AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @MaximKipish (X)
2025/05/21 20:13

Andrei Portnov politikari ohi ukrainarra hil zuten atzo Pozuelo de Alarconen (Madril), seme-alabak Madrilgo Ikastetxe Amerikarrean utzi berritan. Espainiako Barne Ministerioko iturrien arabera, Portnovi hainbat tiro eman zizkioten, batez ere bizkarrean eta buruan, bere ibilgailura igo baino lehen; gama altuko Mercedes beltz bat. Erasotzaileek ihes egin zuten Casa de Campo inguruko baso batera.

Viktor Yanukovich Ukrainako presidente ohiaren abokatua eta aholkulari nagusietako bat izan zen Portnov. Modu aktiboan parte hartu zuen Yanukovichen gobernuaren erantzun legalean, 2013an hasitako Ukrainako krisian. Gainera, funts publikoak bidegabe eskuratzea eta giza-eskubideak urratzea leporatuta ikertu zuten, eta horregatik izoztu zituen bere funtsak Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak aldi baterako. AEBetako Altxorraren Departamentuak "bere eragina Ukrainako auzitegietarako sarbidea eta auzitegien erabakiak erosteko erabiltzea" leporatu zion 2019an, baita "Ukrainako sistema judiziala kontrolatzea" ere.

2014an Yanukovich erori ondoren, Portnovek ihes egin zuen Errusiara, eta gero Europako beste herrialde batzuetara joan zen. 2019an Ukrainara itzuli zen, "Moskuri lotutako figura politikoekin eta enpresarialekin lan egiteko", Ukrainako hedabide batzuen arabera.

Madrilgo Ikastetxe Amerikarreko zuzendaritzak adierazi zuen atzoko tiroketa haurrak eskolan utzi ondoren gertatu zela, eta hainbat gurasok gertatutakoa ikusi zutela. Susmagarriak bilatzeko lanetan, Espainiako Polizia Nazionalak droneak eta helikoptero bat erabili zituen.

EZ DAGO IRUZKINIK