AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Beste polizia bat atxilotu dute indarkeria matxistagatik, oraingoan, udaltzain bat Bilbon
Ostiral gauean atxilotu zuten erasotzailea, bizilagunek emandako abisu baten ostean. Azken bi udetan, Espainiako Estatuko erailketa matxisten %15 egin dituzte poliziek edo polizia ohiek.
2024eko urriaren 20
Beste polizia bat atxilotu dute indarkeria matxistagatik, oraingoan, udaltzain bat Bilbon

Beste polizia-agente bat atxilotu dute indarkeria matxistagatik, kasu honetan, Bilboko (Bizkaia) Txurdinaga auzoan. Ostiral gauean eman zuten abisua udaltzainaren bizilagunek, zenbait hedabideren esanetan, etxean izaten ari zen "eztabaida indartsu bat" zela-eta. Ez dute egoera erabat argitu, baina gau horretan bertan atxilotu zuten polizia, indarkeria matxista leporatuta.

Duela gutxi, polizia-agente batek egindako beste eraso matxista bat atera da argitara Euskal Herrian. Donostian (Gipuzkoa), bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzain bat, labana batekin. Bi alabei ere egin zien eraso.

Erailketen ia %16, poliziek edo polizia ohiek

Aurtengo udan, gutxienez hemeretzi hilketa matxista izan dira Espainiako Estatuan. Horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak ziren hiltzaileak, alegia, kasuen %15,75etan. 2023ko udan ere hemeretzi erailketa matxista gertatu ziren, eta horietatik hiru egin zituzten poliziek edo polizia ohiek; %15,75, orduan ere.