Bi eremu hauetan garestitzeak pisu nabarmena hartu du, eta, horretaz gain, estuki lotuta daude berregituraketa kapitalistak trantsizio ekologiko eta digitalaren norabidean planteatzen dituen aldaketekin. Gai ikaragarri zabala da honakoa; beraz, azaleko gerturapen bat egitea da artikulu honen asmoa.
Horretarako, lehenengo atalean energia iturrien auzia eta bizi dugun krisi ekologikoa testuinguruan kokatzen dira. Bigarren atalean, energia-horniduren eta garraioaren esparruek egungo egoeran betetzen duten papera ulertzeko zenbait elementu azaltzen dira. Eta azkenik, zenbait ohar solte aipatzen dira ondorio gisa.
1 ENERGIAREN AUZIA
1.1. Kokapena
Energia, fisikaren ikuspuntutik, materiak lan bat egiteko duen gaitasuna da, mugimenduak eragitea eta argia edo beroa sortzea, beste gauza batzuen artean, barnebiltzen dituen lan hitzaren zentzu zabalean. Gizakiak eguneroko jardueretan bere energia erabiltzen duen bezala (elikaduraren bidez lortzen duena), gizarte kapitalistaren ekoizpen- eta zirkulazio-prozesuetan esku hartzen duten bitartekoek (askotariko makinak, ibilgailuak, etab.), kasu gehienetan, lehengaietatik datorren energia erabiltzen dute, lan-indar biziaz gain.
Formazio sozial kapitalistan energiaren auziak duen garrantzia ulertzeko, zenbait kontzeptu argitzea komeni da. Lehenik eta behin, energia-iturri deritzegu energia lortzea ahalbidetzen diguten baliabideei. Horiek berriztagarriak edo berriztaezinak izan daitezke [1]. Iturri horietan dagoen energiaren erabileraren arabera, energia primarioa (eraldatu aurretik naturan eskura dagoen energia) eta azken energia (kontsumo zuzenerako prest dagoena) bereizten dira.
Gaur egun, energia primario horren iturri garrantzitsuenak petrolioa, ikatza, gas naturala, uranioa eta iturri berriztagarriak dira (batez ere biomasa, energia hidroelektrikoa, energia eolikoa eta eguzki-energia). British Petroleum multinazionalak, urtero, mundu mailako energia primarioaren kontsumoari buruzko erreferentziazko estatistikak argitaratzen ditu, eta horien arabera, 2020ko kontsumo globala honela banatu zen [2]: petrolioa % 31,2, ikatza % 27,2, gas naturala % 24,7, energia nuklearra % 4,3 (uranio-atomoen fisioaren bidez lortua, nagusiki), energia hidroelektrikoa % 6,9 eta beste energia berriztagarri batzuk % 5,7 (eolikoa eta eguzki-energia, batez ere). Hau da, lau energia iturri ez-berriztagarriak guztizkoaren % 87,4 izan ziren, eta energia berriztagarriak, berriz, gainerako % 12,6.
Azken energia kontsumo zuzenerako prest dagoena da; ekoizpen-prozesuetarako, merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetarako, garraiorako edo etxeetako kontsumorako. Energiaren Nazioarteko Erakundearen (IEA) datuen arabera [3], 2019an azken energiaren kontsumo globala honela banatu zen: % 40,4 petroliotik eratorritako erregaiak (batez ere diesela eta gasolina), % 19,7 energia elektrikoa, % 16,4 gas natural prozesatua, % 10,4 bioerregaiak eta hondakinak, % 9,5 ikatza, eta % 3,6 beste batzuk (bero forman dagoen energia eta elektrizitatea ekoiztera bideratzen ez diren energia berriztagarriak banebiltzen dituen kategoria).
Energia iturrien erabilerak berebiziko garrantzia izan du gizarte kapitalistaren garapen historikoan [4]. Kapitalismoaren historiaurrean, kapitalaren jatorrizko metaketa, hein handi batean, burgesiak baliabide naturalak (lurrak, urak, basoak, meategiak, etab.) jabetzean oinarritu zen; lehenago landa-komunitateek kolektiboki erabiltzen zituzten baliabideak, kasu askotan. Jabetze biolento hori, bestalde, ez da eten gaur egun. Baliabide natural horien artean lehen mailako energia iturriak daude, besteak beste zura, ikatza eta ibaietako energia hidraulikoa. Horrela, ekoizleen eta ekoizpen-bitartekoen (energia-iturriak barne) arteko bereizketa gertatu da, kapitalismoak giza bizitzako esparru guztiak merkantilizatzeko duen etengabeko joeran. Egurraren kasuak oso ondo erakusten du azaldutakoa: garai batean, edonoren eskura zegoen beroa sortzeko baliabide hori, baina gaur egun, berriz, ez dago etxebizitza berotzeko era baimendurik, diruaren bitartekotzaz ez bada, hau da, helburu horretarako balia daitekeen ondasun energetiko bat erosiz (gas naturala eta elektrizitatea kasu gehienetan, eta baita egurra bera ere, orain merkantzia formapean) ez bada.
1.2. Krisi kapitalistaren dimentsio ekologikoa
Krisi kapitalista sakon batean murgilduta gaude, eta krisi hori gizarteko hainbat esparrutan adierazten da. Larritasun nabarmena duen krisiaren dimentsioetako bat ekologikoa da, hau da, ingurune fisikoari eta ingurune horren eta bertan bizi diren izakien arteko harremanei dagokien esparrua, zeinetan energiaren auziak garrantzi handia duen.
Egungo krisi ekologikoa ulertzeko elementu garrantzitsuenetako bat petrolioak eta haren deribatuek ekoizpen eta banaketa kapitalistaren prozesu guztietan duten erabateko zentraltasuna da. Hala ere, 2010ean, IEA Nazioarteko Energiaren Agentziak onartu zuen 2005-2006 aldian ohiko petrolio gordinaren ekoizpena maila gorenera iritsia zela [5]. Hau da, urteak dira energia-ekoizpenak goia jo zuela, edo peak oil esaten zaionera iritsi zela: petrolio-hobi berriak erritmo motelagoan aurkitzen direnez, eta ustiatzen diren heinean hobien errendimendua murriztu egiten denez (petrolioa ateratzen den heinean, hobietan geratzen dena sakabanatuagoa eta eskuraezinagoa da, eta, beraz, hura ateratzeko kostu energetiko eta ekonomikoa gero eta handiagoa da, harik eta errentagarri izateari uzten dion arte), ezinbestean petrolioaren erauzketak bere maila gorena erdietsi zuen, eta ordutik etengabe ari da jaisten. Kalitatezko petrolio gordinaren eskasiaren ondorioz, dieselaren ekoizpenak urteak daramatza behera egiten [6], eta zenbait petrolio-enpresak Europara erregaiaren errazionamendua irits daitekeela ohartarazi dute, Sri Lankan, Argentinan eta Hegoafrikan gertatzen ari den bezala.
Aipatutako joera beherakorrari aurre egiteko, berriztagarriak ez diren beste energia iturri batzuen erabilera handitu da (ezohiko petrolioak [7], gas naturala, ikatza eta energia nuklearra), bai eta bioerregai izenez ezagutzen direnena ere (materia organikotik eratorritako erregaiak), baina iturri horiek guztiek muga edo arazo ugari dituzte ingurumen-eraginari, teknikari, alor ekonomikoari eta energia-errendimenduari dagokionez. Gainera, ia kasu guztietan arazo bera errepikatzen da sistematikoki: beren peak partikularrak gainditu dituzte edo epe laburrean (urte batzuetan edo hamarkada gutxi batzuetan) erdietsiko dituztela aurreikusten da [8]. Azken batean, metaketa kapitalistaren azken ziklo handien oinarrian zegoen energia merkearen aroak agorpen-zantzu nabarmenak erakusten ditu.
Metaketa kapitalistaren azken ziklo handien oinarrian zegoen energia merkearen aroak agorpen-zantzu nabarmenak erakusten ditu
Energia berriztagarriei dagokienez, azken hamarkadetan horien erabilera nabarmen handitu den arren [9], ageriko mugak dituzte, aztertuko ez ditugun hainbat arazo teknikoz gain. Alde batetik, elektrizitatea sortzeko erabiltzen dira batez ere, eta aipatu bezala, energia mota honek azken energiaren kontsumoaren % 20 inguru osatzen du gaur egun. Bestalde, energia berriztagarrien aprobetxamendurako instalazio eta teknologiak (haize-sorgailu eolikoak, plaka fotovoltaikoak, zentral hidroelektrikoak, etab.) fabrikatzeko, instalatzeko, mantentzeko eta eraisteko prozesuetan erregai fosil ugari erabiltzen dira, beste lehengai eskas batzuez gain; beraz, lehengai horien eskaintza murrizten ari den une batean, aipatutako teknologien hedapen masiboa zaildu egiten da. Eta azkenik, zenbait ikertzaileren ustez, energia berriztagarriak sortzeko gaitasun handienarekin ere ezingo litzateke gaur egun mundu mailan kontsumitzen den energia kopurua ekoitzi [10].
