AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/30 11:11

Mendebaldeko Sahara 1975. urtearen amaieran okupatu zuen Marokok, Espainiako Estatuaren tropek lurraldetik alde egin zutenean. Nazio Batuen Erakundearen Deskolonizazio Batzordeak eta Hagako Justiziaren Nazioarteko Auzitegiak sahararren "autodeterminazio eskubidea" aitortu zuten arren, paper errea izan zen nazioarteko erakundeen aitorpena. Marokoko Hassan II.enak Martxa Berdea antolatu zuen, eta 300.000 marokoarrek jo zuten mugara, sinbolikoki, Urrezko Ibaia hartzeko. Espainiako Estatuak, bien bitartean, entzungor egin zion egoerari.

Fronte Polisarioak Errepublika Saharar Demokratikoa aldarrikatu zuen 1976ko otsailaren 27an eta, horrekin batera, gerra deklaratu zien Marokori eta Mauritaniari. Marokoko indarrekin borrokatzen jarraitzen du Fronte Polisarioak, ez baitu amore eman. Are gehiago, Mendebaldeko Sahara kolonizatzeko esfortzua handitu zuen Marokok: 1995ean, 150.000 kolono bidali zituen Saharako lurraldera, nahiz eta 1991n su-etena sinatu. Gaur egun 2.200 kilometroko hesi batek banatzen du Mendebaldeko Sahara.

200.000 errefuxiatu

Errefuxiatu gehienak Aljeriaren hegoaldean daude, Tindufen hain zuzen ere. Osotara ia 200.000 saharar daude lurralde horretako bost akanpalekuetan, bizi-baldintza negargarrietan. Langabezia handia da, NBEren arabera, sahararren %60k ez baitute lan egonkorrik. Aldi baterako lanak egiten dituzte eta, horrez gain, nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen dira asko. Baina Tindufeko desertuko lurrak ez dira emankorrak, eta ura urria eta preziatua da.

Egoera horretan, bizirik irauteko kanpo-menpekotasun handia dute sahararrek, elikagaiak eta ura lortzeko nazioarteko laguntza behar dute-eta. Laguntza hori, ordea, txikitzen ari da. World Food Programmek (WFP) salatu duenez, duela sei hilabete funtsak %20 txikitu ziren eta, ondorioz, "emergentziazko elikagai errazioak" %30 txikitu behar izan dituzte.

Goseak eta anemiak gora

WFPk argitaratutako datuek saharrarek jasaten duten gosearen berri ematen dute. Salatu dutenez, laguntza humanitarioaren bidez bermatzen den elikagaien saskia txikitu zenetik, egoera larriagotu egin da. Iaz saski hori 133.672 pertsonak jaso zuten arren, %88 gose dira edo edo gosea pairatzeko arriskuan daude. Elikadura eskasa da, arroza, dilistak eta garagarra besterik ez baitizkiete ematen, gainera.

Ondorioz, anemia kasuak igo besterik ez dira egin. 15 eta 49 urte arteko emakumeen artean, esaterako, %53,5ek anemia daukate. Haurdun dauden emakumeei dagokienez, %75ek pairatzen dute anemia. Azaltzen dutenez, haurren garapenean kalte handiak sortzen ditu horrek, edoskitzea kaltetzen baitu.

Malnutrizioa ere nagusi da haurren artean. 2022ko datuen arabera, sei eta 59 hilabete arteko haurren %10,7 gose dira, 2019an baino %3,1 gehiago. Gainera, saharar haurren %28,8k "malnutrizio kronikoa" dute eta hazteko arazoak izan dituzte, horren ondorioz.

EZ DAGO IRUZKINIK