AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Argia-ren bidez, Naiz-en bideotik aterata
2022/02/07 19:02

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira Iratxe Sorzabal preso politikoa. ETAk 1996an egindako bi atentatutan parte hartzea egozten dio fiskalak, baina hori ezeztu du irundarrak: Asturiasen izan ziren bi ekintzak, eta esan du bera ez dela inoiz han egon; azaldu du, bestalde, atxilotzean torturatu egin zutela guardia zibilek, eta torturapean onetsi zituela haiek egindako akusazioak.

"Neure burua eta beste batzuk erruduntzat jo nituen. Guardia Zibilak torturatu egin ninduen eta deklarazio horiek egitera behartu", esan du Sorzabalek. "Esan nien nahi bazuten sinatuko nuela Carrero Blanco neuk hil nuela. Barre egin zidaten, eta esan zidaten ezin zutela hori sinesgarri egin; baina lasai egoteko, beste asko sartuko zizkidatela", kontatu du.

Torturak eta ospitaleratzea

2001eko martxoan atxilotu zuten guardia zibilek. Intxaurrondoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelera eraman zuten lehenengo, baina Madrilera mugitu zuten gero. Guztira, bost egunez izan zuten inkomunikatuta. "Autoan begiak estali zizkidaten, deskargak eman, kolpatu, iraindu, ukituak egin, poltsa batekin ito", ekarri du gogora gaurko saioan.

Inkomunikazio-egoeraren bigarren egunean eraman zuten erietxera, mediku forentseak hala erabakita; Sorzabalek zauriak haragi bizian zituela ikusi zuen.

Irundarrak inkomunikazioaren ondotik azaldu zion Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileari faltsuak zirela egindako deklarazioak eta akusazioak, eta torturatu egin zutela. Dena den, artxibatu egin zuten kasua.

2015ean, baina, Istanbulgo Protokoloa deiturikoa jarri zuten martxan, eta Sorzabalek salatutako torturek "sinesgarritasun osoa" zutela ebatzi zuen mediku batek. Parisko Dei Auzitegiak horren ondorioz erabaki zuen, 2020an, Sorzabalen kontrako euroagindu bat atzera botatzea.

Bihar jarraituko dute bere aurkako epaiketarekin Espainiako Auzitegi Nazionalean. 46 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak. Frantziako Estatuan daukate gatibu berez, Reauko espetxean, baina urrian Espainiaratu zuten Auzitegi Nazionalean epaitu zezaten.

EZ DAGO IRUZKINIK