AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/22 22:50

"Laneko segurtasuna bermatzeko beharrezko materiala ez izatea, kontratazio faltaren ondoriozko lan-erritmo jasangaitzak, praktiketako langileak soldatapekoen funtzioak betetzen egotea, bajak eta eszedentziak betetzeko langilerik ez kontratatzea, egutegi aldaketak jakinarazteko lan-hitzarmenean zehaztutako denborak ez betetzea", eta abar. Horiexek ziren, 2023ko maiatzean, Lekeitioko (Bizkaia) Uribarren Abaroa egoitzako beharginek salatu zituzten lan-baldintzaetako batzuk, Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sarearen (LAS) eskutik. Hori gutxi balitz, azaldu zuten gerenteen partetik ohikoak zirela "mehatxuak, presioak, langileon arteko etsaitasunak sortzeko saiakerak, xantaiak eta antzeko praktikak", "gure eskubideak aldarrikatu ez ditzagun eta gure arteko saretzea eta antolakuntza saihesteko", langileen esanetan.

Borrokari ekin zioten lan-baldintzak hobetzeko asmoz, baina errepresio handiagoarekin erantzun zuen gerentziak: kontziliazio-demanda bat aurkeztu zuen borrokan ari ziren beharginen kontra. Hala ere, borrokan jarraitu dute haiek, hainbat exijentzia mahaira aterata: langile gehiago kontratatzea, hitzarmena betetzea, lanerako material eta baliabide egokiak ziurtatzea, eta gerentziaren lan-jazarpena gelditzea. Eta eman ditu fruituak egindako lanak: Lea-Artibaiko LASek berriki jakinarazi du lortu dutela gerenteen jazarpena etetea. Uste du horrek "aukera berriak irekitzen" dituela Uribarren Abaroan, eta "baldintza hobeak ezartzen" dituela "langileon eta egoiliarron egoera hobetzera begira".

Hala ere, LASeko kideek eta langileek nabarmendu dute "zuhurtziaz" jokatu behar dela, eta bai egoitzako lan-baldintzak bai bertan ematen den zerbitzua "beharko luketenetik urrun" daudela oraindik. "Bide horretan, langileon antolakuntzaz, lanean jarraituko dugu", aldarrikatu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK