AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/08 09:56

Indarkeria matxistaren zenbaketak uda lazgarria utzi du Espainiako Estatuan: guztira, hiru hilabetean, hemeretzi emakume erail dituzte euren bikotekideek edo bikotekide ohiek. Hala ere, bada komunikabide gehienek eta inoizko gobernurik aurrerakoienak aipatu ere egiten ez duten datu bat: horietako hiru Estatuko polizia-indarretako kideek eta kide ohiek hil dituzte; Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko agenteek, zehazki.

Horrek esan nahi du udan zenbatu diren hilketa matxisten %15 poliziek edo polizia ohiek egin dituztela. Polizia-indarretako kideak, geroz eta gehiago diren arren, biztanleria osoaren %0,3 baino ez dira; 156.400 pertsona inguru.

Urteko guztizko kopuru ofizialaren arabera, 40 hilketa matxista izan dira Espainiako Estatuan, eta 1.224, 2003tik. Ez dago daturik jakiteko emakume horietatik zenbat hil dituzten polizia-indarretako kideek edo kide ohiek. Hala ere, AEBetan bada poliziaren eta indarkeria matxistaren arteko korrelazioa frogatzen duen ikerketa solidorik.

Hamabost aldiz gehiago AEBetan

New Yorkeko Fatherly atariak azpimarratzen duenez, "polizien etxeko indarkeriari buruzko datuak biltzea, oso zaila izateaz gain, isiltasunaren eta larderiaren kulturak ere alboratzen ditu". Bada, hala ere, bada polizia-indarrek etxean bortizkeria erabiltzen dutela frogatzen duen ikerketarik. Alex Roslin izeneko idazleak Police Wife: The Secret Epidemmic of Police Domestic Violence (Poliziaren emaztea: etxeko indarkeriaren epidemia sekretua) lana argitaratu zuen. Roslinek AEBetako Kazetari eta Autoreen Elkartearen saria jaso zuen ikerketa horrengatik, eta litekeena da gaiari buruzko lan osatu bakarra izatea.

AEBetako polizia-agenteek, gutxi gorabehera, biztanleria orokorrarena baino hamabost aldiz erritmo handiagoan egiten dituzte etxeko indarkeriazko ekintzak, haien bikotekide zein haurren aurka

Roslinen ikerketak agerian uzten du autoritateek biolentzia matxistaren aldaera esanguratsu bat estaltzeko darabilten konplizitatea: AEBetako polizia-agenteek, gutxi gorabehera, biztanleria orokorrarena baino hamabost aldiz erritmo handiagoan egiten dituzte etxeko indarkeriazko ekintzak, haien bikotekide zein haurren aurka. Aurrerago ikusiko dugunez, Polizia Departamentuek euren agenteak modu korporatibistan babesteko joera dute, eta beraz, polizia bortitzen etxeko biktimek askotan ez dakite nora jo. Roslinek haietako asko artatu eta ikertu ditu.

Gaiari orain dela bi hamarkada heldu zion Kanadako kazetari independenteak, eta bere testigantza gordina da: "Ileak punta-puntan jarriko zizkizuten mezu elektronikoak jasotzen ditut". Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeekin lan egiten zuen lagun baten bidez izan zuen azaldutakoaren berri. "Polizien eta motozaleen emazteak pazienteen multzoaren gehiengoa" zirela ohartarazi zion lagun horrek, eta hala konturatu zen "poliziaren etxeko tratu txarren epidemia ezkutu bat" dagoela AEBetan.

AEBetako 900.000 polizia-agenteetatik 360.000 tratu txarrak ematen ari ziren haien etxeetan

Polizien %40 tratu txarren emaile

Poliziaren etxeetako tratu txarrak, Roslinek dioenez, "ageriko sekretua" dira herrialdean. 1991n, Leonor Johnson soziologoak txosten bat aurkeztu zuen AEBetako Haur, Gazte eta Familiari buruzko Ordezkarien Ganberako Batzorde Hautatuan. Txosten horretan iradokitzen zuenez, AEBetako 900.000 polizia-agenteetatik 360.000 tratu txarrak ematen ari ziren haien etxeetan.

1990eko hamarkadaren amaieran Los Angeles (Kalifornia) hiriko Polizia Departamentuko agente batek emaztea hil eta bere buruaz beste egin ondoren, agenteen aurka aurkeztutako etxeko tratu txarren salaketen berrikuspen batek agerian utzi zuen, 1990etik 1997ra bitartean, 227 indarkeria-salaketa aurkeztu zirela polizia-agenteen aurka, 91 bakarrik mantendu zirela eta lauri baino ez zietela zigorren bat ezarri. Lau kondena horien barruan, agente bakarra "kanporatu" zuten: "hiru asteko atsedena hartzeko" eskatu zioten.

"Polizien %40k adierazi zuten, aurreko urtean, parte hartu zutela etxeko indarkeriazko ekintzetan", gogorarazten du Roslinek

Roslinek bere liburuko datuen iturriak zeintzuk izan ziren aitortzen dio Fatherly hedabideari: "Ikerketa nagusia polizia-agente batek eta soziologo batek egin zuten Tucsonen, Arizonan, militarren familietan etxeko indarkeria aztertu zuen laguntzaile batekin lan egiten baitzuten". Agente batek ikerketan parte hartu arren, emaitzak ez ziren apalak izan, eta askorentzat txundigarriak izan daitezkeen ondorioak utzi zituen: "Polizien %40k adierazi zuten, aurreko urtean, parte hartu zutela etxeko indarkeriazko ekintzetan", gogorarazten du Roslinek. Ikertzaileek banan-banan eta modu anonimoan galdekatu zituzten agenteak eta euren bikoreak, eta oso zifra antzekoak atera zituzten.

Baina hori ez da hemen amaitzen, izan ere, FBIk berak ere errealitate berarekin egin izan du topo. AEBetako polizia-agentzia federalaren aholku-batzordeak geroago jakin zuenez, zenbait esparrutan galdetegiak bete zituzten agenteen %40k onartu zuten, aurreko sei hilabeteetan, euren bikotekideekin fisikoki bortitzak izan zirela. Gogoan izan behar da AEBetan biztanleria osoaren artean antzeko galdetegiak banatzen direnean %4k aitortzen dutela bikotekidearen aurkako bortizkeria erabili izana. Ez dirudi Espainiako Estatuan auzi hori ikertzeko borondate politikorik dagoenik.

EZ DAGO IRUZKINIK