven 1874an, Petrogradon 1878an eta Orekhovo-Zuyevoko ehuleen greban. Ondorioz, tsarraren gobernuak emakume eta haurrentzako gaueko lana debekatuko zuen legedia azkartu behar izan zuen, 1885eko ekainaren 3an sartu zena indarrean. 1890eko hamarkadaren amaiera eta XX. mende hasiera bitartean altxamendu eta greba ugari izan iren eskulanaren gehiengoa emakumezkoena zen lantegietan: tabako lantegiak, iruteko eta ehuntzeko lantegiak, eta abar. Kollontairen (1919) hitzetan: «Errusiako langile klaseak indarra irabazten du, antolatzen da, forma hartzen du. Eta emakume proletarioen artean ere bai»[14]. Hala ere, Errusiako lehen iraultzara arte mugimenduaren izaera ekonomikoa izan zen oinarrian.

1905eko Iraultzan emakume langileek mugimenduan aktiboki hartu zuten parte. Tsarraren erregimena zuritzera behartu zuen Iraultzak, eta urtebete geroago aldarrikatu zuen konstituzio bat lehen aldiz. Tsarrak zuen botere handia kontsakratzen zuen testuak, baina, kapitulu batean ez zen generoen arteko bereizketarik egiten, aberriaren defentsari erreferentzia egitean izan ezik, pertsona guztiei baitzegokien, baina gizonentzako derrigorrezko zerbitzu militarra ezartzen baitzuen. Konstituzio horren bidez emakumeek euren ondasunak kudeatzeko eta edukitzeko eskubidea nabarmentzen zen, besteak beste[15]. 1906an hiru antolakunde feminista nagusien helburuak («Emakumeen Eskubide Berdinen aldeko Batasuna», «Emakumeen Alderdi Aurrerakoia» eta «Emakumeen Elkarrenganako Laguntza Elkartea») berdintasun eskubideen legeak eta emakumeen sufragioa lortzea ziren. Kollontaik azaltzen duenez, emakume langile askok sinatu zituzten eskakizun horiek, baina errealitatean ez ziren haien premiazko beharrak, azkenik «klase senak eta "dama finekiko" mesfidantzak langileak feminismora erakartzetik salbatu zituen, eta sufragista burgesekin aliantza luze edo egonkorrak egitea eragotzi zuen[16]».

Lehen Mundu Gerraren testuinguruan industrian lan egiten zuten emakumeen kopurua eurrez igo zenean, alderdi boltxebikeko iraultzaileek indar handia ikusi zuten emakume langileengan. Haien eragin teorikoak, besteak beste, August Bebel eta Clara Zetkinen «emakumearen auziaren» inguruko lanak ziren, gainera, 1909. urterako Kollontaik Emakumeen Auziaren Oinarri Sozialak argitaratu zuen[17]. Jada 1914an emakume langileen masak ekintza politikora bideratzen saiatu ziren, eta horretarako bidean, emakume langileei zuzendutako Rabotnitsa aldizkaria sortu zuten, Concordia Samoilova eta Inesa Armand militanteen zuzendaritzapean[18]. Alabaina, Errusia Lehen Mundu Gerran sartzeak momentuko greben gorakada eten eta klandestinitatera igarotzera behartu zituen boltxebikeak (gerraren aurka zeudenak), beraz, aldizkaria itxi zuten 1917ra arte; Otsaileko Iraultzaren bezperara arte[19].

Gerra horrek are gehiago okertu zituen Errusiako langileen bizitzak, eta ondorioz, ­protesta-boladak are gehiago harrotu. Emakume langileen eginkizuna garrantzitsua izan zen horietan. 1917ko otsailean Petrogradoko langile klasearen % 47 inguru ziren emakumeak, gizonezko asko frontean baitzeuden. Gehiengoa ziren haiek ehun, larru eta kautxu industrietan; eta ugariak aurretik orokorrean gizonek betetzen zituzten lanetan ere: tranbietan, inprimategietan edo metal industrian. Lantegietara joan aurretik ilara bukaezinak egiten zituzten janaria lortu ahal izateko, gaua bertan pasatzen askotan. Otsailaren 23an (martxoaren 8a gure egutegian) Vygorgeko ehungintza enpresetako zenbait emakumek grebari ekitea erabaki zuten, eta 20.000 langile inguru bildu ziren jada goizean. Deialdi horretara zenbait fabriketako langileak batu ziren, eta 90.000 pertsona inguruk gauzatu zuten greba[20]. Hurrengo egunetan mugimendua areagotu zen, batez ere, 25ean Putilov fabrikako langileak batu zirenean greba orokorrari hasiera emanez[21]. Nikolas II.ak istiluekin amaitzeko agindua eman zuen arren manifestaldiak ez ziren gelditu, eta kosakoei ere eskatu zieten batzeko langileek. Haiek, azkenean, uko egin zioten langileen aurka mobilizatzeari: Pavlovsky erregimentuak lehenik; Volynski, Semyonovsky eta Izamaylovskyk ondoren, eta abar[22]. Martxoaren 2an abdikatu zuen Nikolas II.ak, behin-behineko gobernu bat ezarriz.

