AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bilboko LASen agerraldia, Barakaldon The Champios Burger egitekoa zenean.
2025/07/08 11:07

Gasteizera (Araba) ere heldu da The Champions Burger makroekitaldia. Uztailaren 3tik dago Gorbeia merkataritza-gunean, eta hamar egunez luzatuko da ekimena, hilaren 13ra arte. Bertan aritzen diren langileei "lan-baldintza miserableak" ezartzen dizkietela gogorarazi du Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), beste hainbat ediziotan lekuan lekuko autodefentsa-sareek egin modura, Iruñean (Nafarroa) eta Barakaldon (Bizkaia) kasu.

"Makroekitaldiek ezartzen dituzten miseriazko lan-baldintzei aurre egiteko beharra" nabarmendu dute Gasteizko kideek, eta Gorbeian izaten ari den jaialdian "edozein abusu sufritu duen langile oro" animatu dute eurekin harremanetan jartzera, las.gasteiz@gmail.com helbide elektronikoaren bidez edo 634 15 05 95 telefono zenbakiaren bidez. "Enpresarien inpunitatearekin amaitu dezagun! Haien irabazien kontura, langileon ongizatea defendatu dezagun!", aldarrikatu dute.

Iruñea: lau kaleratze, lan-baldintzak salatzeagatik

Gasteizko LASek salatu du egun hauetan zehar "aldi baterako langileak ahalik eta gehien estutzen saiatuko" dela enpresa, "mota horretako enpleguen babesgabetasuna aprobetxatuz". Azaldu du, hain zuzen ere, horixe bera ikusi dela beste toki batzuetan izandako edizioetan, Iruñeko kasua gogora ekarriz adibidez: "Langileek ez zuten behar bezala kobratzen, atsedenerako eskubidea urratzen zieten eta, gainera, Valentziako ostalaritzako hitzarmena aplikatu nahi zieten, orduan ia 4 euro gutxiago ordaintzeko".

Horiek horrela, Iruñeko hainbat langilek euren egoera salatzea erabaki zuten, eta errepresiozkoa izan zen ekimena antolatzen duen enpresaren erantzuna: lau langile kaleratu zituen. Baina, Iruñerriko LASekin antolaturik, mobilizatu egin ziren beharginak eta hiru kaleratze atzera botatzea lortu zuten, baita plantilla osoak zegokien lan-hitzarmenaren arabera kobratzea ere.

Barakaldo: hiru zauritu enpresaren irabazi-egarriagatik

Handik zenbait hilabetera izan zen Barakaldoko edizioa, eta Gasteizko LASek ohartarazi duenez, bertan gertatutakoak "agerian utzi zuen enpresa horien irabazi-egarria noraino irits daitekeen, zuzenean arriskuan jarri baitzuten langileen bizitza". Izan ere, jaialdiko dekoratua erori egin zen eta hiru lagun zauritu ziren, haizete gogorrak aurreikusita egon arren, makroekitaldiarekin aurrera egitea eta langileen nahiz bertaratutako pertsonen bizia arriskuan jartzea erabaki baitzuten antolatzaileek. "Polizia iritsi arte ez zioten lan egiteari utzi eta gero, gainera, aurreko egunetan arrisku-prebentziorako ikastaro bat egin izana sinatuarazi zieten [langileei], hori gezur hutsa zenean", dio LASek.

"Horrela funtzionatzen du enpresa-logikak: kostuak murriztea eta irabaziak handitzea gure ongizatearen kontura", gaineratu du. Barakaldon zauritutako hiru pertsona horiez gain, oroitarazi du Iruñean 23 pertsona intoxikatu zirela The Champions Burgerren saldutako produktuak egoera txarrean zeudelako, eta horietako bi ospitaleratu egin behar izan zituztela.

EZ DAGO IRUZKINIK