Gaur arratsalderako, pertsona migratuak kriminalizatzeko mobilizazio-deialdi bat zegoen egina Altzan (Donostia, Gipuzkoa). Eskuin muturreko ideologiarekin lotura izateagatik ezaguna den pertsona batek zabaldu zuen deialdia sare sozialetan, eta Juventud Combativak eta Patrullas Vecinalesek babestu dute, besteak beste. Hala ere, porrot egin du mobilizazio-saiakerak.
19:00etan Harria Parkera bertaratzeko deia egin zuten erreakzionarioek, "segurtasuna" aldarrikatzea aitzakiatzat hartuta. Dena den, dozena erdi bat pertsona inguru soilik hurbildu dira elkarretaratzera, Ertzaintzaren dispositibo polizial handi batek babestuta. Kontrara, hainbat kolektibo antifaxistak pobrezia, arrazakeria eta faxismoa salatzeko kontramobilizazio bat zeukaten antolatua, erreakzionarioei aurre egiteko: ordu berean toki berera joatera deitu zuten.
Kontramobilizazio antifaxistara ehunka lagun batu dira, eta parez pare jarri dira elkarretaratze erreakzionarioaren aurrean. Hala, pertsona migranteen aurkako gorroto-mezuak entzun ere ez dira egin Altzan: faxismoaren aurkako eta klase-elkartasunaren aldeko oihuak nagusitu dira.
Azkenean, parketik alde egin behar izan dute kontzentrazio erreakzionarioan bildutako pertsona apurrek, Ertzaintzak babestuta, eta errepidearen beste aldean zeuden bizilagunen begiradapean. Faxismoaren aurkako mobilizazioa, beraz, nabarmen gailendu da gaurkoan Altzan.
Frente Obrero talde faxistarekin lotura duen Juventud Combativak, esan bezala, bat egin zuen pertsona migranteen aurkako deialdi erreakzionarioarekin. Badirudi, baina, ez dutela elkarretaratzean parte hartu.
Kontzentrazioak amaitzean, Ertzaintzak kontrola jarri du Harria Parketik gertu. Gutxienez bi kotxe gelditu eta hamar pertsona identifikatu dituzte poliziek.