1917ko otsailean Petrogradoko langile klasearen % 47 inguru ziren emakumeak, gizonezko asko frontean baitzeuden

Pravda aldizkariaren hurrengo alean emakumeek Otsaileko Iraultzan izan zuten iniziatiba goretsi zuten. Hala idatzi zuten Maria eta Anna Ulianovek:

«Emakumeen Nazioarteko Egunean, otsailaren 23an, greba bat aldarrikatu zen lantegi eta instalazio gehienetan. Emakumeak aldarte militante handian zeuden -ez soilik lantegietakoak, ogia eta kerosenoa lortzeko ilara handiak egiten zituztenak baizik-. Ekimen politikoak antolatu zituzten, kalera atera ziren, Dumaraino mobilizatu ziren ogiaren eskakizunarekin, tranbiak gelditu zituzten. “Kamaradak, kanpora”, egiten zuten oihu gogo handiz. Fabriketara joan ziren eta langileak deitu zituzten grebara batzeko».[23]

Gerraren aurkako oposizioaren inguruan ere azaleratu ziren emakume burges eta langileen interesen arteko talkak. Emakume burgesek osaturiko antolakunde askok aukera modura ikusten zuten gerra, hain zuzen, emakumeek bizitza publikoan zuten parte-hartzea handitzeko. Hainbat jarduera politiko antolatu zituzten behin-behineko gobernuak, 1917ko martxoan aldarrikatu zenak, haien eskaerak onartu zitzan (lehen programan ez baitzuen sexu-berdintasuna sartu). Azkenean, eskakizun horietako batzuk onartu zituen gobernuak: botoa emateko, abokatutzarako eta epaimahai batean parte hartzeko nahiz administrazio zibilean berdintasun eskubideak izatea[24]. Horrela, emakume burgesen sostengua lortu zuen gobernuak, Errusia Gerran mantentzeko babesa barne. Emakume langileek, ordea, argi utzi zuten ez zutela gerraren aldeko ikuspegia partekatzen[25]. Haien eskakizunak oso ezberdinak ziren: zortzi orduko lanaldia, gutxieneko soldata zein gerrarekin amaitzea, adibidez[26]. Otsailetik urrira mugimendu iraultzailean hartu zuten parte emakume langileek, eta aldi berean, modu autonomoan antolatu ziren haien aldarrikapen propioak gauzatzeko. Aldi horretan haien kopurua asko handitu zen alderdi boltxebikean zein Guardia Gorrian.

Emakume burgesen sostengua lortu zuen gobernuak, Errusia Gerran mantentzeko babesa barne. Emakume langileek, ordea, argi utzi zuten ez zutela gerraren aldeko ikuspegia partekatzen

Bitartean, alderdi boltxebikea indar handia lortzen ari zen eta behin-behineko gobernua, berriz, ahultzen. Petrogradon, Leninek Apirileko Tesiak aldarrikatu zituen, «Botere guztia sobietentzat!» lemapean. Ekainerako boltxebikeak nagusi ziren Petrogradoko Sobietean. Urriaren 25an hartu zuten Neguko Jauregia «Ogia, bakea eta lurra» goiburuarekin, eta gobernua eraitsi zuten. Errusia guztiko Sobieten II. Kongresuak berehala berretsi zuen botere-hartzea. Behin Armadaren eta Marinaren babesa sobiet iraultzaileetan antolatuta zeuden soldaduen eta marinelen eskuetan galduta, Kérenskiren gobernua erori egin zen[27].