Energia-iturrien auziaz gain, elkarrekin erlazionatutako beste hainbat fenomenok ezaugarritzen dute bizi dugun krisi ekologikoa: klimaren asaldurak, kutsadura atmosferikoak, edateko uraren kutsadurak, itsas mailaren igoerak, hondakinen kontzentrazio handiak, ekosistemen aldakuntzak eragindako gaixotasunen ugaritzeak, lehengaien eskasiak eta ondoriozko hornidura-kateen arazoak, lur emankorren murrizketak, desertifikazioak, biodibertsitatearen galerak eta baliabide naturalen kontrolarengatiko gatazka geopolitikoak, besteak beste. Azkenari dagokionez, gatazka geopolitikoak ulertzeko funtsezkoak dira lehengaien kontrola (lehengai energetikoak barne) eta itsas korridore estrategikoen zein gasbide eta oliobideen (gas naturala eta petrolio-produktuak barreiatzeko erabiltzen direnak, hurrenez hurren) gaineko nagusitasuna [11]. Lehengaiak oso modu desorekatuan sakabanatuta daude Lurraren luze-zabalean, eta, beraz, horien gaineko kontrola funtsezkoa da potentzia kapitalistentzat.
1.3. Krisi ekologikoa eta ekologismoa
Ingurumen-gaiei eta mugimendu ekologistei buruzko eztabaiden errepasoa luzeegia izango litzateke, eta, beraz, atal honetan, berregituraketa kapitalistaren egungo etapan diskurtso ekologista jokatzen ari den papera baino ez dugu aztertuko. Laburbilduz, baiezta dezakegu burgesia ekologismoaren olatura batu dela. Sakoneko arrazoia gorabehera, izan kapitalaren metaketa baimendu dezaketen ingurumen-baldintzak erreproduzitzeko arazoen gaineko kontzientzia, izan merkatu berriak irekitzeko beharra (segur aski bi elementuak daude elkarturik), ziurra dena zera da: burgesiari diskurtso hori baliagarri zaiola metaketa kapitalistaren ziklo berrirako beharrezkoak diren baldintza kultural eta materialak prestatzeko.
Hemen trantsizio ekologiko eta digitala sartzen da jokoan, egungo krisian berregituratze kapitalista hartzen ari den zentzua ulertzeko funtsezko kontzeptua izaki. Trantsizio horrek garatzen ari den ekoizpen-eredu berriari egiten dio erreferentzia, zeinetara bidean aurreikusgarria den gero eta bizimodu pobreagoa orokortuko dela biztanleriaren geruza zabaletan, bai energiaren arloan, bai mugikortasunean, baita beste batzuetan ere, betiere aurrerapen teknologiko eta ekologikoz mozorroturik. Norabide horretan kokatzen dira Green New Deal bezalako proposamen politikoak eta Alderdi Berdeen existentzia zentro inperialistako gizarte kapitalistetan [12]. Ildo beretik, 2019ko abenduaren 11n, Europako Batzordeak Europako Itun Berdea aurkeztu zuen, EB 2050erako «klimatikoki neutroa» izatea eta atzerriko potentziekiko mendekotasun energetikoa murriztea helburu duen ibilbide-orria. Itun honek zenbait jarraibide ezartzen ditu trantsizio ekologikoarekin lotutako Estatu kideen politikak zuzentzeko, hala nola energiaren eta garraioaren esparruetan [13]. Ezinbestekoa da gai honi buruzko ikuspegi globala izatea; izan ere, EBko Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioen murrizketa lanaren nazioarteko banaketan oinarritzen da, zeinetan periferia kapitalistak betetzen duen funtzioa mundu mailako zabortegi, gainesplotatutako lan-indarraren hornitzaile eta baliabide naturalak arpilatzeko merkatu-nitxo izatea den. Honetan oinarritzen da hazkunde jasangarriaren proiektu inperialista: industria-prozesu kutsagarrienak atzerriratzean eta, ondorioz, BEG emisioak periferia kapitalistara lekualdatzean.
Honetan oinarritzen da hazkunde jasangarriaren proiektu inperialista: industria-prozesu kutsagarrienak atzerriratzean eta, ondorioz, BEG emisioak periferia kapitalistara lekualdatzean
Azaleko errepaso honekin amaituz, Next Generation EU europar funts ospetsuak aipatutako berregituraketaren zentzuan ulertu behar dira. Jose Castillok argi laburbildu zuen funts horien izaera aldizkari honetan [14]. Helburu duten Europako kapital-ehunaren modernizazioan, garrantzi berezia hartzen dute trantsizio ekologikoak eta digitalak, funtsen barruan helburu horietara bideratutako zenbatekoek erakusten duten moduan: Espainiako Estatuko Gobernuak funtsak direla eta argitaratutako Planak, adibidez, aurreikusten du 2021-2023 aldirako funtsen % 40,29 «eraldaketa berdera» bideratuko dela, eta % 29,58 «eraldaketa digitalera» [15].
2. ETXEKO ENERGIA-HORNIDURAK ETA GARRAIOA: PROLETARIOTZA ARPILATZEKO ETA MENDERATZEKO BI BIDE
Azken hilabeteetako inflazioaren datu historikoak, neurri handi batean, etxeko energia-horniduren kostuen (elektrizitatea eta gas naturala) eta garraio pribatuari lotutako gastuen (batez ere gasolina eta diesela) ondorio dira. Horrek, aldi berean, kontsumorako ondasun gehienen prezioen igoera orokorra ekarri du, baina bereziki elikagaietan izan da igoera nabarmena. Energia-ekoizpenari eta garraioari lotutako kostuek mundu mailako hornidura-kateko ekoizpen- eta banaketa-prozesu guztiak zeharkatzen dituztenez, horien prezioen igoerak ia merkantzia guztiei eragiten die. Testuinguru honetan, klase kapitalistak, langile-klasearen biziraupenerako baliabideen gaineko kontrola duenak, gure soldataren zati handiago batez jabetzeko gaitasuna du, lan-indarraren erreprodukziorako beharrezkoak diren ondasunen prezioak igotzen dituen aldetik. Gainera, esparru horiek funtzio garrantzitsua betetzen dute proletarioon diziplinamenduan. Izan ere, diru-sarrerarik ez baduzu, ezingo duzu energia-hornidurarik ordaindu argia pizteko edo zure etxea berotzeko, eta ezingo diezu aurre egin lan egiteko edo senide bat zaintzeko behar duzun auto baten gastuei, ohikoak diren bi adibide aipatzearren. Ondorioz, beharrezko bilakatzen da diru-sarrerak izatearen beharrak inposaturiko betekizun sozialak konplitzea.
Egungo egoeran, estatuek eta estatuaz gaindiko instituzioek (EB, kasu) berregituraketa kapitalistaren norabidean jarduten dute. Ikusten dugunez, zenbait erreforma ezartzen ari dira, zeinak zorpetzea handitzen duten, miseria kasurik muturrekoenak arintzeko ogi-apurrak eskaintzen dituzten eta hori guztia propaganda triunfalista batekin iragartzen duten, nahiz eta propaganda horrek ezin duen proletarizazio-prozesu gorakorra ezkutatu [16]. Bitartean, inflazioari aurre egiteko «errenta-itun» berriak iragartzen dira, eta batasun interklasistarako deiak entzuten dira. Pandemiak, klima-aldaketak eta Ukrainako gerrak batasun sakratua aldarrikatzeko balio diote europar oligarkiari: pobretzea –kausa komunez apaindua, betiere– darabilte kapitalisten irabazi-tasak salbatzeko errezeta gisa. Horren erakusgarri dira Europako Batzordeak eta IEAk herritarrei eta gobernuei joan den apirilean egindako proposamenak, besteak beste, berogailua jaistea, automobilaren erabilera murriztea eta etxetik lan egitea [17], eta baita REPowerEU plana ere, Europako Batzordeak maiatzean aurkeztua, «Errusiako erregai fosilekiko dependentzia murrizteko» helburuarekin, zeinak energiaren alorrean austeritate zein errazionamendu neurriak jasotzen dituen.
Pandemiak, klima-aldaketak eta Ukrainako gerrak batasun sakratua aldarrikatzeko balio diote europar oligarkiari: pobretzea –kausa komunez apaindua, betiere– darabilte kapitalisten irabazi-tasak salbatzeko errezeta gisa
2.1. Gasaren eta elektrizitatearen fakturak
Etxeko energia-hornidurak, batez ere gas naturalarena eta elektrizitatearena, langile-klasearen oinarrizko beharrak dira gaur egun. Argia izateko, etxetresna elektrikoak eta beste aparatu batzuk funtzionarazteko, ur beroa izateko eta etxebizitza tenperatura egokian edukitzeko beharrezkoak dira, besteak beste. Eurostaten datuen arabera [18], Europako etxeetan gehien erabiltzen diren azken energiaren iturriak gas naturala (kontsumoaren % 32,1) eta elektrizitatea (% 24,7) dira; ondoren, energia berriztagarriak (% 19,5) daude, nahiz eta kategoria horrekin funtsean bioerregai solidoei egiten dieten erreferentzia (egurra eta landare-ikatza, batez ere); hurrengoak petroliotik eratorritako produktuak (% 11,6) leudeke, hala nola butano-gasa, gas propanoa eta diesela; eta azkenik, beste iturri batzuk (% 12,1). Hurrengo paragrafoetan energia-merkatuari buruz azalduko direnak, berez, baliozkoak dira aipatutako iturri guztientzako, baina gas naturalean eta elektrizitatean zentratuko gara, egungo testuinguruan duten garrantziagatik.
