AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/07 13:08

Abadiñoko (Bizkaia) Xirimiri tabernako langile ohiek, Durangaldeko Laneko Autodefentsa Sarearen (LAS) eskutik, hilabeteak daramatzate borrokan. Nagusiek bat-batean itxi zuten Xirimiri eta beharginak kalean utzi zituzten, baina milaka euroko zorrak zituzten haiekin. LASek iazko urriaren bukaeran eman zuen egoeraren berri, eta borrokari ekin zion, ostalariek langileei zor zieten dirua ordain ziezaieten.

Orain, 2025eko martxoan, LASeko kideek jakinarazi dute epaiketak izan dituztela jadanik Xirimiriko gatazkaren harira, eta, orain arte, epaitegian haiei arrazoia ematea lortu dutela: "Eskatzen genuen guztia onartu digute, langileei zor zitzaizkien nominak eta kaleratzearren ordaindu beharreko kalte-ordainak". Baina beharginek ez dute sententzian jasotzen dena kobratu oraindik: "Jabeek ez dute ordaindu nahi, haien zorrak funts publikoen gain utzita".

Dena den, LASek nabarmendu duenez, "borrokari esker, jabeak ez dira zigorgabe geratu". "Normalean abusuak itzaletan geratzen badira ere, oraingoan agerian geratu da enpresariaren izaera: bost axola zaizkie langileon bizi- eta lan-baldintzak, haien irabazia mantendu behar badute", salatu du. Ohartarazi du "joera orokorra" dela hori ostalaritzan, eta, horregatik, "ostalaritzako langileak elkartzeko espazio bat zabaldu" nahi duela, "gure lanpostuetako arazoak konpartitu eta elkarrekin aterabideak bilatzeko asmoz".

Horri lotutako tailer bat antolatu dute LASeko kideek martxoaren 17rako, "ostalaritzan ohikoak diren arazoak aztertzeko, lan-hitzarmenak zer dioen ikusteko eta soluzioak planteatzen saiatzeko". Arratsaldeko 18:30ean izango da, Durangoko (Bizkaia) Ibaizabal Ikastolan.

EZ DAGO IRUZKINIK