3. GENERO LEGEAK SOBIETAR GOBERNUAREN LEHEN URTEETAN:

Errusiako Iraultzak, zentzu askotan, emakumeen zapalkuntzarekin amaitzeko eta ordura arteko familia eredutik askatzeko bidea nabarmendu zuen. 1917ko Iraultzaren lehen hilabeteek familia-harremanak aldatzeko prozesua bultzatu zuten, emakumeak etxeko lanetatik askatzeko baldintza eraginkorrak ematen ziren bitartean sakondu ahal izan zirenak, lege-berdintasunetik hasita[28]. Abenduan Herri Komisariotzak pertsona ororen eskubide bilakatu zuen dibortzioa, esaterako[29]. ­Familia-harreman berriak eraikitzearen auzia eta, horrekin batera, emakumeak etxeko lanetatik askatzearena oso lotuta zeuden sobietarren ikuspegitik. Uste zen Estatuaren eta gizarte osoaren onurarako soldatapeko lanean hasteak ekarriko zuela emakumeen emantzipazioa, bai eta etxeko lanak galtzeak ere, sozializatu egin behar baitziren horiek. Iraultzaren ostean ezarritako urgentziazko lege horiek zabaldu egin zituzten hurrengo urtean, 1918ko Familia Kodean[30].

1917ko Iraultzaren lehen hilabeteek familia-harremanak aldatzeko prozesua bultzatu zuten, emakumeak etxeko lanetatik askatzeko baldintza eraginkorrak ematen ziren bitartean sakondu ahal izan zirenak, lege-berdintasunetik hasita

3.1 1918ko Familia Kodea

Iraultzaren osteko ESESFeko[31] lehen lege-testua izan zen Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren lege-kodea Estatu Zibilari, etxeko harremanei, ezkontzari, familiari eta tutoretzari buruz. Hitzaurreak dionez, lege horiei izaera dialektiko eta iragankorra ematen zaie: «Proletalgoaren botereak garbi onartzen du bere legeak ez liratekeela betierekoak izan behar, trantsizio aldi bateko beharrak asetzeko eginak daudela, zeinaren iraupena moztea kartsuki desiratzen den». Horrela, hiru lege mota nagusi sailkatzen dituzte trantsizio horretarako: lehenik, ordena zaharra suntsitzeko bideratutako neurri iraultzaileak; bigarrenik, ordena berriaren barruko baldintza zaharrak desagerrarazteko aldi baterako baliabideak; hirugarrenik, forma sozialistak liratekeenak. Aldi berean, ez zuten uste genero auzia lege aldaketen bidez konponduko litzatekeenik[32].

Lehen idazpurua egoera zibilaren eta etxeko harremanen ingurukoa da, eta erregistroak (ezkontza eta dibortzioenak, adibidez) gauzatzeko moduak zein estatistika demografikoen sistemak azaltzen ditu. Bigarren idazpurua ezkontzaren instituzioarena da, eta horretan ezkontza zibila bilakatzen da forma baliagarri bakar, izaera laiko bat emanez. Besteak beste, ezkontza bi aldeen adostasunarekin gauzatu behar dela zehazten da (70. art.); baita ezkontzak ez duela ondasunen batura ordezkatzen eta, beraz, senarrak ezingo duela emaztearen ondasunen jabe egin ere (105. art.). Baliogabetzat jotzen dira bikoteko kideren baten eskubideak kaltetuko lituzkeen akordio oro[33] (106. art.), eta dibortzioa edozein unetan eska daitekeela zehazten du (86. art.). Esan daiteke lege horien bidez senar-emazteen eskubideak parekatzen direla, eta hala, emakumeak antzinako ohituretatik babesten ditu, senarraren mende jartzen baitzuten erabat, bai legalki, bai ekonomikoki.

Hirugarren idazpurua familia-eskubideena da, eta han ez da ezkontza ezartzen familiaren oinarri gisa, eta guraso ezkonduen eta guraso ezkongabeen seme-alabei eskubide berberak ematen zaizkie (133. art.). Aldi berean, amak babesten ditu seme-alaben ardura har dezaten, ezkontza barruan edo ezkontzatik kanpo jaiota ere. Gainera, ezartzen du bi aldeak derrigortuta daudela haurraren kostuak ordaintzera (143. art.). Azken idazpuruak adingabeen eta desgaitasuna dutenen tutoretza eta fideikomisoaz hitz egiten du[34].