Azken hilabeteetan, gas naturalaren eta elektrizitatearen fakturetan aurrekaririk gabeko garestitzea ikusi dugu; hain zuzen, 2021eko azken hilabeteetatik aurrera Europako prezioak balio historiko maximoetara iritsi dira. Horri energia-merkatuen opakutasuna eta lerroburu partzial eta alderdikoiak gehitu behar zaizkio, fenomeno hau ongi ulertzea oztopatzen dutenak. Nazioarteko energia-merkatuen funtzionamendua artikulu honen irismenetik kanpo geratzen den gaia bada ere, horiek ulertzen laguntzen duten zenbait elementu esanguratsuren errepaso labur bat egingo dugu. Europar Batasunean eta, bereziki, Espainiako Estatuan jarriko dugu arreta [19].
Gai hau ulertzeko elementu garrantzitsua da azken hamarkadetan garatutako ekonomia globalaren finantzariazioa, energia-merkatuetan ere eragina izan duena [20]. Horrek esan nahi du finantza-jardueretan diharduten erakundeek dutela, azken buruan, energia-baliabide gehienen gaineko kontrola, finantza-aktibo gisa. Energia-merkatuen finantzarizazioaren bi adibide argi ondorengoak dira: 1) gas naturalaren eta elektrizitatearen etorkizuneko merkatuen existentzia: etorkizunera begirako kontratuen salerosketak egiten dira data jakin batean baliabide horiek eskain ditzaketen irabazien aurreikuspenetan oinarrituta, eta era horretan finantza-aktiboen funtzioa betetzen dute, eta 2) berotegi-efektuko gasen emisioen merkatuak: emisio-eskubideen arteko salerosketa egiten da, hau da, gas horien tona kopuru jakin bat isurtzeko eskubidea hainbat herrialdetako burgesien arteko finantza-trantsakzioen objektu da [21].
Energia-merkatuen finantzarizazioarekin loturan, 1990eko hamarkadaz geroztik EBk herrialde kideetako elektrizitatearen eta gasaren merkatuen liberalizaziorako eta interkonexiorako politikak abiarazi ditu; izan ere, lehenago, oro har, estatuek nabarmen esku hartzen zuten merkatu horietan [22]. EBn, beraz, elektrizitatearen eta gas naturalaren barne-merkatu bat garatuz joan da, nahiz eta estatu bakoitzak marko legal propioa garatzen duen bere barne-merkatu bereizia arautzeko EBk ezartzen dituen arau orokorren arabera. Horrela, ondasun horietako bakoitzaren prezioak estatuetan finkatzen dira (edo merkatua partekatzen duten estatu gutxi batzuen artean), nazioarteko merkatuetako prezioetan oinarrituta. Lehen produkzio-, merkaturatze-, garraio- eta banaketa-funtzioak egitura bertikal batean bilduta egotea zen ohikoena, baina sektorearen liberalizazioak jarduera horiek bereiztea eta horietako gehienak merkatuaren lehiaren arabera funtzionaraztea ekarri zuen.
Gasaren eta elektrizitatearen merkatuen barne-funtzionamenduan arreta jarriz, lehenik eta behin aipatu behar da bi kasuetan handizkako merkatua eta txikizkako merkatua existitzen direla. Handizkako merkatuan, oro har, ondasun horien saltzaileek (ekoizleak, inportatzaileak, finantza-eragileak edo beste bitartekari batzuk) erosleei saltzen dizkiete (enpresa merkaturatzaileak, bitarteko eragileak edota zuzenean erosten duten industria-kontsumitzaile handiak); txikizkako merkatuan, berriz, merkaturatzaileek azken kontsumitzaileei saltzen diete produktua. Handizkako merkatuari dagokionez, merkatu-multzo konplexua da, eta, bertan, produktu horien transakzioa hainbat epetan egiten da: epe luzeko kontratuetatik (lehenago aipatutako etorkizuneko merkatuen kasua) salerosketa produktua eskuratzen den egun berean egiten den eguneroko merkatuetara, besteak beste.
Hona iritsita, eguneroko merkatuen enkanteek paper garrantzitsua jokatzen dute. Espainiako Estatuaren kasuan, Iberiar Penintsularen mailan antolatzen dira enkanteok: gasari dagokionez, MIBGAS (Gasaren Iberiar Merkatua) enpresa da enkantearen arduraduna (operadorea), eta elektrizitatearen kasuan, OMIE (Elektrizitatearen Iberiar Merkatuaren Operadorea) enpresak betetzen du funtzio hori. Hor finkatzen dira gasaren eta elektrizitatearen eguneko prezioak, eta elektrizitatearen eguneroko handizkako merkatuaren enkanteak duen funtzionamenduak azaltzen du, hein batean, azken urteko fakturen igoera:
1 Elektrizitate-saltzaileek erabilitako ekoizpen-teknologiaren arabera (energia berriztagarriko teknologiak, energia nuklearrekoak, zentral termiko konbentzionalak eta ziklo konbinatukoak, etab.), beren prezioak eskaintzen dituzte enkantean ordu-tarte bakoitzerako, eta erosleek erosteko eskaintzak egiten dituzte.
2 Ordu-tarte bakoitzean, energia-eskaria energia merkeenekin betetzen da (gaur egun energia berriztagarriak eta energia nuklearra dira), baina horiekin ez bada nahikoa energia-eskaria osoki asetzeko, prezioaren arabera ordenatutako hurrengo energietara igarotzen da.
3 Energia-eskaria betetzeko beharrezkoa den azken eskaintza gainerako energien prezioa finkatzen duena da, megawatt orduko eurotan neurtuta (€/MWh).
Funtzionatzeko modu horri sistema marjinalista deritzo, eta bera da EBn indarrean dagoena. Haren erabilera justifikatzeko, ekoizpen-kostu merkeagoak dituzten teknologiak sustatzen dituen sistema dela argudiatu ohi da, eta, horrela, energia berriztagarrien garapena eragiten duela. Teknologia berriztagarriek eta nuklearrek eskaria betetzen ez dituzten tarteak normalean ziklo konbinatuko zentral termikoek (gas naturala erregai gisa erabiltzen dutenak) betetzen dituzte, eta horrek, nazioarteko merkatuetan gasaren prezioa izugarri garestitu den egoera batean, energia «merke» guztiak oso garestiak direnen prezioan saltzea eragin du. Hortik etorri dira elektrizitate-enpresei egindako kritikak, ustez zilegitasunik gabe eskuratutako «zerutik eroritako etekinen» harira (hau da, ekoizpen-kostu merkeena duen elektrizitatea garestienaren prezioan saltzeagatik lortutako mozkinak), eskuratzen dituzten gainerako etekinak zilegi balira bezala.
Egiazki, Europako handizkako merkatuen eredua dela eta, sistema marjinalistaren alternatiba posibleek apenas aldatuko lituzkete elektrizitatearen prezioen gorabeherak, merkatuan parte hartzen duten enpresa ekoizle eta merkaturatzaileek beste era batera jokatuko luketelako beren irabaziei eusten dietela ziurtatzeko [23]. Kontuan izan behar da, halaber, 2021eko uztailera arte, Espainiako Estatuan eguneroko enkante horren gehieneko prezioa 180 €/MWh-koa zela, eta hilabete hartan, EBk hala aginduta, muga hori 3000 €/MWh-ra igo zela [24]. Hain zuzen ere, 2021eko urritik aurrera elektrizitatearen handizkako merkatuaren hileko batez besteko prezioa 180 eurotik gorakoa izan da, eta martxoan ordu-tarte baterako 700 €/MWh-ko errekor historikora iritsi zen.
Duela gutxi, Espainiako Estatuko gobernuak zalaparta handiz iragarritako neurri bat onartu du [25] gas naturalak elektrizitatearen handizkako merkatuaren prezioan 12 hilabetez izango duen eragina «mugatzeko». Doikuntza-mekanismo horren arabera, 40 €/MWh-ko hasierako erreferentziako prezioa ezartzen zaio gasari, eta, ondoren, progresiboki handituz doa 70 €/MWh-ra iritsi arte; horrela, enkantean murriztu egiten da gas naturala erabiltzen duten zentralek ekoitzitako elektrizitatearen prezioaren eragina. Hala ere, alde batetik, gas-zentralek kontsumitzaileengan ezarriko dituzte jasoko ez duten zatiaren kostuak, eta, bestetik, aurreikuspen ofizialek ere [26] zenbatesten dute handizkako merkatuaren enkantearen batez besteko prezioa 130 €/MWh ingurukoa izango dela neurri horrekin; hori egungo prezioa baino merkeagoa den arren, 2021eko uda aurreko serie historiko osoan izandako batez besteko prezioak baino askoz ere garestiagoa da. Aipatutako neurria onartu aurreko hilabetea (2022ko apirila) erreferentziatzat hartuta, handizkako merkatuaren batez besteko prezioa 191,51 €/MWh-koa izan zen; urtebete lehenago (2021eko apirila), berriz, batez besteko prezioa 65,02 €/MWh-koa izan zen. Sozialdemokraten euforia gorabehera, ia % 200 igo den zerbait % 30 jaistea ez dirudi oso onuragarria denik langile klasearen bizi-baldintzen ikuspegitik.
Bestalde, azken urtean gas naturalaren prezioek izan duten igoera ikaragarria nazioarteko burgesiak trantsizio ekologikoaren arloan hartutako akordioen ondorio da, neurri handi batean. Alde batetik, deskarbonizaziorako eskakizunen ondorioz, Asiako hainbat herrialdek, tartean Txinak, nabarmen handitu dute gas naturalaren eskaria, erregai horrek beste erregai fosil batzuek baino CO2 gutxiago isurtzen baitu. Horrek gasaren nazioarteko merkatuetan prezioak igotzea ekarri du. Gainera, CO2 emisioen merkatuetako finantza-espekulazioak eta norabide berean ezartzea aurreikusten diren muga-zergek are gehiago garestitzen dute erregai fosilen erabilera, gasa barne.
