AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Absolbitu egin dute emakume bat bortxatzeagatik epaitutako Donostiako udaltzaina
Bilboko Aste Nagusian izan zen erasoa, 2023an. Bizkaiko Auzitegiak "sinesgarritasuna" eman dio biktimaren azalpenari, baina esan du ez dagoela nahikoa froga bortxaketa bat izan zela ebazteko.
2026eko uztailaren 22 - 09:07
Absolbitu egin dute emakume bat bortxatzeagatik epaitutako Donostiako udaltzaina

Bizkaiko Probintzia Auzitegian, epaiketa egin zioten Donostiako (Gipuzkoa) udaltzain bati, emakumezko agente bat bortxatzea leporatuta. Bada, El Diario Vasco-k jakinarazi duenez, epaileak joan den apirilean eman zuen ebazpenaren berri: absolbitu egin du polizia-agentea, emakumeak emandako azalpenei "sinesgarritasuna" aitortu arren. Dena den, epaileak iritzi dio ez dagoela nahikoa froga esateko biktimak ez zuela "sexu-harremanak" izatea onartu, eta errugabetzat jo du gizona.

2023ko abuztuaren 21ean izan ziren auzitegian epaitu dituzten gertakariak. Donostiako Udaltzaingoan jarduten zuten bai gizonak bai emakumeak, eta Bilboko Aste Nagusian topatu zuten elkar. Elkarrekin egon ziren festan, eta emakumeak prozesu judizialean zehar azaldu du ez duela ia oroitzen gau hartan gertatutakoa. Bi egun beranduago jarri zuen salaketa, eta jakinarazi zuen oroitzen zuela nola auto batera sartu zen akusatuarekin, ezagutzen ez zuen herri batera heldu ziren, eta etxe batera sartu ziren. Oroitzapen oso gutxi ditu gero gertatutakoari buruz, eta azaldu zuen biharamunean gizonaren ondoan esnatu zenean, ez zuela ia ezer gogoratzen.

Bederatzi urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen fiskaltzak gizonezko agentearentzat, baita 500 metroko urruntze-agindua eta harremanetan jartzeko debekua ere, eta hamar urteko zigorra eskatzen zuen akusazio partikularrak, biktimak berak aurkeztua. Defentsak, kontrara, absoluzioa galdegiten zuen. Akusatua kondenatzekotan, gainera, zenbait aringarri ezartzeko eskatzen zuen, "kalteak konpondu" dituela, alkoholaren eraginpean zegoela eta "bidegabeko atzerapenak" izan direla argudiatuta.