Esan bezala, lege horiek guztiak iragankortzat jotzen ziren, eta boltxebikeen iritziz emakumeek ezin zuten emantzipazioa lortu etxetik askatuko zituzten baliabide materialik gabe, independentzia ekonomikoa bermatuko zien soldatarik gabe eta berme juridikoetara sarbiderik gabe. Lehen dekretuetatik boltxebikeek hori bete ahal izateko baldintza materialak sortzea izan zuten lehentasun; haien hitzetan, sozialisten araudia ezin zen izan asmo onak erakusteko dekoratu hutsa.

«Noski legeak ez direla aski, eta gu ez gara inola ere konformatzen aipatu berri dugun legegintza-arloko gauzatzeekin, baizik eta emakumeari berdintasuna emateko behar den guztia egin dugu, eta harro egoteko eskubidea dugu. [...] Emakumea erabat askatua eta gizonarekin benetan berdina izan dadin, etxeko lanak publikoak izan daitezen eta emakumeak ekoizpen orokorrean parte har dezan lortu behar da[35]».

3.2 1920ko abortuaren inguruko legea

1920. urteko lege berezi baten bitartez abortuak legeztatu eta Estatuak dohainik eskaini beharreko osasun sistemaren barruan sartu zituzten. Horrela, Errusia sobietarra munduko lehen herrialdea izan zen legezko eta doako abortua eskaintzen.

«Lehen abortua, bitarteko artifizialen bidez haurdunaldia etetea, dohainik gauzatuko da Estatuko ospitaleetan, non emakumeek ebakuntzan segurtasun handiena edukiko duten[36]».

Errusia sobietarra haurdunaldiaren borondatezko etetea legeztatu zuen lehen herrialdea izatea ez zen kasualitatea izan: Leninek eta boltxebikeek abortatzeko eskubidea defendatzen zuten Urriko Iraultza baino lehen. Aldi berean, medikuntza esparruko zenbait elkartek ere (Kriminologoen Batasun Internazionalaren Errusiako saila adibidez) ahotan eduki zuten gaia. Antolakunde feministetan, ordea, gai hori ez zen agenda politikoaren parte. 1929ko apiriletik uztailera bitartean Alderdi Komunistako Emakumearen Lanerako Sailak abortuaren gaia eztabaidatzeko bilerak antolatu zituen Osasun Publikoko Herri Komisariotzarekin eta Amatasunaren eta Haurtzaroaren Babeserako Dibisioko ordezkariekin. Han hartu zuten parte, besteak beste; Nikolai Semashko, Vera Lebedeva, Inessa Armand, Alexandra Kollontai, Nadezhda Krupskaia, Olga Kameneva eta Vera Golubeva Zhenotdel-eko kideek. Abendurako ediktua sinatu zen arren, Komisariotzaren zein alderdiko emakumeen sekzioen barnean iritzi kontrajarriak zeuden[37].

Eztabaidetan parte hartu zuten gehienek abortua kriminalizatzeak emakumearen osasunerako arrisku larriak zekartzala adierazi zuten, ezkutuan egiten baitzen. Hala ere, bilerako kide guztiak ez zeuden abortua legezko bihurtzearen alde, argudiatuta, sobietar ordenak ez zuela «haurdunaldia suntsitzera» eraman zezakeen ezer babestu behar[38]. Abortua legeztatzeko dekretua 1920ko abenduaren 18an argitaratu zen Sobieten Komite Exekutibo Nagusiaren Berriak aldizkarian. Dekretu ofiziala Justiziaren Herri Komisariotzak sinatu zuen «emakumeen osasuna babesteko» asmoz. Abortua «gaitz» bat dela dio dekretuak, eta gaitz horri abortuaren aurkako propaganda masiboaren bidez aurre egin behar zaiola. Hortaz, nahiz eta dekretuak «horrelako operazioak Sobietar Batasuneko ospitaleetan modu askean eta inolako kargurik gabe egitea» baimentzeko konpromisoa hartu, sobietar gobernuak haurdunaldiaren plangintzaren bidez fenomeno horren aurka borrokatzeko asmoa ere adierazi zuen[39].