Txikizkako merkatuan, energia azken kontsumitzaileei eramateko, enpresa merkaturatzaileek garraio- eta banaketa-sareak erabiltzen dituzte (eta biltegiratze-instalazioak, gas naturalaren kasuan). Horretarako, bidesari batzuez gain, ordaindu beharreko zenbait kargu ere ezartzen zaizkie, sistemaren beste gastu batzuk ordaintzeko. Bidesarien eta gainerako karguen prezioak Administrazioak finkatzen ditu, eta merkaturatzaileek azken kontsumitzaileei ordainarazten dizkiete. Era honetan, kontsumitzaileen faktura energiaren kostuak, bidesariek, karguek eta zergek osatzen dute. Handizkako merkatuko prezioen igoerek eragin zuzena dute energiaren kostuaren zatian, eta gainerako kontzeptuak estatu bakoitzeko gobernuak arautzen ditu.
Bestalde, Espainiako Estatuko txikizkako merkatuaren barruan merkatu librea eta merkatu arautua bereizten dira. Bietan berdin funtzionatzen dute fakturako bidesarien, karguen eta zergen atalek, baina energia-kontsumoarekin lotutakoak ez. Merkatu librean, kontsumitzaileek gasaren edo elektrizitatearen hornidura-kontratua adosten dute enpresa merkaturatzaileekin aldi jakin baterako, eta aldi horretan energia-kontsumoaren kostua finkatzen da. Merkatu arautuan, aldiz, energiaren kostuari dagokion fakturaren zatia (kilowatt orduko prezioa) handizkako merkatuko prezioen arabera finkatzen da. Elektrizitatearen kasuan, tarifa horri Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa (KTBP) deitzen zaio, eta elektrizitatearen prezio bat ezartzen da eguneko ordu bakoitzerako, lehen azaldutako enkantean finkatutakoa. Gasari dagokionez, merkatu arautuaren fakturari Azken Baliabidearen Tarifa (ABT) deitzen zaio, eta horren prezioa gobernuak finkatzen du hiru hilean behin, handizkako merkatuko prezioen arabera.
Beraz, azken urtean ikusten ari garen argindarraren igoera ikaragarriei buruzko lerroburuek elektrizitatearen handizkako merkatuaren enkantearen gehieneko prezioei egiten diete erreferentzia, eta horiek, neurri handi batean gas naturalaren handizkako merkatuko prezioen ondorio dira. Prezio horiek zuzenean eragiten diete merkatu arautuko tarifa duten erabiltzaileei, eta zeharka merkatu librean dauden pertsonei; izan ere, merkaturatzaileek kontratuak berrikusten dituzte amaitzen direnean (normalean urtebetekoak dira), eta handizkako merkatua gorantz doanean prezioak igotzen dituzte.
Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) datuen arabera, 2020. urtearen amaieran hornidura elektrikoen % 63,3 eta gas-horniduren % 80,1 merkatu librean zeuden, eta merkatu arautuan, berriz, % 36,7 eta % 19,9, hurrenez hurren [27]. Nolanahi ere, merkatu horien opakutasunaren eta merkaturatzaileek erabiltzen dituzten praktiken erakusgarri, elkarbizitza-unitateen % 67,3 k ez zekien, gasaren kasuan, ea merkatu arautuan edo merkatu librean zegoen, eta elektrizitateari dagokionez % 59, 5ek [28].
Azpimarratzekoa da Espainiako Estatuko merkatu arautuan erreferentziako merkaturatzaileak deiturikoek soilik sal ditzaketela elektrizitatea eta gasa, hau da, gobernuak merkatu horretan jarduteko baimendutako enpresek. Merkatu hori hiru enpresa-taldek kontrolatzen dute gehienbat: Iberdrolak, Endesak eta Naturgyk. Horien artean, gasaren eta elektrizitatearen merkatu arautuen % 90 baino gehiago kontrolatzen dute [29]. Haien atzetik erreferentziako enpresa merkaturatzaileak izatea baimentzen zaien beste enpresa-talde txikiago batzuk daude: EDP, Repsol, CHC eta Gaselec. Merkatu librean, egoera antzekoa da: lehen aipatutako hiru enpresa-taldeek kontrolatzen dute merkatuaren zatirik handiena (gasaren merkatuaren % 77,4 eta elektrizitatearen merkatuaren % 72,7, 2020ko datuen arabera [30]), baina, hor, enpresa merkaturatzaile txiki ugari daude merkatuan beren tartea lortzeko lehian. Kontuan hartu behar da, halaber, gasaren eta elektrizitatearen hiru enpresa-talde handiek energia merkaturatzeko, ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko enpresak dituztela, baita beste esparru batzuetako negozioak ere. Hirurek irabaziak handitu zituzten 2021ean, gasaren eta elektrizitatearen fakturen errekorrek markatutako urtea, inondik ere [31]. Bestalde, Espainiako Estatuko gas- eta elektrizitate-sistemen kudeaketa eta garraioa ere enpresa-taldeen esku daude, zeintzuek, kasu honetan bai, monopolioa osatzen duten beren arloetan: Enagás eta Red Eléctrica de España.
Ikusi dugunez, estatuek nabarmen araututako merkatu batzuetatik liberalizatutako beste batzuetara aldatzeak, EBtik estatuaren monopolioarekin amaitzeko bide gisa saldu zen horrek (enpresa-oligopoliora igarotzeko, azken batean), ez zuen funtsezkoena aldatu: baliabide energetikoen gaineko kontrola kapitalista dela, eta ondorioz, proletariooi galarazitako baliabideak direla, diru-sarrerak behar baititugu horiek kontsumitzeko. Txanponaren beste aldea da pobrezia areagotzen ari dela, eta bereziki, pobrezia energetikoa deritzona. Fenomenoak osotasunaren baitan ulertzea komeni den arren, pobrezia energetikoa, zehazki, bizi-maila egokia mantentzeko behar adina ondasun energetiko (zentzu kuantitatibo eta kualitatiboan) izateko ezintasunari dagokio. Definitzeko zaila den fenomenoa denez, datuak tentuz hartu behar dira [32]. Adibide gisa, Cañada Real deituriko Madrilgo auzoaren kasua aipa daiteke, non 4.000 pertsona inguru argindarrik gabe dauden 2020ko urritik; era berean, aipagarria da munduan ehunka milioi lagunek ez duela elektrizitaterik eta bestelako energia-hornidurarik, eta horri lotutako hildakoen kopurua izugarria dela [33].
2.2. Zer norabide daraman garraioak
Garapen kapitalistaren historia ezin da bereizi garraiobideen garapenetik. Kapitalismoaren hasierako bultzadak, adibidez, lotura estua du trenbidearen hedapenarekin. Era berean, hirien konfigurazioak berak eta garraiorako azpiegituraren garapenak agerian uzten du askotan ahaztuta dagoen errealitate bat: kapitalaren baitako espazioa kapitalaren espazioa dela beti.
Merkantziak saldu arte horiek gordetzen duten balioa ez denez gauzatzen, garraioaren sektorea estrategikoa da. Garrantzi hori handiagoa da kontuan hartuta azken hamarkadetan kapitalak deslokalizazio-prozesu masiboak gauzatu dituela, hainbat salgairen ekoizpena fase ugaritan segmentatu duela eta fase horiek sakabanatu egin dituela, etekinak maximizatzeko helburuz. Horrek, paradoxikoki, handitu egin du balizko akats baten aurrean hornikuntza-kateek duten zaurgarritasuna, eta ondorioz, proletariotzaren borrokarako ortzimuga berriak zabaltzen ditu, dagoeneko ikusi dugunez. Hala ere, askotan, zaurgarritasun hori agerian geratzen da proletariotzak esku hartu beharrik gabe: iaz Ever Given ontziak Suezko Kanalean hondoa jo izanak itsas trafikoaren funtsezko arteria bat blokeatzea ekarri zuen (urteko merkataritza globalaren % 10 inguru handik igarotzen da); Islandian sumendi bat erupzionatzeak aire-garraioaren behar bezalako zirkulazioa eragozten du, eta Europan automobil-fabriken jarduna etetea dakar, mikrotxip faltaren eraginez.
Merkantzien ekoizpenarekin eta salmentarekin lotutako garraioaz gain (esplotaziora bideratzen den lan-indarraren garraioa barne), gaur egungo metaketa ereduaren baitan gizabanakoen kontsumorako garraioa nabarmentzen da. Horren adibiderik nabarmenena masen turismo-ereduan ikus daiteke, nahiz eta aurreikusgarria den laster gainbeheran murgilduko dela, proletarizazio-prozesu geldiezinaren eta motordun garraioarekin lotutako kostuen igoeraren aurrean. Edonola ere, garraioaren alderdi hori ez da ebaluatu behar proletariotzaren esplotatu-kondiziotik bereizita; izan ere, eguneroko monotoniarekin eta horrek sortzen duen gogaikarritasunarekin apurtzeko funtzionala da, eta, ondorioz, indarberritzeko bide bat da, izan lantokian esplotazio-ziklo berri baterako, kapitalaren hezkuntza instituzioetan idiotizatzen jarraitzeko edo langabezia kronikoko egoera baten aurreko inpotentziari aurre egiteko.
