AKTUALITATEA / Errepresioa
Identifikazioak eta jazarpen poliziala Barakaldoko txosnagunean, 'Polizia hiltzailea' dioten pegata batzuengatik
Pegatinak zeramatzaten hainbat gazte identifikatu dituzte, eta udaltzainak txosnagunera sartu dira goizaldean, eranskailuei argazkiak ateratzeko.
2026eko uztailaren 16 - 04:53
Identifikazioak eta jazarpen poliziala Barakaldoko txosnagunean, 'Polizia hiltzailea' dioten pegata batzuengatik

Aldarri politikoak egiteko eskubideari eraso egiten jarraitzen du Poliziak Barakaldoko (Bizkaia) txosnetan. Asteartetik asteazkenerako gauean, txosnagunera sartu eta "Polizia hiltzailea" dioten pegatinei jazartzen jardun zuten bai udaltzainek bai ertzainek: eranskailu horiek zeramatzaten hainbat gazte identifikatu eta materiala konfiskatu zien Ertzaintzak, eta goizaldeko 04:00etan, txosnagunera sartu eta jarrita topatu zituzten pegatinei argazkiak ateratzen aritu zen udaltzaingoa.

Eranskailu horietan, "Polizia hiltzailea" leloaz gain, udaltzain bat ikus daiteke taser pistola bat eskuetan duela. Barakaldotik gertu, Santurtzin (Bizkaia) hain zuzen ere, Ander izeneko gazte bat erail dute berriki bertako udaltzainek, taser pistola batekin eta borrekin jipoitu ostean, koman sarrarazi baitzuten ekainaren amaieran. Handik bi egunera hil zen. 

Barakaldoko txosnagunean, ugariak izaten ari dira adierazpen-askatasunaren aurkako erasoak. Aurreko ostiral gauean, jai-eremura sartu ziren 20 bat agente, eta biolentzia poliziala edo Israel salatzen zituzten hainbat pankarta kendu zituzten. Astelehenean, gainera, Voxeko hainbat kide bertaratu ziren, txosnetako mezu politikoak seinalatzeko bideo bat grabatzeko.