3.3 Emakume langileen lege-babesa

Aipaturiko legediekin batera emakume langilearen lege-babesa ere aipatzekoa da. Batetik, 1917ko urriaren 29ko zortzi orduko lanaldiaren dekretuak emakumeen gaueko lana eta ordu gehigarriak debekatu zituen. Bestetik, 1918ko Lan-Kodeak emakume langileek bi hilabeteko amatasun lizentzia izateko eskubidea ezarri zuen. Bitarte horretan soldata osoa jaso behar zuen emakumeak, eta bular-emaileei hiru orduro bularra emateko eten bat egiteko eskubidea eman zitzaien.

Alor horretan izan zen aldaketarik garrantzitsuena amatasun aseguruaren programa izan zen, Kollontaiek diseinatu eta bultzatu zuena. Lege horrek guztiz ordaindutako zortzi asteko amatasun lizentzia ematen zuen, baita bularra emateko atsedenaldiak zein hori gauzatzeko fabriketako instalazioak, doako mediku zerbitzuak eta diru-bonuak eskaini ere. Programa hori Ama eta Haurren Babeserako Batzordeak kudeatzen zuen, Vera Lebedeva mediku boltxebikea buru zuela. Neurri legalez gain amatasun klinikek, kontsultategiek, elikagai hornitegiek, erizaindegiek eta amentzako egoitzek osatutako sare bat eraiki zuten[40].

Soldatapeko lanari dagokionez, 1918ko Lan-Kodeak gutxieneko jornala eta murrizketa batzuk ezarri zituen arren ez zen soldata berdintasunari lotutako legerik ezarri. 1920ko ekainean soldata prezioen inguruko dekretu batean gauzatu zen lege-aldarrikapen hau[41]: «gizonezko langileen kantitate eta kalitate berean lan egiten duten emakumeek gizonezkoek adina soldata jaso behar dute»[42].

3.4 Etxeko lanen sozializazioa

Errusiako Iraultzak zentzu askotan gauzatu zituen emakumeen zapalkuntzarekin eta maila horretan kokatzen zituen familia ereduarekin amaitzeko aldaketak. Berdintasun juridikoa ematen zieten legeez gain, 1917ko Iraultzaren osteko lehen hilabeteetan erraztu zuten familia-harremanak aldatzeko bidea. Eztabaida gutxi izan zen soldatapeko etxeko lanari buruz, boltxebikeen helburua emakumeak lan horietatik libratzea baitzen. Errusiako iraultzaileen arteko adostasuna izan zen emakumeak etxeko lanetatik askatzea ezinbestekoa zela, eta horretarako, halabeharrezkoa zen lan horien sozializazioa.

Errusiako iraultzaileen arteko adostasuna izan zen emakumeak etxeko lanetatik askatzea ezinbestekoa zela, eta horretarako, halabeharrezkoa zen lan horien sozializazioa

Horretarako, sobietek haurtzaindegien, jantoki zerbitzuen eta garbitegi kolektiboen sare zabal bat sortzeko politikari ekin zioten, pixkanaka emakumeak etxeko eta zaintza lanetatik askatuz. Emakumeak etxeko lan pribatutik libratu ahal izateko, gizarte proletarioak bere gain hartu eta estatu sobietarrak antolatuko lukeen gizarte-zerbitzuen sare bat antolatu behar zen: amaetxeak, sehaska-etxeak, haurtzaindegiak, jantokiak, garbitegiak, kontsultategiak, ospitaleak, eta abar[43].

3.5 Emakumeen antolakuntza eta heziketa politikoa

Esparru legaletik kanpo gelditzen den arren, ezin dira aipatu gabe utzi emakumeen antolakuntza eta heziketa politikoan emandako aurrerapausoak: adibide garbia da 1919an Zhenotdel (Emakumeen Saila) sortu izana. Alderdi Boltxebikean emakumeen antolakunde bereizi bat sortzen zen lehen aldia zen, baita bere aurrekari zen Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokratan ere. Sailaren funtzioa emakumeak alderdira eta sindikatuetara hurbiltzea zen, baita sobieten lanean eta langileen estatuko administrazioan zuzenean inplikatzea ere[44].

Emakumeen antolakunde bat sortzea sarritan eztabaidatutako gai bat izan zen Iraultzaren aurretik ere. Nikolaevak eta Kollontaik 1907an sortu zuten Emakumeen Elkarrenganako Laguntza Elkartea, alderdi sozialdemokrata kontra egon arren. Rabotnitsa aldizkariaren sorrera zein Emakume Langilearen egunean eginiko ekitaldiak ere prozesu horren barruan kokatu behar dira. Emakumeen antolakunde bat sortzeko beste saiakera bat egin zuen Vera Slutskayak Otsaileko Iraultzaren ondoren, Petrogradoko Alderdiko Batzordeari Emakume Langileen Bulegoa sortzea proposatu zionean. Kasu horretan ere erantzuna ezezkoa izan zen.