Zentzu horretan, automobila da, beharbada, langile-klaseari lotutako garraiobiderik ikonikoena, bai bere pisu kulturalagatik, bai eragin dituen inplikazio politiko eta ekonomikoengatik. Haren hedapenak masa-kontsumoaren eta erdigune inperialistako bake sozial erlatiboaren garaia inauguratu zuen, eta espazioari dagokionez kapitalari erabat subsumitzea ekarri zuen: hiria aparatu horren neurrira pentsatzen da, eta haren bidez, proletariotza kaletik kanporatzen da. Maila ideologikoan, automobila kontrolerako gailu eraginkorra da: jabetza hedatzen du langile-klaseko sektoreen artean, eta era horretan desklasamendua bultzatu (luxuzko ondasuna izatetik langile arruntaren kontsumorako objektu izatera igaro da autoa); askatasun-sentsazio faltsua sortzen du denbora-tarte laburretan distantzia handiak egiteko aukeragatik eta lehiakortasuna eta indibidualismoa sustatzen ditu, norbanakoaren garraio-modua den heinean [34]. Alor ekonomikoan diziplinamendu elementu gisa jarduten du; izan ere, autoa, asegurua edota gasolina ordaindu behar dira, baina autorik ez izateak lanpostua lortzeko ezintasuna ekar dezake. Bukatzeko azpimarratzekoa da egunero eragiten dituela hildakoak, zeinak agerian uzten duen gizarte kapitalista gidatzen duen irrazionaltasuna.
Europan, masa-automobilismoaren hedapena Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen, baina hori atzeratu egin zen Espainiako Estatuan, Gerra Zibilaren eraginez. 1950erako 100-300 mila automobil zeuden Espainiako Estatuan [35], baina 1957tik aurrera, Seat 600 modeloaren masa-ekoizpenarekin batera, egoera hori aldatu egin zen. 1965erako, Espainiako Estatuko autoen kopurua milioitik gorakoa izan zen. Nolanahi ere, errepide-sare garatuek mesede egiten diote masa-automobilismoari, eta 1970erako, Espainiako Estatuak 203 kilometro baino ez zituen edukiera handiko bideetan (autobiak eta autobideak), eta 139.000 kilometro errepide arruntetan [36]. Horregatik, 1984an, PSOEk 1984-1991 Aldirako Errepideen Plan Orokorra abiarazi zuen, errepide-sarea modernizatzeko asmoz.
Edukiera handiko bideen kilometro kopuru txikiak, beste faktore batzuekin batera, automobil kopuruaren hazkundeari kalte egin ahal izan zion, nahiz eta ez zuen geldiarazi, inondik ere: 1985erako, Espainiako Estatuak 3.000 kilometro inguru zituen gaitasun handiko bideetan, eta 9,5 milioi auto inguru [37]. 2003an, edukiera handiko bideen kilometro-kopurua laukoiztu baino gehiago egin zen 1985 urtearen aldean, eta 12.000 kilometroko luzera gainditu zuen; automobil kopurua, aldiz, ia 19 milioikoa izatera igaro zen. Gaur egun autobide eta autobien luzera 17.000 kilometrokoa da (2018ko datuak), eta 25 milioi auto inguru daude estatu mailan; errepide arruntek, berriz, 149.000 kilometro hartzen dituzte. Hala eta guztiz ere, edukiera handiko bideen gorakada handi horren arrazoia (ziur aski erabakigarriagoa izan zena) Espainiako Estatuko kapitalak merkantzien garraioa hobetzeko zuen beharra izan zen, baita Europako gainerako lurraldeekiko lotura hobetzeko beharra ere, frantziar Estatuarekin trenbide-lotura ahula baitzuen (eta oraindik ere halakoa da).
Era horretan, edukiera handiko errepideen hazkundea bat dator Renferen Kontratu-Programaren bidez suspertutako trenbide-garraioaren murrizketa bizkorrarekin; izan ere, haren ondorioz, trenbide-sarearen ia % 22,5 desegin zen [38]. Ondorioz, 1980ean salgaien garraioa 47 milioi tonakoa izanik, 2007rako soilik 31 milioi tonakoa izatera igaro zen [39], eta bidaiarien trafikoa (km-ko bidaiari kopuruan neurtua) 1985ean iritsi zen gorenera; ordutik aurrera nabarmen murriztu da (AVE Espainiako abiadura handiko trenen bidaiarien kopurua berriro ere suspertzen ari da, nahiz eta bestelako ibilbideak egiten dituen) [40]. Azken batean, errepide-sareen garapenak, ondorio zuzen gisa izan zuen ohiko trenbide-sarearen utzikeria eta hondatzea, eta, kasu askotan, erabateko abandonua, batez ere udalerri txikietan, eta horrekiko paraleloan gertatu zen. Horrek, neurri handi batean, murriztu egin zituen ibilgailu pribatuaz bestelako mugikortasun aukerak leku horietan. Era berean, ordutik aurrera Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruan inbertsio ikaragarriak egin dira trenbide-azpiegituretan, batez ere Espainiako Estatuko metropoli handiak lotzeko. Horixe da garraioak gizarte kapitalistan duen eragin nagusienetako bat: azken buruan, sektore batzuk besteen aurrean pribilegiatzen ditu. Horrela, esaterako, haren garapenak, distantziak murriztea ahalbidetu behar lukeen horrek, azkenean horiek handitzea dakar, dela ibilbidearen luzera handituta, proletariotza periferiara kanporatzen denean; dela bidea egiteko denbora luzatuta, auto-ilarak edo matxurak direla eta; dela eremu askotan garraiorako aukera zuzenean ezabatuta.
Garraio ereduaren etorkizunerako perspektibak zalantzazkoak dira erabat. Berregituraketa kapitalistaren garai batean gaude sarturik, hau da, metatze-ziklo baten amaieraren eta ziklo berri baten hasieraren arteko loturan, eta garraioa ez da horrekiko bereizia. Eredu honek, gainera, badu berezitasun bat: erregai fosiletan oinarritzen da ia osoki, aipatu den bezala, eskaintza murrizten ari den une honetan. Horrela, Espainiako Estatuan, europar funtsen bidez garraioaren deskarbonizazioan aurrera egitea planteatzen da (aipatzekoa da 2035erako konbustio bidezko ibilgailuen ekoizpena debekatzea aurreikusten dela). Horretarako, ibilgailu elektrifikatuen flota indartzea, 50.000 biztanle edo gehiagoko hirietan Isurpen Gutxiko Eremuak (IGE) ezartzea (kasu jakin batzuetan 20.000 biztanle edo gehiagoko hirietan), hiri- eta metropoli-garraioan inbertitzea eta mugikortasun aktiboa (bizikletaz eta oinez) sustatzea bilatzen da. Modu berean, mahai gainean dago «erabiltzen duenak ordaintzen du» eta «kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioen araberako neurriak ezartzea estatuko bide-sareetan, horien mantentze-lanak finantzatzeko xedearekin, EBren zuzentarauekin bat.
Neurri eta aldaketa horiek aurrera eramateko, lehenik eta behin, 2.916 milioi euro bideratuko dira Isurpen Gutxiko Eremuetara eta hiri-garraioaren eraldaketara; horrek, besteak beste, antzinako flota txatar bihurtzea, flota hori berritzea eta erregaia hornitzeko edo kargatzeko puntuen finantzaketa barnebiltzen ditu. Bigarrenik, 2.000 milioi euro mobilizatu nahi dira ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituraren hedapenerako, ibilgailu alternatiboen kopurua handitzeko (elektrikoak, hidrogenozkoak, etab.) edo hidrogeno berdearen eta ibilgailu horien kargaren alorretan berrikuntza sustatzeko. Horren bitartez, 2020an 5.600 karga-puntu publiko izatetik 100.000 izatera iritsi nahi da (gaur egun kopuru txikia izatea oztopo da ibilgailu elektrikoak ugaritzeko), eta 2023rako 250.000 ibilgailu elektrikora, eta horretarako, horien erosketaren zati bat ordaintzeko diru-laguntzak emango dituzte.
Aipatutako bideari jarraikiz, kargatzeko azpiegituraren garapenari eta ibilgailuen erosketetara bideratutako diru-laguntzei esker, ibilgailu elektriko eta alternatiboen gutxieneko merkatu bat ezartzeko eta bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko oinarriak ezarri ahalko dira. Inbertsio horien helburua da karga-puntuekin lotutako industriari laguntzea (azpiegitura horren % 90 estatu mailako fabrikaziokoa da), eta, era berean, Espainiako Estatuak mugikortasun elektrikoarekin duen konpromisoa erakusten ahalegintzea, eredu elektriko berrien fabrikazioarekin lotutako inbertsioak jasotzen saiatzeko; izan ere, auzi hau funtsezkoa da Espainiako Estatuan, BPGaren % 10 eta enpleguaren % 9 automobilgintzaren sektorearen mende baitaude. Azkenik, trenbide-sareko Aldiriak zerbitzuaren «kalitatea eta fidagarritasuna hobetzeko» 1.620 milioi euro erabiliko dira, haren garrantzi estrategikoa dela eta (dokumentuaren beraren arabera, bidaiarien trenbideko garraioaren % 89,2 modalitate horri zor zaio).
