AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/23 08:10

Stop zundaketak, AHTrik ez! lelopean, mobilizazio deialdi bat egin dute Altsasun (Nafarroa) maiatzaren 31rako. AHTari ezetz esango diote berriz, eta "euskal Y-aren eta Nafarroako korridorearen arteko lotura erabakitzeko zundaketa-kanpaina" gera dezatela eskatuko dute, aurrera baitoaz zundaketak. "Senti dadila AHTaren alde dagoen Sakanako udal bakarrean, Altsasuko Udalean, jarrera horrekiko samina eta AHTrik gabeko bailara bizien aldeko herri-borondate sendoa", azaldu dute manifestazioaren aurkezpen-agerraldian. Altsasuko udaletxe aurretik hasiko da mobilizazioa, 12:30ean.

Ia bi urte igaro dira zundaketa-kanpaina iragarri zutenetik. Gogora ekarri dutenez, "jakinda zundaketak AHTaren proiektu txikitzailea inposatzeko lehen urratsa direla, horien kontrako dinamika parte-hartzailea martxan jarri zuten AHTaren aurkako hainbat eragilek, eta azken hilabeteetan saretzea Itza, Sakana, Lautada eta Goierriko herri-mugimenduko beste hainbat eragiletara ere zabaldu da".

Hala, abian jarraitzen du kanpaina horrek. "Gaitzespen irmoa" erakutsi zieten "Otxobin (Nafarroa) eta Izurdiagan (Nafarroa) ilegalki egindako zundaketa saiakerei", eta lortu zuten horiek bertan behera gelditzea. Dena den, "edozein unetan baimen legalekin agertu daitezke", ohartarazi dutenez. "Ilegalak edo legalak izan, jakina da ez dutela zilegitasunik eta indarrez inposatutakoak direla", nabarmendu dute, ordea, zundaketen kontrako kanpainan parte hartzen ari direnek. 

Azken urratsak: azterketa gehiago

AHTaren obrei lotutako azken berriak azaldu dituzte hilabete honetan. Itxura denez, "Bianako Printzea erakundeak hainbat udaletara bidalitako azken ebazpenak" dio "AHTaren ibilbidean zehar hainbat azterketa arkeologiko egitea onartu" dela. Hala ere, "azterketa arkeologiko horiek aurpegi zuriketa hutsa" direla salatu dute manifestazioaren berri emateko agerraldian: "Argi gelditu da nola suntsitu dituzten urte luze hauetan hainbat aztarnategi arkeologiko, besteak beste, Tafallako (Nafarroa) Castellumaren desitxuraketa".

Hori dela eta, AHTa eraikitzeko "eman nahian jarraitzen duten urratsei" aurre egitera deitu dute, eta horri lotuta antolatu dute hilaren 31ko manifestazioa. Atxikimendu-kanpaina bat ere abiatu dute deialdia indartzeko, eta batzen ari dira hamaika eragile. "Ez Ezkiotik, ez Gasteiztik; AHTrik ez!", diote.

EZ DAGO IRUZKINIK