1917ko abenduaren 12an Rabotnitsa-ko kideek konferentzia bat antolatu zuten, non tokian tokiko sobietetako 80.000 emakumeren ordezkari ziren 500 ordezkarik parte hartu zuten. Konferentzia horretan atzera bota ziren Kollontaik emakumeen erakunde bereizi bat sortzeko egin zituen eskaerak, emakume boltxebikerik nabarmenenek ikuspegi hori beharrezkoa ez zela eta zatitzailea zela uste baitzuten. Hurrengo urtean, Emakume Langileen Kongresua gauzatu zenean, Armand, Samoilova eta Krupskayak onartu egin zuten genero auzira bideratutako erakunde bat sortzeko urrats formalak eman behar zirela[45]. Hasiera batean, alderdiko batzordeen inguruan antolatutako agitaziorako eta propagandarako batzordeak izan ziren lan hori egin zutenak. Batzorde horien helburu nagusia emakumeen heziketa politikoan sakontzea zen, eta horretarako, emakume langileen masa zabalak eta alderdia lotzen zituen ordezkarien batzarrak sortu zituzten. Emakumeen parte-hartzea handitu ahala, lana antolatzeko beharra azaleratu zen. 1919ko udazkenean emakume langileen batzarrak Zhenotdel-en berrantolatu zituen alderdiak[46].

Sailaren lanen artean, batzarrez gain, Zhenotdel-eko kideak izan ziren alderdiari eta sobietar organoei genero auziaren inguruko arazo eta proposamenak mahaigaineratzen zizkietenak. Hala nola, emakume horien proposamenetatik eratorri ziren aipaturiko Abortuaren Legea zein etxeko lanen sozializaziorako politikak. Azken horiei esker, finean, emakume langileek bizitza politikoan parte hartzeko baldintza errealak lortu zituzten[47]. Gainera, Zhenotdel-ek hilabetekari propio bat zuen, Kommuniska (Emakume Komunista), 1921ean 30.000 ale inprimatzen zituena.

Zhenotdel-eko kideak izan ziren alderdiari eta sobietar organoei genero auziaren inguruko arazo eta proposamenak mahaigaineratzen zizkietenak

Horrela deskribatu zituen Inessa Armandek Zhenotdel-en lorpenak bere heriotzaren aurretik (1920):

«Inolako esajeraziorik gabe esan dezakegu (gure ekintzaren akats eta hutsuneak alde batera utzita) urte honetan zehar lorturiko emaitzek gure aurreikuspenak gainditu dituztela. Duela urtebete emakume langile kontzienteen talde txiki bat soilik zegoen; gainontzeko langile masaren izaera iraultzailea zen, baina oraindik instintiboa, inkontzientea, desantolatua. Egun, emakume langile kontzienteen nahikoa koadro osatu ditugu -alderdi komunistako kideak- urte honetan zehar sobietarren edo alderdiaren hainbat lan betetzea lortu dutenak»[48].

BIBLIOGRAFiA

«La Revolución Rusa y la emancipación de la mujer», Spartacist 34 (2006ko azaroa).

Areal, B. (2020). «La Revolución Rusa y la liberación de la mujer trabajadora», in Kollontai, A. (2020), Feminismo socialista y revolución. Selección de escritos. Mexiko: Para leer en libertad AC, Rosa Luxemburg Stiftung eta Fundación Federico Engels.

Armand, Inessa (1920): La obrera en la Rusia soviética. Bulletin Communiste.

Barros, C. (2018). Revolución de Octubre, historia y memoria. Izquierdas, 43, 259-277. or.

Bengoetxea, S. eta Cruz Santos, M. (2017). Las mujeres en la Revolución rusa, Viento Sur, 150.

Córdova del Olmo, A. (1930). La familia en Rusia y otros ensayos. Madrid: Editorial Benavente.

De Pablo, O. (2017). De la batrachka a la delegatka. La mujer y la revolución en Rusia, Revista de la Universidad de México, 8.

Frencia, C. eta Gaido, D. (2018). Los orígenes del decreto soviético de legalización del aborto (1920). Anuario de la Escuela de Historia Virtual, 14, 26-52.

