Maria Jose Baños espetxetik irtengo da
presos.org.es

Maria Jose Baños Andujarrek, Urriaren Lehena Erresistentzia Antifaxistako Taldeetako (GRAPO) preso politikoak, hirugarren graduan sailkatzea lortu du. Atzo aldatu zuten erregimenez, baldintza gehigarririk eskatu gabe, Socorro Rojo Internacionalek (SRI) iragarri duenez. Datozen egunetan gauzatuko da aldaketa, eta aukera emango dio Bañosi ospitale-arreta jaso dezan azkenean; 61 urte ditu eta larriki gaixorik dago.

Maria Joseren kide Marcos Martin Poncek amaiera eman dio hamasei egunez luzatutako gose-grebari. Otsailaren 23an hasi zuen protesta, Baños ospitalera eraman zezatela exijitzeko. Beste hainbat eta hainbat preso politikok ere bat egin dute elkartasun-kanpainarekin, baraualdiak eginez: tartean dira Daniel Pastor, Patxi Ruiz, Andoni Goikoetxea, Fernando Garcia, Julen Atxurra, Aitor Cotano, Garikoitz Etxeberria, Jesus Mari Etxebarria, Orkatz Gallastegi, Jon Kepa Preciado eta Mikel San Sebastian euskal preso politikoak.

SRIk salatu du estatua "azkeneraino" saiatu dela "Maria Joseren osasuna trukerako txanpon gisa erabiltzen", askatasuna eskainiz damuaren eta bere ideiei uko egitearen truke. Baina, komunikatuaren arabera, "duintasuna" izan da Bañosen erantzuna: "Militantzia traizionatu baino nahiago izan zuen bere bizitza arriskuan jarri". Nazioarteko 40 legelarik baino gehiagok salaketa-adierazpen bat sinatu zuten otsailean, preso politikoaren giza-eskubideen "urraketa larri, jarraitu eta estrukturalagatik". Seinalatu zuten osasun-egoera horretan dagoen pertsona bat espetxean mantentzeak Giza-Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen duela, eta neurri humanitarioak damuaren baldintzapean jartzeak pentsamendu-askatasunari erasotzen diola. 

Elkartasun-kanpainak nazioarteko eragina izan du: dozenaka kolektibok bat egin dute aldarrikapenekin, eta dozenaka artista eta musika-talde ere batu dira. Espetxeetako harresien barrutik eta kanpotik, ehunka pertsonak salatu dute tortura gisa Espainiako Estatua Maria Joseri ematen ari zitzaion tratua, bai eta hari ezarritako "xantaia-politika" ere. Horregatik, "irabazitako borroka" ospatzen du SRIk, eta eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartu duten kolektibo eta pertsona guztiei: "Zuen indarrak estatua menderatu du". Hala ere, gogorarazi du "dozenaka preso politiko geratzen" direla, "batzuk zigor izugarriak betetzen eta baldintza negargarrietan". Amnistia osoaren alde borrokan jarraitzeko deia egin du, beraz. 

SRIk azpimarratu duenez, "borroka antolatua da amnistia osoa abiarazteko bide bakarra", eta azken garaipenak, Maria Joseren presioaren eta irmotasunaren ondorioz lortua, "estatuaren aurkako mobilizazioari eusteko beharra berresten du". "Kartzelaratutako antifaxisten aurkako sarraski-politika" aplikatzea leporatzen diote, "historiako aurrerakoiena" omen den gobernu baten pean gainera; eta ohartarazi du espetxeetako agintariei presioa egin zaienean baino ez duela amore eman gobernu horrek. Maria Josek, bere aldetik, erresistentzia-lezio bat eman du eta aurrekari bat ezarri du, antzeko egoeretan dauden beste preso batzuk askatzen lagun dezakeena.