AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Enfoque Rojo
2025/05/22 19:47

Argentinako Gobernuak, Javier Milei buru duela, greba-eskubideari buruzko lege-erregimena aldatu zuen atzo, 340/2025 Dekretuaren bidez. Modu horretan, lan-gatazka batean "gutxieneko funtzionamendu-maila" mantendu beharko duten zerbitzuen zerrenda zabaldu zuen. Erreforma, dagoeneko Aldizkari Ofizialean argitaratua, itsasoko eta ibaiko garraioa desarautzeari buruzko dekretu orokor baten barruan sartu dute, eta bi kategoria berri ezartzen ditu lan-jardueran: "funtsezko" zerbitzuak, prestazioaren %75 bermatu beharko dutenak beti, eta "garrantzia handiko" jarduerak, zerbitzuaren gutxienez %50 mantendu beharko dutenak, lanuzteak lanuzte.

Neurri horrek de facto aldatzen du 25.877 Legea, Kongresutik pasatu gabe. Argitalpen ofizialak dioenez, xedapena "Botere Exekutibo Nazionalaren ahalmenen esparruan" onartu dute. Orain arte, osasun-, ospitale-, ur-, energia-, gas- eta aire-kontroleko zerbitzuek soilik bermatu behar zituzten gutxieneko zerbitzuak greba batean.

Dekretu berriak barne hartzen ditu itsasoko, ibaiko eta lurreko garraioa, aduana- eta migrazio-zerbitzuak, eta hezkuntza publiko eta pribatu guztia. Eta beste sektore batzuk ere batzen dira greba-eskubidea murriztuta izango duten jardueren zerrendara; hala nola elikagaien ekoizpena, nekazaritza eta abeltzaintza, bankuak, komunikabideak, merkataritza elektronikoa, industria, meatzaritza, logistika eta aireportu-zerbitzuak.

Lanaren Zentral Nagusiak (CGT), herrialdeko sindikatu nagusiak, neurria "Argentinan greba-eskubidea kentzeko saiakera" bat dela esan du, "aurretiazko eztabaidarik eta azterketarik gabe". EFE-rekin hitz eginda, Juan Manuel Ottaviano abokatu laboralistak ohartarazi du erreforma "Konstituzioak eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) legeek eta hitzarmenek ematen dutenaren aurkakoa" dela, eta gogorarazi du Lanaren Apelazioen Ganbera Nazionalak antzeko dekretu bat aplikaezintzat jo zuela 2024an.

EZ DAGO IRUZKINIK