AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/04 08:08

Garaipena Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharrean. Auzoan gaurko zegoen ezarrita larriki gaixorik dagoen andre baten eta bere bikotekidearen etxegabetzea, baina kaleratzea gelditzea lortu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Nahi zutena zen isilpean egin zedila etxegabetze hau. Baina, beste behin ere, erakutsi dugu antolakuntzaz eta borrokaz lortzen dela, legalitate burgesak pertsona bat bere etxetik bota nahi duenean, hori ekiditea", azaldu du sindikatuko kide batek, albiste onaren berri ematean.

Kaltetua, Ana Belen izeneko andre bat, 2016tik bizi da San Lorentzo kaleko pisu batean, alokairuan. Bi anai-arrebaren jabetzakoa da etxebizitza-bloke osoa. "Orain bota egin nahi dute, negozioa egiten jarraitu ahal izateko", jakinarazi du sindikatuak. Jabe handiak dira aipatutako anai-arrebak, eta Ana Belenen pisuaren etxejabeak, zehazki, beste hamar bat etxe ditu.

Protesta goizeko 07:30etik

Etxegabetzeari aurre egitera deitu zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta San Lorentzo kaleko 17. zenbakian bildu da jende andana goizeko 07:30erako, kaleratzea gelditzeko asmoz. Etxegabetze guztien kontra, etxebizitzaren negozioari ez! zioen pankarta bat atera dute elkarretaratzean, eta ozen entzun dira auzoan etxegabetzeen aurkako oihuak. 

Espainiako Polizia goizeko 08:00ak alderako bertaratu da, eta segizio judiziala, berriz, 09:00ak igarota. Sindikatuko kideak segizioarekin hitz egitera joan direnean, tentsioa izan da nagusi, baina atari aurrean tinko mantendu da jende andana, etxegabetzearen kontra.

Mobilizazio arrakastatsua

Sindikatuak 10:15ak aldera eman du berri pozgarria: mobilizazio arrakastatsuari esker, etxe-kaleratzea gelditzea lortu dute gaurkoz. "Argi izan, hemen bildu ez bagina, ez genukeela lortuko etxegabetzea gelditzea", aldarrikatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide batek.

Izan ere, segizio judiziala denbora luzez egon da kaleratzearekin aurrera egin edo ez erabakitzen, baina atzera egin du azkenean. "Hemen daukagun indarrari esker, hemen bildu izanari esker, ez dute etxegabetzea gauzatuko", gaineratu du sindikatuko militanteak: "Ez dakigu zenbat denboraz geldituko den oraingoz, baina garrantzitsua da antolakuntza eta borroka indartzen jarraitzea, horrelako garaipenak lortzen jarraitzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK