AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA Gasteiz
2020/09/14 10:38

Aeronautika sektorean kaleratze masiboak iragarri dituzte azken hilabeteetan, eta tartean dira Alestis eta ITP Aero enpresak. Hala, kaleratzeen aurkako mobilizazioei ekin diete langileek, haien enpleguen defentsan. Pasa den asteburuan, esaterako, hiribuetara eraman zituzten haien aldarrikapenak: Gasteizen (Araba) egin zuten manifestazioa Alestiseko beharginek, eta ITP Aerokoek, Bilbon (Bizkaia).

Alestis enpresak langileen %46 kanporatzeko asmoa du. Neurri horren arabera, MiƱaoko (Araba) lantokiko 178 langileetatik 87 bidaliko lituzkete kalera. Espainiako Estatu mailan, 585 lirateke. Jakinarazi dutenez, langileek protesta eta mobilizazioak egingo dituzte hemendik aurrera ere.

ITP Aerori dagokionez, soldatapekoen %15 karrikaratu nahi ditu. Enpresak lau fabrika ditu Bizkaian, hain zuzen, Barakaldon, Derion, Sestaon eta Zamudion. Bizkaiko lantokietan, 300 behargin izango lirateke kaleratuak. Aurreko astean mobilizazioak hasi zituzten Zamudion, eta protestak egin zituzten fabrika aurrean. Asteburuko manifestazioaren ostean, ordea, grebara joko dute bihar, hilaren 17an, hilaren 22an eta hilaren 24an.