Euskal preso politiko gehiago batu dira Maria Jose Bañosen aldeko baraualdietara
Maria Jose Baños eta Marcos Martin.

Joan den larunbatean, 24 orduko baraualdia egin zuten Euskal Herriko zazpi preso politikok, "Maria Jose Baños Andujar eta Marcos Martin Ponce preso politiko antifaxistei elkartasuna adierazteko". Hain zuzen ere, Julen Atxurra, Aitor Cotano, Garikoitz Etxeberria, Jesus Mari Etxebarria, Orkatz Gallastegi, Jon Kepa Preciado eta Mikel San Sebastianek egin zuten protesta-ekintza, Baños Andujar eta Martin Ponceren "duintasuna eta koherentzia goraipatuz". Izan ere, larriki gaixorik dago Maria Jose, Murtzia II espetxean, eta osasun-arreta ukatzen eta tratu umiliagarria ematen ari zaio espetxe-administrazioa, xantaia artean. Horiek horrela, Marcosek gose grebari ekin zion otsailaren 23an, bere kidea ospitalera eraman dezatela exijitzeko. Greban jarraitzen du.

"Estatu espainiar zapaltzailea Maria Jose izugarriki torturatzen ari dela salatu nahi dugu, baita berari aplikatzen dioten xantaia politika ere", azaldu dute zazpi euskal preso politikoek mezu baten bidez. Bere "osasun egoera larria kontuan hartuz kalean eta bere gertukoekin egotea ukatzen diotela" ohartaraziz, "eskaintzen dioten irtenbide bakarra damuketaren bidea dela" salatu dute. Martin Ponceri beren "indar eta animo guztiak" helarazi dizkiote, amnistia osoa aldarrikatzearekin batera.

Urriaren Lehena Erresistentzia Antifaxistako Taldeetako (GRAPO) presoa da Maria Jose, eta hari nahiz Marcosi elkartasuna adierazteko, preso politiko ugari hasi dira baraualdiak egiten. Martxoaren 7an baraualdia egin zuten zazpi euskal preso politikoez gain, borrokaren bat egin dute Daniel Pastor, Patxi Ruiz, Andoni Goikoetxea eta Fernando Garciak: astero egingo dituzte 24 orduko baraualdiak, Espainiako Estatuko beste kartzela batzuetan dauden preso politikoek bezala. Protesta-ziklora batu dira, esaterako, Pablo Hasel, Victoria Gomez, Juan Garcia, Israel Torralba, Nacho Varela eta Israel Clemente, Murtzia II-rekiko presioa areagotuz. 

Socorro Rojo Internacionalek (SRI) hamaika aldiz salatu du Bañosen egoera: hamasei urte baino gehiago daramatza kartzelan, eta azken hilabeteetan modu larrian egin du okerrera. Espetxe-administrazioak behin eta berriz egin dio uko Maria Jose ospitalera eramateari, nahiz eta bere koadro klinikoak urgentziaz eskatzen duen hori. Martin Poncek gose-grebari ekitean seinalatu zuenez, "Marijose ospitalera anbulantzian eramatea bezain gauza sinplea" exijitzen du, eta SRIk ohartarazi du Baños jasaten ari dena ez dela "akats administratibo" bat,  "erabaki politiko kontziente" bat baizik.