Kaleratzeen aurkako mobilizazioei ekin diete ITP Aeroko langileek

ITP Aerok 300 behargin kaleratu nahi ditu Bizkaian. Mobilizazioak hasi dituzte Zamudioko fabrikako langileek: hiru protesta egingo dituzte egunotan, eta larunbaterako, manifestazioa deitu dute Bilbon.
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA Eskumaldea
2020ko irailaren 9a

Uztailaren amaieran jakinarazi zuten langileen %15 kaleratzeko asmoa duela ITP Aerok. Enpresak lau lantegi ditu Bizkaian, hain zuzen, Zamudion, Barakaldon, Sestaon eta Derion. Fabrika horietan, guztira, 2.000 beharginek jarduten dute, eta beraz, neurri berria ezarrita, 300 langile kaleratuko lituzke zuzendaritzak.

Zamudioko lantokiko langileek kaleratzeen aurkako mobilizazioei ekin diete. Hiru protesta antolatu dituzte aste honetarako, eta asteartean egin zuten horietatik lehenengoa, 13:00etatik 15:00etara. Gaur ere bildu dira fabrikaren aurrean, eta bihar, berriz irtengo dira kalera. Kanporatzeen aurkako aldarrikapenez gain, negoziazio-mahai propio bat sortzea eskatu dute beharginek. Izan ere, izatez, estatu mailan gauzatuko dira negoziazioak.

Larunbaterako, irailak 12, mobilizazioa deitu dute langileek, Bilbon (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzaren egoitza izango da manifestazioaren abiapuntua, eta 12:00etan irtengo dira handik. Bizkaiko Foru Aldundiraino eramango dituzte haien aldarrikapenak.