Azaldutakoan eta egungo egoeran oinarrituta, esan daiteke ibilgailu pribatuak funtsezko pisua duen garraio-ereduarekin amaitzea lortu nahi dela. «Ibilgailu pribatuaren diktadurarekin» amaitzea, Espainiako Estatuko Garraio ministroaren hitzetan, eta hiri-garraioa horretarako gako izatea. Horretarako, ez da beharrezkoa ibilgailu pribatuen debeku zuzena ezartzea, eta hori argi geratzen da egungo dinamikari so eginez. Auto bat eduki nahi izatea gauza bat delako, baina hura ordaindu eta mantendu ahal izatea beste kontu bat. Horrela, azken bi urteotan lehen eta bigarren eskuko ibilgailuen garestitzea ikusten ari gara, hainbat faktorek eragindakoa (erdieroaleen krisia, lehengaien garestitzea, etab.). Bestalde, nabarmentzekoa da auto-fabrikatzaileak prezio altueneko modeloen ekoizpenean zentratzen ari direla, zeinek irabazi handiagoak ematen dizkieten eta sektore proletarizatuenentzat ordaindu ezineko kostua duten. Aurrekoarekin lotuta, turismo berrien eskaintza murriztu izanak automobil-parkea zahartzea ekarri du, eta, beraz, 2023an ezarriko diren Isurpen Gutxiko Eremuetan kutsaduraren arloko eskakizunak betetzea ezinezkoa izango da gero eta ibilgailu gehiagorentzat [41]. Era berean, erregaiak izugarri garesti daude: 2019ko 25. astean 95 gasolinaren eta dieselaren prezioa litroko 1,306 eta 1,199 eurokoa zen, hurrenez hurren; 2022ko data bererako, berriz, 95 gasolina litroa 2,117 eurotara iritsi da eta dieselaren litroko prezioa 2,003 eurotara iritsi da; are, zenbait adituk diote gasolinaren prezioak uda honetan 3 euroak gaindi ditzakeela [42]. Horri gehitu behar zaio Espainiako Estatuko gobernuak autobide eta autobia guztietan bidesariak ezartzeko duen asmoa, eta ordainketa-sistema errepide guztietara zabaltzeko aukera [43]; matrikulazio-zergaren garestitzea ibilgailuaren kutsaduraren arabera, eta zerga berriak ezartzeko aukera (CO2 emisioen gaineko zerga, esaterako, Katalunian jada indarrean dago); eta aparkatzeko eremu mugatuak gero eta auzo eta herri gehiagotara zabaltzea. Azken batean, horren ondorioa da gero eta gehiago ordaindu beharko dela gehienetan beharrezko dugun ibilgailu bat erabili eta aparkatzeagatik.
Nolanahi ere, argi dago auto baten jabetza eskuratzea eta harekin zirkulatzea askoz ere garestiagoa izango dela biztanleriaren zati handi batentzat, ez bada ezinezkoa. Pentsa liteke automobil-parke osoa elektrifikatu daitekeela, eta horrela ingurumen-eskakizunak bete, baina horrek arazo larriak jartzen ditu mahai gainean: hasteko, kargarako azpiegitura behar da, eta halakorik ez da gaur-gaurkoz (eta ezin da existitu gaur egungo automobil kopuru osoari erantzuteko), eta, era berean, ibilgailu elektrikoen prezioa Europan errekuntza bidezko ibilgailuena baino handiagoa da oraindik, soldata errealak murrizten ari diren une batean. Horretaz gain, ibilgailu elektrikoen fabrikaziorako litioaren eta nikelaren moduko lehengai estrategiko eta urriak behar dira, eta horiek herrialde gutxi batzuetan baino ez daude, eta inoiz baino garestiago, beste eragozpen batzuk ez aipatzearren.
Hortaz, hipotesi gisa plantea dezakegu bidaiarien garraio-eredua norabide bikoitzean bideratzen ari dela: alde batetik, automobilerako sarbidea burgesiari eta egungo krisitik onik atera litezkeen klase ertaineko sektoreei mugatzeko bidean gara, eta, bestetik, proletariotza garraio kolektibo eta aktibora kondenatzekoan. Aurreikuspen horien aurrean, tentuz hartu behar da hiri- eta metropoli-garraioa modernizatzeari eta sustatzeari buruzko diskurtsoa. Gaurkotasun handiko adibidea dugu 2020ko konfinamenduan eta ondorengo hilabeteetan: komunikabideek eta politikari profesionalek hiri-garraio seguruaren ilusioa zabaldu zuten birusaren transmisioa ekiditeko, baina behar ekonomikoa gailendu zen eta zerbitzuak murriztu eta okertu egin ziren, eta martxan jarraitu zutenak masifikatu egin ziren. Etorkizuna bestelakoa izango dela baieztatzeko moduko zantzurik ez dago; beraz, ziurrenik, proletariotzari bideratutako garraioan eginiko inbertsioa soldatapeko esplotazioa mantentzeko behar dena izango da, ez handiagoa. Atzerapenek, matxurek, askotan neurriz kanpokoak diren prezioek edo gure denboraren zati handi bat galtzeak eguneroko bizitzaren parte izaten jarraituko dute. Eta proletariooi zuzendutako garraiobideak eraginkorrak, seguruak eta azkarrak izango balira ere, ez lukete egun duten funtzionaltasuna aldatuko: ez da bereziki garrantzitsua egunero esplotatua izatera joateko modua autoa den edo trena den. Ikusteko dagoena da ea zein epetan gauzatuko den azaldutako eredu horretarako trantsizioa, eta nola; litekeena da hiri handietan dagoeneko proletariotzaren sektore batzuei ibilgailu pribatua (edo haren erabilera) ukatzea; beste sektore batzuentzat, berriz, betebeharra izango da berehalako etorkizunean autoari eustea, zenbait arrazoi direla medio, eta, ondorioz, areagotu egingo da haien pobretzea.
Hipotesi gisa plantea dezakegu bidaiarien garraio-eredua norabide bikoitzean bideratzen ari dela: alde batetik, automobilerako sarbidea burgesiari eta egungo krisitik onik atera litezkeen klase ertaineko sektoreei mugatzeko bidean gara, eta, bestetik, proletariotza garraio kolektibo eta aktibora kondenatzekoan
3. ONDORIOAK
Artikuluan azaldutako guztiagatik, zenbait gogoeta azpimarratuko ditugu, eta beste posizio politiko batzuen mugak aztertuko ditugu. Alde batetik, baliabide naturalen, energia-ekoizpenerako eta banaketarako baliabideen eta garraio-bitartekoen gaineko kontrol kapitalistak determinatzen du gure desjabetu izaera hornidura energetikoaren eta mugikortasunaren esparruetan. Eremu horiek bide aproposak dira proletariotza arpilatzeko: garestitzearen bidez, tasa eta zerga berriak ezarriz eta zenbait zerbitzuren kalitatea okertuz, gure soldata errealak debaluatzen dira. Beraz, kontrol kapitalista da borrokatu behar duguna, izan haren bertsio pribatu-enpresarialean, zein haren bertsio burokratiko-estatalean. Horretarako, progresiboki areagotu behar dugu kontrol horri kontrajartzen zaion esparru eta prozesu sozial guztien gaineko kontrol sozialista, botere sozialista eraikitzeko estrategia batean oinarritutakoa. Soilik honela lortu ahalko da hornidura energetikoak eta mugikortasunerako baliabideak doakoak, unibertsalak eta kalitatezkoak izatea.
Bestalde, azken hamarkadetan diskurtso ekologistak gero eta garrantzi handiagoa lortu du eztabaida politikoan. Mugimendu ekologisten hasierako bultzada hainbat planteamendu partzialetan sakabanatuta geratu da; funtsean, Burgesiaren Alderdiaren espektro osoak asimilatu ditu. Hau da, programa ekologistak Kapitala modernizatzeko balio izan du azken hamarkadetan. Kapitalismo berdearen eta hazkuntza jasangarriaren apologetetatik (gaur egun nagusi), ekofaxismoaren eta nazionalismo berdearen moduko jarrera erreakzionarioagoetaraino, ekosozialismoaren eta deshazkundearen proposamenetatik igarota, horiek guztiek premisa bera partekatzen dute: ez dira gai bizi dugun krisi ekologikoaren aurrean irtenbide iraultzailerik planteatzeko. Horrek agerian uzten du burgesiaren erabateko hegemonia kulturala, aipatutako korronteak egungo krisiaren aterabidea estatuan eta estatuaz gaindiko beste erakunde burges batzuetan proiektatzera daramatzan hori, kasu batzuetan irtenbide hori erantzukizun indibidualera zabaltzen. Era horretan, krisi kapitalistaren egiturazko kausak naturalizatzen amaitzen dute.
Egoeraren inguruko diagnostikoan puntu egokienak dituzten jarreren kasuan ere (adibidez, metaketa kapitalistak giza espeziearen erreprodukziorako oinarri biofisikoak arriskuan jartzen dituela onartzean), presente dago ortzimuga iraultzaile baten gabezia. Horren adibide dira beren proposamen politikoak [44], aberastasunaren birbanaketan, «% 99 % 1en aurka» gisako leloetan («herria oligarkiaren aurka» formularen bertsio bat, klaseen arteko kontraesanak estali eta aliantza interklasista baten aldeko apustua egiten duena), sektore estrategikoen kontrola berreskuratzean (kontrol estatalari buruz ari dira), eta zerrendatuko ez ditugun beste hainbat aldarrikapenetan oinarrituak. Arazoa kapitalismoa dela esatea eta kapitalismoa erreformatzeko eta modernizatzeko neurriak proposatzeak ez du fundamenturik. Kontua ez da «langile-klasearen mesederako trantsizio ekologikoa» ziurtatzea, baizik eta klase sozialen abolizioa bera, natur baliabideen erabilera arrazional baterako berme bakar gisa.
