ARGAZKIA / Gaizka Azketa
2023/12/01

XX. mendeko ziklo iraultzaileari lotutako baldintza historikoak landu genituen aurreko zenbakian. Horien artean, garrantzi berezia eman genion ekoizpen-indarren garapen-mailari. Izan ere, ondorioztatu genuen ezinbestekoa dela esperientzia horien muga ideologikoak eta politikoak azaltzeko. Oraingoan, ekoizpen-indar horietako bat aztertuko dugu: Adimen Artifiziala. Ez da, baina, edozein indar. Kapitalaren kontzeptura modu egokienean egokitzen den ekoizpen-indarra da, edo, beste era batera esanda, Kapitalaren kontzeptua osaturik −Kapitala automata gisa zein subjektu automatiko gisa eta burmuin objektibo gisa− aurkezten digun ekoizpen-indar berezia.

Adimen Artifizialaren etorrerak mundu berri bat pentsatzeko abagunea ireki du: hauxe ote da, azkenik, komunismoaren aukera zabalduko duen faktore erabakigarria? Ez da ilusio berri bat, ordea. Aurretik izan diren ekoizpen-indarrek ere halakorik sortu dute militante komunisten artean eta, hala ere, ez da inoiz komunismoaren mundua egikaritu. Are, ekoizpen-indarrak, XX. mendeko prozesu iraultzaileetan faktore erabakigarria izan direla ebazten dugunean, ez dugu soilik zentzurik agerikoenean egiten. Ez ziren soilik unean-uneko gaitasun politikoak antolatzeko muga historikoa izan; hortik haratago, muga horiek zentzu aldebakarrean konprenitu izana –hau da, muga tekniko- ekonomiko soil gisa− faktore ideologiko garrantzitsu bilakatu zen, ondoren ere iraultzaren garapena baldintzatu zuena, porrotera eramateraino.

Adimen Artifizialaren etorrerak mundu berri bat pentsatzeko abagunea ireki du: hauxe ote da, azkenik, komunismoaren aukera zabalduko duen faktore erabakigarria? Ez da ilusio berri bat, ordea. Aurretik izan diren ekoizpen-indarrek ere halakorik sortu dute militante komunisten artean eta, hala ere, ez da inoiz komunismoaren mundua egikaritu

Izan ere, ekoizpen-gaitasun eskasa zuten herrialdeetan, ekoizpen-indarren garapena bilakatu zen helburu nagusi. Eta hori ulergarria da bizitza erreproduzitzeko baldintzak ere ziurtatuta ez zeuden herrialdeetan. Gudaren sarraskiak bizi-baliabideak eskuratzeko bitartekoak suntsitu zituen, eta potentzia inperialisten mehatxua etengabea zen. Hor nonbait, ekoizpen-indarren garapena ez zen sozialismoa eraikitzeko baldintza izango, aukera hori zabalik utzi behar zuen gotorleku bat baizik. 

Oinarrizkoa eta funtsezkoa den borroka horrek baina, bestelako justifikazio historiko bat hartu zuen urteak joan ahala. Ekoizpen-indarrak, beren nolakotasuna kontuan hartu gabe, aukerak zabalik uztetik aukera bera izatera igaro ziren. Komunismoa ez zen ekoizpen-indarrak bereganatu eta ekoizpen-modu berri baten arabera antolatuko zituen errealitate historiko bat izango, baizik eta, kontrara, ekoizpen-indar horien garapenak berak ekarriko zuen komunismoa, ezinbestekotasun historiko bezala. 

Horrek zeharo aldatu zituen ikuspegi eta estrategia komunista. Helburua ez zen izango ekoizpen-modu berri bat antolatzea, zegoenari bestelako ideologia eta ikuspegi politiko bat eranstea baizik. Izan ere, ekoizpen-indarren aldebakarreko ulerkerak haiek aparatu tekniko-objektibo gisa hartzen ditu, eta, hain zuzen ere, bereizi egiten ditu ekoizpen-indar bilakatzen dituen ekoizpen-harremanetatik eta ekoizpen-modutik –ekoizpen-modu hori ez da klase-harreman abstraktu soila, baizik eta baita lana antolatzeko modu jakin bat ere−, hartu eta beren horretan erabil daitezkeen gaitasuntzat jotzen baititu. 

Ekoizpen-indarren aldebakarreko ulerkerak haiek aparatu tekniko-objektibo gisa hartzen ditu, eta, hain zuzen ere, bereizi egiten ditu ekoizpen-indar bilakatzen dituen ekoizpen-harremanetatik eta ekoizpen-modutik, hartu eta beren horretan erabil daitezkeen gaitasuntzat jotzen baititu

Gauzak horrela, XX. mendeko esperientzia sozialistetan, langileriaren eginbehar nagusia izan da aparatu teknikoaren garapena. Hori iraultzaren aukerak bizirik mantentzeari lotuta egon da eta, beraz, zentzu horretan uler genezake garapen hori sozialismorako bide gisa. Baina, era berean, konpromiso horrek, ekoizpen-modu kapitalistan gertatzen den bezala, ekoizpen-aparatuaren apendize bilakatu du langileria esperientzia sozialistetan, hau da, langileriaren lana haren aurkako indar objektibo bilakatu da. 

