AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2020/09/17 09:14

Uztailean iragarri zituen kaleratzeak ITP Aero enpresak. Lantaldearen %15 kanporatzea aurreikusi zuen zuzendaritzak, eta atzo baieztatu zen, zehazki, nola eragingo dien neurri horrek Zamudioko (Bizkaia) fabrikan jarduten dutenei: 194 langile (%15,3) sartuko dituzte kaleratze espedientean. Guztira, 1.269 behargin dira Zamudion.

Ekoizpenaren arloan izango dira kaleratze gehienak, hain zuzen, 101. Bulegoetan, aldiz, 93 langileren kontratuak hautsiko dituzte.

Albisteak borrokaldi bete-betean harrapatu ditu Zamudioko beharginak. Haien lanpostuen defentsan, lau greba egun deitu zituzten hilabete honetarako, irailaren 15ean eta gaur, irailak 17, eta irailaren 22an eta 24an. Bestalde, aurreko asteburuan, Bilboko kaleak hartu eta manifestazioa egin zuten.

Euskal Herrian lau lantegi ditu ITP Aerok, zehazki, Bizkaian: Zamudion, Barakaldon, Derion eta Sestaon. Rolls-Royce multinazionala da, baina, enpresaren jabea. ITP Aeron 4.000 langile inguruk dihardute soldatapean, Euskal Herrian eta beste sei herrialdetan. Lantaldearen %15 karrikaratzeko neurria lantoki guztietan ezarriz gero, 600 behargin bidaliko lituzke kalera enpresak.

Aldi baterako erregulazio txostenak, justifikatu gabe

Bestalde, hainbat sindikatuk azaldu dutenez, Barakaldoko epaitegi batek indargabetu egin ditu ITP Aerok Barakaldon eta Sestaon ezarritako aldi baterako erregulazioak. Ebatzi du ez dagoela justifikatuta langileei kontratua aldi baterako eten izana, lan erregulaziorako arrazoi objektiborik ez dagoelako.