Azken batean, estrategia iraultzaile bat garatzeari uko egitea da mugimendu horiek, haien adierazpen erradikalenak barne, ezintasunera kondenatzen dituena (edo zuzenean burgesiaren aldetiko asimilaziora). Proletariotzaren botere independentearen eraikuntzara bideratutako indar-metaketarako eredu baten faltan, mugimendu politiko batek lor lezake burgesiak hobekuntza-aldarrikapen jakinak bere gain hartzea, baina mugimendu hori burgesiak administratua izango da, besterik ez. Horren adibide dira «kontsumoa murrizteko» aldarrikapenak. Pobretzea masiboki hedatzen ari den testuinguru honetan, proletariotza ikusten ari da nola jada murriztuz doan bere kontsumorako gaitasuna, eta, beraz, horrelako leloak metaketa-ziklo berriaren baldintza saihestezinak moralki justifikatzeko erabiltzen dira. Funtzionalak dira, hortaz, lan-indarraren merkatzeari begira, haren erreprodukzio-kostuak murriztea bultzatzen baitute.
Era berean mahai gainean jartzen den irtenbideak izaera globala izan behar du. Alferrikakoak dira «ongizate estatuaren itzulerarako» eta «trantsizio ekologiko justurako» deiak, lanaren nazioarteko banaketa alde batera uzten bada, hau da, ez bada kontuan hartzen periferia kapitalistaren arpilatzean eta gainesplotazioan oinarritu dela zentro inperialistan gizarteko zenbait estratuk izan duten bizi-bitartekoen oparotasun erlatiboa, egun gainbeheran dagoena. EBren politika berdeak premisa berdinean oinarritzen dira, eta, beraz, hainbat baliabideren eskasia gero eta handiagoa den garaiotan, aurreikus daiteke horien kontrolarengatiko gatazka armatuak ugaritu egingo direla, eta, aldi berean, «protekzionismo energetikoarekin» loturiko jarrerak indartzeko aukera dagoela.
Aurrekoari dagokionez, kontuan izan behar da gaur egungo egoeran jarrera neomaltuhisarrak (auzi demografikoa mistifikatzen dutenak, hura naturaltzat hartuz eta haren izaera soziala albo batera utziz), zeinak neurri handiagoan edo txikiagoan beti egon diren mugimendu ekologistari lotuta, ugaritu egin daitezkeela, horren esplizituak ez diren jarreretatik hasi eta erreakzionarioagoak diren beste batzuetaraino, zuzenean gizateriaren kapa zabalen hilketa planteatzen duten proposamenak barne, zeinak argudiatzen duten «eskuragarri dauden baliabide naturalak ez direla nahikoak munduko biztanleria osoarentzat».
Beraz, premiazkoa da nazioartean estrategia sozialista garatzea, eta, fase honetan, garrantzi berezia hartzen du klase-borroka kulturalak, zeinaren baitan behin eta berriz azpimarratu beharko dugun giza bizitzarako baldintza naturalak arriskuan jartzen dituen dinamika sozial dekadente hau gainditzeko beharra. Zentzu berean, problematizatu egin behar dugu belaunaldi ugariren lanagatik lortutako aurrerapen teknikoak kontrol kapitalistaren pean egotea, gizateriaren ondare izan beharrean. Zergatik ordaindu behar dugu argia izateko? Zergatik ez dugu gure mugikortasunari buruz erabakitzeko gaitasunik?
Gerra kultural honetan, aipatutakoen gisako posizioei aurre egin beharko zaie, eta mugimendu sozialistarentzat garrantzi handia duten eztabaidei heldu beharko zaie. Adibidez, ekoizpen-indarren garapen maila hain handia izanik, hipotesi gisa plantea daiteke gizateria osoarentzat kalitatezko bizi-maila bermatzeko baldintza materialak izan badirela. Hala eta guztiz ere, zenbait ekoizpen-baliabideren neutraltasunaren auziari heldu behar zaio, edo, beste era batera esanda, ekoizpen-indarren potentzial suntsitzailearen gaiari. Egiazki, aurrerapen teknikoak ez dira berez suntsitzaileak; balorizazio-premiaren araberako aplikazio zehatzak ematen die izaera suntsitzaile hori maila ekologikoan eta sozialean. Hala ere, energia-iturrien eta lehengaien auziak aurre egin beharreko galderak planteatzen ditu, aldi berean, sozialismoaren eraikuntzan aurrera egitearekin batera, gure gizarte-beharrak birdefinitzen goazen neurrian. Eztabaida horren adibide zehatz bat ibilgailu motordunarena da, haren eguneroko erabilera pribatua ezin baitzaie zabaldu munduko biztanle guztiei. Zalantzarik gabe, eraiki nahi dugun formazio sozial berriaren mugikortasun-beharrak desberdinak izango dira, baina gai horiek kontuan hartu beharrekoak dira. Ekoizpen-indarren aplikazioa determinatuko duen irizpide nagusia onura unibertsala izango da, eta onura hori baloratzeko orduan, auzi ekologikoak funtsezko garrantzia izango du nahitaez.
Amaitzeko, Kapitala obraren aipu bat hona ekarriz, «ekoizpen kapitalistak teknika eta ekoizpen prozesu sozialaren konbinazioa garatzeko ezagutzen duen modu bakarra aldi berean aberastasun ororen jatorrizko bi iturriak hondatzea da: lurra eta gizakia» (geuk itzulia) [45]. Honekin lotuta, formazio sozial kapitalistaren garapen historikoak metabolismo sozialaren haustura izan du ondorio, hots, gizartearen eta naturaren arteko bereizketa geroz eta handiagoa. Horren aurrean, programa komunistak gizateriaren eta natura-ingurunearen arteko harreman berri bat du helburu. Marxen hitzetan, gizateriak «naturarekin duen materien trukea arrazionalki erregulatzea» da gakoa, eta truke hori «kontrol komunaren» pean jartzea. Era honetan, kanpo botere batek ez gaitu klase gisa menderatuko eta ez ditu gure existentziaren baldintza biofisikoak arriskuan jarriko; aitzitik, gizakion botere bateratu eta kontzienteak kontrolatuko ditu gure ekoizpen-indarrak eta ekoizpen-harremanak.
Gizateriak «naturarekin duen materien trukea arrazionalki erregulatzea» da gakoa, eta truke hori «kontrol komunaren» pean jartzea
OHARRAK
1 Tanurok (2007) fluxu-energien (berriztagarrien) zentraltasunetik stock energietara (erregai fosilak, batez ere) igarotzeak garapen kapitalistaren testuinguruan izan zituen inplikazio historiko eta ekologiko izugarriak nabarmentzen ditu, stock energiak denboraren giza eskalan agor daitezke eta.
2 Statistical Review of World Energy 2021 - British Petroleum (2021). Gai horrek argipen bat merezi du; izan ere, Turielek (2021) azaltzen du egile batzuen arabera biomasa dela energia berriztagarri garrantzitsuena, mundu osoko etxeetan egurra errez ekoitzitako energia barne hartzen duten heinean; ordea, datu hori sartzea oso problematikoa izan daiteke duen errore-tarte handiagatik, eta gainera, energia kontsumo hori ia ez delako esanguratsua mundu mailako gizarte industriala mantentzeari dagokionez.
3 Key World Energy Statistics 2021. Final consumption - International Energy Agency (2021). Energiaren Nazioarteko Erakundea (IEA) Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) 1973ko petrolioaren krisiari erantzuteko asmoz 1974an sortutako nazioarteko erakunde bat da, herrialde kideen (Amerikako Estatu Batuak buru) petrolio-hornidura ziurtatzeko eta Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeari (LPEE) kontrapisu egiteko. Hamarkadek aurrera egin ahala, IEA handituz joan da ELGAko estatuen energia-politiken kontseilari gisa dituen eskumenak.
4 Izan ere, lanaren produktibitatea handitzea energia-kontsumo globalaren hazkundearekin lotuta dago. Ondoz ondoko industria-iraultzen eta energia-iturrien erabileran gertatu diren aldaketen deskribapen xeheagoa: Laugarren industria-iraultzaren oinarriak eta bere ondorio sozialak. Arteka #7 (2020ko uztaila) - Beñat Gallastegi.
5 Has the World Already Passed Peak Oil? (2010). Eskuragarri nationalgeographic.com webgunean.
6 El pico del diésel: edición de 2021 - Antonio Turiel (2021). Eskuragarri crashoil.blogspot.com webgunean. Artikuluan gaiari buruzko grafiko interesgarriak daude.
7 Ezohiko petrolio terminoak hein handiagoan edo txikiagoan ohiko petrolio gordinaren antzekoak diren substantziei egiten die erreferentzia, baina ezberdintasun nabarmenak dituzte eskuragarritasunari, erauzketa-teknikei eta errendimendu energetikoari dagokienez. Haien arazo nagusiak hauek dira: erauzteko garestiagoak direla eta ez dutela diesela ekoizteko balio. Petrolio hauen adibide dira haustura hidraulikotik (fracking) erauzitako harri trinkoko petrolio arina eta petrolio estra astunak.
8 Energia-iturri bakoitzaren ezaugarri eta arazoen azalpen zehatzago baterako, gorago aipatutako liburua irakurtzea gomendatzen dugu: Petrocalipsis. Crisis energética global y cómo (no) la vamos a solucionar, Antonio Turiel CSICeko ikertzailearena.
9 Izan ere, petrolio-enpresek 2014tik meategi berriak bilatzeko eta ustiatzen hasteko inbertsioa % 60 murriztu dute (Bordera eta Turiel, 2022), eta enpresa handi horiek eta beste batzuk modu masiboan inbertitzen ari dira berriztagarrien negozioan. Horren erakusgarri dira Araban eta Nafarroan eraikitzeko asmoa den megaparke eolikoak eta fotovoltaikoak.
