AKTUALITATEA / Preso politikoak
Maria Jose Baños preso politikoa kartzelatik ateratzea blokeatu du Auzitegi Nazionalak
Bere abokatuak salatu duenez, aplikatu beharreko legean existitzen ez den tramite bat sartu du auzitegiak, larriki gaixorik dagoen preso politikoaren baldintzapeko askatasuna atzeratzeko. Maria Jose aske utz dezatela eta "bere estatus politikoa errespeta dezatela" exijitu dute Euskal Herriko hainbat preso politikok, idatzi baten bidez.
2026eko apirilaren 7 - 14:26
Maria Jose Baños preso politikoa kartzelatik ateratzea blokeatu du Auzitegi Nazionalak
— ARGAZKIA presos.org

Espainiako Auzitegi Nazionalak geldiarazi egin du Maria Jose Baños aske uztea, bere kasuan legez aurreikusi gabeko tramite administratibo berri bat ezarrita. Bere askatasunaren aldeko kanpainaren bultzatzaileek salatu dutenez, epaileak erabaki du preso politikoa zigortzeko erabilitako gertakarien "balizko biktimei" galdetzea. Urriaren Lehena Erresistentzia Antifaxistako Taldeetako (GRAPO) preso politikoari ezarritako kondenaren osteko legeetan dago jasota neurri hori, eta, beraz, ezin da aplikatu. Hala azaldu du Alejandra Matamoros abokatuak sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Espainiako Estatuko salbuespen-auzitegiaren maniobra hori baldintzapeko askatasunaren espedientea ia hilabetez tramitatu ondoren heldu da, eta epe horretan egindako txosten mediko eta juridiko guztiak Baños espetxetik ateratzearen aldekoak izan dira.

Epailearen erabakiak, praktikan, "erabakia hilabetez luzatzeko" eta "baldintzapeko askatasuna ukatzeko aitzakiaren bat bilatzeko" aukera dakar, Matamorosek jakinarazi duenez. Baños "kalte materialengatik" baino ez da zigorra betetzen ari, eta preso politikoen aldeko kolektiboek uste dute dagoeneko ebatzita egon beharko lukeen prozesu bat luzatu nahi duela azken mugimendu horrek. Auzitegiak jakin badaki oso larria eta delikatua dela Bañosen osasun-egoera eta bere bizia arriskuan dagoela egunero. 

Mobilizazioari eusten dioten kolektiboek uste dute neurri hori Auzitegi Nazionalaren enegarren saiakera dela, "bere legezkotasun propioa bihurritzeko" eta espedientea "tiradera batean" uzteko. Adierazi dute Espainiako Estatuak bilatzen duena dela denboraren joanak "elkartasuna hoztea eta kanpaina ahultzea"; kaleetan izaten ari den presioa ahultzea, alegia. Hori dela eta, eta eskubideen urraketa horren aurrean, salatu dute preso politiko bat erabiltzen ari direla maniobra judizialen bahitu gisa, Maria Jose espetxetik atera dadila saihesteko, eskatutako txosten teknikoek emandako irizpideei kontra eginez. 

Instituzioen blokeoari erantzuteko, mobilizazioaren bultzatzaileek "ahaleginak areagotzeko" eta "ekitaldi gehiago, zabalpen handiagoa eta presio handiagoa" bultzatzeko dei orokorra egin dute. Orain arte lortutako aurrerapen bakoitza "antolaketaren eta kaleetako presioaren ondorio" izan dela diote, eta, hortaz, kaleak Maria Joseren askatasunaren aldeko aldarriz betetzeko eskatu dute. Kanpainak ohartarazi du ez duela "atzerapausorik" emango edo "atsedenik" hartuko preso politikoa berehala aska dezatela lortu arte, bera kartzelan mantentzeak dakarren berehalako arriskuaren aurrean.

Euskal preso politikoen idatzia

Euskal Herriko hainbat preso politikok, asteroi-astero 24 orduko baraualdiak egiten jarraitzeaz gain, idatzi bat argitaratru dute berriki, Maria Joseren askatasuna erreibindikatzeko eta "bere estatus politikoa errespeta dezatela" eskatzeko. Hona hemen idatzia.