Ilic, M. (2018). «‘Equal Pay for Equal Work’: Women’s Wages in Soviet Russia», in Ilic, M. (ed.) The Palgrave Handbook of Women and Gender in Twentieth-Century Russia and the Soviet Union, Palagrafe Handbooks.

Kollontai, A. (1919). Sobre la historia del movimiento de mujeres trabajadoras en Rusia. Lehen argitarapena: K istorii dvizheniia rabotnits v rossii (1920), 311. or. Erderaz: Marxist Internet Archive (2019).

Kollontai, A. (1978). Autobiografía de una mujer emancipada. Barcelona: Editorial Fontamara.

L. Martínez, J. (2017). «Hace cien años la Revolución Rusa comenzaba con...», in Las mujeres en la Revolución Rusa, OMEGALFA.

Marco Serra, Y. (2016). «Introducción», in Kollontai, A. Mujer y Lucha de Clases. Barcelona: El Viejo Topo.

McShane, Anne (2019) Bringing the revolution to the women of the East. The Zhenotdel experience in Soviet Central Asia through the lens of Kommunistka. PhD thesis.

Mishina, E. (2017). Soviet Family Law: Women and Child Care (from 1917 to the 1940s), Russian Law Journal, 5(4), 69-92. or.

Pibernat, M. (2017). Mujeres de Octubre. El Código Soviético de la Familia de 1918: la primera legislación para la igualdad de las mujeres. Ediciones de Intervención Cultura/El viejo Topo.

Semyonova Tian-Shanskaia, O. (1993), Village life in late tzarist Russia. Bloomington: Indiana University Press.

Soria, G. (2017). Mujeres sembrando revolución. 100 años del Octubre Rojo. Fundación Editorial El perro y la rana.

OHARRAK

1. Marco Serra, 2016.

2. Gaian sakontzeko Smith, K. A. (2010). The shifting place of women in Imperial Russia’s social order, Cahiers du monde russe, 52/2-3.

3. Spartacist 34 (2006ko azaroa).

4. Pibernat, 2017.

5. Mishina, 2017.

6. Semyonova Tian-Shanskaia, 1993.

7. Pinebart, 2017. Sakontzeko: Uretra Redshaw, S. (2016). Educación e independencia de las mujeres en Rusia antes de la Revolución de 1917 (Doktorego Tesia). Facultad de Ciencias Políticas y Sociología, UCM.

8. Industrian lan egiten zuten emakumeen kopurua 1904ko Errusia-Japonia gerran eta 1914ko Gerra Handian areagotu zen bereziki. Emakumezkoen lana % 22,7tik % 29,9ra igo zen. Sakontzeko: Glickman, Russian Factory Women...86. or.

9. Pinebart, 2017; Ilic, 2018.

10. Ilic, 2018.

11. Kollontai, 1978.

12. Emakumeez orokorrean ari naiz, lehen iraultzaile gehienak dirudunak zirelako, hain zuzen, hezkuntza jasotzeko aukera zutenak.

13. Zentzu horretan aipatzekoak dira, besteak beste: Anna Jaclard, Parisko Komunan parte hartu zuen emakume errusiarra; Anna Kuliscioff; Italiako Alderdi Sozialistaren sortzaileetako bat; Yekaterina Dimitriyevna Kuskova, marxismoaren beharrezkotasuna azpimarratu zuena; Vera Zasulich, Marxi Errusiako industrializazio prozesuan komunaren etorkizunaren inguruan idazten ziona; Nadezhda Krupskaya, Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrataren aurreneko kideetako bat.

14. Kollontai, 1920.

15. Bengoetxea eta Cruz Santos, 2017.

16. Kollontai, 1919.

17. Pinebart, 2017.

18. Gogora ekartzekoa da 1910. urteko Emakume Sozialisten II. Konferentzia Internazionalean, Kopenhagen, martxoaren 8a zehaztu zutela Emakume Langilearen egun gisa. Bertan Kollontaik hartu zuen parte Errusiako emakume langile eta sozialisten ordezkari bezala.