Prozesu objektibo horri lotuta, esperientzia sozialistetan, lanaren ideologiaren ezaugarri nagusiak izan dira industriako langilearen gorazarrea eta (soldatapeko) lana eta produktibismo kapitalista goraipatzea. Lanak eta ekoizpenak justifikazio bat aurkitu dute lanean eta ekoizpenean (nahiz eta sarri lan militante komunista eskuzabal gisa azaltzen saiatu izan diren, justifikazio ideologiko gisa), eta hori posible da soilik lana eta ekoizpena egitura objektibo eta automatiko baten menpeko prozesuak baldin badira, hau da, soldatapeko lana eta ekoizpen kapitalista baldin badira.

Komunismoaren etorrera, ordea, ez datza lan hori makinek edota ekoizpen-indar automatizatuek egitean. Horretarako ez da komunismorik behar, hori baita, azken finean, gero eta gehiago, kapitalismoa lortzen ari dena. Baldintza horiek beste zentzu honetan irekitzen dute komunismoaren aukera: sistema kapitalistan, non lana eta soldata funtsezko bitartekoak diren, lanak zentraltasuna galtzeak sistema horren erreprodukzio-aukerak murrizten ditu, eta, beraz, lanak galdu egiten du gizarte erreproduzitzaile gisa duen funtzio historikoa. Horren adibide da gero eta langile gehiago lanera modu artifizialean kateatuta mantentzea, gero eta antzuagoak diren lanak egitera behartuta; edo, lanik gabe ere, bere bitartekotza-mekanismo irrazionalen menpeko egitea.

Sistema kapitalistan, non lana eta soldata funtsezko bitartekoak diren, lanak zentraltasuna galtzeak sistema horren erreprodukzio-aukerak murrizten ditu, eta, beraz, lanak galdu egiten du gizarte erreproduzitzaile gisa duen funtzio historikoa

Adimen Artifizialak, akaso, bide horretan bultza dezake, beste edozein ekoizpen-indarrek egin dezakeen bezala. Baina bera ez da, inondik inora ere, komunismoaren egikaritzea, ezta printzipiorik oinarrizkoenean ere. Kapitalak garatutako ekoizpen-indar guztien funtzio nagusia lanaren gaineko kontrol handiagoa ezartzea da, haren esplotazioa handitzeko eta erresistentzia-gaitasunak txikitzeko. Ekoizpen-indar horien erabilgarritasuna estuki lotuta dago horiek modu berri batean antolatzeko beharrari, eta azkeneko hori da komunismoaren aukera zabaltzen duen baldintza.

Adimen Artifiziala baldintza horri modu antolatuan kontrajartzen zaion ekoizpen-indarraren adibiderik argiena da. Bere izendapenak asko esaten du bere funtzio horretaz. Izan ere, adimen kolektiboak potentzia sozial automatikoaren (eta automataren) forma besterendua –Kapitala, kasu− hartzen duen gizarte batean soilik har dezake ekoizpen-indar batek Adimen Artifizialaren forma.

Bada, Adimen Artifizialaren funtzio nagusia Adimen Kolektibo Komunista ezinezko bilakatzea da. Soldatapeko lana abolitu ordez, hura modu egokiagoan esplotatzeko zeregina du. Horretarako, Adimen Artifiziala lanaren adimen kolektiboaz jabetzen da (edo hobeto esanda, adimen hori antolatzen du, klase-monopolioaren forman), lanetako bakoitzaren kualifikazioa txikituz eta langilea gero eta zientifikoagoa eta objektiboagoa den engranaje erraldoi bateko pieza txiki batera murriztuz; hau da, langileari adimenerako aukera oro kenduz. 

Engranaje hori, ordea, ez da industriara mugatzen, ulertu ohi izan den bezala. Adimen Artifizialaren berritasun nagusia engranaje hori modu agerikoago eta osatuago batean industria-esparruko ekoizpenetik haratago antolatutako lanaren gaineko esplotaziora zabaltzea da, nola eta lan horiek gero eta sinpleagoak eginda eta lan horietan aritzen diren langileen menpekotasuna handituta; lan kapitalistaren eta Kapitalaren indar objektiboaren formalizazioarekiko eta militarizazioarekiko menpekotasuna, hain zuzen ere. Hau da, langileotako bakoitzari adimen kolektiborako sarbidea gero eta gehiago mugatu, orduan eta gehiago egokituko da euren lana Kapitalaren ekoizpenerako beharrezkoa den lanera, indar natural baten mandatua bailitzan bete behar den lanera.

Horregatik, Adimen Artifiziala, lanaren antolaketa kapitalistarako indar produktibo gisa, ezin da dagoen bezala hartu eta etorkizuneko gizarte komunista baten mesederako erabili. Beste edozein indar produktibo bezala, langileen lana esplotatzeko eta menderatzeko antolatuta dago. Kapitalaren indar objektibo bat da, eta hori gainditzeak Adimen Kolektibo antolatua lortzea baino ezin du esan, erreprodukzio sozialeko prozesu guztiak menderatzen dituena, eta ez dagoena interes kolektiboen aurkako potentzia sozial besterendua baino ez den adimenaren mende. Adimen Artifizialak gizarte komunistaren erditzean laguntzen badu, adimen izateari utziko diolako eta Adimen Komunistak menderatutako prozesu zientifiko gisa eratuko delako izango da, eta (soldatapeko) lanaren abolizioa askatasun mundu baterako atea izango delako, eta ez langile-klasea Kapitalaren aginduetara makurtzeko modu bat.

EZ DAGO IRUZKINIK