AKTUALITATEA / Errepresioa
Italiako Poliziak immobilizatutako gizon bat erail du Bolonian
Familiak grabatutako irudietan, polizia-agenteak ikus daitezke Abderrahim Fakirren burua lurraren kontra presionatzen, oinak lotzen zizkioten bitartean. Biktimak laguntza eskatu zuen behin eta berriz.
2026eko uztailaren 22 - 08:29
Italiako Poliziak immobilizatutako gizon bat erail du Bolonian

42 urteko eta jatorri marokoarreko gizon bat, Abderrahim Fakir, igandean erail zuen Poliziak Bolonian (Italia), bera immobilizatzeko eta azpiratzeko interbentzio batean. Svevo kalean izan zen hilketa, Abderrahimen etxetik gertu. Poliziak abisu batzuk jaso omen zituen, gizonezkoa "asaldaturik" zegoela-eta, eta horren aitzakiapean esku hartu zuen bere kontra.

Biktimaren familiak zabaldu eta La Repubblica egunkari italiarrak jaso duen bideo batek Fakirren azken uneak erakusten ditu, burua lurraren kontra duela. Irudietan ikusten denez, bi polizia-agentek eta oinei eusten zien beste pertsona batek immobilizatu zuten. Polizietako bat Abderrahimen gorputz-enborreko goiko zatian jarri zen, bere gainean, eta burua presionatu zion lurraren aurka. Larrialdi-zerbitzuetako langileek eta oinezkoek pasibotasun osoz begiratu zuten.

Grabazioan oihuka, intzirika eta laguntza eske entzuten da Fakir, agenteek eskuak bizkarrean lotzen zizkioten bitartean. Une batzuk geroago, mugitzeari eta soinua ateratzeari utzi zion. Garezurra zapaldu zion agenteak ez zuen bere jarrera aldatu momentu horretara arte. Poliziak kendu egin ziren orduan, eta osasun-zerbitzuetako langileek buelta eman zioten hildakoari, dagoeneko erantzuten ez zuenean.

AdnKronos agentziak jakinarazi duenez, Bolognako Polizia Buruzagitzak azaldu du "herritarrek pertsona oldarkor bat salatu" zutela eta horregatik bertaratu zirela agenteak. Biktimak "ibilgailu bati kalteak" eragin omen zizkion aurrez. Poliziaren arabera, "gizonezkoa geldiarazteko, beste herritar batzuen laguntza izan zuten", eta "berehala eskatu zuten larrialdi medikoen laguntza". Poliziak gaineratu duenez, "esku hartu zuten agenteen gorputz-kameren grabazioak, operazioak erregistratu zituztenak, agintaritza judizialen esku jarriko dira berehala".

Hildakoaren arrebak, Katia Fakirrek, justizia eskatu du Svevon bertan egindako protesta batean. Repubblica-k jaso ditu bere adierazpenak: "Justizia besterik ez dugu nahi. Odol hotzean hil zuten. Nire anaia hil zuten errukirik gabe. Nire anaiari buruzko egia jakin dadila nahi dut".