19. De Pablo, 2017.

20. Salas, 2017.

21. Gertaera horien hurrenkeraren inguruan kontaketa ezberdinak daude, batez ere, historiografia liberalak hedatutako diskurtsoaren ondorioz, zeinak Otsaileko Iraultzan emakumeek izan zuten presentzia gutxietsi duen eta haien aldarrikapenen izaera politikoa kendu dien. Garaiko testigantzek (aldizkariak, langileen hitzak, polizia-txostenek…) kontrakoa ematen dute aditzera. Ondorioz, egun ikuspegi historiografiko berriak azaleratzen hasi dira emakumeek Otsaileko Iraultzan izan zuten inplikazioaren inguruan. Eztabaidan sakontzeko: McDermid, J. eta Hillyar, A. (1999). Midwives of the Revolution. Female Bolsheviks and women workers in 1917. London: UCL Press.

22. Salas, 2017.

23. L. Martínez, 2017.

24. Errusiako mugimendu feminista, Spartacist aldizkarian (2006) azaltzen denez, korronte demokratiko burges zabalaren parte zen: tsarismoaren aurka zeudenak eta Errusia gizarte kapitalista industrial bilakatu nahi zutenak.

25. Emakume sozialistak izan ziren lehenak Emakume Sozialisten III. Konferentzia Internazionalean gerra kondenatzen, Zimmerwaldeko Konferentzia baino lehen.

26. Pibenart, 2017.

27. Barros, 2018. Sakontzeko: Reed, J. (1974). Diez días que estremecieron al mundo, La Habana, Editorial de ciencias sociales.

28. Soria, 2017.

29. Декрет ВЦИК и СНК о расторжении брака. 16 декабря 1917 г. [Decreto del Comité Ejecutivo Central de toda Rusia y del Consejo de Comisarios del Pueblo sobre el divorcio (1917ko abendua)].

30. Pinebart, 2017.

31. Sobietar Batasuna 1923an eratu zen, estatu hitzarmen baten bidez, Sobieten Hamargarren Kongresu Pan-Errusiarrak berretsia, Batasuneko Sobieten Lehen Kongresua aldarrikatu zuena.

32. Pibenart, 2017.

33. Aldaketa garrantzitsua da, familiek ezkontzaren inguruko akordio ekonomikoak ezartzeko ohitura zutelako.

34. Lege-kidego horren lehen idazketan, Gizarte Aurreikuspeneko Komisariotzaren mendekoak izendatu ziren tutoretza organo gisa; baina 1920ko abenduaren 2ko dekretuaren bidez organoak berrezarri ziren: Hezkuntzarako Herri Komisariotza, Osasun Publikorako Herri Komisariotza eta Barne Arazoentzako Herri Komisariotza (Córdova del Olmo, 1930).

35. Lenin, «Las tareas del movimiento obrero femenino en la República soviética» Moskuko Alderdirik gabeko emakume langileen IV. Konferentzian irakurritako diskurtsoa 1919ko irailaren 23an. Pravda-n argitaratua 1919ko irailaren 25an.

36. «Herri Komisariotzaren dekretua Osasun eta Ongizate Sozialerako eta Herri Komisariotzarena Sobietar Errusiako Justiziarentzat», Die Kommunistische Fraueninternationale, 34 (1988ko udaberria).

37. Frencia eta Gaido, 2018.

38. Abortuaren inguruko eztabaidetarako: Engelstein, L. (1991). Abortion and the Civic Order: The Legal and Medical Debates. In B. Evans Clements et al. (Eds.). Russia’s Women (185-207. or.), Berkeley, CA: University of California Press.

39. Dekretu osoa gaztelerara itzulia: Frencia, C. eta Gaido, D. (2018). Los orígenes del decreto soviético de legalización del aborto (1920). Anuario de la Escuela de Historia Virtual, 14, 26-52.

40. Spartacist 34 (2006ko azaroa).

41. Ilic, 2018.

42. Obshchee polozhenie o tarife, Sobranie uzakonenii i rasporyazhenii RSFSR, 1920, 61–2/276.

43. Soria, 2017. Ikus: Itaia (2019ko abendua). Lan domestikoaren kolektibizazio esperientzia sobietarra.

44. Areal, 2020.

45. McShane, 2019.

46. Kollontai, 1921, in Frencia eta Gaido, 2018.

47. Zhenotdel-en inguruko eztabaidetan sakontzeko: McShane, A. (2019). The will to liberate, Weekly Worker, 1233. Asia Zentralean Zhenotdel-ek eginiko lanean sakontzeko: McShane, 2019 (Doktorego Tesia).

48. Armand, 1920.

EZ DAGO IRUZKINIK