Migrazioaren auziak hautsak harrotu ditu EAJ eta PSE-EE alderdien artean. Gasteizen (Araba) pertsona migratuentzat martxan jartzekoa den zentro baten harira, hitza hartu eta migranteen aurka mintzatu zen asteartean Ramiro Gonzalez jeltzalea, Arabako Foru Aldundiko burua. "Makrozentroa" geldi dezatela eskatu zuen Gonzalezek, eta esan zuen PSOEk gidatutako "Espainiako Gobernuak inposatu" duela proiektua. Gaineratu zuen "Menak" direlakoentzat izango litzatekeela baliabide hori, baina "pertsona horiek ez dutela integratzeko inolako asmorik".
Arabako ahaldun nagusiaren adierazpenen ostean, erasora jo zuen PSE-EEko idazkari orokorrak, Eneko Anduezak, bere alderdiaren eta EAJren arteko gobernu-aliantza aipatzeraino. Gonzalezi erreferentzia eginez, esan zuen ez dakiela "zein gogo duten batzuek" bi aliatuek duten "elkargunetik irteteko". "Leialtasunez" aritzera deitu zuen: "Bestela, ez dakit gurekin gobernatzen jarraitzeko gogo handirik duten ala ez, azkenean, zalantzak eta mesfidantza ere sortzen baitira". Anduezak nabarmendu zuen "mantendu beharreko gobernu-akordio bat" daukatela EAJk eta PSE-EEk, zehaztuz "jarrera politiko konkretu batzuk" dituztela biek, eta "batzuk posizio politiko horietatik ateratzen badira", bere alderdia ez dela "isilduko".
Horren harira, jeltzaleek adierazi zuten ez zirela Anduezaren "probokazioetan" eroriko. Defendatu zuten ez dutela inola ere zalantzan jartzen PSE-EErekin duten aliantza, eta jarrera baketsu hori erakutsi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak ere: atzo bertan zioen "oso osasuntsu" dagoela koalizio-gobernua, eta "katarro txiki bat" izan dela haien artean eduki duten liskar publikoa. "Hau guztia parazetamol pixka batekin eta sosegu pixka batekin konpontzen da", gaineratu zuen. Are gehiago: baikortasunez begiratu nahi izan zion gertatutakoari: "Medikuek esaten dute, 'horrelako bat pasatzen denean, normalean defentsak indartzen dira' [...]. Uste dut defentsak sendotuko direla, eta oraindik eta hobeto egingo diogula aurre".
PSE-EEko Patxi Lopezek ere Pradalesen metaforari eutsi zion, esanez "parazetamol asko" beharko dela egoera konpontzeko. EAEn "egonkortasun instituzionala" eta "lasaitasun soziala" nagusi direla azpimarratu zuen, baina "logikotzat" jo zuen halako "eztabaida politikoak" sortzea. "Koalizioak funtzionatzen du", erreibindikatu zuen.