AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iratxe Sorzabal, otsail hasieran, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Argazkia: ABC
2022/02/22 19:47

Espainiako Auzitegi Nazionalak 24 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Iratxe Sorzabal preso politikoari, torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta. 1996an ETAren bi ekintzatan parte hartzea leporatu diote, eta zigor bana ezarri diote bakoitzagatik: hamazazpi urtekoa Astuariasko auzitegi baten aurka egiteagatik, eta zazpi urte eta sei hilabetekoa farmazia baten aurka jotzea leporatuta.

"Erakunde terroristako kide" izatea ere egozten zioten preso politiko irundarrari, baina absolbitu egin dute delitu horretatik. "Hondamen terroristak" eragiteagatik zigortu dute. Tortura salaketak aipatu bai, baina epaileek argudiatu dute ez dela halakorik "erabat frogatu".

Guardia Zibilak 2001ean atxilotu zuen, eta Intxaurrondon (Donostia) izan zuten aurrena, Madrilera eraman aurretik. "Neure burua eta beste batzuk erruduntzat jo nituen. Guardia Zibilak torturatu egin ninduen eta deklarazio horiek egitera behartu", kontatu zuen epaiketan, otsail hasieran.

Sorzabal Frantzian ari da zigorra betetzen, Reauko espetxean —2015ean atxilotu zuen Frantziako Poliziak—, eta epaitu ahal izateko Espainiaratu zuten iazko urrian. Haren ondoren bete beharko luke gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra.

Torturak eta ospitaleratzea

2001eko atxiloketan, guardia zibilek bost egunez izan zuten inkomunikatuta. "Autoan begiak estali zizkidaten, deskargak eman, kolpatu, iraindu, ukituak egin, poltsa batekin ito", ekarri zuen gogora epaiketan. Inkomunikazio-egoeraren bigarren egunean eraman zuten Sorzabal erietxera; zauriak haragi bizian zituela ikusi zuen mediku forentseak.

Inkomunikazioaren ondotik, Auzitegi Nazionaleko epaileari azaldu zion faltsuak zirela egindako deklarazioak eta akusazioak, eta torturatu egin zutela. Dena den, artxibatu egin zuten kasua. 2015ean, Istanbulgo Protokoloaren arabera Sorzabalek salatutako torturek "sinesgarritasun osoa" zutela ebatzi zuen mediku batek. Parisko Dei Auzitegiak horren ondorioz erabaki zuen, 2020an, Sorzabalen kontrako euroagindu bat atzera botatzea.

EZ DAGO IRUZKINIK