10 «La escasez de materiales es una estaca en el corazón de la transición energética» («Material-eskasia estola bat da trantsizio energetikoaren bihotzean») (2021eko azaroaren 29a). Antonio Turieli egindako elkarrizketa, csic.es webgunean eskuragarri.
11 Hainbat adibide aipa badaitezke ere, azaldutakoaren adibide on bat Ukrainako gatazkaren igoaldi belikoa da. Europako herrialdeek Errusiatik inportatutako erregai fosilekiko (batez ere gas naturala, baina baita petrolioa eta ikatza ere) duten mendekotasuna eta AEBk eta Txinak munduko nagusigoa lortzeko duten lehia ezinbesteko elementuak dira gatazka hau ulertzeko. Izan ere, martxoaren amaieran, Europar Batasunak eta AEBk akordio bat sinatu zuten, zeinaren bidez azken honek EBrentzako gas natural likidotuaren salmentak % 68 handitzeko konpromisoa hartu zuen, eta horrek, zalantzarik gabe, estatubatuar kapitalarekiko mendekotasuna handitzea ekarriko du. Gainera, aipagarria da estatubatuar gasa frackingetik datorrela hein handi batean. Teknika hori debekatuta dago EBko herrialde gehienetan, eta haren erauzketaren eta itsaso bidezko garraioaren kostuak oso handiak dira. Ondorioz, gasarekiko menpekotasuna duten herrialdeak haren hornikuntzagatik prezio altuak ordaintzeko prest dauden testuinguruetan baino ez da errentagarria.
12 Proposamen horien zentzua eta klase-izaera ulertzeko, oso gomendagarria da Arteka aldizkariaren 11. zenbakia, 2020ko azarokoa, Eite berdea izenekoa.
13 A European Green Deal. Hemen eskuragarri: ec.europa.eu.
14 Funtsak, baldintzazkotasuna eta krisia: Europar Batasuna mehatxatzen duen ekaitz perfektua. Arteka #27 (2022ko apirila) - Jose Castillo.
15 Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana - Espainiako Estatuko Gobernua (2021).
16 Erreforma horiek guztiak proletariotzaren bizi-baldintzen aurkako ofentsiba burges baten testuinguru orokorraren baitan kokatzen dira: langile-klasearen aurrezkiak zuzenean arpilatzeko neurrietatik hasi (hala nola bidesari gehiago eta autoa aparkatzeagatiko tasak ezartzea, beste tasa eta zerga batzuk garestitzea eta eraikinen birgaitze energetikorako eskakizunak jartzea) eta gizartearen haserrea baretzea bilatzen duten beste batzuetaraino, miseria gero eta handiagoko testuinguru batean (besteak beste, bonu sozial elektriko eta termikoa edo Gutxieneko Bizi Hornidura bezalako neurriak indartzea eta erregai litroko prezioa 20 zentimo merketzea).
17 «Playing my part. How to save money, reduce reliance on Russian energy, support Ukraine and help the planet» (2022ko apirila). Hemen eskuragarri: iea.org.
18 Energy consumption in households - Eurostat (2021). Hemen eskuragarri: ec.europa.eu.
19 Frantziar Estatuaren kasuak, zeinak Ipar Euskal Herriari eragiten dion, elementu komunak ditu, baina baita zenbait ezaugarri propio ere, hala nola energia nuklearraren zentraltasuna eta estatuak tarifetan esku-hartze handiagoa izatea; beraz, hemen ia ez da aztertuko.
20 Egungo krisian finantza-ofentsibak duen pisua kokatzeko: Aurrekaririk gabeko krisi baten gaineko apunte ekonomikoak. Arteka #7 (2020ko uztaila) - Kolitza.
21 2005. urtean, EBk bere Emisio-Eskubideen Merkataritza Erregimena jarri zuen martxan. Haren bidez,berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen lehen merkatua arautu zen, «emisio kutsatzaileak murrizteko helburua sustatzea» aitzakiatzat hartuta. Harrezkero, beste herrialde batzuek antzeko merkatuak garatu dituzte.
22 Internal energy market - Europako Parlamentua. Hemen eskuragarri: europarl.europa.eu.
23 Gai konplexua izanik, hau hobeto ulertzen lagun dezakeen ikus-entzunezko material ugari dago, hala nola, ondorengo bideoa: «El Sistema que Hace que el Precio de la Luz esté Altísimo» - Quantum Fracture (2021eko abendua), YouTuben eskuragarri dagoena. Sistema marjinalistaren zentzua eta horretaz haratago egon daitezkeen alternatiben mugak modu ulergarrian azaltzen dituen arren, egilea ez doa ulermen-marko burgesetik haratago alternatibak planteatzeari dagokionez.
24 «El ‘pool’ podrá tener precios negativos a partir del próximo 6 de julio) (2021eko maiatzaren 20a). elperiodicodelanergia.com.
25 10/2022 Errege Lege-dekretua, maiatzaren 13koa.
26 Ministro Kontseiluaren Erreferentzia. 2022ko maiatzaren 13a, ostirala. Hemen eskuragarri: lamoncloa.gob.es.
27 «Los cuatro comercializadores con mayores cuotas en el sector eléctrico redujeron en más de ocho puntos porcentuales la cuota de clientes del mercado libre entre 2017 y 2020» (2021eko abenduaren 21a). cnmc.es
28 Los datos del Panel de Hogares analizan el conocimiento de la contratación del suministro energético (2021eko abenduaren 3a). cnmc.es
29 «El gran negocio de la luz y el gas: así se reparten las eléctricas 37 millones de clientes» (2017ko uztailaren 30a). elindependiente.com
30 Informe de Supervisión de los Cambios de Comercializador. Cuarto trimestre 2020 - CNMC (2021).
31 «Cuánto han ganado las eléctricas en el último año: Iberdrola, Naturgy o Endesa» (2022ko martxoaren 16a). lainformación.com
32 Azken urteko energiaren prezioen igoera baino lehenagoko datu interesgarri batzuk argi azaltzen dira aldizkari honetako erreportaje batean: Pobreziaren hazkundea eta nolakotasuna Hego Euskal Herrian: Mugimendu Sozialistaren hipotesien baieztapena. Arteka #13 (2021eko urtarrila) - Martin Goitiandia eta Unai Ioldi.
33 «Pobreza energética: la oscuridad que mata» (2022ko urtarrilaren 11). elpais.com
34 André Gorzen hitzetan: «Masa-automobilismoak ideologia burgesaren erabateko garaipena hezurmamitzen du eguneroko jardunaren eremuan: gizabanako bakoitza besteen kontura gailendu eta nabarmendu daitekeelako ustea norbanakoengan errotu eta sakontzea dakar.» (La ideología social del automóvil, 1973, geuk itzulitako aipua)
35 Zenbatespen hau ondorengo lanetan azaltzen diren datuetan oinarrituz egin da: La evolución de la industria automovilística española, 1946-1999: una perspectiva comparada (Jose Luis García Ruiz) eta El coche que puso a España sobre ruedas (Serafí del Arco).
36 Errepide mota desberdinen kilometroei buruzko datuak Espainiako Estatuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministeriotik (MITMA) hartu dira.
37 Hemendik aurrerako autoen kopurua ondorengo informeko datuetan oinarrituz kalkulatu da: Evolución del parque de vehículos, ICEA elkarteak egina.
38 «La España Vaciada y sin cohesión del oeste» (2019ko apirilaren 2a). elsaltodiario.com.
39 1980ko datuak Espainiako Estatuko Sustapen Ministerioaren 2005eko Urtekari Estatistikotik (283. or.) hartu dira, eta 2007koak Espainiako garraio eta logistikaren Behatokitik.
40 El Observatorio del Ferrocarril en España. Una aproximación a la evolución y características del sector ferroviario en España. Hemen eskuragarri: revistadeobraspublicas.com.
41 Erdieroaleen krisia 2023an amaituko dela esaten da, nahiz eta eszeptikoagoek 2025era arte iraungo duela dioten, eta horri lehengaien garestitzea gehitu behar zaio. Horrek guztiak zaildu egingo du automobil-parkea berritzea, eta, era berean, trafiko-istripuak izateko aukera handiagoa ekarriko dio gure klaseari
42 Precio de la gasolina y gasóleo (diesel) en España, cifras, datos y estadísticas. Hemen eskuragarri: epdata.es.
43 Garraiorako europar funtsei buruzko dokumentuan 2024 aipatzen da neurri hori ezartzeko data posible gisa, eta bertan ohartarazten da herritarren artean neurriak sor dezakeen aurkakotasuna. Izan ere, Espainiako Estatuko egungo gobernua jakitun da horrelako neurriek, bai garraiolariengan bai erabiltzaileengan, sor dezaketen haserrea; zentzu horretan interpretatu behar da diesela eta gasolina 20 zentimo merkatu izana.
44 Proposamen horiek aipatzen dira, adibidez, Antonio Turiel eta Juan Borderaren testuetan, gaur egun deshazkundea planteatzen duten posturen artean erreferentzia intelektual diren egileak, edo Alberto Garzónek (Espainiako Estatuko Kontsumo ministroa gaur egun) berriki argitaratuko artikulu batean: «Los límites del crecimiento: ecosocialismo o barbarie». Hemen eskuragarri: la-u.org.
45 El Capital: Crítica de la Economía Política - Karl Marx.
HEMEN ARGITARATUA