AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/23 11:08

Greban daude Laudioko (Araba) Imegar enpresako langileak, zuzendaritzak kaleratutako bi beharginak berriz har ditzatela exijitzeko. Izan ere, joan den apirilaren 11n, bi langile kanporatu zituen enpresak: zuzeneko kaleratze bat ezarri zioten bati, "aurretiazko espedienterik gabe", eta espediente bat ireki ostean bidali zuten kalera bestea; hain zuzen ere, ordezkari sindikal bat.

Ordezkari horri zehapen-espediente bat zabaldu zioten aurretik, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Enpleguari eta soldatari lotutako zigorrak edota kaleratzea bera ekar ditzake espediente horrek. Behargina kanporatzeko, langile-batzar batean enpresako gerentari buruzko informazioa zabaldu izana erabili du aitzakiatzat zuzendaritzak. LABen esanetan, horren ondoren, "delegatuak eginiko lan sindikala" zigortzea erabaki zuen enpresak.

Hala, grebara jo du Imegarreko plantillak, kaleratzeen kontra eta lan sindikalaren alde. Kaleratutako bi langileak berriz onar ditzatela eskatzen dute, eta erantzun zabala izan du greba deialdiak.

Greba egiteko eskubidea, urratuta

Aiaraldea.eus atariak jaso duenez, atzo Lan Ikuskaritza izan zen Ingemarren. Langileek greba egiteko duten eskubidearen kontrako eraso baten berri izan zuen ikuskaritzak: beste behargin bat topatu zuen grebalarietako baten postuan, hura ordezkatzen. Langileen ordezkariek eskatu zioten ikuskaritzari Laudioko lantegira bertara zedila, zuzendaritza halako erasoak egiten ari zelako susmoa zutelako.

Bitartean, mobilizatzen eta protesta egiten jarraitzen dute langileek. Egunero egiten dituzte piketeak, goizeko nahiz arratsaldeko txandak hasi aurretik. Bihar auto karabana bat egingo dute Laudion barrena, eta ostegun goizean, berriz, Aldai plazan elkarretaratuko dira. Hurrengo egunean, ostiralean, Laudioko Plazan mobilizatuko dira eguerdian.

EZ DAGO IRUZKINIK