AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistaren manifestazioa, joan den Maiatzaren Lehenean.
2022/11/17 08:28

Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak berriki jakinarazi duenez, Lan Autodefentsa Sare bat abian da eskualde horretan ere. "Gero eta gehiago estutzen gaitu kapitalismoak", azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek gaur egungo egoera orokorrari dagokionez: "Irabazi kapitalistak aurrekaririk gabeko krisi baten aurrean aurkitzen dira, eta horrek erreforma sozial, politiko eta ekonomikoak egitera bultzatzen du, horien artean, langileon soldaten eta aurrezkien lapurreta". Nabarmendu dute "zentzu horretan ulertu" behar direla, esaterako, Espainiako Estatuan indarrean sartu den azken lan erreforma, "debaldeko lana orokortu eta egonkortzen duten praktika programak", aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, edota "lan eremutik kanpo ere gure soldatari erasotzen dioten erreformak"; hala nola, "prezioen gorakada, zerbitzu publikoen degradazioa", eta abar.

Lea-Artibain ere "horren adibide garbiak ikus" daitezkeela ohartarazi du Kontseilu Sozialistak: "gazteak ikasketa prozesu amaigabeetan murgilduta (askotan ikasketa bezala mozorrotzen diren debaldeko lanetan), soldata miserableak ordaintzen dituzten eta egonkortasuna oztopatzen duten lan ugari, bizi baldintza miserableenetan bizirautera kondenatuta dagoen eta lan merkatura sarbiderik ez duen gero eta jende gehiago...". Aldarrikatu du, hala, "egoera horren aurrean erantzun beharra" dagoela.

"Langileon defentsa antolatu behar dugu", diote Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistako kideek: "Baina errezeta zaharrek ez digute balio egoera berrien aurrean. Orain arteko sindikalgintzak muga nabarmenak erakutsi ditu. Guk autodefentsa sozialista proposatzen dugu".

Urratsak langileriaren antolakuntza gaitasunetan

Baina hori nola egin? Galdera horri heltzen ere saiatu da Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialista. "Gure ustez, irabazi kapitalista maila altuetan egotearen menpekoak izango ez diren borrokak ireki behar ditugu. Irabazi kapitalista arazoaren parte da, ez soluzioaren parte", ondorioztatu du. "Bestalde, uste dugu egungo gizarte ereduarekin errotik amaitzea ezinbesteko baldintza dela ongizate unibertsalari ateak irekiko dizkion baldintza sozialak eraikitzeko", gaineratu du: "Horregatik, hobekuntza ekonomikoek langileriaren antolakuntza gaitasunak hobetzeko balio behar dute. Hau da, burgesiak dituen indar izugarriekiko posizioak irabazteko".

Hain zuzen, horretarako sortu du Lan Autodefentsa Sarea Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak; zehazki, "lan eremuan bizi ditugun egoera larrien aurrean antolatzeko, hobekuntzak lortzen saiatzeko eta hobekuntza horiek denboran iraunaraztea posible egingo duen Prozesu Sozialista indartzeko".

Aurkezpena abenduaren 9an

Oraingoz, hitzordu baten berri eman dute Kontseilu Sozialistako kideek. Abenduaren 9an, ostirala, Lan Autodefentsa Sarea jendaurrean aurkezteko saio bat egingo dute Ondarroako (Bizkaia) Guzur Etxean, 17:00etan hasita.

EZ DAGO IRUZKINIK